111 Akademiaren saria Katixa Agirreri

Osteguna egun betea izan nuen: goizean, ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuaren aurkezpena hedabideen aurrean, Donostian, Euskara 21 batzordeko 23 kiderekin batera;  iluntzean, Andoainen izan nintzen, 111 Akademiaren ekitaldian: Katixa Agirre idazlearen  ‘Atertu arte itxaron’ eleberria izan da 111 Akademiak, bere kideen bozkaz, 2015eko saria jaso duena. Sari banaketan izan nintzen, sari emate lanetan jardun nuen Andoaingo alkate Ana Karrere, Gipuzkoako For Aldundiaren ordezkari Gotzon Egia eta 111 Akademiaren presidente Jon Unanuerekin batera. Oso ekitaldi goxoa izan zen, eta Katixaren interbentzio ederra entzuteko zoria izan genuen idazlearen eta irakurlearen arteko harremanaz. Saritutako liburuaren pasarte batzuk irakurtzea egokitu zitzaidan. Pozik.

Aurtengoa izan da 111 Akademiaren urteroko sarietan hogeigarrena. Hogeigarren urteurrena izan da oraingoa. Zorionak eman behar zaizkio Larramendi Kultur Bazkunari, euskal literaturaren esparruan aitzindari den ekimen hau abian jarri eta hogei urtez fin-fin eutsi diolako. ‘Beterriko liburua’ izenarekin hasi zen duela hogei urte, eta azken urteotan, 111 Akademia sortu zenetik, Akademiaren izena darama. Zorionak Katixa Agirreri; zorionak 111 Akademiako kide eta irakurleei; urte askotarako eta eskerrik asko Larramendi Kultur Bazkunari, eta bereziki bere hauspo emaile Jon Unanueri. Segi fin gutxienez beste hogei urtetan.

DSC_0016 ona

Osteguneko sari banaketari dagokion irudietakoa.

DSC_0042 ona

Katixa Agirre, saria eskuetan duela, bertan bildu ginen ordezkariotakoekin.

DSC_0065-1

Katixa Agirreren ‘Atertu arte itxaron’ eleberri sarituaren pasarte bat irakurtzen.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

‘Eta hemendik aurrera zer?’ behin betiko dokumentuaren aurkezpena

‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentu definitiboaren aurkezpena egin genuen ostegunean Donostiako Carlos Santamaria Zentroan. Izan ere, ‘20 urteko perspektiban, zer?’ galderari erantzun bat eman nahi dion dokumentua da aurkeztutako hori. Dokumentuak euskararen garapen iraunkorraz dihardu eta euskararentzat nahi dugun etorkizunaz gogoeta jasotzen du.

Euskararen Aholku Batzordearen Euskara 21 Batzordeak aho batez bere egin zuen aipatu dokumentua, apirilaren 29an eginiko bilkuran. Beraz, eta aipatu bilkuran adierazi nuenez, “dokumentu hau, gaurtik aurrera, ez da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena soilik, baizik eta Euskara 21 Batzordearena ere bada”. Horren ondorioz, Euskara 21 Batzordeko 24 kidek hartu zuten parte, nirekin batera, dokumentuaren aurkezpenean. Honako hauek izan ziren, besteak beste: Kike Amonarriz, Jorge Gimenez, Martin Auzmendi, Jasone Cenoz, Maite Etxaniz, Ramon Etxezarreta, Lionel Joly, Mertxe Mugika, Carlos Ruiz, Itziar Nogeras, Iñaki Ugarte, Kirmen Uribe, Iñaki Etxezarreta, Odile Kruzeta, Ana Urkiza, Iñaki Martinez de Luna, Xabier Erize, Lorea Bilbao, Mikel Irizar, Ana Castro, Elena Laka, Mikel Pagola eta Eneko Oregi.

Euskararen Aholku Batzordeak landuta eta proposatuta, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) du onartua Eusko Jaurlaritzak eta berretsia Eusko Legebiltzarrak. Legealdi honetan, Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 Batzorde-atal Bereziak euskararen diagnostikoan sakontzeko lan sendo bat egin zuen. Lan horren emaitza gisa AMIA bat garatu zuen. AMIAren eztabaida hartan, Batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari eskatu zion dokumentu bat egin zezan galdera honi erantzuteko: “eta orain, 15-20 urteko perspektiban, zer?”. Alegia, AMIAk aurrean jartzen zizkigun erronkei nola erantzun hurrengo bi hamarkadetan. Hori zen galdera.

Proposamen horri erantzuteko konpromisoa hartu nuen eta ‘Eta hemendik aurrera zer’ dokumentua aurkeztu nuen, 2015eko uztailean, Euskara 21 Batzorde-atalaren aurrean. Lehenengo aurkezpen eta eztabaida haren ondotik, epe bat ireki genuen, batzordekideen ekarpenak jasotzeko eta dokumentuari zabalkundea emateko (ehunetik gora laguni bidali zitzaion dokumentua).

Hurrengo hilabeteetan, 34 ekarpen jaso ditugu; gehienak Euskara 21eko batzordekideek eginak izan dira, baina Batzordetik kanpoko hainbat pertsonak ere, zortzik, egin dituzte ekarpenak. Ekarpen gehienak Batzordearen aurrean ahoz azaltzeko eta defendatzeko aukera ere izan dute egileek, horretarako eginiko bilkuretan. Guztira lau batzar izan ditugu.

