Urriaren hirugarren astea, aste trinko eta ezin aberatsagoa izan nuen. Zorionekoa ni bi egunetan izan nituen hitzaldi eta solasaldiengatik: urriaren 19an Aretxabaletan izan nintzen, Garabidek antolaturiko ikastaldian; eta biharamunean, urriaren 20an, Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko “Abokatu euskaldunak” Batzordeak antolaturiko hitzaldi-solasaldian. Bietan handiagoa izan zen bertaratuengandik jaso nuena nik beraiei eman niena baino. Bihoakie nire esker ona guztiei, antolatzaileei eta bertaratuei.
Garabideren ikastaldian izandako parte hartzeaz arituko naiz hemen. Beste sarrera bat egingo dut bihar Bilboko hitzaldi-kolokioaz.
“Zer da hizkuntza batentzat benetan hilgarria?: hiztunak bere hizkuntzarekiko estimurik eza, ez erabiltzerainoko estimurik eza”.
Zasta!, galdera hori bota nien Garabidek antolaturik hizkuntza biziberritzeko lidergorako ikastaldian entzule izan nituen 12 agintariei, elkarrekin bete genuen egun osoko saioa hasterako. Neuk ezer kontatu aurretik, beren iritzia ezagutu nahi izan nuen, galdera horren gainean. Bakoitzak bere erantzuna idatziz eman zuen. Ez da, noski, erantzun bakarreko galdera, eta nik erantzun bakarra emateko erregu egin nien –edo hori zailegi zitzaionak gehienez bi eman zitzala-. Kuriosoa da baina kointzidentzia handia adierazi zuten bakoitzak bere aldetik. Erantzun nagusia, ez bakarra: hiztunak bere hizkuntza estimutan ez hartzea, ez erabiltzeraino eramaten duen estimurik eza.
Garabidek urteak daramatza munduko hainbat hizkuntz komunitaterekin kooperazio linguistikoa garatzen. Batez ere, baina ez bakarrik, Latinoamerikako hizkuntz komunitateekin gauzatu du eta gauzatzen du bere lankidetza. Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikarako sailburuorde lanetan aritu nintzenean Garabideren lan eskerga oso gertutik ezagutzeko aukera izan nuen, eta elkarlanean urrats bidegile eta aurreragarriak eman genituen. Nazioarteko kooperazio ohikoari beste dimentsio bat eman dio Garabidek. Izan ere kooperazio gai bihurtu baitu tokian tokiko hizkuntza propioak (indigenenak) berreskuratzeko lankidetza. Txalotzekoa eta oso aintzakotzat hartzekoa da Garabideren lan jarraitua.
Urrian hizkuntza gutxitutako hamabi gidari eta agintariri zuzendutako ikastaldi trinkoa antolatu du, 140 klase ordukoa: hitzaldiak, mahainguruak, proiekzioak, bisita gidatuak… denetarik izan da programan. Ikastaldiaren helburua izan da hizkuntza biziberritzeko estrategiei buruzko prestakuntza ematea, euskararen biziberritze prozesua oinarritzat hartuta.
Egun osoko saio bat zuzentzeko proposamena egin zidaten, eta horretan ahalegindu nintzen urriaren 19an, Aretxabaletan, zazpi ordutaraino luzatu zen saioan. Hitzaldiari ondorengo izenburua jarri nion: “Euskararen biziberritze prozesua 30 urtez Euskadiko Autonomia Erkidegoan: hizkuntza politikak, estrategiak eta gako nagusiak”. Oso gustura aritu nintzen, oso gustura solasean, hizkuntza gutxituetako hainbat komunitatetako gidarien galdera eta ikuspuntu arrazoituen gainean hausnarrean.
Nire mintzaldian neurri baten jorratzen saiatu nintzen kontuak ondorengoak izan ziren: hizkuntza aniztasunaren balio soziala gizarte eraikuntzan, euskararen kasuaren paradigma, euskararen bilakaera desberdina bere hiru lurraldeetan, euskara biziberritzeko prozesuaren lotura EAEn 80ko hamarraldian abiatutako eraldaketa sozial eta modernizazio prozesuarekin, euskarak gainbeheratik hazkunde jarraitura egindako bidea, hizkuntza biziberritzeko euskal ereduaren ezaugarri nagusiak, Euskadiko aldaketa soziolinguistikoaren estatistikak, euskararen hazkundearen paradoxak eta aurpegiak, hazkundea eragiten edo moteltzen edo eragozten duten faktoreak, aldaketa soziolinguistikoaren palankak, euskal autogobernuaren ekarpena, herri aginteen eginkizuna, euskararen biziberritze prozesuaren legezko oinarriak, Euskararen legea eta bere legezko garapen zabala eta askotarikoa, hizkuntza politika eta plangintza eremuz eremu, politika horren estrategiak eta gako nagusiak, hizkuntza plangintzarako baliabideak, hizkuntza politikaren arrakastarako giltzarriak eta etorkizuneko erronkak. Ordu askoz aritu ginen baina aztergai gehiago izan genituen, eta, ezinbestez, hainbat kontu kontatzeke edo nahi beste hausnartu gabe geratu behar izan ziren.
Nire esker onik zintzoena adierazi nahi diet Garabideri eta egun osoan jardunaldian parte hartu zuten hizkuntza gutxituen hainbat komunitatetako hamabi agintari lagunei.
Eskerrik asko beren komunitateetako hizkuntzetan esanda:
Nahuatl (Mex) tazojkamatik
Kichwa eta quechua yupaichani
Guarani yasoropai
Nasa pay pay
Amazigh tanemmirt
Kaktxikel mati’öx
Mapuzungun chaltu may
Maia yukateko Nib óolal