VI. Inkesta Soziolinguistikoaren EAEko emaitzak

8ce81d39-5816-43ac-b64e-9b623807c7b7

Edozein politika publiko egiteko behar-beharrezkoa da errealitatea ondo ezagutzea. Baita hizkuntza politika egiteko ere. Beraz, euskara sustatzeko bultzatzen ari garen politika publikoak oinarri sendoa izan dezaten, beharrezkoa dugu euskararen bilakaera soziala ahalik eta zehazkien ezagutzea, urte askotako perspektiban, belaunaldi arteko begiradan. Behar-beharrezkoa da ahalik eta diagnostikorik zorrotzena eskura izatea. Eta horretarako ikerketa behar da. Hain zuzen ere, bada ikerketa bat hizkuntza-bilakaeraren aldagai nagusiei buruz eta euskararen hiru lurraldeetan egiten dena: Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa. Ezaugarri horiek dituen ikerketa bakarra. Horrexegatik, eta aurtengoarekin 25 urte bete dituelako, garrantzi handikoa da Inkesta Soziolinguistikoa.

Inkesta Soziolinguistikoak Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu kontuan (2.650.000 pertsona gutxi gorabehera). 2016ko Inkestak 8.200 inkesta jasotzen ditu, orain arteko Inkesta guztietan egin den inkesta-kopururik altuena da: 4.200 EAEn, 2.000 Nafarroan eta 2.000 Iparraldean. Dagoeneko eginak daude EAEkoak eta Nafarroakoak, eta egiteko bidean daude, aurten egiteko noski, Iparraldekoak. Bost urterik behin egiten da Inkesta. Lehena 1991n egin zen. Esan bezala, horregatik ere oso garrantzitsua da Inkesta: euskararen gaur eguneko egoeraren berri emateaz gain, azken hogeita bost urteotako bilakaeraren nondik norakoa ere azaltzen digulako.

VI. Inkesta Soziolinguistikoak, aurrekoek bezala, lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan) eta euskararen sustapenari buruzko jarrera. Inkesta Euskal Herrikoa da. Inkesta, beraz, bat eta bakarra, eta aldi berean hiru zati ditu (EAE, Nafarroa eta Iparraldea). Horrela, euskarak, bere lurralde osoan ez ezik, hiru lurraldeetako bakoitzean ere izan duen bilakaera azaltzen du Inkestak. Hori ere oso aberasgarria zaigu, hiru eremu juridiko-administratibotan bizi delako euskara, eta lurralde bakoitzak beste biekiko errealitate soziolinguistiko ezberdina duelako.

Berrikuntza bat azpimarratu nahi dut: aurtengoa da lehen aldia, Inkesta, hiru lurraldeetako herri-aginteok hasieratik bat eginda, elkarrekin martxan jarri, egin eta finantzatu duguna. Euskara hiru lurraldeetako herritarren ondarea da, eta euskara biziberritu eta sustatzea hiru lurraldeetako herritarren eta herri-aginteen egitekoa dela konbentziturik gaudelako ari gara elkarrekin, bakoitzaren ezaugarriak eta erabaki-ahalmenak erabat errespetatuz, baina elkarren arteko konpainia noblean euskara sustatzeko lanean, kasu honetan VI. Inkesta Soziolinguistikoa egiterakoan.

«EAEri dagokiona da gaur aurkeztu duguna. Aste gutxi barru etorriko da Nafarroakoa, eta urtarrilean-edo Iparraldekoa»

EAEri dagokiona da gaur aurkeztu duguna. Laster etorriko da Nafarroakoa, aste gutxi batzuk barru (Nafarroako landa-lana amaitu zen eta datuen ustiaketa amaitzear dago). Geroago etorriko da Iparraldekoa (2017ko urtarrilean espero dugu), eta harekin batera Euskal Herri osokoa.

