Joan zen astean Korsikako Gobernuak antolaturiko mintegian parte hartu ondoren, atzo goizez hitzaldia eman nuen Cardiffen, Galesko Gobernuak gonbidaturik, ‘Milioi bat hiztun galeseraz 2050 urterako’ izenburua daraman nazioarteko biltzarrean. Galesen ondorengo hamarkadetan gauzatuko den hizkuntza plangintza osatzeko abiatu duten hausnarketa prozesuren baitan kokatzen da Cardiff-eko mintegia. Galesko Gobernuak hurbiletik ezagutu nahi izan ditu era honetan, bai Euskadiko esperientzia, eta baita Quebec-eko egoera linguistikoa ere. Horregatik, hizlari izan gara, beste zenbait eragilerekin batera, ni neu Eusko Jaurlaritzatik, eta Rob Dunber unibertsitate irakaslea Quebec-etik.
Biltzarrak buru izan du Galesko Gobernuko Galesera eta Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Ministro Alun Davis. Honek, galesera biziberritzeko prestatzen ari diren Plan Estrategikoaren aurkezpena egin zuen atzo goizeko saioa hasteko. Ministroaren ondoren, ‘Hizkuntza politika eta plangintza EAEn’ izenburupean, euskarak azken 30 urteetan izan duen bilakaera azaldu nuen, eta gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan zeintzuk izan diren ardatz nagusiak azaldu. Baina bereziki, ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuak ondorengo 20 urteetarako jasotzen duen planifikazioa azaltzeari eskaini nion denbora, dokumentuaren erronka eta helburuak zeintzuk diren nabarmenduz. Hizkuntza Politikarako Sailburordetzak sustaturiko dokumentu hori dozenaka pertsonaren parte hartze, askotarikoen eztabaida eta ekarpenekin egin da, eta Euskararen Aholku Batzordeak onartu zuen maiatzean aho batez. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ere onartu dute, eta Bizkaiko ‘Euskara Bizia’ batzordeak.
Hizpide izan den dokumentu horrek datozen 20 urteei begira Euskadin garatu beharko litzatekeen hizkuntza politikaren oinarri sendoak finkatzen ditu, euskara bi hamarkada barru orain baino biziagoa izateko helburuz. Biziberritze prozesu horretan sektore publikoa, ekimen soziala eta sektore pribatua uztartzeko ahalegina bilatzen du dokumentuak. Hitzaldian zehar, adostasun politiko eta sozialak prozesu horretan izango duen garrantzia azpimarratu nuen.
Galesko erakundeek gaurdaino euskara biziberritzeko burutu diren esperientziekiko interesa erakutsi dute, baina baita ondorengo urteetarako planifikazioarekiko ere, eurak burutzen ari diren plan estrategikoarekin erkaketa egin ahal izateko. Izan ere, gertaera bitxia badirudi ere, Galesen —3,1 milioi biztanle inguru dituen herrialdean— galeserak milioi bat hiztun lortzea hartu dute helburu erakundeek 2050 urtea baino lehen, ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuak Euskadin —2,2 milioi biztanle ingururekin— 2036rako duen helburu berbera.
Galesko Gobernuak antolaturiko biltzarra, gobernu hori ‘Milioi bat hiztun galeseraz 2050 urterako’ izenburu argigarriarekin atontzen ari den Plan Estrategikoaren inguruko hausnarketa eta parte-hartze prozesuaren baitan kokatzen da. Aipaturiko Plan Estrategiko horren zirriborroa Interneten dauka zintzilik gobernuak joan den abuztu amaieratik, Galesko herritarren iritzi eta iradokizunak jaso ahal izateko. Urriaren 31ra arte izango dute irekita iradokizunak egiteko epea eta modua. Dokumentu horren ingelesezko bertsioa, esteka honetan irakur daiteke:
Cardiff-en atzoko egunean zehar antolaturiko biltzarrean 75 lagunek hartu genuen parte, tartean udal gobernuko ordezkariak, osasun alorreko arduradunak, Galesko Gobernuaren hainbat sailetako funtzionario publikoak, unibertsitate eremuko kideak, nahiz gizarteko beste hainbat arlotakoak (kirolak, enpresa mundua, teknologian adituak…).