Prozesu hori buruturik, jasotako ohar, proposamen eta ekarpenak gogoan hartuta, eta gogoan hartuta eztabaidetan azaldutako ikuspuntuetarik asko, hasierako dokumentu hura berritu eta osatu dugu Xabier Erize soziolinguistak eta neronek. Hala, ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuaren behin betiko idazketa apirilaren 28an aurkeztu genuen Euskara 21 Batzorde-atalean. Batzordeak aho batez onartuta, horixe da ostegunean aurkeztu duguna, hain zuzen. Eskuartean dugun dokumentuak, beraz, lankide askoren proposamenak integratu ditu, hasierako idazketak zituen ezaugarriei eta edukiei eutsiz eta ekarpen berriekin aberastuz.

Zer da dokumentua?

  • Gogoeta partekatu bat da (Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 Batzorde-atalean eta batzordetik kanpo ere garatu den gogoeta bat). Adostasun sozial eta politikoaren bila doan prozesua izan da. Adostasun sozial eta politikoa nahitaezkoa da euskara biziberritzeko prozesuan eraginkortasunez aurrera jarraitzeko. Hori gabe ezin da. Adostasun sozial eta politikoan ezin da atzera egin; egin behar dena da orain arteko adostasuna indartu, zabaldu eta areagotu, atzerantz egin gabe.
  • Kontsentsuzko dokumentua da. Adostasun ahalegin baten emaitza da (HPSk egindako lehenbiziko dokumentutik behin betiko dokumentura ekarpen anitzen integrazio ahalegin handia egin da). Kontsentsu dokumentu guztiek bezala, ez du partaideen %100eko identifikazioa bilatzen –ezinezkoa da– baina bai neurri handi-handi batean denak dokumentuarekin oro har identifikatzea. Elkarlanaren fruitua da.
  • Ausarta da: euskara biziberritzen jarraitzeko ahalegin soziala, instituzionala eta norbanakoarena bilatzen du, eta indarrak jarri behar diren arloak identifikatzen ditu. Berrikuntzak ere bai. Horregatik da ausarta, eta ausarta da errealista delako, planteatzen dituen helburuak egingarriak direlako. Egingarritasuna ausardiaren ezaugarri da hizkuntza politikan.
  • Zuhurra da: aldi berean errealitateari itsatsita dago, horregatik du proiekzio demolinguistikoa oinarri (ustez, lehenbiziko aldia da euskararen gainean 20 urterako halako proiekzio demolinguistikoa egin dena)
  • Euskararen garapen iraunkorra bilatzen du: alegia, euskarak behar besteko hazkundean jarraitzea.
  • Sektore publikoa, ekimen sozialaren sektorea eta sektore pribatua uztartzeko ahalegina bilatzen du
  • Hurrengo bi hamarkadetarako lehentasunen markoa ezartzen du.

Zer ez da dokumentua?

Beraz,

  • Ez da plan bat, ez da plangintza dokumentu bat.
  • Ez da neurrien katalogo bat.

Proiekzioa: etorkizuneko gizartea irudikatuz

Duela hiru hamarkada luze euskara biziberritzeko prozesua hasi genuenetik, euskal gizartearen ezaugarriak aldatu egin dira, eta aldatzen jarraituko dute. Baita euskaldunen hizkuntza ezaugarriak ere.

Dokumentuan saio bat egin dugu hemendik 20 urtera euskarak izango duen egoera irudikatzeko. Horretarako, hiru proiekzio landu ditugu. Bat, Reclus izeneko tresna informatikoa erabiliz (Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk garatutako programa), eta beste biak EUSTATek eginiko bi proiekzio demografiko baliatuz.

Hiru proiekzioen baldintza edo ezaugarri komuna hauxe da: euskararen biziberritzeko prozesuan honaino ekarri gaituen ahaleginari eutsi egin behar zaiola, hau da, “ahal duguna” egiten saiatu behar dugula, baina jakin behar dugula, baita ere, hogei urte barru euskararen egoeran noraino iritsi gaitezkeen, helburu eskuragarriak definitu ahal izateko eta frustrazioak saihesteko. Zuhur jokatu nahi izan dugu euskararen proiekzioa egiterakoan eta, hortaz, emaitzetan erdikoa hautatu dugu dokumentura inkorporatzeko.

Proiekzioan lau alor edo datu mota eskuratu nahi izan dugu:

  • Zer hiztun kopuru izango duen euskarak hogei urte barru.
  • Hiztun horietan zenbatek izango duen euskara lehen hizkuntza eta zenbatek bigarren hizkuntza.
  • Hezkuntza ez unibertsitarioaren bilakaera.
  • Helduen euskalduntzeak zenbat hiztun berri emango dituen.

«2036an euskaldunak biztanleria osoaren %49,5 izango dira, euskaldun hartzaileak %16,7 eta erdaldunak %33,8»

Hauek dira proiekzio horren emaitzak:

  • Hizkuntza gaitasunari dagokionez, euskarak hiztunak irabazten jarraituko du, eta, EAEn, 2036an euskaldunak biztanleria osoaren %49,5 (1.089.165) izango dira, euskaldun hartzaileak %16,7 (366.852) eta erdaldunak %33,8 (745.098). Adinari erreparatuz gero, 25 urtetik beherako herritarren artean, euskaldunak % 83,4 izango dira (gaur %73,2), euskaldun hartzaileak %9,3 (gaur % 15,5) eta erdaldunak %7,3 (gaur %11,3).
  • Hizkuntza tipologiari dagokionez, euskal hiztunen artean, euskara lehen hizkuntza dutenak %30,5 izango dira (gaur egun, %23,5).
  • Irakaskuntza ez unibertsitarioari dagokionez, aurreikusten da D eredua nabarmen hazten jarraituko duela eta A eredua, aitzitik, nabarmen urrituko dela.
  • Azkenik, helduen euskalduntzearen arloan, euskara heldutan bereganatzen duten hiztun berriak urtean 4.500 inguru izango dira, gaur egun antzera.