Bada datuen azalpena egin baino lehen azpimarratu nahi dudan kontu bat, oso garrantzitsua dena: Inkesta Soziolinguistikoak, gaur aurkeztutakoak, 16 urte edo gehiagoko herritarrak hartzen ditu kontuan. Inkestatik kanpora uzten dira, beraz, 16 urtetik beherako gazte eta haurrak. Kontu hau azpimarratu nahi dut, hain zuzen ere, 16 urtetik beherakoen adin-tartea delako pisu handiena duena euskararentzat: gaur egun EAEko 16 urtetik beherako biztanleen % 81 euskalduna da (240.000 herritar gutxi gorabehera), eta horiek Inkestatik kanpora geratzen dira. Jakina da eskolaren bidez gertatu dela euskaldunen kopuruaren hazkundearen zatirik handiena. Gaur egun, 16 urtetik beherako gazte eta haurren % 73,1ek D ereduan egiten ditu ikasketak, eta %21,3k B ereduan: %94,4k, beraz, euskara erabiltzen du ikaskuntzarako hizkuntza gisa. Honekin esan nahi dena da, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, EAEko euskaldunen kopurua Inkestak adierazten duena baino nabarmen altuagoa dela.

Horretaz ohartzeko, aski dugu V. Inkestari (2011koari) erreparatzea: 2011n, Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, EAEko herritarren %32 ziren euskaldunak. Baina urte berean, 2011n, EAEko 5 urte edo gehiagoko herritarren %36,4 ziren elebidunak: 4,4 puntuko aldea.

VI. Inkesta Soziolinguistikoko EAEko datu eta ondorio nagusien azalpena aipatutako lau ikerketa-eremuen arabera egin dugu: euskara-gaitasuna, euskararen familia bidezko transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (eremu formaletan eta eremu ez formaletan) eta euskararen sustapenari buruzko jarrera.

Ikusiko dugunez, aldaketa handiak gertatu dira 25 urteotan, baita ere azken 5 edo 10 urteetan. Berretsi egiten da, oso nabarmen gainera, hazkunde baten kronika dela euskararena. Hala izaten jarraitzen du. Non geunden eta non gauden ikusita, ikaragarria da euskal gizarteak egin duen jauzia euskararen mesedetan: euskal gizarteak badu pozik eta harro egoteko motiborik. Baina luzea da, eta konplexua, gizarte elebidunagoa eraikitzeko eta euskararen bizi-indarra areagotzeko egiteko daukagun bidea.

«VI. Inkestak adierazten dituen aldaketak hitz gakootan daude: hazkundea, hazkunde jarraitua, hazkunde ez homogeneoa, hiztun mota berriak eta erronka berriak»

VI. Inkestak adierazten duen aldaketaren hitz gako moduan honakook nabarmenduko nituzke: hazkundea, hazkunde jarraitua, hazkunde ez homogeneoa, hiztun-mota berriak eta erronka berriak.

16 urte edo gehiagoko biztanleen %33,9 euskalduna da (631.000 pertsona), %19,1 euskaldun hartzailea (356.000 pertsona)  eta %47 erdaldun elebakarra (877.000 pertsona). Hiru lurraldeak kontuan hartuz, alde handiak daude batetik bestera. Gipuzkoako 16 urte edo gehiagoko biztanleriaren erdia euskalduna da (%50,6). Bizkaian, biztanleriaren laurdena pasatxo da euskalduna (%27,6). Eta Arabako biztanleriaren bostena  da euskalduna (%19,2).

EAEko euskaldunak etengabe ari dira gora egiten. Azken 25 urteotako bilakaerari dagokionez, 2016an 1991n baino 212.000 euskaldun gehiago daude EAEn 16 urte edo gehiagoko herritarren artean: ia 10 puntuko hazkundea izan dute adin-tarte horretako euskaldunek ehunekoetan (%24,1 versus %33,9). Hazkunde hori, oro har, erregularra eta konstantea izaten ari da: batez beste, urteko 0,4 puntu egin du gora 16 urte edo gehiagoko euskaldunen ehunekoak. VI. Inkestan bada poztekoa den datu bat azpimarratzea merezi duena: azken 20 urteotako bilakaerari erreparatuz, ikusiko dugu lehen hamarraldian (1996-2006) 2,4 puntuko hazkundea izan zela, eta, aldiz, bigarren hamarraldian (2006-2016) hazkunde hori 3,8 puntukoa izateraino iritsi dela. Eta azpimarratzekoa da, baita ere, azken bost urteotan (2011-2016) eutsi egin zaiola aurreko bost urteetako (2006-2011) igoerari, hots, 0,9 puntuko igoerari, baina ez hori bakarrik, gainera beste puntu bat gehiago handitu dela (guztira 1,9 puntuko igoera izan baita azken bost urtekoan).

