Ezin erretiratu (Nondik, 46)

Bertsolariei jarri ohi zaien antzera eman zidaten niri gaia Nondik aldizkarirako artikulutxo bat idazteko. Jubilazioaz idazteko proposatu eta hauxe da emaitza, joan zen abuztuan idatzia.  Atauniker kultur elkarteak argitaratzen duen Nondik aldizkariaren 46. zenbaki kaleratu berrian dago.  

Ezin erretiratu

Erretiroa hartu, bai, pozik hartu ere; erretiratu, ez, ezta nahi ere. 

Herrigintza lanbide, zerbitzu publikoan lan egin dut beti. Orain jubilazioak denbora librea oparitu dit, presioz eta tentsioz blaitutako lanetik libratu nau. Leiho berri bat ireki dit, erretiroa ez baita “bukaera”, bizitzako etapa berri baten “hasiera” baizik.

Adinari lotzen zaio erretiro-hartzea, zahartze programatua dirudi. Zahartzea, berriz, aktibotasunetik erretiratzeari lotzen zaio. Objektu deskatalogatutzat jotzen du askok jubilatua. Akats handia! Adina NANeko zenbaki aldaezin bat da, baina garrantzitsua da norberak bere buruaz duen gaztetasun-sentsazioa ere, eragina baitu osasun fisiko nahiz kognitiboarengan. García Márquezek zioenez, “ez da egia jendeak amets egiteari uzten dionik zahartzen delako; aitzitik, amets egiteari uzten diolako zahartzen da”. 

Jubilazioa ez da udazkeneko zuhaitz hostogabearen pareko, udaberriko loraldi berriaren aldarri baizik. Kontua da bizitzatik dimititu gabe gizartearen parte aktiboa zarela sentitzeko bizi-indarra izatea. Horrek eskatzen du denbora libreaz gozatzea, jakin-mina elikatzea, erronka berriak hartzea, ikasteko grina hauspotzea, bizitzan metatutako eskarmentuari zukua ateratzea, familia/lagun eta jendarteko harremanak sendotu eta jende berria ezagutzeko gogoaz aritzea… Luxua da zer, noiz, nola eta norekin egin erabakitzeko askatasuna izatea. Horixe da erretiratu gabe erretiroa hartzea.  

Badira bi urte jubilatu nintzela, eta esandako moduan nabil. Gizartera begirakoan batez ere euskarari eta hizkuntza politikei lotutako jardunean: hitzaldiak, idazlanak, aholkularitza, museogintzako edukiak… Azkenak aipatzeko, bi hilabeteotan egin berri ditut bi hitzaldi saio: bata, hizkuntza gutxituen erronka berriei buruz Galiziako CCGren Santiago de Compostelako foroan; bestea, euskararen biziberritze politikei buruz, Garabide elkartearen eskutik (orain urte asko hasitako lankidetzan), Ekuadorreko hizkuntza politiken diplomatura ikastaroan. 

Hartu eta eman, etengabeko ikasketan beti.    

Patxi Xabier Baztarrika Galparsoro

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.