Iñaki Martinez de Luna: Eusko Ikaskuntzaren 2023ko Manuel Lekuona Sariaren irabazle

Eusko Ikaskuntzaren 2023ko Manuel Lekuona Saria jaso berri du Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba adiskideak. Joan zen ostegun arratsaldean izan zen sari emate ekitaldia, 2024ko apirilaren 11 arratsaldean alegia, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

Eusko Ikaskuntzak antolatua, ekitaldi goxoa izan zen, bertaratu ginen Iñakiren lagunok gozatzeko zoria izan genuena. Jose Migel Barandiaran fundazioaren presidente Abel Ariznabarretak irakurri zuen epaimahaiaren erabakia. Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzaren presidente legez, saridunaren ibilbide oparoa oinarritzat hartuta, hitzaldi borobila egin zuen, edukiz aberatsa eta adiskidetasunez blaitua. Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzálezek, berriz, Araban euskara sustatzeko bide luze eta malkartsuan Iñakik egindako ekarpena azpimarratu eta eskertu zuen. Tartean, Eñaut Agirreren bertso ezinago bikaina, eta Iñakiren kuadrillako dantzarien aurresku emozioz betea. Baita Iñakiren ibilbidearen gainean moldaturiko bideoa ere. Eta, jakina, amaitzeko, Iñakik berak emandako mintzaldia, hunkiduraz beteriko esker ona emateko ez ezik, euskararen garapenerako zenbait gako aipatzeko baliatu zuena.

Ekarpen asko eta askotarikoak dira Iñakiren ibilbide oparoan nabarmendu daitezkeenak. Epaimahaiak erabakian eta Ana Urkizak mintzaldian ederki asko nabarmendu zituzten. Nik, bat bakarra azpimarratzera jarrita, honako hau nabarmenduko nuke: euskararen joan-etorri gorabeheratsuaren gaineko azterketa ezagutza zientifikoan oinarritu izana eta, horrela, euskararen soziolinguistika heldutasunera eramateko emandako bultzada sendoa. Euskararen soziolinguistikaren aitzindari izan zen Iñaki Larrañaga, eta Iñaki Martinez de Luna ere prozesu horretan mugarri nagusietarikoa izan da, eta da. Dagoeneko letra larriz jasota dago bere izena, merezimendu osoz, euskararen soziolinguistikaren historian.

Urte batzuk badira Iñakik eta biok elkarlan estu bezain aberasgarrian elkar ezagutu genuela. Zoriona, nirea. Urte batzuetan, gainera, hainbat ekimen garrantzitsuren gainean eskuz esku jardunak gara, bereziki eta trinkotasun handiz 2013 – 2016 bitarteko urteetan. Izan ere, urtealdi horretan Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 batzorde berezian bera zuzendari eta ni presidente ginela elkarrekin eta beste dozenaka lagunekin talde-lanean jardun genuen. Hain zuzen esparru eta garai horretan burututako proiektuak ditugu ESEPen diagnostiko kualitatiboaren eta ebaluzioaren lanketa, EGOD – Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen lanketa, euskararen sustapenerako 2016-2036 aldirako lehentasunen markoa finkatzea eta EAS – Euskararen Adierazle Sistema sortu eta abian jartzea, besteak beste.

Ondo merezia eta irabazia du Saria Iñakik, euskararen alde egindako lan eskergagatik, eta asko poztu gara han edo hemen inoiz bere ondoan bere eskutik ikasiz jarduteko zoria izan dugun lagunok. 1983an abian jarria da Manuel Lekuona Saria. Hain zuzen urte hartan Manuel Lekuona izan zen saridun, bere izena daraman saria berak inauguratu baitzuen. Gerora urtez urte eman du Saria Eusko Ikaskuntzak, hutsik egin gabe. Euskal kulturgintzan itzal handia dutenak izan dira saridun, besteak beste eta gutxi batzuk aipatzearren, esan bezala Manuel Lekuona bera, Carlos Santamaria, Adrián Celaya, Jorge Oteiza, Jean Haritschelhar, Elias Amézaga, Menchu Gal, Mari-Jose Azurmendi, Xabier Amuriza, Jose Ramon Etxebarria eta Enkarni Genua. Iñakiri itzal handiko Sari honen berrogeigarrena izatea egokitu zaio, eta Iñaki saridunen artean izateak handitu egiten du Eusko Ikaskuntzaren Saria bera ere. Zorionak, bada, Iñakiri, eta zorionak Eusko Ikaskuntzari.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.