Aita Isidro Baztarrika Munduateren omenean egindako bideoa aurkeztu zen atzo Gasteizeko Artium-ean. Haren familiak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak beste erakunde batzuekin batera sustatutako bideoan Aita Baztarrikaren bizitza, lana eta ibilbidea (1931-1992) jasotzen da. Besteak beste, apaiz ataundarra Estibalizko fraide beneditarren buru, euskaltzale, bertsozale eta euskaltzain urgazlea izan zen. Gainera, bere figura garrantzitsua izan zen Araban, bai euskalgintzan, bai eta hizkuntzaren eta kulturaren sustapenean.
Aurkezpenean hainbat lagunek hartu genuen parte eta, honela, bideoa ikusi ondoren, Jexux eta Maribel Arinek, Isidro Baztarrikaren ilobek; Agustin Apaolazak, Estibalizko fraide beneditarrak; Manuel Ruiz Urrestarazu ohorezko euskaltzainak; eta nik neuk hitz egin genuen. Aurkezpen lana Jokin Azkue HPSko Euskara Sustatzeko zuzendariak bete zuen, ezin hobeto. Gainera ekitaldira bertaratu ziren, besteak beste, Igone Martinez de Luna, Arabako Kultura eta Euskarako foru diputatua; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia, Asier Rodríguez, Ataungo Udaleko alkatea; eta bertaratu ziren Isidro Baztarrikaren familiako hainbat kide: aipamen berezia merezi dute Artium-era inguratu ziren bere ilobek, Ataungo Teilazpi eta Teilerdi etxeetako lagunek. Iluntze goxoa gozatu genuen.
Aita Isidro Baztarrika (Ataun 1931-Estibaliz 1992) idazle euskaltzalea Ataungo Arbotoneta baserrian jaio zen 1931ko uztailaren 15ean. Gaztetan, San Gregorioko eskola zaharrean ibili ondoren, 9 urte zituela, Lazkaoko Beneditarren etxean sartu zen. Bertan, 23 urte egin zituen. Hala ere, tartean, 1953tik 1955ra arte, Erromako San Anselmo ikastetxera joan zen teologia ikasketak burutzera. Bere ikasketak bukatutakoan Lazkaora itzuli zen eta, bertan, teologia irakatsi zuen. 1954ko uztailaren 30ean apaiztu zen Loiolan. Lazkaon egon zen bitartean euskalgintzari loturiko pertsonaia esanguratsua zen Elbira Zipitria ezagutu zuen eta berarengandik euskal aditzaren inguruko metodologia (Nor-nori-nork) jaso zuen. Urte horietan, euskarazko eskolak ematen ibili zen Ordiziako Laguntasuna elkartean.
1959ko irailaren 9an, Ordizian ospatu zen Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketan epaimahaikide aritu zen, Manuel Lekuona, Basarri, Aranalde eta Ibaiertzekin batera. Urte hauetan, ‘Goazen Lurdesa’ liburua idatzi zuen eta Iratzeder eta Lertxundiren ‘Salmoak’ gipuzkerara itzuli zituen. 1963an Aita Isidro Estibalizko priore izendatu zuen Aita Mauro Elizondok.
1965an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta, urtetan zehar, euskaltzale esanguratsuekin harremanak izan zituen. Hala nola, Nikolas Ormaetxea ‘Orixe’rekin; Norbert Tauer euskalzale txekiarrarekin; Andima Ibinagabeitia, Elantxoben jaio eta Caracasen hil zen euskaltzalearekin; Jokin Zaitegi, Euzko-Gogoa aldizkariaren sortzailearekin… Garai horietan, Ikastolen mugimendua sortu zen eta bera bultzatzailetako bat izan zen Izaskun Arruekin batera. 1968an, Estibalizen Aita Isidrok, ‘Aditza, el secreto del verbo vasco’ liburua osatu zuen. Arantzazun Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldietan, Euskara Batuaren bilera nagusi hartan parte hartu zuen Arabako ordezkari gisa Manuel Ruiz Urrestarazurekin batera. Aita Isidrok berarekin zeraman euskaltzaletasuna. Euskalgintza arloa zen elizgiroko beste gaiez gain, bere lanen zutabe nagusia.
Euskaraz idatzi eta hitzaldiak egiteko dohai berezia erakutsi zuen. Hizkuntzekin ere izan zuen harremanik. Izan ere, zortzi hizkuntzatan moldatzeko gaitasuna zuen, baina berak esan bezala kuttunena amak emandakoa zen, etxekoa, euskara.
