«ELEBITASUNA ETA BIZIKIDETZA»
(LEIZAOLA FUNDAZIOAK ARGITARATURIKO LIBURUA)
Leizaola fundazioak antolaturik, “Elebitasuna eta Bizikidetza” gaiaren inguruan hausnarrean eta eztabaidan aritu ginen Bilboko Euskararen Etxean sei lagun: Maddi Etxebarria Bilbao (Elhuyar Fundazioa), Kepa Erdozia Uriarte, Agurtzane Elorduy Urkiza eta Elixabete Larrinaga Artetxe (hirurak EHUko irakasle eta ikerlariak), Paul Bilbao (Euskalgintzako kontseiluko idazkari nagusi izandakoa) eta ni neu. 2022ko maiatzaren 5ean izan zen mahainguru hura, eta Leizaola fundazioak “Elebitasuna eta Bizikidetza” izenburuarekin argitaratu berri duen liburuan jasota daude eztabaida hartan gutariko bakoitzak esan genituenak.
Mahainguru hartakoa “elebitasuna eta bizikidetzari” euskararen leihotik egindako begirada izan zen, eta hizpide izan genituen euskarak azken hamarkadetan egindako ibilbidea, gaur egungo gizartean bizi duen egoera eta etorkizunari begira dituen erronkak. Esango nuke ikuspuntu truke eta jorratze interesgarria izan zela oso giro positiboan ia hiru orduz luzatu zen debate hura. Leizaola fundazioak oraintsu kaleratu duen aipatutako “Elebitasuna eta Bizikidetza” liburuan, mahainguru hartako edukia ez ezik, badira beste lau artikulu ere, non Asturias, Katalunia, Galizia eta Valentziatik egindako begiradak jasotzen diren. “Euskara, hirueletasunaren bidegurutzean” gaitzat hartuz Unai Gandariasek eginiko gogoetak jasotzen dira liburuko azken artikuluan.