Artikulu labur bat idazteko gonbitea egin didate Atauniker kultur elkarteko lagunek, gaia emanda: «Euskara batua eta euskalkiak». Hona nire gogoetatxoa Nondik aldizkariaren 39. zenbakian.
EUSKARA BATUARI GORAZARRE
Kezkatzen nau euskara batuaren eta euskalkien arteko ustezko auziak. Maizegi jotzen baitira errealitate kontrajarritzat, ahantziz batuak asko jaso duela euskalkietatik. Batzuen ustez, euskara batua hotza eta zozoa da, eta euskalkiak biziak eta koloretsuak.
Dikotomia faltsua da, ordea. Hizkuntza garatu guztiek dituzte aldaerak, lurralde, gizarte, gizatalde edo bestelako faktoreei lotuak (gure kasuan, euskalkiak). Baina, salbuespenik gabe, hizkuntza garatu guztiek dute aldaera estandarra. Hiztun-komunitate sasoiko orok ezinbestekoa baitu elkarren artean komunikatzeko aldaera bat.
Hala, euskararen biziberritzean nahitaezko zutoina izan da euskara batua.
Euskara “noranahiko” hizkuntza izatea nahi zuen Lizardik. Bada, batuari esker lortu du euskarak eskolako hizkuntza izatea, zientziakoa, hedabideetakoa, literaturakoa, pentsamendukoa, aisialdikoa, kiroletakoa, kulturgintzakoa, eta abar. Batuari esker osatzen ari gara euskarazko komunitate sendo bat, badugulako han-hemengo euskaldunok erdara batura jo gabe (Mitxelena handiak zioen bezala) elkarrekin komunikatzeko tresna. Eta hiztun-komunitate sendorik gabe jai luke euskarak.
Euskarak erregistro desberdinak izan ditzake. Testuinguruaren arabera, euskara mota bat edo beste erabiliko dugu, noski. Baina testuinguru bakoitzari ondoen dagokiona erabiliko du hiztun trebeak; esaterako, hedabideetan ari bada, hiztun komunitate zabalenak ongi ulertzeko moduan, txokokeriarik gabe. Euskara batuari esker dugu literatura gozagarria, edo bertsolaritza indartsua, edo erreferente sendoak hedabideetan. Aramendi, Usabiaga eta Goikoetxearen txirrindularitza-kontakizun bizi bezain batuek euskaldunago egiten dituzte han-hemengo euskaldunak, eta biziago euskara.
Euskarak behar duena erabilia izatea da; hartarako guztiaren beharrean da: tokian tokiko hizkerak, erregistro formal eta ez formalak, kaleko hizkera, hizkera jasoa… Euskara hizkuntza zehatza, bizia, erraza, koloretsua… nahi dugulako behar dugu euskara batua. Aberastu eta koloreztatu dezagun hango eta hemengo hizkerekin, euskalkien iturritik edaten baina txokokeriekin nahasi gabe, erabiliz eta erabiliz, milaka euskaldunberriak ere, eskuratu berri duten hizkuntzan, arrotz sentiarazi beharrean, gero eta hiztunago izan daitezen.
Arrainak ura nola, halaxe behar du euskarak batua.
Patxi Baztarrika Galparsoro
Artikulu hau 2020ko irailean idatzia da. Ataungo Atauniker elkartearen NONDIK aldizkariaren 39. zenbakian (2020ko azaroa) argitaratu zen. “Euskara batua eta euskalkiak” gaiari buruzko gogoeta labur bat idazteko proposamena egin zidan uda partean, aldizkariaren izenean, Jexux Aizpuruak, eta gogo onez eta ilusioz hartu nuen idazteko konpromisoa. Eskerrik asko. Hauxe da emaitza.
Artikulua NONDIK aldizkarian (39 zk., 2020ko azaroa): https://issuu.com/antzakomunikaziografikoa/docs/atauniker_39/s/11498981
NONDIK 39 aldizkaria osorik https://issuu.com/antzakomunikaziografikoa/docs/atauniker_39