Adinari dagokionez, euskaldunen hazkunderik handiena gazteen artean gertatzen ari da: 2016an, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean %71,4 dira euskaldunak; 1991n, ordea, %25 ziren. 1996tik aurrera, gainera, gazteen artean dago euskaldunen ehunekorik handiena. Hala ere, gazteen pisua biztanleria osoarekiko txikia denez, euskaldun gazteen hazkundeak ez du horrenbesteko isla biztanleria osoko emaitzetan. Gure gizartea zahartzen ari den gizartea da.

Helduen artean ere, euskaldunak gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira. Aurreko Inkestetako joera berretsi ez ezik areagotu egin da VI. Inkestan, zorionez. Orain arte ez bezala, 2016an, nagusienen multzoan (65 urte edo gehiagokoen multzoan) baino handiagoa da euskaldunen portzentajea helduen artean (50-64 urteko adin tartean, alegia), %22,4 versus  %24,6. Lehenengo aldiz gertatu da hori. Duela 20 urtera arte, euskaldunen ehunekorik handiena nagusienen multzoan zegoen, alde handiarekin gainera (8,5 puntuko aldea). Ordutik, baina, behera egin du euskaldunen ehunekoak adin nagusikoen artean, eta askozaz proportzio altuagoan egin du gora gazteen artean, eta, ondorioz, gaur egun, kontrakoa gertatzen da, hau da, nagusienen artean dago euskaldunen ehunekorik txikiena eta erdaldunen ehunekorik handiena. Gero eta gazte gutxiagoren hizkuntza zen orduan euskara (gainbehera zihoan), eta gaur, aldiz, gero eta gazte gehiagorena da.

Lehen hizkuntzari dagokionez, EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleriaren %17,5ek euskara soilik jaso du etxean eta %6k euskara eta erdara. Guztira, beraz, %23,5ek jaso du euskara etxean. Era berean, lautik hiruk (%76,4), erdara soilik jaso du etxean. Erdara diogunean, gaztelaniari buruz ari gara nagusiki, baina ez da ahaztu behar gero eta gehiago direla lehen hizkuntza euskara edo gaztelania ez den hizkuntza bat duten euskal herritarrak.

«Gaur egun 16-24 urte bitarteko gazteek dute euskara soilik jaso dutenen ehunekorik altuena (%22), Inkestan 16 urtetik gorakoak baino ez baitira aintzat hartzen»

Gaur egun, 16-24 urte bitarteko gazteek dute euskara soilik jaso dutenen ehunekorik altuena (%22). Duela 25 urte, 1991n, lehen hizkuntza gisa euskara soilik jaso zutenen ehunekorik altuena 65 urtetik gorakoek zuten, %32,4, eta behera egiten zuen adinean behera egin ahala. Gazteenek zuten ehunekorik txikiena: %17. Nabarmentzekoa da, baita ere, euskara soilik ez ezik euskara eta erdara transmititu dutenen hazkunde ikaragarria: 16-24 urtekoen artean %3,4 izatetik %11,1 izatera igo da 25 urteotan. Bilakaera horrek agerian jartzen ditu hiru gertakari: batetik, euskararen familia bidezko transmisioak etengabe hobera egin duela 25 urteotan, aurrerago ikusiko dugun bezala, eta, bestetik, asko ugaritu direla familia linguistikoki mistoak; eta, hirugarrenik, guraso euskaldun berriek ere proportzio altuan euskara transmititzen dutela etxean. Azken hau gertatzea eta areagotzea etorkizunari begira dugun erronka nagusietarikoa da.