Bistan da: garai berriak, ezaugarri berriak… eta erronka berriak.

Zergatik euskara biziberritu?

Galdera honek erantzun asko ditu, ia denak onargarriak gainera, askotarikoak baitira herritarren identitateak edo identifikazio-moduak hizkuntzarekiko: guztiak dira onargarriak, hurkoaren aukera librea errespetatzen duten neurrian. Halere, bada erantzun bat, gure ustez, askotariko erantzunekin bateragarria dena eta herritarren gehiengo zabalak partekatu lezakeena, norberaren erantzuna beste bat ere izatearen kalterik gabe:

Herritar gehienek, euskal hiztun direnek nahiz ez direnek, euskara gizartearen elementu propiotzat hartuz bere egiten dutelako euskara biziberritzeko helburua, eta euskara herritar askoren ohiko hizkuntza delako, eta herritar askoren nahia delako euskara erabiltzea. Bizikidetza harmoniatsuak eskatzen du herritar guztien aukera librea bermatu egin behar dela, baita hizkuntza hautuari dagokionean ere, euskara zein gaztelania izan hautatutako hizkuntza. Exijentzia etiko eta demokratikoa da hori.

Zer etorkizun nahi dugu euskararentzat?

Herritar guztien arteko berdintasuna da elkarbizitzarako bermea. Baita hizkuntzari dagokionez ere. Hizkuntza elkarbizitza gizarte elkarbizitzaren osagai den aldetik, herritar guztien hizkuntza eskubideen bermea izan behar du helburu hizkuntza elkarbizitza sendotu nahi duen hizkuntza politikak. Ekitate kontua da. Izan ere, gurean, zenbat eta berdintasun handiagoa izan euskararen eta gaztelaniaren artean, orduan eta elkarbizitza sendoagoa eta hobea izango dugu.

Helburu hori gauzatzeari begira, hobe dugu pentsamendu dikotomikoa alboratzea: hau ‘edo’ hori beharrean, hobe hau ‘eta’ hori, ahal den guztian. Etorkizunari begira,  elkarbizitza harmoniatsua eraikitzeko, iritsi behar gara eraikitzera gizarte bat non herritar guztiek bi hizkuntza ofizialak gutxienez ulertuko dituzten, ezinezkoa izango baita euskaldunaren hizkuntza hautua gaztelaniaren hautua bezala bermatzea baldin eta herritarren parte handi batek euskara gutxienez ulertuko ez badu. Beraz, elebitasun hartzailea ere zutabe sendoa izango da, datozen urteotan, euskara biziberritzen jarraitzeko. Beste era batera esanda, bi hizkuntzak ulertzea, bakoitzak nahi duen hautua egin ahal izan dezan.

Hizkuntza hitzarmena indarberritzeko oinarriak

Bi oinarri:

Lehenengo oinarria: bizikidetza, aukera berdintasuna, demokrazia, askatasuna… eskubide eta obligazioen dialektikan bakarrik garatu daitezke. Bizikidetzarako baldintza nahitaezkoa da aniztasuna egiazki errespetatzea, paradigma uniformizatzaileak alboratzea. Hizkuntza aniztasunaren kudeaketa demokratikoa eta iraunkorra da, hain zuzen ere, adostasun sozial eta politikoa berritzeko eta indartzeko bidea. Hizkuntzak osagarri, bateragarri ikustea. Horrek eskatzen du hizkuntzen aukera berdintasunerako politika positiboak egitea ahulenaren alde, euskararen alde. Hori bat dator Euskararen Legearen eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren printzipioekin. Hizkuntza ofizialen berdintasun efektiboa da helburua, hizkuntza baten eta bestearen arteko subordinaziorik gabe, bata eta bestea bizirik izatea, bata bestearen konpainia noblean.

Bigarren oinarria: hizkuntza bizia, adin nagusiduna izatea da euskararentzako nahi dugun etorkizuna. Bihotzetik ezpainetara gehiagotan eta gehiagok eramatea nahi dugu. Guk bakarrik eraman dezakegu, euskal herritarrok, euskaldunok. Hori da gure “misio unibertsala”. Eta hori erabileran jokatzen da. Beraz, erronka da euskara lehen hizkuntza dutenek hala izaten jarraitzea, hots, euskal hiztunen komunitatea trinkotzea. Eta, horrekin batera, euskarara hurbiltzen direnek gero eta funtzio gehiagorako erabiltzea.

Lehentasun markoa

Datozen bi hamarkadetarako lehentasunen markoa ezartzen saiatu gara ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuan. Hiru maila bereizi ditugu, Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak proposatua zuen hiru dimentsioko diseinuan oinarrituta: dimentsio makrosoziala, dimentsio mikrosoziala eta norbanakoaren dimentsioa.

1.- Dimentsio makrosoziala:

  • Diskurtsoa edo framing-a

Diskurtso berritua eta adostua eraiki behar da etengabe. Euskararen irudi publikoa indartzeko, diskurtso erakargarria eta partekatua behar du izan, adostasun zabalekoa, hizkuntza-hautu desberdinak errespetatzen dituena, euskararen biziberritzerako eraginkorra, euskararen sustatzailea, inklusiboa, egingarria…

  • Euskaraz jardutearen legitimitatea

Euskararen erabilera prestigiatu behar da gizartean, euskara erabiltzearen aldeko giro soziala sustatu behar, euskaraz naturaltasunez eta lasai egitera gonbidatzen duen ekimena zabaldu behar da, erabilera legitimatu.

