Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak (RAKS) banatu dira gaur Andoaingo Bastero Kulturgunean. XXVIII edizio honetan Sustrai Colinarentzat izan da sari nagusia, Argia aldizkarian kaleratutako elkarrizketengatik, eta hiru bertsotan eman ditu eskerrak. Halaber, Kazetari Berria saria Unai Oiartzunek jaso du, Irunero aldizkarian egindako lanarengatik. Sari nagusiari eta Kazetari Berriarenari 9.000 eta 3.000 euro dagozkie, hurrenez hurren, eta Xabier Lakaren eskultura eta diploma. Epaimahaiaren aipamen berezia, berriz, Amagoia Gurrutxaga kazetariarentzat izan da, Kristiane Etxaluz ekintzaileari egindako elkarrizketari esker. Honi RAKSen logoaren serigrafia eta diploma eman zaizkio.
Ana Karrere Andoaingo alkateak; nik neuk, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez; eta sarituek hartu dugu hitza. Bertaratutakoei esan diedanez, pozik joan naiz, beti bezala, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien banaketa ekitaldira. Euskal kazetaritzan, sariok mugarri bihurtu direlako. Eta, aldi berean, Rikardo Arregi ekintzaile saiatu eta kazetari berritzaile hura gogoan dugulako.
Aurten bete dira berrogeita hamar urte Rikardo Arregik mintzaldi sutsu bat egin zuenetik Usurbilen, Udarregi bertsolariaren omenez jarritako eskulturaren aurrean. Aspaldi irakurri eta entzun nuen mintzaldi hura. Egunotan berriz entzuteko aukera izan dut, Aiurriri esker. Euskararen egoerari buruz dihardu Rikardok mintzaldi hartan. Eta gaur, Andoainen nabarmendu nahi izan dut, orduan Rikardok euskarari buruz egin zuen iragarpen ezkorra ezerezean geratu dela. Hauxe zioen 1966ko giro eta egoera hartan euskararen egoerari buruz: “…martxa honetan ez da izango, hemendik urte batzuetara, gauzak aldatzen ez badira behinik behin, euskaraz hitz egingo duenik”. Zorionez, gauzak aldatu dira ordutik hona, asko aldatu ere. Egoeraren behatzaile zorrotza zen Rikardo, baina ez zuen asmatu handik bi belaunalditara euskarak izango zuen egoera antzematen. Zorionez.
Baina, iragarpen hartan ez asmatuta ere, Rikardo euskaltzale handia ohoratu beharra dugu honetan ere; izan ere, bere iragarpena ez zen bete, besteak beste, berak eta bere belaunaldiko beste batzuek, ekinaren ekinez, euskarak gizartean behar zuen lekua bereganatzeko jarri zituzten oinarriei esker. Mintzaldi hartan, euskararen pronostiko ezkor harekin batera, azaldu zuen, baita ere, zer egin beharko zen gauzak hala gerta ez zitezen. Adibidez, euskara salbatzeko, ez zuen nahikotzat jotzen euskara gurasoek seme-alabei transmititzea, gero ez bazen erabiltzen egunero-egunero ‘radioetan’, telebistan, egunkarietan, zineetan eta abarretan.
Esan eta egin. Ekintzailea zen Rikardo. Hain zuzen ere, bera izan zen urtebete lehenago, 1965ean, euskaraz alfabetatzeko egin zen lehenengo kanpaina abian jarri zuen taldeko bultzatzaile nagusia. Segidan etorriko ziren alfabetatzekoak ez ezik euskalduntzekoak ere, euskara ikasi nahi zuen jendearen eskariari erantzunez. Euskarazko kazetaritza egiten eta sustatzen ere buru-belarri aritu zen, berritzailea izan zen horretan ere.
Euskarak behar-beharrezkoa du familia eta lagun giroaren aterpea. Baina garbi zuen hori ez zela aski. Behar zuela, gainera, gizarte jarduera orotara hegoak zabaldu. Behar zuela hizkuntza kultu bihurtu. Eta horretarako euskaldun alfabetatuak behar zituela. Eta behar zirela sortu euskarazko hedabideak, gau eskolak eta ikastolak. Euskarak, Euskal Herriko gizarte modernoan etorkizuna izateko.
Ohoratu beharra dugu Rikardo Arregi, eta ohoratu bere belaunaldiko hainbat euskaltzaleren bisioa, argirik gabeko tunel ilun hartan etorkizunari begira jartzeko izan zuten kapazitatea eta kemena.
Geroagokoa da Euskadik bere autogobernua berreskuratzeko unea. Eta araudi propioa garatuz, euskarari ofizialtasuna emanez, euskara ikastoletan ez ezik eskola publikoan nahiz pribatuan txertatuz, euskarazko irrati-telebistak sortuz, euskarazko egunkari-aldizkariak ugalduz, euskara gizartearen arlo askotara hedatuz… iritsi gara gauden unera. Rikardoren iragarpen etsitu hura atzean eta ezerezean utzi, eta euskaraz hitz egiten dutenak orduan baino milaka gehiago izatera eta orduan baino askoz eremu gehiagotan euskara erabiltzera iritsi gara, Rikardoren beraren eta bere euskaltzale garaikide askoren ekimenez abiatu eta hurrengo belaunaldiek urratutako bideari esker. Euskal gizarteak hala nahi izan duelako eta euskal instituzioek ere hala nahi izan dutelako. Gaurko kezka nagusia ez da euskararen biziraupena —Rikardoren garaian zena—, baizik eta euskararen bizi-indarra, euskara belaunaldi berrien beharrak asetzeko ohikotasunez erabiltzen den hizkuntza bizia izatea.
Euskararen hazkundeak ez du azken berrogeita hamar urte hauetan parekorik izan Europako eta mundu zabaleko hizkuntzetan. Asko dugu egiteko, zalantzarik ez. Baina asko dugu egina. Edo, nahiago izanez gero, asko dugu egina, baina asko dugu egiteko. Atrebentzia da esatea, baina hor doa: Rikardo Arregi bera ere harrituko zatekeen seguru asko, gaur egungo lorpenak ikusi izan balitu, eta poztuko zatekeen, ikaragarri, euskararen bilakaerak ez duelako jarraitu berak hitzaldi suhar hartan iragarri zion bidea. Eta poztuko zatekeen, batez ere, ikusita, aurretik dugun zeregin handiari heltzeko prest gaudela, lortu dugunari eutsiz eta urrats berriei adostasunez ekinez. Zeregin honetan, oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute hedabideek, betetzen dute kazetariek. Horregatik da beharrezkoa Rikardo Arregi bera eta bere ekimena goraipatzea eta, nola ez, gaur sarituak izan diren euskal kazetariak zoriontzea eta txalotzea.