Euskaldunen lehen hizkuntzari dagokionez, hamar euskaldunetik seik (%63,2) etxean jaso dute euskara (euskaldun zaharrak %50 eta jatorrizko elebidunak %13,2 baitira). Adinak behera egin ahala, ordea, gero eta handiagoa da euskaldun berrien ehunekoa. Izan ere, 16 eta 24 urte bitartekoen artean erdiak baino gehiagok (%53,9) etxetik kanpo (eskolan edo euskaltegian) ikasi du euskara.

Euskaldunen ezaugarri soziolinguistikoak asko aldatu dira azken 25 urteotan. 1991n euskaldun gehienak euskaldun zaharrak %79 edo jatorrizko elebidunak %6,8 ziren, hau da, etxean jaso zuten euskara. Euskaldun zaharrak, gainera, nagusi ziren adin-talde guztietan. 2016an, aldiz, euskaldun zaharrek oro har nagusi izaten jarraitzen badute ere, jatorrizko elebidunek pisu handia hartu dute  eta are handiagoa euskaldun berriek, batez ere 35 urtetik beherakoen artean. Espero dezagun datozen urteotan joera horrek jarraitzea, joera hori areagotzea euskarak hazten jarraitzen duen seinale izango baita, nahiz eta horrek berak erronka berriak planteatzen dizkigun.

Ikerkuntza soziolinguistikoak argiro erakusten duenez, elebidunak (eta hala dira euskaldun guztiak) erabiliko duen hizkuntza aukeratzerakoan eragin handia du ezagutzen dituen hizkuntzetan duen erraztasunak. Eta, gehienetan, lehen hizkuntzak lotura zuzena du hizkuntza batean lortzen den erraztasunarekin. Gaur egun, euskaldunen %26,8 hobeto moldatzen da euskaraz erdaraz baino. Gehiago dira bi hizkuntzetan berdin moldatzen direnak (%29,3), eta are gehiago erdaraz hobeto moldatzen direnak (%44).

5e72f3c4-b0cd-4f60-96dd-3f6642cee79c

Euskaldunen erraztasuna aldatu egin da 1991tik hona. Duela 25 urte euskal elebidunen eta erdal elebidunen ehunekoa nahiko antzekoak ziren (%34,6 versus %37,8). Gaur egun, ordea, erdal elebidunen ehunekoa 17 puntu handiagoa da euskal elebidunena baino (%26,8 versus %44).

Erdal elebidunen kopururik altuena  gazteenen artean ageri da. 16-24 urteko gazte euskaldunen artean %55,7 da erdaraz euskaraz baino erraztasun handiagoa duena, eta %25,3 euskaraz erdaraz baino errazago moldatzen dena. Litekeena da joera hori areagotzea datozen urteotan, bereziki erdaldun elebakarren proportzioa euskaldunena baino altuagoa den lurraldeetan: euskararen hazkunde demografikoak atzera egin gabe jarraitzearen paradoxa litzateke hori, eta arreta berezia eskatzen duen erronka da.

Familia bidezko transmisioak hobera egiten jarraitzen du, euskaraz dakiena gurasoetako bat bakarra denean ere. Gero eta gehiago dira euskara transmititzen duten guraso euskaldunak. Bi gurasoak euskaldunak direnean, ia denek euskara transmititzen dute. Horrela, 16-34 urte bitartekoei zein hizkuntza transmititu dieten aztertuta, %95,5ek euskara jaso dute etxean, horietako gehienek (%90,3) euskara soilik.

Gurasoetako bat bakarra denean euskalduna, hamarretik seik baino gehiagok jaso dute euskara etxean, erdararekin batera (%61,7). Kasu honetan ere gero eta neurri handiagoan transmititzen da euskara, baina bistan da badela zer hobeturik (heren bat izatera iristen baita gurasoetatik euskalduna bat bakarra denean euskararik transmititzen ez dutenen proportzioa), are gehiago kontuan hartuz ugaritu egin litezkeela bikote linguistikoki mistoak.