Bere lan aipagarrienak hauexek dira:
- Goazen Lurdesa, 1958.
- Meza abestiak, 1961.
- Salmoak, 1963.
- Orixe Omenaldi, 1965.
- Aditza, El secreto del verbo vasco, 1968.
- Jaunaren Deia aldizkaria, 1964tik 1992ra (Ale gehienetan parte hartu zuen).
1970-1973 Aldizkariaren zuzendaria izan zen. Hortik aparte, Jakin, Zeruko Argia, Olerti, Txistulari, Estibaliz, Arantzazu, Jakintza… eta hainbatetan idatzi zuen. 1992. urtera arte Estibalizen bizi izan zen Aita Isidro, bertako priore zela, eta gaixotasun luze baten ondorioz 60 urte zituela zendu zen martxoaren 24ean. Ataundar gizon preziatua, Aita Isidro, langilea, xumea eta lagun ona.
Isidro Baztarrika oroimenera ekartzeko eta Isidro Baztarrikak euskara duela 50 urte bizi zuen tunel ilun hartatik zelai argitsura ateratzeko egin zuen lan eskerga aitortu eta omentzeko antolatu zen atzoko ekitaldia. Horretara joan ginen. Bideo bikain bat egina dago aitormen horren erakusle. Ikus-entzunezko horren bertsio laburtua da atzo Artium-en ikusi genuena. Eta esker on berezia eman nahi izan nien atzo bideoa ardatza duen egitasmoaren sustatzaile nagusia den Jexux Arini, eta ikus-entzunezkoaren egileari, Txema Zubizarretari.
Zalantzarik gabe, euskararen bidegileen artean letra handiz nabarmendu behar da Aita Isidro. Horregatik, oso pozgarria egin zitzaidan ekitaldian egotea. Batetik, ataundar gisa, herrikidea nuelako. Bestetik, hizkuntza politikaren arloan Eusko Jaurlaritzan dudan arduragatik ere bai. Eta, nola ez, Isidro zenaren lehengusu txikia naizelako. Isidroren ekarpena goraipatzen laguntzea pozgarria ez ezik hunkigarria ere bada niretzat.
Hamar-hamaika urte nituela Lazkaoko beneditarretan egon nintzen ikasten. Euskarak gaurkoak baino garai ondo ilunagoak bizi zituen orduan. Euskara, Ataunen adibidez, gure arteko hizkuntza naturala zen, baina ez zuen lekurik eskolan, ez udaletxean, ez leku… esan dezagun ‘ofizialetan’. Baziren salbuespenak: ikastola hasi berriak edo herri askotako elizak, esate baterako. Euskaraz, lasai eta eroso, giro jakin batzuetan bakarrik aritzen ginen (etxean, auzoko plazan, lagunartean…), baina beste batzuetan ez; lotsatuta aritzen ginen beste batzuetan; edo okerragoa: gaztelaniaz derrigorrean.
Lazkaoko beneditarretan, ordea, aterpe goxoa zuen euskarak. Han euskararen aldeko giroa ezagutu genuen. Giro euskaltzalea. Nik atzo paparrean neraman Euskararen Txantxangorria: euskara erabiltzera deitzen duen irudia da Txantxangorria, euskara biziaren sinboloa, euskara erabiltzeko gonbidapena. Kuriosoa da, baina gogoan dut hantxe ezagutu eta eskuratu nuela paparreko intsignia bat, ‘Euskaldunak euskeraz’ zioena. Gaurko ‘Eman hegoak euskarari’ lau haizetara zabaltzen duen txantxangorria txuri-gorria da. Lazkaoko ‘Euskaldunak euskeraz’ aldarri hura —ondo gogoan dut— berdea zen. Orduan eta gaur, euskararen erabilera helburu. Hain zuzen ere, aita Isidrok lelo hori bera jaso zuen 1968an argitaratu zuen ‘Aditza, Método Nor-Nori-Nork o el secreto del verbo vasco’ gramatika-liburuan. Hauxe zioen sarrerako azalpenetan: “Euskaldunak euskeraz. Ori egi biurtzen lagundu nai dizu, irakurle, idazti onek”.
Euskaldunoi euskaraz egiten laguntzea. Zer helburu ederra, ezta? Ordurako, aita Isidro Estibalitzeko Saindutegira joandakoa zen. Estibalitz ere aterpe goxoa zuen euskarak. Aita Isidrok, Araban ezagutu zuen hizkuntza egoerari buruz hau zioen: “inguru hauetan zoritxarrez euskera erabat galdua da”. Baina, etsipenean erori ordez, aldi berean esaten zuen, “nunai egin dezakegu euskeraren alde, nai izan ezkero. Ta nik asmoa badet. Emen naukazute laguntzeko beti gertu”. Horiek ziren bere hitzak.