  • Lege estatusa

EAEn dugun araubidea eraginkorra izan da euskara izaten ari den hazkunderako, eta etorkizunean ere euskararen egoera indartzeko aukerak ematen ditu.

Biziberritze prozesuak aurrera egin ahala, izan ditzakegun mugak edo egokitu beharreko alderdiak identifikatzen eta hobetzen asmatu behar dugu, batik bat lege-arau sektorialean hizkuntza trataera egokia txertatuz.

  • Euskararen lurraldea

Euskararen lurraldeetako erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa sendotu behar ditugu, esparru administratibo bakoitzaren ezaugarriak eta eskumenak errespetatuz, noski, baina euskara biziberritzea denen helburua dela aintzat hartuz.

  • Estatua eta Europa

Hizkuntza txikien eta ertainen babeserako eta sustapenerako markoa bultzatu behar da, bai estatuko bai Europako lege-araubideak hizkuntza aniztasunari buruz ezarritako printzipioak efektibo bihurtzeko, errealitate egiteko.

  • Arreta elebiduna administrazioko zerbitzu publikoetan

Zerbitzu publikoetan (polizia, osasuna, justizia eta abar barne) arreta elebiduna bermatzeko gaitasuna borobildu eta orokortu behar da.

2.- Dimentsio mikrosoziala:

  • Harreman sareak eta solaskideen gaitasuna

Egunerokotasunean eratzen diren harreman sareek hartzen dute dimentsio mikrosozialaren esparrua. Pertsonen arteko komunikazioan garrantzi berezia dute harreman sareek, horien baldintzek eta ezaugarriek eragin handia baitute solaskideen artean, baita hiztunen hizkuntzan ere.

Horregatik, familia ingurunean, eskola ingurunean, lagunartean, kale giroan, lantokian, aisialdian… ingurune formaletan ez ezik informaletan euskara erabiltzeko aukerak sustatzen eta ugaritzen jarraitu behar dugu, arreta berezia jarriz haur eta gazteen sozializazio guneetan eta harreman esparruetan, familiaren edo eskolaren hizkuntza-ekarpenak jarraipena izan dezan egunerokotasunean garatzen diren jardueretan eta komunikazio ekintzetan. Sustapen lan orokor horrez gainera, berariazko erantzunak eman behar zaizkie euskararen arnasguneei eta etorkinen integrazioari. Beraz, besteak beste, lehentasun handia hartu behar dute aisialdiaren esparruak, IKTenak, hedabideenak eta alor sozioekonomikoak eta lan munduak.

Corpusaren arloan, garrantzitsua izango da hizkera formalak ez ezik, hizkera informalak, erregistro kolokialak, adierazkortasunerako baliabideak eta abar garatzea. Horretan guztian, berebiziko garrantzia du gizarte eragile naturalek –enpresari, ekintzaile, sindikatu, hedabide, kontsumo arloko elkarte, elkargo profesional, alderdi politiko, kirol erakunde, arte eta kulturgile, eta abarrek– euskararen erabilera txertatzea beren ohizko jardunean.

  • Harreman trinkoa

Aurrera egiten jarraitzeko, euskarak, hazkunde demografikoa izaten jarraitzeaz gainera, beharrezkoa du hiztun komunitatea trinkotzea. Horretarako, garrantzitsua izango da, besteak beste, arnasguneak garatzea, euskarak ere nagusi den erreferentziazko esparru espazialak eta funtzionalak izan ditzan.

3.- Norbanakoaren dimentsioa

  • Euskara gaitasun erlatiboa: eskola ingurunea

Hiztunak duen hizkuntza gaitasuna erabakigarria da  bere hizkuntza erabileran. Euskara izaten ari den hazkunde nabarmenak euskaldunen tipologiak aniztu ditu: gaur egun hiztun askok gaitasun erlatibo ahulagoa du euskaraz, batik bat mintzamenari dagokionez.

Gaitasun erlatiboa sendotzeko modurik egokiena erabilera da. Eskolak berebiziko ekarpena egiten dio hiztunari, baina ezin dio dena eman. Horregatik, eskola ingurunean, lehentasunezkoa da euskara ikasgelaz kanpoko hizkuntza egunerokoa ere izan dadin sustatzea.

  • Euskara gaitasun erlatiboa: hezkuntza sistemaren optimizazio linguistikoa

Itzelezko ekarpena egin dio eskolak euskarari. Ekarpen hori sendotzen jarraitzeko, hainbat hobekuntza ildo landu eta indartu behar ditugu: irakasleen hizkuntza formazioa, curriculum diseinua eta hizkuntza irakaskuntzaren metodologia, ikasmaterialak, hizkuntzen didaktika, ahozkotasuna…

  • Euskara gaitasun erlatiboa: helduen euskalduntzearen eraginkortasuna

Datozen hogei urteei begira, helduen euskalduntzeak ikasmaila guztietan garrantzi handia izaten jarraituko du, baina indar berezia egin beharko da herritar elebakarrak oinarrizko maila bateraino edo gutxienez gaitasun hartzaile bateraino ikas dezaten erakartzea. Horretan eragingarria izango litzateke gutxieneko maila baterainoko ikasprozesua aprobetxamendu akademikoaren arabera doakoa izatera iristea.