«Guraso euskaldun berriek egiten duten euskararen transmisioari dagokiona da Inkesta honen berrikuntza garrantzitsuenetakoa»

Inkesta honek badu beste berrikuntza bat garrantzitsua dena, guraso euskaldun berriek egiten duten euskararen transmisioari dagokiona. Horretarako, 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien hizkuntza transmisioari erreparatu diogu. Kontuan hartu behar da, asko aldatu direla euskaldunen ezaugarri soziolinguistikoak, gizarte-aldaketa eta euskararen hazkundearen beraren eraginez: hiztun-mota berriak ditu euskarak, familia linguistiko mistoak ugaritu egin dira… Ugaritasun horrek guztiak transmisioan duen eragina ezagutu nahi izan dugu. Horretarako, 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien hizkuntzaren transmisioa nolakoa den jakiteko, inkestatuei galdetu zaie zein hizkuntza transmititu dieten seme-alabei. Lehen aldiz egin da hori oraingoan. Ondorio nagusia honakoa da: familia bidezko transmisio maila oso altua da, oro har; bizirik dagoen eta bizirik jarraitzeko perspektibak dituen hizkuntzaren transmisioa da. Guraso biak euskaldun zaharrak direnean, %100ek transmititzen du. Guraso euskaldun berriek ere proportzio altuan transmititzen dute euskara. Nolanahi ere, transmisio maila diferenteak daude, eta hobekuntzarako tartea dago, tarte ezberdinak hizkuntza-tipologia ezberdinen arabera. Hain zuzen hobekuntza hori sendotzea eta aurrera egitea da etorkizuneko erronka nagusietarikoa euskara hizkuntza bizia izan dadin, hots, guraso euskaldun berriek bere esku dutena egitea beren seme-alabek etxean euskara eskura dezaten.

Guraso biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, denek (%100) transmititu dute euskara: seme-alaben %94k euskara soilik jaso du etxean eta %6k euskara eta erdara. Guraso biak euskaldunak direnean eta lehen hizkuntza euskara bietako batek bakarrik duenean, %95ek transmititu dute euskara: seme-alaben %71k euskara soilik jaso du etxean, %24k euskara eta erdara, eta %5ek erdara. Guraso biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza erdara denean, %81ek transmititu dute euskara: seme-alaben %45ek euskara soilik jaso du etxean, %35ek euskara eta erdara, eta %19k erdara.

Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskara denean, %89k euskara eta erdara transmititu ditu eta %11k erdara. Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza erdara denean, %49k euskara eta erdara transmititu ditu eta %51k erdara.

Euskararen erabilerak hazten jarraitzen du. EAEn, gero eta pertsona gehiagok erabiltzen du euskara, eta gero eta gutxiago dira erdara hutsean aritzen direnak. Euskararen ahozko presentzia gero eta handiagoa da bai eremu formaletan, bai eremu hurbiletan (lagunartean eta lanean), eta baita familian ere. Biztanleen %20,5ek euskararen erabilera trinkoa egiten du, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du. Beste %10,1ek euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago. Beti erdaraz egiten du %63,3k. Horien guztien ondoan bada beste %6,1 euskaraz oso gutxitan egiten duena. Hortaz, euskararen erabilera gaur egun %30,6koa da, kontuan hartuz %20,5 direla erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak, eta %10,1 erdara baino proportzio txikiagoan erabiltzen dutenak.

1991n, EAEko 16 urte edo gehiagoko herritarren artean euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen zutenak %15,7 ziren (gaur %20,5 dira); eta gaztelania baino gutxiago bada ere euskara erabiltzen zutenak %7 ziren (gaur %10,1 dira). Erabileraren hazkundea, beraz, 25 urteotan, 7,9 (4,8 + 3,1) puntukoa da.

Erabilerari buruzko emaitzetan alde handiak daude lurralde batetik bestera. Lurraldeen artean dauden alde horiek oso nabarmenak dira gune soziolinguistikoen artean ere. Zenbat eta euskaldunen proportzio altuagoak izan gune batean, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera. Nolanahi ere, euskararen erabilerak gora egin du apurka-apurka EAEko hiru lurraldeetan eta lehenengo (< 30), bigarren (30-50) eta hirugarren (50-80) gune soziolinguistikoetan. Laugarrenean (> 80), aldiz, behera egin du euskara erabiltzen dutenen portzentajeak. Beherakada hori azken ia bi hamarkadetan izan diren biztanleen mugimenduen ondorioa da nagusiki, laugarren gunera bizitzera joan diren pertsonen euskararen ezagutza lehendik bertan bizi edota bertatik atera direnena baino apalagoa baita gehienetan. Kontuan hartzekoa da EAEko biztanleen eta euskaldunen proportzio-banaketa gunez gune:

