Euskaltzaindiak antolaturiko prentsaurrekoan parte hartuko dut gaur, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 7. liburukia aurkeztea eta Euskararen Erakusketa Ibiltariaren berri ematea helburu. Bilboko Zabalgunean izan gara Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Laboral Kutxako zuzendari nagusi Julio Gallastegi, Andrés Urrutia euskaltzainburua eta ni neu, beste hainbatekin batera.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, lehenik eta behin, azpimarratu eta eskertu egin nahi dut, herri-hizkeren ondarea biltzeko, ikertzeko eta ezagutzera emateko Euskaltzaindia egiten ari den lana. Bilketa eta ikerketa herritarren esku jartzea lan bikaina baita, zoriondu beharrekoa; herritarren esku jartzea, argitalpenen eskutik, internet bidez eta erakusketarekin. Hain zuzen ere euskararen herri-hizkeren atlas honek, aukera paregabea ematen digu euskararen hiztunen mintzamolde desberdinetan murgiltzeko eta sakontzeko.
Gure helburua da, euskara, bizia, gero eta erabiliagoa, hiztunen premia komunikatiboetarako gero eta tresna baliagarriagoa izatea. Ezin hobeto adierazi zuten Axular eta Mitxelena handiek, euskara, erabilia izatearen eta erabilia izateko tresna baliagarria izatearen errezeta: “dabillan harriari etzaika goroldiorik lotzen”, esanez azpimarratu zuen erabilera Axularrek, eta Mitxelenak “elkarrekin mintzatzeko tresna zorrotza” izatearen balioa nabarmendu zuen. Bide horretan funtsezkoa da euskararen herri hizkeren altxorra ondo jasoa eta zabaldua izatea.
Euskaltzaindiaren obretan obra nagusia, zalantzarik gabe, euskara batuaren eraikuntza eta garapena gauzatzeko gidaritza izan da. Euskara baturik gabe ez zen gertatuko euskarak azken hiru hamarraldietan izan duen aurrerapen ikaragarria. Izan da, euskara batua eta herri euskara kontrajarri nahi izan dituenik. Ikuspuntu okerra da hori. Kontua ez baita euskara batua ala euskalkiak/herri hizkerak, baizik eta euskara batua eta euskalkiak/herri hizkerak. Dena baita euskara; bakoitza, dagokionerako.
Tokia egin behar diogu euskarari, ez bakarrik hezkuntzan, unibertsitatean, administrazioan edo hedabideetan; horietan ez ezik, baita gure bizipen kuttunenetan ere, eremu ez formaletan ere. Horretarako euskara bizia behar dugu, adierazgarritasun handikoa, txispaz betea, eta horretarako iturri paregabeak dira herri hizkerak. Baina oker ibiliko ginateke hori euskara batuari kontrajarriko bagenio, euskara batua berez eta nahitaez lehorra eta, aldiz, herri hizkera nahitaez txispaduna balira bezala.
Euskara batuak euskal hiztunon komunitatea sendotu du, euskalki bateko eta besteetako hiztunon arteko komunikazioa erraztu du, euskara gizarte modernoaren beharretara egokitu du. Ez da munduan hizkuntza normalizatu eta indartsurik, estandarra ez duenik. Uste dut aukera aproposa dugula honakoa, argi eta garbi adierazteko euskara batua eta herri euskara ez direla errealitate kontrajarriak, txanpon beraren alde biak baizik. Euskara batuak beharra du herri hizkerarena. Eta euskarak, hizkuntza bizia eta normalizatua izango bada, beharra du euskara batuarena.
Beraz, zorionak Euskaltzaindiari eta Atlasaren lantalde osoari. Pozik gaude elkarren arteko lankidetzaz. Euskararen herri-hizkeren atlasaren proiektuan, 1983-1984an abian jarri zen momentutik, Euskaltzaindiak ondoan izan gaitu Jaurlaritza eta herri-aginteak. Herri-hizkerei eusteko ahaleginak merezi duelako. Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana garrantzitsua da, eta elkarlan horretarako programa-kontratua berritu berriak gara, 2015etik 2018ra arte, tartean Atlasaren proiektua. Aurten 1.250.000 euroko ekarpena egingo du Jaurlaritzak. Eta pozik gaude, hori ez delako gastua, inbertsio publikoa baizik. Horregatik izan du eta izango du Euskaltzaindiak Jaurlaritza ondoan.