Euskara ere deskonfinatzea dugu erronka

Gizarte sendo bat eratzeko beti da funtsezkoa irakaskuntza, baina covidak eragindako egoera gogor honetan eskolak, gainera, berebiziko garrantzia du gizartearen parte handi bat -ikasleak, gurasoak- hezten eta arduratsu jokatzen laguntzeko. Aldi berean, probaleku klabea da: eskolak covid erasoa gainditzen badu, gizarteari ere bidea samurtuko dio. Deskonfinamendua sendo eta seguru urratzen asmatu beharrean da hezkuntza sistema. Eta etorkizunera «jauzi» egin: helburuak egokitu eta, teknologia baliatuz, aurrez aurrekoaren ondoan irakas-sistema misto eraginkorrak eratzen trebatu beharko du. Hizkuntzari dagokionean, hamarkadotan bultzada eredugarria eman dio eskolak euskarari. Izan dadila eredugarri egoera honetatik ateratzen irakasteko ere. Eta gizarteak erantzun diezaiola eta babes dezala honetan ere. Hori opa diot eskolari. Eskola eta gizartea eskutik joatea, covid krisia gainditzen eta, jakina, euskara deskonfinatzen, hau da, euskara gizarte osora zabaltzen. Pandemiak eragindako aro berri baten atarian gaude. Bide sendoa, zuzena, segurua eta erosoa hautatzen jakin behar. Euskarak hor ere aurkitu behar du bere tokia.

Aspaldikoa da euskara etxe/lagunarte hurbiletik deskonfinatu eta hedatzeko aldarria. Horren lekuko dira 1545eko Etxepareren “euskara jalgi hadi plazara” edo XX. mendeko Lizardiren “hizkuntza larrekoa nahi haunat noranahikoa”. Gogo hori bete nahian azken berrogeialdian egin dugun ibilbidean, batez ere -ez bakarrik- eskolari zor zaio euskaldun berrien eta euskara hiztunen kopurua etengabe haztea eta, iraganean ez bezala, gaur egun Euskadiko etxe gehienetan familiakideren bat behintzat euskal hiztuna izatea. Euskararen deskonfinatzaile eta arigunemoduan eskolak duen garrantziaren erakusgarri da ikustea nola, aurreko ikasturtearen amaierako itxialdia tarteko, bertan behera erori zen gazte askoren euskararekiko lotura (ia bakarra familia, auzo eta lagunarteko giro nagusiki erdaldunekoen kasuan). Beraz, ikaragarria da eskolak euskararen biziberritze eta gizarte-hedapenean izan duen eragina; eragin handia baina, aldi berean, mugatua, gizarteko dinamika soziolinguistikoak mugatu egiten baitu eskolaren jarduna. 

Euskararen biziberritzeak ahaleginarekin jarraitzea eskatzen digu, besteak beste aurreratutakoa kontsolidatzeko. Erronkei buruz ari garela, batetik, “zaharrak berri” esango genuke, biziberritzen jarraitzeko  helburu/ardatza “transmisioa eta erabilera” bikotea baita gaur ere. Bestetik, baditugu erronka berriak, gizarte aldaketek eta euskararen hazkundeak berak ekarriak. Euskaldunen kopurua hazi ahala aldatu egin da euskaldunen profila, eta ikasi dugu euskararen erabileran hauek direla, batez ere, eragiten duten faktoreak: hiztunaren euskara gaitasun erlatiboa (euskaraz edo gaztelaniaz aritzeko erraztasuna) eta hiztunaren harreman sareko hizkuntza. Baita, nola ez, hizkuntzaren beraren erakarmena. Erronka horiei begira, eskolak asko lagundu dezake gazteen euskara gaitasuna hobetzen eta euskarari, balio formal-akademikoa ez ezik, pertsonen arteko komunikazio informal eta ludikorako baliagarritasuna ematen; azken batean, euskara bizitzaren alderdi guztietarako bitarteko baliagarria bihurtzen. 

Argitu dezagun hezkuntza sisteman hizkuntza aniztasuna modu inklusiboan hartzeaz ari garela, noski; euskara oinarri eta ardatz hartuz baina beste hizkuntzarik baztertu gabe eta bakoitzari dagokion lekua eginez, alegia. Oraindik ere desoreka linguistiko nabarmena duen gizartean, hizkuntzen trataera integralak eskatzen du, hain zuzen ere, euskara ardatz izatea, aipatutako desorekan ahulena bera baita. Ikuspegi horrek kontsentsu sozial zabala du bere alde, ikerketa guztiek agerian jartzen dutenez. 