  • Motibazioa

Erabileran faktore objektiboek ez ezik faktore subjektiboek eragiten dute. Datozen urteetan motibazioen arloan, atxikimenduan, jarreretan, emozioetan, ohituretan… azken batean norbanakoarenak diren faktoreetan modu positiboan eragiten saiatu beharko dugu. Behar beste jorratu ez den ikerketa ildo garrantzitsua zabaldu beharko litzateke norabide horretan.

Euskarak behar duen aldaketa soziala gauzatzen segitzeko, aldaketa estrukturalak ez ezik pertsonen aldaketa behar dela uste dugu. Hizkuntza erabileran motorra dira motibazioak eta landu egin behar dira etengabeko sentiberatze lanaren bitartez, erreferentzialtasuna duten lidergoen eta portaera eredugarrien bitartez. Hitz batean, ‘eginez’.

20 urte barru euskara biziagoa izango da zuhur jokatzen badugu eta herritarrok hala nahi badugu. Euskararen garapen iraunkorraren kontzeptua eta erabilerarena dira, seguru aski, dokumentu honetan planteatzen diren oinarrien ezaugarri garrantzizkoenetakoak. Hala, aurkeztu dugun dokumentua oso produktu ona, argia, zehatza, aurreratua eta bateratzailea da, zalantzarik gabe. Horrelako produktu bat sortzea posiblea izan da, batez ere, prozesua bera izan delako oso parte-hartzailea eta argigarria. Dokumentu honek datozen 20 urteei begira garatu beharko litzatekeen, eta Donostian bildutakook garatzera konprometitzen garen, hizkuntza politikaren oinarri sendoak finkatzen ditu.

Esan bezala, dokumentuak oinarri eta helburu berdina du: adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena lortzea gizartea bere osotasunean eta bere askotarikotasunean hartuta. Gure ustez, adostasun hori zenbat eta zabalago eta indartsuago izan, orduan eta oinarri sendoagoak izango ditugu datozen 20 urteetan euskara biziberritzeko prozesuari bultzada eraginkor eta sendo bat emateko. Hala, dokumentu hau gogoeta partekatu bat da. Kontsensuzko dokumentu bat da, alegia.

Dokumentu hau ausarta da. Ausarta da zein arlotan indar berezia jarri beharko litzatekeen apuntatzen duelako eta. Eta ausarta da ere euskara biziberritzen jarraitzeko ahalegin soziala, instituzionala eta norbanakoarena bilatzen dituelako. Jendearen protagonismoa nabarmendu nahi da dokumentu honetan.

Bestalde, sektore publikoa, ekimen sozialaren sektorea eta sektore pribatua uztartzeko ahalegina bilatzen da, dokumentua bera egiteko prozesuan gertatu den bezala. Izan ere, dokumentua posiblea izan da lankidetzari, elkar aitortzeari eta elkar ulertzeari esker.

Agenda 21-1

Osteguneko bileran izan ginenon argazkia, Donostiako Carlos Santamaría Zentroan.

Agenda 21-3

Bileran parte hartu zutenek ekarpen aberatsak egin zituzten, beste behin.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

En Estrasburgo, con el director del secretariado de la Carta Europea de las Lenguas Minoritarias

En calidad de presidente de la Red Europea para la Diversidad Lingüística (NPLD, en sus siglas en inglés) y viceconsejero de Política Lingüística de Euskadi, me reuní el pasado miércoles con el director del secretariado de la Carta Europea de Lenguas Regionales o Minoritarias del Consejo de Europa, Sixto Molina, para presentar el trabajo de la Red a la máxima autoridad en cuestiones de lenguas regionales en el Consejo de Europa. La reunión, celebrada en la sede del Consejo de Europa en Estrasburgo, sirvió para establecer un primer contacto entre la NPLD y la institución europea y para explorar posibles vías futuras de colaboración en materia de promoción y divulgación de la diversidad lingüística de Europa, con especial hincapié en las lenguas Constitucionales, Regionales y de estados pequeños.

Expuse los objetivos de la NPLD —que son la promoción de un multilingüismo inclusivo que incorpore todas las lenguas de Europa, independientemente de su número de hablantes o de su peso político o su rango de oficialidad— y ha hecho especial hincapié en el trabajo que está desplegando actualmente la Red: la Hoja de Ruta para la Diversidad Lingüística en Europa.

Como manifesté, “la Hoja de Ruta representa la brújula de la NPLD para los próximos 5 años y pretende adoptar una nueva mirada sobre el multilingüismo de Europa. Todas las lenguas, y no solo las 24 lenguas oficiales de Estado de la UE, deben poder contribuir en pie de igualdad a la construcción europea, deben poder participar en todos los programas e iniciativas europeas en materia de multilingüismo y deben servir como base fundamental de la cohesión social y la vitalidad económica de Europa. Solo con este enfoque inclusivo y respetuoso con todas las comunidades lingüísticas podremos construir una Europa común”.

Asimismo, transmití mi especial preocupación a las autoridades europeas sobre la reciente interrupción de la ETB vasca en la Comunidad Foral de Navarra. Ante tal situación, comuniqué a las autoridades del Consejo de Europa que la NPLD se dirigirá al Comité de Expertos de la Carta Europea de Lenguas Regionales o Minoritarias para dar a conocer tal situación. “Es una grave anomalía democrática que un Estado como el español, que ha ratificado la Carta Europea de Lenguas Regionales o Minoritarias a su máximo nivel, impida la emisión de la televisión de Euskadi en la Comunidad Navarra”. Añadí que “resulta paradójico que el Estado francés, que no ha ratificado la Carta Europea, no solo no ponga ningún impedimento en la transmisión de ETB en el País Vasco francés sino que suceda con total normalidad, mientras que el Estado español continúa poniendo trabas. No se entiende en una sociedad democrática”.