  • EAEko biztanleen %54,4 lehenengo gunean, %20,9 bigarrenean, %19,2 hirugarrenean eta %5,6 laugarrenean bizi dira.
  • EAEko euskaldunen %29,6 lehenengo gunean, %22,3 bigarrenean, %34,4 hirugarrenean eta %13,7 laugarrenean bizi dira.

Oro har, euskarak erabilera-eremu guztietan egin du gora: etxean, eremu hurbilean eta eremu formalean. Azken 25 urteotan gorakadarik handiena eremu formalean gertatu da, bereziki udal eta osasun zerbitzuetan. 2016an, EAEko biztanleen %25,8k euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du udal zerbitzuetan eta % 20k osasun-zerbitzuetan (1991n, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen zutenak bi eremu horietan %8,3 eta %13,9 ziren, hurrenez hurren).

«Azken bost urteotan euskararen etxeko erabilerak gora egin du, %19ra arte, duela bost urte baino 1,8 puntu gehiago«

Euskararen erabileraren hazkundea askotarikoa da adinaren arabera ere. Bestalde, euskararen erabilera etxean hazi da gutxien. 1991 eta 2011 bitartean, bere horretan, ez gora ez behera, egon da etxean euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen zutenen ehunekoa (%17 inguru). Hemen dator VI. Inkesta honetako beste datu azpimarragarrienetako bat: azken bost urteotan etxeko erabilerak izan duen gorakada (etxean euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak %19 dira, duela bost urte baino 1,8 puntu gehiago). Hogeita bost urteotako inertzia edo joerari buelta eman zaio oraingoan. Ikusi beharko da, halere, datozen urteetan joera berria kontsolidatzen den edo ez. Bereziki bikotekideen arteko harreman-hizkuntza gisa gertatu den igoeran aurkitu behar da esplikazioa.

Euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera hazi egin da azken 25 urteotan, eta bereziki azken 5 urteotan. Aurkako jarreren jaitsierarik handiena ere azken 5 urteotan gertatu da. Gaur egun, EAEko biztanleriaren %65 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, 1991n baino 10 puntu gehiago, eta 2011n baino 3 puntu gehiago. Aurkako jarrerak, aldiz, behera egin du. 1991n %14 ziren euskara sustatzearen aurka, %12 ziren 2011n, eta %9,3 dira 2016an. Aurkako jarreren beherakadan, beraz, azken 5 urteotan gertatu da jauzirik handiena (2,7 puntuko jaitsiera izan da, 25 urteotako jaitsieraren erdia baino gehiago azken 5 urteotan gertatu da).

Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerak lotura handia du hizkuntza-gaitasunarekin. Izan ere, euskararen erabilera sustatzearen alde azaltzen da euskaldunen %87,1, euskaldun hartzaileen %63,4 eta erdaldunen %49,7. Esan beharrik ez dago, datu horien argitara, erronka nagusietarikoa dela euskararen erabileraren legitimitatea gizarte osoan zabaltzea eta euskararekiko atxikimendua gizarte osoan elikatzea, ez bakarrik euskaldunen —are gutxiago euskaltzaleen— artean, euskararen auzia ez baita euskaldunena bakarrik, euskal herritar guztien arteko elkarbizitzari zuzenean loturiko auzia baizik.