Horra, ezinbestez laburrean aletuta, hezkuntzaren erronka batzuk. Ikasleen euskararen ezagutza unibertsalizatzen eta hobetzen jarraitzeko helburu orokorraren  ondoan, esango nuke helburu espezifiko gisa ahozkotasuna sistematikoki lantzea dela giltzarria. Ahozkotasuna landu hizkera informala zorroztuz, komunikagaitasuna eta era guztietako erabilerak lehenetsiz errotulari gorri hiperzuzentzailearen gainetik. Makulu lexikal eta estilistikoen altxorra, espresibitatez blaitutako hizkuntza bizia eta piperduna, hizkera informala eta formala, erregistro kultuak nahiz kolokialak eskaintzen dituena: halakoa dirudi beharko lukeela gazteentzako baliagarri izango den euskarak. Horri estuki lotua, nahitaezko elikagaia da erabilera, besteak beste eskola giroan euskararen erabilera naturalizatzea Euskararen Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Horrela, bada, egokia litzateke erabilera ikasgelatik eskolara eta eskolatik kalera eta lagunartera hedatzeko jardunbideak planifikatzea, eskolarteko dinamikak eta tokian tokiko mota guztietako elkarteekin eta udalarekin lankidetza sustatuz. Horrek guztiak eskatzen du, beste zenbaiten artean, batetik arreta eskaintzea irakasleen euskara-gaitasun komunikatiboa etengabe hobetzeari, hizkuntza errepertorioa eta mintza-jardunerako baliabideak aberastuz, eta bestetik, lehentasunezko eginbehar gisa hartzea euskara ohiko hizkuntza izatea, gaur den baino neurri handiagoan, eskola-inguruneko jarduera ez akademikoetan. Eskolatik haratago doan erronka da hau, jakina, gizarte osoaren eta askotariko eragileen inplikazioa eskatzen baitu. Eta, azkenik, esango nuke erronka nagusia dela, baita ere, lanbide heziketan euskarazko eskaintzak askoz pisu handiagoa izan dezan ahaleginak nabarmen areagotzea, lan-mundurako zubi eredugarria den lanbide heziketa hori bera lan-mundua euskalduntzeko ere tresna eraginkorra izan dadin. Horrek ere eskatzen du, ikasmaterialak prestatzen jarraitzea ez ezik, irakasleen hizkuntza prestakuntza etengabe lantzea.   

Bukatzeko, itzul nadin pandemiak eragindako egoera hizpide hartzera. Faltsua den bezala “mediku ona alaeuskalduna” dikotomia, kontua ez da “pandemiari aurre egin alaeuskara sustatu”. Galdera beste hau litzateke: zertarako behar dugu euskara, ez bazaigu makulu lagungarri eta lanabes beharrezko eta eragingarria, hain zuzen ere, gure bizimodua zeharo aldatuko duen osasun krisi bortitz honi aurre egiterakoan, edo hezkuntza ekitatibo, inklusibo eta kalitatezko bat garatzerakoan, edo aisialdiaz gozatzerakoan edo lan mundura jauzi egin eta profesioan jarduterakoan? Izan ere, zer da, hain zuzen, euskarak behar duena? Bada… gure bizimodurako beharrezkoaizatea; beharrezkoa diot, ez derrigorrezkoa delako (beharrezkoa eta derrigorra ez dira gauza bera), baizik eta, praktikan, tresna maitatua ez ezik, gure askotariko komunikazio premiak asetzeko baliagarria eta erosoa dugulako. Horren bila eskolak ere “bultza ta bultza” segi dezake, besteak beste euskal hiztun berriak sortzen jarraituz, haur eta gazte hiztun berrien euskara gaitasuna hobetuz, euskararen erakarmena sendotuz, hizkuntzaren erabilera naturalizatuz.

http://www.kristaueskola.eus/eu/ke-innova/euskara-ere-deskonfinatzea-dugu-erronka/

Oharra: artikulu hau Kristau Eskola aldizkariaren III. zenbakian, 2020ko irailaren 29koan, argitaratua da. Kristau Eskolak proposatu zidan artikulu bat idatz nezan euskararen erronkei buruzko gogoeta labur bat eginez, ikasturte hasieran argitaratu ohi duen aldizkarirako. Gogo onez eta eskertuta hartu nuen proposamena, eta horixe da abuztuko oporren hondarretan idatzi nuena eta irailean argitaratu zutena. Gerora sarean ere irakurgai jarri du Kristau Eskolak bere webgunean. Hortxe da lotura.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.