El director de la Secretaría de la Carta, Sixto Molina, se mostró interesado en realizar un seguimiento del trabajo a nivel europeo que realiza la NPLD y empeñó su voluntad y disposición para trabajar codo con codo con la Red en la tarea de divulgación y promoción de las lenguas de Europa como elementos clave de cohesión social, de participación y de riqueza personal y colectiva del continente europeo.

baztarrika_climent

En Estrasburgo, junto al consejero político del NPLD, Vicent Climent-Ferrando

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren zuzendariarekin, Estrasburgon

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD) presidente eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Zuzendari Sixto Molinarekin elkartu nintzen atzo Estrasburgon, Europako Kontseiluko hizkuntza gutxituen arloko organo gorenari sarearen lanaren berri emateko. Bilerak —Europako Kontseiluak bertan duen egoitzan egindakoa— NPLD sarearen eta Europako instituzio honen arteko lehenbiziko harreman bat ezartzeko balio izan du. Baita Europako hizkuntza aniztasuna sustatzeko lanean etorkizunari begira bide berriak zabaltzeko ere.

Nik NPLD sarearen helburuak azaldu nituen. Izan ere, sarearen helburu nagusia da Europako hizkuntza guztiak biltzen dituen eleaniztasun inklusibo bat bultzatzea, hizkuntzaren hiztun kopurua, pisu politikoa edota ofizialtasun maila kontutan hartu gabe. Hala, sarea gaur egun Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriaren baitan burutzen ari den lanaren berri ere eman nuen. Esan nuenez, “NPLD sarearendako, Bide Orria, datozen bost urteetarako iparrorratza izango da eta ikuspuntu berri bat ekarri nahi du Europako eleaniztasunari dagokionez. Hizkuntza guztiek, eta ez bakarrik Europar Batasuneko estatuko 24 hizkuntza ofizialek, Europa eraikitzen lagundu behar dute, berdintasun egoera batean. Izan ere, hizkuntza guztiek eleaniztasun alorrean Europa mailan egiten diren programa eta ekimen guztietan parte hartu beharko lukete. Gainera, gizarte kohesiorako eta europar kontinenteko bizitasun ekonomikorako ezinbesteko oinarriak izan behar dute. Komunitate linguistikoekin errespetuzkoa eta inklusiboa den ikuspuntu honekin bakarrik eraiki daiteke Europa komun bat”.

Halaber, Europako autoritateei nire kezka agertu nien Nafarroan ETBren emisioa eten dutelako. Egoera honen aurrean, Europako Kontseiluko autoritateei esan nien NPLD sareak gutun bat igorriko diola Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeari egoeraren berri emateko. “Anomalia demokratiko grabea da Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta berretsi duen Espainia bezalako estatu batek, Nafarroan ETBren emisioa etetea”, han adierazi nuenez. Paradoxa handia da Karta berretsi gabe daukan Estatu frantziarrak arazorik ez jartzea Iparraldean ETB emititzeari eta Espainiak etengabe arazoak jartzea. Ez da ulertzen gizarte demokratiko batean.

Bestalde, Sixto Molinak interes handia erakutsi zuen NPLD sareak egiten duen lana jarraitzeko. Bere borondatea erakutsi zuen sarearekin elkarlanean Europako hizkuntzen sustapena aurrera eramateko. Izan ere, bere ustez, Europako kontinentean hizkuntza guztiak klabeak dira gizartearen kohesiorako, ekonomiaren bizitasunarendako eta aberastasun pertsonal eta kolektiborako.

baztarrika_climent

Atzo Estrasburgon, NPLDren aholkulari politiko Vicent Climent-Ferrandorekin batera.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Euskaltzaindiaren eskutik

Euskaltzaindiak antolaturiko prentsaurrekoan parte hartuko dut gaur, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 7. liburukia aurkeztea eta Euskararen Erakusketa Ibiltariaren berri ematea helburu. Bilboko Zabalgunean izan gara Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Laboral Kutxako zuzendari nagusi Julio Gallastegi, Andrés Urrutia euskaltzainburua eta ni neu, beste hainbatekin batera.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, lehenik eta behin, azpimarratu eta eskertu egin nahi dut, herri-hizkeren ondarea biltzeko, ikertzeko eta ezagutzera emateko Euskaltzaindia egiten ari den lana. Bilketa eta ikerketa herritarren esku jartzea lan bikaina baita, zoriondu beharrekoa; herritarren esku jartzea, argitalpenen eskutik, internet bidez eta erakusketarekin. Hain zuzen ere euskararen herri-hizkeren atlas honek, aukera paregabea ematen digu euskararen hiztunen mintzamolde desberdinetan murgiltzeko eta sakontzeko.

Gure helburua da, euskara, bizia, gero eta erabiliagoa, hiztunen premia komunikatiboetarako gero eta tresna baliagarriagoa izatea. Ezin hobeto adierazi zuten Axular eta Mitxelena handiek, euskara, erabilia izatearen eta erabilia izateko tresna baliagarria izatearen errezeta: “dabillan harriari etzaika goroldiorik lotzen”, esanez azpimarratu zuen erabilera Axularrek, eta Mitxelenak “elkarrekin mintzatzeko tresna zorrotza” izatearen balioa nabarmendu zuen. Bide horretan funtsezkoa da euskararen herri hizkeren altxorra ondo jasoa eta zabaldua izatea.

