(Versión en castellano en la entrada contigua del blog, sobre el libro “EL EUSKERA, LENGUA ACTIVA”).
Labetik atera berria, kalean da, eta aurki izango da ohiko banaketa zirkuituan eskuragarri,“EUSKARAREN BIZIA. Andoaingo argazki soziolinguistikoa, 2016”izenburua jarri diodan liburua. Duela hiru aste eskas argitaratu eta aurkeztu du Andoaingo Udalak.
Euskarazko (jatorrizko) bertsioa ez ezik, liburuak badu baita ere gaztelaniazko bertsioa: “EL EUSKERA, LENGUA ACTIVA. Retrato sociolingüístico de Andoain, 2016”.
Hitzaurrea Jon Sarasuak egina da.
Liburuak baditu bi begirada ondo bereziak: batetik, oso deskriptiboa da, betiere datuei jarraikiz idatzia, eta, bestetik, euskararen biziberritzeari buruzko hainbat kezka, balorazio, gogoeta eta iradokizun eskaintzen dira amaieran, azterlan deskriptiboarekiko bereizita, apunte moduan, epilogoa bailitzan.
https://www.diariovasco.com/buruntzaldea/andoain/patxi-baztarrika-conocer-20201218001650-ntvo.html
1981-2016 bitarteko urtealdian euskarak Andoainen izan duen bilakaera soziala aztertzen du liburuak (kasuren batean kontuan hartzen dira 2020ra arteko gorabeherak ere), eta horretarako datu soziolinguistiko ugari azaldu eta elkarren artean konbinatzen ditu, besteak beste honako adierazle hauen gainean: bilakaera soziodemografikoa, irakaskuntzako hizkuntza ereduak, helduen euskalduntzea, lehen hizkuntza, hizkuntza gaitasuna eta euskararen erabilera hainbat eremutan (etxean, kalean, merkataritzan, finantza kontuetan, Udalarekiko harremanetan, osasun zerbitzuetan). Aipatutako bilakaeraren analisia egiteko bi norabidetan jarri dut fokua. Izan ere, euskaldunek, erdaldunek eta euskaldun pasiboek osatzen duten Andoaingo gizarte osoaren talaiatik ez ezik, euskaldunen arteko komunitatearenetik ere egiten baita azterketa. Begirada bikoitza da, bada, azterlan honek kontuan hartu duena. Beraz, lehenik eta behin, askotariko datuen eskutik, “non ginen eta non gaude” galderei erantzuteko ahalegina egiten da liburuan, eta, azkenik, “norantza goaz” galderari buruzko gogoetak planteatzen dira.
Hain zuzen ere amaierako gogoeta horien harian, liburuaren sinopsiatzat har litekeen testu hau ageri da kontrazalean:
“Ikaragarria izan da, Andoainen ere, euskararen hazkundea hiruzpalau hamarkadotan. Andoaingo biztanleen erdia baino gehiagok badaki euskaraz hitz egiten, hamarretik zazpik ulertzen du eta erabilgune berriak irabazi ditu euskarak. Prozesua amaierara iristeko, ordea, hazkunde-etapa asko geratzen dira egiteko. Etorkizuna idazteke dago, eta oso arriskutsua litzateke “euskararena, kontu batzuk gorabehera, funtsean, eginda eta bideratuta dago” uste izatea. Arriskutsua, ez bakarrik biziberritze prozesuari oraindik bide “luze eta malkartsua” geratzen zaiolako egiteko, baizik eta hazten jarraitzea eta euskararen funtzionalitatea eta bizi-indarra areagotzea delako orain arteko hazkundeari atzerapausorik gabe eusteko bide bakarra. Hain da erraza atzera egitea! (…) Hiztunak eta erabiltzaileak baitira euskarak, behar, benetan eta nahitaez behar dituenak”.
Koldo Mitxelenaren 1981eko aipu batekin amaitzen da liburua, non, hark, Xabier Letek Muga aldizkariko elkarrizketa batean egindako galderari erantzunez, bere iritzian euskararen erabilerarako funtsezko eremua zein ote den adierazten baitu. Mitxelena handiak orduan esandakoak gaurkotasun erabatekoa izaten jarraitzen du, eta izango ditu aldekoak, kontrakoak eta ez hain aldekoak edo hain kontrakoak. Liburua ez da amaitzen, beraz, ateak itxiz, alderantziz, askoren artean egin beharreko hausnarketa behar-beharrezkoari ateak luze-zabal irekiz baizik. Jon Sarasuaren hitzaurre argi beteak ederki laguntzen du hausnargaiak zedarritzen.