Hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza gutxituak eta garapen jasangarria
Hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza gutxituak eta garapen jasangarria
UPV/EHUk argitaratua da “Hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza gutxituak eta garapen jasangarria” izenburua duen liburua. Unesco katedraren eskutik moldatua, Itziar Idiazabal Gorrotxategi eta Manel Pérez-Caurel Rodríguez dira editoreak. Guztira 12 artikulu ditu liburuak, mundu zabaleko errealitate ezberdinetatik idatziak. 2019an argitaratu zen liburu honen jatorrizko bertsioa, izenburu honekin: “Linguistic diversity, minority languages and sustainable development // Diversidad lingüística, lenguas minorizadas y desarrollo sostenible // Diversité linguistique, langues minoritaires et développement durable”. Artikulu batzuk, gehienak, ingelesez ziren, beste batzuk gaztelaniaz eta bakar bat frantsesez. Oraingo hau jatorrizkoaren euskarazko bertsioa da, artikulu guztiak daude euskaratuta.
Nazio Batuen Agenda 2030 ekimenaren garaiotan, hizkuntza aniztasunak eta hizkuntza gutxituen biziberritzeak garapen jasangarriarekin duten loturaz dihardute autoreek. Lehen zatiko artikuluak perspektiba orokorretik egindako gogoetak dira, eta bigarren zatikoek, ikuspuntu orokorretik ez ezik kasu konkretuen talaiatik ere begiratzen diote aztergaiari.
Nik kasurako beren-beregi idatzitako artikulu bat dator liburuan, honakoa: “Hizkuntza biziberritzeko euskal eredua eta garapen jasangarria”. Artikuluan azaltzen dudan ideia orokor bat da, gure gizarteen eta mundu globalaren garapen jasangarria gauzatzeko faktore garrantzizkoa dela hizkuntza aniztasunari eutsi eta hauspoa ematea. Hori baieztatzeko oinarritzat azaltzen dut hain zuzen euskarak 1980ko hamarkadatik hona euskal gizartean egin duen ibilbidea eta gure gizarteak denbora berean bizi izan duen garapen eta errotiko aldaketa sozioekonomikoa.