Euskaltzaindiaren obretan obra nagusia, zalantzarik gabe, euskara batuaren eraikuntza eta garapena gauzatzeko gidaritza izan da. Euskara baturik gabe ez zen gertatuko euskarak azken hiru hamarraldietan izan duen aurrerapen ikaragarria. Izan da, euskara batua eta herri euskara kontrajarri nahi izan dituenik. Ikuspuntu okerra da hori. Kontua ez baita euskara batua ala euskalkiak/herri hizkerak, baizik eta euskara batua eta euskalkiak/herri hizkerak. Dena baita euskara; bakoitza, dagokionerako.

Tokia egin behar diogu euskarari, ez bakarrik hezkuntzan, unibertsitatean, administrazioan edo hedabideetan; horietan ez ezik, baita gure bizipen kuttunenetan ere, eremu ez formaletan ere. Horretarako euskara bizia behar dugu, adierazgarritasun handikoa, txispaz betea, eta horretarako iturri paregabeak dira herri hizkerak. Baina oker ibiliko ginateke hori euskara batuari kontrajarriko bagenio, euskara batua berez eta nahitaez lehorra eta, aldiz, herri hizkera nahitaez txispaduna balira bezala.

Euskara batuak euskal hiztunon komunitatea sendotu du, euskalki bateko eta besteetako hiztunon arteko komunikazioa erraztu du, euskara gizarte modernoaren beharretara egokitu du. Ez da munduan hizkuntza normalizatu eta indartsurik, estandarra ez duenik. Uste dut aukera aproposa dugula honakoa, argi eta garbi adierazteko euskara batua eta herri euskara ez direla errealitate kontrajarriak, txanpon beraren alde biak baizik. Euskara batuak beharra du herri hizkerarena. Eta euskarak, hizkuntza bizia eta normalizatua izango bada, beharra du euskara batuarena.

Beraz, zorionak Euskaltzaindiari eta Atlasaren lantalde osoari. Pozik gaude elkarren arteko lankidetzaz. Euskararen herri-hizkeren atlasaren proiektuan, 1983-1984an abian jarri zen momentutik, Euskaltzaindiak ondoan izan gaitu Jaurlaritza eta herri-aginteak. Herri-hizkerei eusteko ahaleginak merezi duelako. Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana garrantzitsua da, eta elkarlan horretarako programa-kontratua berritu berriak gara, 2015etik 2018ra arte, tartean Atlasaren proiektua. Aurten 1.250.000 euroko ekarpena egingo du Jaurlaritzak. Eta pozik gaude, hori  ez delako gastua, inbertsio publikoa baizik. Horregatik izan du eta izango du Euskaltzaindiak Jaurlaritza ondoan.

Archivo_001

Bilboko Zabalguneko ekitaldian, Herri Hizkeren Atlasaren inguruko dokumentuak ikuskatzen.

Archivo_000

Gaur, Bilboko alkatearekin, Euskaltzaindiko buruarekin eta Laboral Kutxako zuzendari nagusiarekin batera eskainitako mintzaldiaren uneetako bat.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 28. edizioaren aurkezpena

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien aurkezpena egin dugu gaur Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitzan Ainara Rodríguezek, Andoaingo Udaleko Euskara Zinegotziak, Oihane Agirrek, Goiena telebistako programazio zuzendariak, eta nik neuk. Kontutan hartu behar da sari honek Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren diru laguntza duela. Sarion hogeita zortzigarren edizioa da hau, eta aurreko urteetan bezalaxe, helburua du euskarazko kazetaritzan, edozein euskarritan —prentsa idatzian, irratian, telebistan, interneten—, 2015eko maiatzetik 2016ko maiatzera bitarte egin diren lan ugariren artean bikaintasunagatik eredugarri direnak nabarmentzea eta saritzea. Ainara Rodríguezek azaldu duen legez, iaz bezalaxe, bi sari izango dira:

  • XXVIII Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, 9.000 euroko saria.
  • Kazetari Berria Saria, 3.000 euroko saria.

Era berean, kazetaritza eta komunikazio profesionalez osaturik dagoen Epaimahaiak (Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias) erabaki dezake sari ekonomikorik ez duen Epaimahaiaren Sari Berezia ematea.

Sariaren bi ataletan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da lanak aurkeztea, nahiz eta Sari Nagusiaren kasuan, epaimahaiak aurkeztutako lanen artean behar adinako kalitatezkorik topatzen ez badu, beti izango du aukera proposamenak egiteko. Autoreek nahiz komunikabideek, hala nola sariaren helburuekin zerikusirik duen edozeinek, aurkez ditzake lanak.

Oihane Agirrek, Goiena telebistako programazio zuzendariak, eta iaz saria jaso zuen Julen Iriondo kazetariaren lantaldeko kideak, azaldu du toki komunikabideen lanaren balioa; gertuko historiak kontatzea. Azaldu duenez, Jon Salaberri hiesdunen aldeko ekintzaile ahaztuaren historia kontatu beharra zuten. Talde lanean egindako erreportajea izan zen, baina Goienako lantaldetik haratago, komunitatearekin egindakoa; Joxe Arantzabalek abiatu zuen ikerketa lana eta bere erreportajea Goienako Puntua aldizkarian irakurri ahal izan zen lehenengo. Ostean etorri zen Julen Iriondok zuzendutako ikus-entzunezko lan hau. Eta gero sarean zabaldu zen. Multimedia lan bat izan zen, Joxek liburu elektroniko batekin borobildu zuena. Beraien lanak aurkeztera gonbidatu ditu toki hedabide guztiak; gertuko historiak kontatzeak baduelako oraina, eta zer esanik ez etorkizuna. Aldi berean, eskerrak eman dizkie sariaren antolatzaile eta epaimahaikideei, iaz jasotako sariak, tokiko hedabideek egiten duten lana aitortu zuelako.

