EBko hizkuntza gutxiagotuek tokian tokiko ekonomietan eta enpleguan duten eragina aztertzen

NPLDk eta Friuli-Venezia-Giuli Erregioak mintegia antolatu dugu elkarrekin, Europako Erregioetako Batzordearen egoitza nagusian, hizkuntza gutxituek tokian tokiko ekonomietan duten eragina aztertzeko. Eta oso ikuspegi zehatzetik abiatu da, gainera, gure hausnarketa: Europako Batasuneko eskualdeetako hazkunde ekonomiko eta enplegurako baliagarria den hizkuntza aniztasun baten ikuspegitik.

Gaurko hasierako agurrean aipatu dudanez, espreski hiru pertsonari adierazi nahi diet nire esker ona honakoan eskainitako lankidetza emankorragatik: Claudio Violino jaunari; Friuli Venezia Giulia Eskualdeko kidea; Lorenzo Fabbro jaunari, Friulieraren Eskualde-Agentziako presidentea; eta baita ere William Cisilino jaunari, Friuliren ordezkaria NPLDn, mintegi honen ekimena izateagatik eta antolaketan laguntzeagatik. Era berean, Europako Batasunaren Eskualdeen Batzordeko arduradunei ere adierazi nahi izan diet esker on hori, egin diguten harrera atseginagatik. Eta, azkenik, eskerrik asko NPLDko Idazkaritzako kideei, mintegi hau antolatzen egin duten lan finagatik.

Halaber, eskerrak eman dizkiet beren ekarpena eginez gurekin batera gogoetan aritu diren 13 hizlariei. Gaurko jardunaldiak aberastu egin du gure irizpidea, ziur naiz horretaz, eta hori mesedegarria izango da gure hizkuntza guztientzat eta bakoitzarentzat, eta, beraz, Europako hizkuntza aniztasunarentzat ere. Huts egiten ez duen ideia bat azpimarratu nahi izan dut: gure hizkuntzentzat ona dena, ona da Europako hizkuntza aniztasunarentzat; eta Europako hizkuntza aniztasunarentzat ona dena, ona da gure hizkuntzentzat.

Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria NPLDk 2015ean egina da, eta aurkeztu da, besteak beste, Europako Parlamentuaren aurrean eta, baita ere, Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako Europako komisarioa den Navracsis jaunaren aurrean. Ibilbide Orriak hizkuntzei buruzko ikuspegi berri bat proposatzen du, Europa 2020 Estrategiarako.

Ikuspegi horren barruan kokatzen da gaurko mintegi hau, NPLDren langintza osoa bezala. Izan ere, Ibilbide Orriak, besteak beste, adierazten duenez, “gure hizkuntzak ekonomia oparo bati, gizarte kohesionatu bati eta helburu komun bati lotuta egotea nahi badugu, Europako hizkuntza-aniztasuna sendotzeko landutako hizkuntza-politikak beharko dira”. Abiapuntu horretatik, hainbat eginkizun planteatzen die Ibilbide Orriak Europako Batasuneko erakundeei:

  • “Hizkuntza guztiak tokiko, eskualdeko, Estatuko eta nazioarteko ekonomiei lotutako hazkundearen, lehiakortasunaren eta enplegu-sorkuntzaren inguruan garatutako Europako estrategian txertatzea”.
  • “Hizkuntzak mugikortasun mota desberdinetarako sustatzea: nazioarteko mugikortasunerako (kasu horretan, komunikazio-hizkuntzek eta transnazionalek funtsezko zeregina bete dezakete), eta eskualdeko edo mugaz gaindiko mugikortasunerako (kasu horretan, eskualdeko eta eremu urriko hizkuntzek balio erantsi handia ekar dezakete)”.
  • “Jarduera sozioekonomikoetan (kontsumoaren eremua barnean hartuta) eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzen erabilera sustatzea”.

Planteamendu hori, arrazoizkoa izateaz gain, bideragarri eta egingarria ere bada, bertan gaudenok lan egiten dugun hainbat esparru politiko-administratibotan frogatu denez.

Kontua ez da hizkuntzen balioa justifikatzea, gutxiagotuak, gutxiengoenak, nagusi ez direnak, erdibidekoak edo deitu nahi ditugun modukoak izan arren. Amin Maalouf-ek esan bezala, «gizaki orok sentitzen du bere identitatearen parte modura hizkuntza bat izateko beharra». Hizkuntzen legitimitatea eta balioa soberan daude justifikatuta ezberdintasunarekiko, aniztasunarekiko eta gizabanakoen eskubideekiko errespetuzko faktore gisa, eta baita giza kohesiorako eta bizikidetza harmoniotsurako ere.

Baina honek ez du esan nahi, inola, hizkuntzek, guztiek, gutxiagotuek eta hegemoniko ez direnek ere, balio ekonomikorik ez dutenik. Izan badute, ez txikia gainera, eta aldarrikatu egin behar dugu.

Hizkuntzek, baita txikiek edo gutxiagotuek ere, milaka eta milaka lanpostu sortzen dituzte Europan. Eta, gainera, fakturazio garrantzitsuaren jatorri dira, BPGren hazkunderako ekarpen zuzena eginez. Lehen eskutik ezagutzen dudan adibide bat jartzearren, duela zenbait hilabete NPLDren aurrean azaldutakoa, euskarari dagokionean Euskal Autonomia Elkartean (2,2 milioi bizileguneko erkidegoa) egindako inbertsioak 56.000tik gora lanpostu sortzen ditu (guztien %6,3) eta %4,2ko ekarpena egiten dio BPGri (2.800 milioi euro). Ekarpen nabarmena da hezkuntza (%5,5), turismoa (%5,8) edo I+G+b (%2,1) moduko sektore garrantzitsuek egiten dutenarekin konparatuta.