Baita egin ere. Berari eta bera bezalako hainbati esker, euskararen egoera arrunt aldatu da Araban ere. Aita Isidroren Euskal Aditza liburuaren Estibalitzeko garaietan, duela ia berrogeita hamar urte, arabarren artean euskaldunak gehienez %2 -%3 bakarrik omen ziren. Geroagokoak ditugu datu Zentsuko datuak, eta Mapa eta Inkesta Soziolinguistikoetakoak, datu homologatuak. Badakizue, Araban, 5 urte edo gehiagoko herritarren artean, 1981ean, zenbat ziren elebidunak (euskaldunak)? %4 besterik ez. Eta 2011n, ia %23 (%22,9) dira euskaldunak. Eta euskaraz hitz egin ez, baina ulertzen dutenak, beste %20. Eta 5 eta 19 urte bitarteko arabar gazteen artean, berriz, 1981ean, ez ziren %4ra iristen elebidunak, eta gaur egun %68 dira euskal hiztunak. Bilakaera honetan zerikusi handia izan dute, zalantzarik gabe, aita Isidro bezalako aitzindariek. Haiek ereindako haziari eta euskararekiko atxikimendua areagotu duten ondorengo belaunaldiei, guztien lanari zor zaio aurrerapauso itzelezko hau. Isidroren belaunaldiari, eta Isidroren ondorengo euskaldunei eta euskararik ez jakinda ere euskara sustatu duten hainbeste eta hainbeste guraso arabarrei. Horrexegatik, euskaltzaleok zor handia diogu Isidrori. Eta zor hori jendaurrean aitortzeak pozez betetzen nau.
Ez nuke nahi, ordea, horretan gelditu.
Harago iritsi nahi nuke. Euskararen ezagutzan asko aurreratzen ari gara urteotan, denon arteko lanari eta konpromisoari esker. Arabako datu bakan batzuk aipatu ditut, eta Araban, 30 urteotan, 1981etik 2011ra bitartean, euskaldunak %4 izatetik %23 izatera pasa garela esan dut. Euskadiko Autonomia Erkidegoan, 1981ean, 5etik 1 ziren euskaldunak (%21,9). Hogeita hamar urte geroago, 2011n, %36,4 dira elebidunak. Euskara lehen batere ez edo oso-oso gutxi erabiltzen zen tokietan erabiltzen da gaur egun: eskolan, unibertsitatean, administrazioan, zerbitzu publikoetan, hedabideetan edo, berrikiago, interneten. Aurrerakada hau dela medio, orain 50 urte ez bezala, une hauetan ez dago jokoan euskararen iraupena. Jokoan dagoena euskararen bizi-indarra da, hizkuntza bizia izatea, ohikotasunez erabilia, ez bigarren mailako hizkuntza. Apustu egingo nuke —badakit erraz irabazteko apustua dela hau—, behinola aita Isidrok bere buruari seguru galdetu ziola: “zer egin dezaket nik euskararen alde?” Nire ustez, oso une egokia izan daiteke hau, guk gure buruari galdera bi egiteko, Isidroren galdera hura gehixeago zehaztuz: “zer egin dezaket nik euskarari bizi-indarra emateko? Zer egin dezaket nik euskara hizkuntza bizi-bizia izan dadin?” Denok dugu zeregina, erakundeok, era guztietako elkarte, enpresa, hedabide eta gainerakoek, eta, inportanteena, erabakigarriena: herritarrok. Herritarrak gara euskara biziaren hauspo. Galdera horiei erantzun ederra, Bitoriano Gandiaga olerkari handiak eman ziguna da nire ustez, eta poetaren hitzekin bukatuko dut. Gandiagaren hitzak dira:
“Erabiltzen ez den Euskara
hil egiten da
mugitzen ez den bihotza
hil egiten den bezala».
Erabili dezagun, bada, euskara, egunero eta nonahi. Gogoratu dezagun Isidro eta bere fraide kideen ‘Euskaldunak euskeraz’ intsignia hura, eta egin dezagun handia, gero eta handiagoa, Euskararen Txantxangorriaren hegaldia, hegoak emanez euskarari. Zer omenaldi hoberik, hori baino, gure Isidro Baztarrikarentzat? Agur eta ohore Aita Isidrori.