Dagoeneko 25 urte luzatu den hazkundea, hazkunde jarraitua eta konstantea erakusten du Inkesta Soziolinguistikoak EAEn. Gainbehera zihoan hizkuntza biziberritze bidean jarri eta bide hori etenik gabe egin dela ikusten da, argi eta garbi. Hori ahalegin eta faktore askoren uztarketari zor zaio. Baina bada bat guztien gainetik dagoena: herritarren gogoa. Gizarte honen proiektu kolektiboa delako egin du euskarak aurrera. Gizarte osoaren meritua da. Horregatik, gaur, Inkesta hau aurkezterakoan, Eusko Jaurlaritzaren izenean zorionak eta eskerrak ematen dizkiot euskal gizarteari, bera delako hizkuntza aldaketa handi honen protagonista nagusia. Zorionak eta esker ona ematerakoan oso gogoan ditut: hezkuntza sistemako eragileak eta beren seme-alabentzako euskarazko irakaskuntza aukeratu duten gurasoak, guraso euskaldunak eta euskararik ez dakiten guraso erdaldunak; irakasleak; euskaltegiak eta euskaltegietako irakasleak; euskarazko hedabideak, handiak eta txikiak, publikoak eta pribatuak; gaztelania nagusi duten hedabideak, baina euskarari eta euskararen gaineko informazioari lekua egin diotenak; kazetariak; unibertsitatean euskararen aukera egiten duten irakasle eta ikasleak; lan munduan euskarari sarbidea egin dioten enpresariak; arlo guztietako kulturgileak, sortzaileak, idazleak, itzultzaileak; era guztietako zerbitzuetan —zerbitzu publikoetan, osasun zerbitzuetan, banketxeetan, ostalaritzan, elkargo profesionaletan— euskara erabiltzen duten profesionalak; sindikatuak; alderdi politikoak; oinarrizko adostasun sozial eta politikoa hauspotu duten guztiak; herritarrak, euskararen erabiltzaileak, euskal hiztunak, euskararik jakin gabe euskararen erabilera errespetatu eta sustatzen dutenak… horiek denak dira Inkestak erakusten duen aldaketaren protagonistak. Zorionak eta eskerrik asko horiei guztiei.

Baina Inkestak, hazkundea ez ezik, erronka berriak eta hobekuntzarako arloak ere bistarazten dizkigu. Arriskutsua da gizarte honen ahaleginarekin euskarak 25 urteotan egin duen aurrerakada ikaragarria bere neurrian ez onartzea eta ez baloratzea. Gizarte honek badu pozik eta harro egoteko eskubide eta motiborik euskararekin egin duena ikusita. Baina baita ere arriskutsua da egindakoaren handitasunak eginkizun duguna estaltzea edo lausotzea. Arriskutsua genuke euskararena egina dagoela sinestea. Urteotako energia sozialari eta konpromiso politikoari eutsi behar zaie, politika positiboak bultzatzen jarraitu, errazena ez baita aurrera egitea: errazena gaur egungo euskara eta gaztelaniaren arteko desoreka kronifikatzea eta atzera egitea da.

Egin duguna handia da, baina handia da eginkizun duguna: Mitxelenak aipatutako “euskararen bide luze bezain malkarrak” luze eta malkar izaten jarraitzen dute. Erne jarraitu behar dugu, eta ezin dugu autoatseginkerian erori, beti antzua baita. Behar dugu kontsolidatu egindako aurrerakada eta aurrera jarraitu erronka berriei erantzun berriak emanez. Eta hori ere denok egin behar dugu.

vi-inkesta_fitxa-teknikoa-eta-beste_prentsarako-2016-10-14vi-inkesta_fitxa-teknikoa-eta-beste_prentsarako-2016-10-14-copia-2

decf2b20-0de3-459a-a9a5-b963fcab2d44

Gaurko agerraldiko mahaikideak: Jorge Gimenez (HPSko Ikerketa zuzendaria eta VI Inkesta Soziolinguistikoaren Batzorde Eragileko idazkaria), Mikel Arregi (Nafarroako Gobernua -Euskarabidearen zuzendaria), neu, Mathieu Bergé (Euskararen Erakunde Publikoaren presidentea) eta Jon Aizpurua (HPSko Ikerketa Soziolinguistikoko zerbitzuburua eta VI Inkesta Soziolinguistikoaren arduradun teknikoa). Guztiak gara VI Inkestaren Batzorde Eragilea osatzen dutenak (Paula Kasares eta Bernadette Soulé-rekin batera).

3892832b-0b66-4829-b401-a09bd1f188cb

VI. Inkesta Soziolinguistikoaren EAEko datuen gaurko aurkezpena egin dugunon irudia.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.