Beraz, esan dezakegu eta esan ahal dugu balio ekonomikoa duten hizkuntza eraginkorren eta erabilgarri ez direnen arteko bereizketa aurreiritzia besterik ez dela, errealitatearekin bat ez datorren estereotipoa.

Hizkuntzen balio ekonomikoaren inguruan beste bi ideia nagusi ere azpimarratu nahi izan ditut gaur goizean mintegia zabaltzeko eskainitako hitzaldian.

Honakoa da lehenengoa: lanpostuak sortzeari eta BPG handitzeari dagokionean Europako hizkuntzen errentagarritasun ekonomikoa ez da 24 hizkuntza ofizialetara mugatzen. Bestelako hizkuntza europar batzuetara zabaltzen da, gutxienez EBko lurralderen batean ofizial direnetara eta unibertsitatean, hezkuntzan, administrazio publikoetan, jarduera enpresarialean eta merkataritzakoan, IKTetan, kultur eta aisialdiko kontsumoko produktuetan, hedabideetan eta abar erabiltzen direnetara. Europako Batasunaren ideiari berari atxikitakoa den hizkuntza aniztasuna 24 hizkuntzetara mugatu nahi izatea zenbait hizkuntzaren aldeko hegemonismo arriskutsuaren alde egitea da, eta bakar-bakarrik gaur egun erakunde europarretan ofizialtasun beteko estatusa dutelako. Hegemonismo horrek ez dio mesederik egiten jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeari; gizarte eleaniztunetan, eta halakoxeak dira Europako erkidego edo gizarte ezberdinak, eskaintza eleaniztuna hobeto egokitzen zaielako merkatu ezberdinen kontsumo beharrei eta aukerei.

Bigarren ideia da gizarteen aurrerabidea ez dagoela bakarrik BPGren hazkundearekin lotuta, baizik eta kohesioa edo oreka soziala indartzearekin proportzionala dela. Eta gureak bezalako gizarte eleaniztunetan oreka soziala zuzen lotuta dago, ez bakarrik aberastasunaren banaketa ahalik eta bidezkoenarekin eta herritarrei hezkuntza, osasun zerbitzuak eta kultur ondasunak eskuragarri izan ditzaten bermatzeko politikak abiatzearekin: baita gizarte bakoitzeko berezko hizkuntza aniztasunaren kudeaketa demokratiko eta jasangarriarekin ere.

Azken finean, hazkunde ekonomikoaren balioa Giza Garapen Jasangarriari egindako ekarpenaren arabera justifikatzen eta legitimatzen da.

Europa 2020 Estrategiaren bidean, lehiakortasuna, hazkundea, mugikortasuna, enplegutasuna eta sormena bezalako kontzeptuak ezinbestekoak dira Batasuneko herrialdeetako ekonomia hobetzeko, eta ezinbestekotzat hartu behar dira hizkuntza erkidego elebidun eta eleaniztunen tokiak tokiko ekonomia hobetzeko. Horregatik, ezinbesteko deritzot, hizkuntzen eta etekin ekonomikoaren arteko loturak aintzat hartzerakoan Europa ez dadila bakarrik mugatu hizkuntza nagusietara; ez bakarrik aniztasunari zor zaion benetako begiruneagatik, baizik eta baita interes ekonomikoagatik ere.

Ikuspuntu politikotik horrek esan nahi du erakunde europarrek EBko lurralde elebidunetako hizkuntza politika propioak babestu eta aintzat hartu behar dituztela. Alde honetatik, egokia litzateke indarrean dauden europar hitzarmenetan eta direktiba komunitarioetan aldaketak azter eta gauza ditzatela, CRSS hizkuntzetan (Konstituzionalak, Erregioetakoak eta Estatu Txikietakoak) egindako jarduera ekonomikoa aintzat hartu eta horietan modu positiboan eragiteko. Era berean, beharrezkoa da EBk CRSS hizkuntza horiek eleaniztasunari buruzko bere diskurtsoan sar ditzala.

Mintegian parte hartzen ari direnen artean Trento, Bretainia, Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak, Nafarroa, Bizkaiko Foru Aldundia, Frisia, Gales, Irlanda, Finlandia, Galizia, Korsika, Europako Parlamentuko ordezkariak eta beste hainbat daude. Guztira, 80 bat lagun. Nik goizean hasiera hitzaldia egin du NPLDko presidente gisa eta arratsaldean Jorge Gimenez Bech Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendariak hartu du hitza Eusko Jaurlaritzaren izenean. ‘Euskara eta mugaz gaindiko lankidetza’ lelopean, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin Eusko Jaurlaritzak duen hitzarmena eta Euskadi-Akitania Eurorregioan dauzkagun euskara sustatzeko ekimenak izan ditu hizpide. Mintegia gaur bukatuko da eta bihar, aldiz, NPLDren Zuzendaritza Kontseiluaren batzarra egitekoak gara.

2016-10-27-photo-00001419

Marta Marín (Eusko Jaurlaritzaren delegatua Bruselan), ni neu eta Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatua), gaurko mintegian.

2016-10-27-photo-00001443

Friuli Venezia Giulia Erregioko ordezkari Lorenzo Fabro, William Cisilino eta Claudio Violino, nirekin.

2016-10-27-photo-00001415

Gaur goizean mintegia abiatzeko ekitaldian, Claudio Violino (Friuli Venezia Giulia Eskualdeko kidea) eta Lorenzo Fabbro-ren (Friulieraren Eskualde-Agentziako presidentea) artean.

2016-10-27-photo-00001417

Tokian tokiko ekonomietan hizkuntza gutxiagotuek duten eragin ekonomikoari buruzko mintegiak jende asko bildu du.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.