Dagoeneko 28 urte pasa dira lehenbiziko saria banatu zenetik! Azkar esaten da! Bada zerbait! Beraz, lehenik eta behin, zorionak eman behar zaizkio, bene-benetan, Andoaingo Udalari, 28 urteotako ibilbideari esker lortu duelako hau izatea Euskal Kazetaritzaren Sari Nazionala. Euren meritua da, epaimahaien meritua da eta kazetari saridunen meritua da. Gu, Eusko Jaurlaritza, bidelagunak besterik ez gara izan.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, atzera begira jarri eta 1988ra eramaten gaitu, orduan sortu baitzen Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Ez zegoen orduan beste euskal kazetaritza saririk. Galdera, oso ebidentea da: ‘non geunden’ eta ‘non gaude’ euskal kazetaritzari dagokionez. Pentsa… orduan oraindik ez zegoen euskarazko hedabideentzako dirulaguntza deialdirik ere: gaur urtean bost milioi euro pasatxo jartzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Orduan ez ziren dozena batera iristen euskarazko hedabideak; gaur egun 80ren bueltan dabiltza. Orduan dozenaka batzuk ziren beren lana euskaraz egiten zuten kazetariak (batez ere EiTBri esker); gaur egun ehunka dira euskarazko kazetaritza egiten duten profesionalak.

Rikardo Arregi Sariak sustapen lana egiteari ekin zion, helburutzat hartuta euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza. Ikaragarri aurreratu da 28 urteotan, kazetaritzaren eremu zabalean euskarazko kazetaritza ez baitago atzeko aldean. Aitortu eta goraipatu behar da lana euskaraz egiten duten kazetariek urte hauetan egin duten lana, kasu askotan lan eredugarria. Baina gaurkotasun osoa edukitzen jarraitzen dute Rikardo Arregi Sariaren helburuek.

Hizkuntza politikaren ikuspegitik begiratzen diogu guk, Eusko Jaurlaritzatik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariari; euskararen sustapenaren betaurrekoekin, alegia. Erabilia izatea da euskarak behar duena. Horregatik da gure helburua euskal hiztunak areagotzea, euskal irakurleak eta ikus-entzuleak areagotzea. Hori baita euskarak behar duena: hiztunak, irakurleak, ikus-entzuleak, sortzaileak, kazetariak  behar ditu euskarak, hori da nahi duguna. Langintza horretan garrantzi aparta, gero eta handiagoa dute, modu bateko eta besteko hedabideek. Euskarazko informazio eta entretenimendurako produktu onak, berritzaileak, biziak, atseginak, irakurleek eta ikus-entzuleek gustuko izango dituztenak eskainiz, mantendu ez ezik gora egin dezake euskarazko irakurle eta ikus-entzuleen kopuruak. Eta hori da helburua, helburu egingarria, handia baita hedabideen munduan euskarazko kontsumitzaile potentzial eta errealen arteko aldea. Badago zer hobeturik.

Langintza horretan garrantzi betekoa da kazetarien lana, sustatu, aitortu, goraipatu eta babestu behar den lana. Azken 28 urteotan, kantitatean ez ezik, kalitatean ere sekulako jauzia eman da. Aski da gaurko irratia, telebista, prentsa… hartzea honetaz guztiaz konturatzeko. Hala ere, egindako bide onak ez gaitzala itsutu. Asko dago oraindik egiteko. Eta bide horretan, hedabide guztiak dira behar-beharrezkoak: egunerokoak, tokiko hedabideak, era guztietako aldizkariak, irratiak, telebistak, interneteko agerkariak… denak.

Euskarazko kontsumitzaile potentzialak hazten ari dira etengabe, etengabea izan delako euskaldun berrien hazkundea azken bizpahiru hamarkadotan. Kontsumitzaile potentzial horiek kontsumitzaile erreal bihurtu behar ditugu, hori dugu aukera eta erronka. Lan horretan, denok dugu erantzukizunik eta zereginik, noski. Bereziki, ordea, hedabideen erronka da hori. Eusko Jaurlaritza bidelagun izango dute, noski, kazetaritzako profesionalek eta hedabideek. Erronka horri aurre egiteko, kazetarien lana erdigunean dago. Horregatik da garrantzitsua Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, kazetarien lan bikain askoren artean, bikainenak nabarmenduz euskarazko kazetaritza sustatzen duelako.

Gero eta ohikoagoa da, artikuluak argitaratzen direnean, artikuluaren bilaketa erraztuko duten hitz gakoak jartzea. Sari honen hitz gakoak esan beharko banitu, Rikardo Arregi, Saria eta Kazetaritza ez ezik, esango nituzke, eredugarritasuna, berrikuntza, bikaintasuna eta kalitatea. Horiek dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren irizpide nagusiak, eta irizpide horiek praktikatzen dituzten kazetarien lanari esker lortuko dute euskal hedabideek gero eta euskaldun gehiagoren eguneroko bizitzan toki bat betetzea. Beraz, kazetariak animatzea besterik ez zaigu geratzen, sari honetara aurkeztera animatu.

83545a479cd462c796c9bbdd8fc2f0d4

Ainara Rodríguez, Oihane Agirre eta hirurok, gaurko prentsaurrekoan.

6ae9d95dec89becc6e7bb9460f97729c

Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egin dugu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 28. edizioaren aurkezpena.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario