Jorge lagunaren oroiminez

LAGUNAREN OROIMINEZ

Etorriko da zure soaz heriotza

Heriotzaren begiak

Etorriko da zure soaz heriotza
gor, logabe, alhadura zaharren gisa,
goiz nabarretik gauera alboan dugun
ohidura zentzugabe bat bailitzan.

Zure begiak alferrikako hitza izanik
garrasi mutu, isiltasun oro isil,
goiz bakoitzean aurkitzen dituzu adi
ispilura begiratuz, ilun, hurbil.

Jakinen dugu egun hartan, o itxaropen!
bizitza zarela eta ezereza,
guztiontzat du heriotzak soa zorrotz
bakar, mutu, leizera jaitsiko gera.

Urratuko da ezpain hertsien keinua,
aurpegi arrotza leihoaren ondoan,
usadioen guneak desitxuratuz
biluztasuna nagusitzen denean.

Zure begiak argi grisaren errainu,
mendi ilunen goizorduko izotza,
esnatzearen dardara eta ikara
kale hutsetik hurbiltzen zarenean.

Jakinen dugu egun hartan, o itxaropen!
bizitza zarela eta ezereza,
guztiontzat du heriotzak soa zorrotz
bakar, mutu, leizera jaitsiko gera.

(Cesare Paveseren poema baten moldaketa, Xabier Letek egina)

2023ko abenduaren 20a kolore ilunez markatua geratu zitzaigun egutegian, betirako goibel. Izan ere, egun hartantxe zendu zitzaigun Jorge (Giménez Bech) laguna, adiskide on eta kutuna, lankide argia, zorrotza eta nekaezina, eta eskuzabala esandako hori guztia bezain. Zegoen tokian zegoela, estridentziarik gabe beti, baina oharkabean inoiz ere ez zelarik geratzen, nola ez da izango handia bere behin betirako ihesak utzi digun zuloa. Bere gizatasunaren pareko zuloa, egunak eta asteak pasa ahala ezinbestez nozitzea tokatzen zaidanez.

Zendu zen egun berean, Irungo Areso tanatoriotik etxeratu eta ordu gutxira, artean erdi shock egoeran noski, eskuko telefonoa hartu eta ondorengo mezua atera zitzaidan Facebook eta X-eko kontuetan jartzeko. Horixe egin nuen. Honela zioen mezuak:

“Eskerrik asko, Jorge, guztiagatik, hik eta nik dakigun denagatik, 40 eta piko urteotan eskutik helduta partekatu ditugun hainbeste ekimen, eginahal eta bizipenengatik. Gugan hago eta gugan jarraituko duk. Ez adiorik”.

Hurrengo egunean, abenduak 21 zituenean, Santo Tomas egunez, azken agurra egin genion tanatorioan, Areson, justu gorpua hauts bihurtu aurretik. Mertxeri (Etxebeste) eta Oierri (Giménez) esker, hitz batzuk esateko zoria izan nuen Gontzalek (Iñarra) eta Joxefek (Auzmendi) musikarekin eta Mertxeren iloba batek aurreskua dantzatuz goxatu zuten agur-ekitalditxoan. Bertan ginen, Jorgeren senideen eta Mertxerenen ondoan, Oierren alboan, haiei lagundu gogoz, hainbat lagun, guztiok ere Jorgeren ausentzia irentsi ezinean, ezinbestez agur esan beharrean. Mintzalditxo hartan esandakoetatik zati bat dakart hona:

“Iritsi da despedidako momentua.

Gure gogoaren kontra, horrenbestez, egin beharreko despedida.

Gure lagun, senar, aita, aitona, senide Jorgeren despedida.

 Min gara, min etsia. Mindura gailendu zaigu. Doluz beterik utzi gaitu.

Gure gorputzaren zati bat zartada batean kendu baligute bezala sentitzen gara.

Egun hauetan negar asko egin dugu, eta oraindik egingo duguna!

Asko maite baikenuen Jorge, eta asko zor diogu, asko dugu berari eskertzeko eta aitortzeko. Nik, asko.

 Poetak esan eta kantatu bezala, “malkoak euri balira” moduan isuri zaizkigu egunotan malkoak.

Baina gaur, minduraz blai gauden arren, behartuta gaude lasaitasunez aritzera, Jorgek egingo zukeen bezala. Momentu zailetan ere lasaitasunari, serenitateari eusten maisutasun ikaragarria erakutsi digu Jorgek.

 Idazle, editore, itzultzaile, sortzaile, ekintzaile, militante… gutxienez hori guztia izan da Jorge, egun hauetan hedabideetan hainbat eta hainbatek ederki asko gogoratu dutenez.

Baina guztiaren oinarrian, beti izan dena da, poetaren hitzak baliatuz, “makurka ta poliki, bizkarrezurra oker, zerbitzuko lanean, zerbitzuko lanean, bururik altxa gabe badoa ta badoa”… gure Jorge.

 Badakit topikotzat hartzen direla hitz hauek, baina hemen gauden guztiok dakigu Jorgeren kasuan egiazkoak direla: argia, ausarta, langile nekaezina bezain zorrotza, umoretsua, alaia, ironiaren erabiltzaile aparta, lankide fina, lagunari ezetz esaten ez zekiena, elegantea, dotorea, dotoreziaren praktikatzailea, gorrotoaren etsaia, irundar peto-petoa, nahiz eta ez zen Irunen euskaldundua, Valladoliden baizik. Horretan ere berezia gure Jorge. Diskrezioaren maisua, diskrezioz bizi eta diskrezioz zendu nahi izan du. Bere lagun handi batek atzo sareetan idatzi bezala, “gorputzez handia, handiagoa izaeraz”.

 Horrela oroituko dugu Jorge.

 Maite haugu, Jorge!

Adiorik gabeko agurra duk hau.

Gugan hago eta gugan jarraituko duk”.

Jorgek berak imajinatu ere egingo ez zukeen neurriko oihartzuna izan zuen haren heriotzak. Erreakzioen zenbatekoak eta nolakotasunak agerian utzi zuen zenbaterainokoa zen Jorgek erein eta ondutakoa, zenbaterainokoa utzi zuen arrastoa. Berak ez zuen ikusi ahal izan zenbat (asko) eta nortzuk (askotarikoak) hurbildu ziren Irungo tanatoriora azken agurra ematera. Jorge harri eta zur geratuko zatekeen berak irabazi eta metatutako aitormen eta maitasun erakustaldi haren aurrean. Lastima, hik ezin ikusi, komandante! (Oso gertuko lagunok gure arteko giroan komandante deitzen genion, berak besteongan zuen itzalaren aitormen gisa).

Hedabideetan ere, idatzizkoetan bezala telebista eta irratietan, denek nabarmendu zuten Jorgek euskal literaturari eta kulturgintzari, zein euskararen biziberritzeari egindako ekarpena. Gehienek azpimarratu zuten, baita ere, bizikidetzari egin zion ekarria, bereziki aho bizarrik gabe idatzitako “Inoiz babestu behar ez zena” / “Lo que nunca se debió amparar” artikulua tarteko (Jorgeren aita, José Giménez  Mayoral, ETAk tiroz erail zuen 1982ko urrian, eta erailketa hura oinarritzat hartuta idatzi zuen aipatu artikulua Jorgek, ezker abertzaleak 2021eko urrian kaleratu zuen adierazpenari aurre eginez).

Inoiz babestu behat ez zena (Jorge Giménez Bech)

Lo que nunca se debió amparar (Jorge Giménez Bech)

Ez da nire asmoa Jorgek sortzaile eta ekintzaile gisa hainbat esparrutan egin zuena kontatzea, hainbat tokitan dagoeneko aipatu eta nabarmendu baitute  hori guztia. Ikus, adibidez, horren guztiaren laburpena hemen:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Jorge_Giménez

Jorgeren erretratu moduko artikulu aski bikainak ere irakurri ahal izan genituen egun haietan. Hona hemen haietako batzuren erreferentziak irakurri nahi lituzkeenarentzat eskuragarri.

Ezer ez da zeken (Inazio Mujika Iraola)

Jorge (Irati Goikoetxea)

Jorge eta Beñardo (Elena Etxegoyen)

Bizitza noiz eta nola den eder (Anjel Lertxundi)

Areso tanatorioko azken agurreko hitzen ondoren, pentsatu nuen aurrerago idatziko nuela beste zeozer patxada pixka batekin. Nire adiorik gabeko agur partikular zabalxeagoa egiteko premia sentitzen nuen, elkarrekin izandako bizipen batzuk gogoratuz, eta horrela, gainera, lagun ausentea presente mantentzeko aitzakia izango nuke. Hala, handik hilabete eskasera, urtarrilaren 15ean, ordenagailu aurrean eseri eta teklak astintzen hasi nintzen. Alferrik! Urtarrilaren 15a data markatua zen. Izan ere, egun horretan Jorgek 68 urte beteko zituzkeen, eta nik, urte askotan bezala, telefonoz deituko niokeen zorion agurra eman eta nik hari eta hark niri botatako zirikadaren bat edo besteren bueltan barre batzuk egingo genituzkeen… hilabete lehenago itzulerarik gabeko ihesean alde egin ez balu, jakina. Kontua da, egun horretan, saiatu arren ez nintzela gauza izan Jorgeri begira taxuzko ezer moldatzeko.

Asko kostatzen baita, zenbaitetan ezinezkoa izateraino kostatu ere, bihotzez maite duzun lagun baten heriotzaren zartadari aurre egitea. Ondo dakigunez, oro har kosta egiten da errealitatea bere gordinean onartzea. Eta onartzeko zail diren errealitateen artean nagusietako bat maite dituzun pertsonen heriotza izango da. Pentsalari ugariri irakurri izan diogu ez litzaigukeela zail izan behar norberaren heriotza -eta asko maite ditugunena- onartzea, heriotza bizitzaren parte bereizezina denez gero. Esanak esan, ez da erraza, zaila baizik, azaltzea zer sentitzen dudan Jorgeren behin betiko ihesaren aurrean, zaila zaidan bezala ospitaleko ohean ordurako atzerabueltarik gabe lokartua zegoela eman nizkion musuak azken besarkadak zirela onartzea. Kirmen Uribek poema batean dioenez, “heriotzaz jabetzea da ditugun egitekoen artean zailena”.

Nolanahi dela ere, zorionekoak gu hainbeste urtetan Jorge bidelagun izateagatik. Paradoxikoa da: zori horren handia da eramanezinezko bihurtzen duena haren heriotzak utzitako zuloa, eta aldi berean oroitzapen eder hori bera da zulo horren mina zertxobait behintzat leuntzen diguna.

Berrogeita bost bat urte izango dira Jorge eta biok ezagutu ginela. Orduz geroztik, ez noski beti intentsitate berarekin baina etenik gabeko harremana izan genuen,  huntaz eta hartaz arituak gara elkarrekin, niretzat beti izan zen lankide eskuzabala eta babeslea. Zenbat galdera, zenbat iritzi truke… eta gure mundu(txo)an politikoki egokiak ez izanik, lagunak egiteko balio ez duten iritzi horietakoak plazaratu edo ez galdetuta, bueltan berak beti erantzun zintzoa eta babesa: “hori esan egin behar da, ondo esanda zegok eta esatea tokatzen zaik”. Ezin konta ahala bizipen partekatuak gara. Denetarik izan genuen, jakina. Une zail eta gogorrak bezala goxoak eta xamurrak, proiektu eta lanketa asko eta askotarikoak partekatu ditugu, adostasunak eta desadostasunak bizi izan ditugu, begirada guztiak ere ez dira izan gozoak, izan ditugu baita zorrotzak eta tentsioz bustiak ere, nola ez… berrogeita bost urtean modu askotako egokierak izaten baitira zurikeriarik gabeko harreman jori eta leialetan, eta halakoa izan da gure artekoa. Bera beti hor, eskuzabal. Gertakari bat aipatzeko, “Babeli gorazarre” liburuaren idazketa garaia aipatuko nuke. Liburu hura idatz nezan akuilu, bultzatzaile eta animo emaile etengabea izan zen bera niretzat, oso gertuko beste lagun batzuekin batera. Haren enpeinua izan zen gaztelaniazko bertsioa prestatu eta argitaratzea ere. Hark egin zuen nik euskaraz idatzitakoaren gaztelaniazko itzulpena. Deskantsurik gabe jotzen genion adarra elkarri, eta askotan entzun behar izan nion originalaren (Babeli gorazarre) aldean askoz hobea zela itzulpena (Babel o barbarie).  

Oso atzera begiratu eta gogoan dut elkarrekin ginela EIAn, sorrera beretik hasita (1977an izan zen hori, artean legez kanpo, 1978an legeztatu zen eta). Elkarrekin ginen EEren sorreran, eta elkarrekin izan ginen EEren bizialdi guztian, alderdia zatiketarekin bukatu zen arte. Elkarrekin ginen EEren zatiketaren ondoko EUEren sorreran, eta hala jarraitu genuen erakunde haren bizialdi labur bezain trinko guztian (1992an sortua, 1995ean desegina bere erabakiz). 1993ko Espainiako Estatuko Gorte Nagusietarako hauteskundeetara aurkeztu zen EUE, EArekiko koalizioan. Hain zuzen EA-EUE koalizioaren Kongresurako Gipuzkoako hautagaien zerrendan biok izan ginen EUEren ordezkari.

Euskararekiko eta hizkuntzen bizikidetzarekiko kezka ere betidanik partekatu genituen kezka nagusietarikoa zen. 1980ko hamarkadaren hasierako urteetan sortu ziren euskararen erabilera sustatzeko lehenengo lanpostuak Euskal Herriko hainbat udaletan. Ni neu 1980ko azaroan hasi nintzen Andoaingo Udalean -Autonomi Estatutuak euskararen ofizialtasuna deklaratu eta urtebetera, Euskararen legea onartu baino bi urte lehenago-, eta 1984an Jorge Irungoan, bertako Euskara Zerbitzuburu. Dena zen berria, dena geneukan ikasteko, dena deskubritzeko; hori bai, euskararen erabilera sustatzeko ilusioz eta konpromiso-izpirituaz eta militantismoz blaitutako herri langileak ginen. Euskara sustatzea helburutzat hartu zuten hainbat udaletan hasi berritako itzultzaile eta normalizatzaileak elkarlanari atxiki gintzaizkion berehala, eta UETS (Udaletako Euskara Teknikarien Sarea) sortu genuen. Beste pare bat dozena lagunekin batera, han ginen hasiera beretik Jorge eta biok, eskuz esku. Batzuen eta besteen asmoak eta ideiak kontrastatu, bakoitzak bere Udalean abian jarritako ekimenak partekatu, zenbait ekimen elkarrekin abiarazi eta koordinatu, denok denongandik eta denekin batera ikasi… Bagenuen zereginik (ia) dena egiteko zegoen eta.

Hamarkada hartan, zehazki esanda 1988an, EEko zuzendaritzak Euskara Batzordea sortu zuen, alderdiaren hizkuntza politikaz arduratuko zena, gizarterantz begira nahiz etxe barrura begira. Niri egokitu zitzaidan Batzorde haren ardura hartzea, eta lehen unetik Jorge ere batzordekide izan zen, parte hartze aktiboa izan zuen, buruz buru jardun ginen hartan ere.

“Bakoitzari berea omen gizalegea”. Esan dezaket Jorgek lankidetzaren bat eskatu nion guztietan jarri zuela bere alea. Halako ekarpenak, ordea, ez dira beti ezagunak izaten. Aipatu nahi ditut hemen era horretako bizpahiru ekarpen esanguratsu. Kasu batek 1997ra garamatza. Euskal Ezkerrak, desegin zenean, Talaia fundazioa eratu zuen, eta fundazioaren ekimen nagusietarikoa izan zen izen bereko aldizkaria sortzea, TALAIA, pentsamendu eta hausnarketarako aldizkaria. Kepa Aulestia eta biok ginen aldizkariaren zuzendari. Behar genuen aldizkariaren alde grafikoaz arduratuko zen norbait. Profesional bikaina eta, aldi berean,  proiektuarekin identifikatuko zena behar zuen izan.  Ez daukat ahazteko nola joan nintzen Irunera, eguraldi zakarreko arratsalde batean, Jorgeri proposatu eta eskatzera bere lankidetza. TALAIA aldizkariak lau urteko ibilbidea izan zuen, 2001ean argitaratu baitzen azken zenbakia. Jorge izan zen ibilbide guztian, lehen zenbakitik azkenekoraino, aldizkariaren diseinu eta maketazioaz arduratu zena, baita azalak egin eta zenbait argazki moldatzeaz ere. Aldizkariko kredituetan ageri den Junkal Motxaile izengoitiaren babesean zegoena Jorge zen. Lortu zuen oso baliabide urriekin diseinu zaindu eta modernoko aldizkaria argitaratzea, irakurlearentzako objektu atsegina, askoren esanetan.

       

Beste ekarpen garrantzitsu batek 2002. urtean kokatzen gaitu. Hainbat urtetan gure herriak nozitu duen ankerkeria larriena eta gizartearen aurkako praktikarik gizagalduena terrorismoarena izan da. Biktimak izan dira indarkeriak eragindako ondorioen zauri eta aurpegirik gogorrena, eta, oro har, denbora luzez ez zuten jaso zor zitzaien behar besteko elkartasuna, babesa eta bihotz-berotasuna. Roman Sudupe (EAJ-PNV) Gipuzkoako ahaldun nagusi zela haren gabinete buru  izan nintzen (1999 – 2003), eta ondo gogoratzen dut esaldi bat Romanek behin eta berriz errepikatzen zuena: “terrorismoaren biktimenganako elkartasun eta gertutasunean egiten den ezer ez da gehiegi, dena egin behar da; alegia, hobe gehiegi, gutxi baino”. Agerikoa zen Roman Suduperen biktimenganako  elkartasuna, haren gobernu jardunean nabarmen asko bistaratua. Jarrera horren erakusle bat da  Gipuzkoako Foru Aldundiak indarkeriaren biktimen oroitzapenetan 2002ko abenduaren 12an,  halakoak ohikoak ez ziren garaian, Gipuzkoa Plazako Jauregian egin zuen ekitaldi nagusia, terrorismoak Gipuzkoan utzitako dozenaka biktima bertan zirela. Ekitaldi hartan Roman Sudupe ahaldun nagusiak okasiorako beren-beregi prestaturiko adierazpen instituzionala irakurri zuen. Suduperen irizpideei jarraiki gaiak eskatzen zuen sakontasunez landutako adierazpena izan zen hura, eta prestaketan ari ginela besteak beste Jorgeri ere eskatu genion laguntza, ekarpenak egin zitzan. Jorgek egindako ekarpen baliotsuak jaso zituen Romanek, une hartan ere mugarri izan zen haren adierazpenean.

Ekarpen esanguratsuen aipamenetan azkenerako utzi dut Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) baitakoa. 2013-2017 bitartean, EAJ-PNVren gobernualdian (Iñigo Urkullu lehendakariaren lehenengo agintaldiko gobernuan, alegia) HPSko ikerketa eta koordinazioko zuzendari izan zen.  Nik sailburuorde gisa bigarren legealdia nuen eta buruz buru jardun ginen hainbat proiektu abiarazi eta gauzatzen. Jorgeren parte hartzea eta kudeaketa tarteko zela garatuak dira garai hartako proiektu sendo asko; besteak beste,  batzuk aipatzearren, lan munduko LanHitzen eta Bikainen garapen berritua, EUSLANen bitartez enpresekin burututako lankidetza berria, Euskadin ziharduten finantza erakunde guztiekin eta merkataritzako salmenta gune handiekin adostutako lankidetza hitzarmenak, VI. Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen Adierazle Sistema (EAS), Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen lanketa (EGOD), Euskararen Aholku Batzordearen antolaketa eta bultzada berritua, eta 20 urteko proiekzioaz euskarari buruz egindako “Eta hemendik aurrera zer?” hausnarketa estrategikoa. NPLD – Europako Hizkuntza Aniztasunaren Sarearen presidentzia izan genuen urteetako kudeaketan ere (2015-2017) elkarrekin ginen eta parte hartze ezinago garrantzitsua izan zuen. Baina esana utzi nahi dut, 2005-2009ko legealdian ere (Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren azkeneko agintaldian), neu sailburuorde lehenengo aldiz nintzela, nahiz eta bera ez izan orduan HPSko partaide, laguntza eskatu genion guztietan beraren kolaborazioaz baliatu ginela. Zehazki, Euskara 21 prozesua gizarteratzerakoan eta azken buruko txostenaren idazketan, besteak beste, Jorgeren lankidetza emankorra izan genuen.

Eusko Jaurlaritzan kontsumo arloan jarduteko eskumena zuten ataletako arduradunak Eusko Legebiltzarrean izan genuen agerraldian (2015, otsaila, 9). Besteak beste, Jorge Giménez Bech. Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak aztergai

 

Jarraitu nezake elkarrekin partekatutako bizipen gehiago kontatzen. Honetan utziko dut. Ulertuko da, noski, hainbeste bizipen tartean izanik, barruak hustu eta oroimenean aritzeak haren galerak eragindako mina baretzen laguntzen duela. Mugaz gaindiko gizona genuen, Jorge, hitzaren adiera bat baino gehiagotan. Bidasoako triangeluak bizi zuen: nork atera hura handik, Hendaia – Hondarribia – Irun hirien hesibarrutik! Eta nork atera hura sukaldeko lanetik, hitzaren adiera guztietan, kasu honetan ere. Uste dut sukaldatu, kozinatu eta lagunei jaten ematea bere plazerik handienetakoa zela, eta horretarako sukaldean orduak eta orduak sartzen ikustea beste horrenbesteko plazera zen guretzat, espektakulu hutsa. Nola gozatzen zuen besteon aho-sabaia elikatzen! Jaki ondo goxoak gozatuak gara. Ez dugu jada ukitu katalaneko saltsan pipertutako halako ahaterik jango. Misterioa: beste guztiok hark jarritakoa jan eta jan, baina berak apenas ezer askorik jaten zuen, probatu baino askoz gehiago ez. Adarra jotzeko makinak beti erne genituenez, zenbat aldiz ez ote nion esan “konfiantza itsua edota bestela inkontzientzia behar dik hik jarritakoa jateko, herorrek ez duk jaten eta”.

Urtebeteko borrokaldiari azkenean ihes egitea erabaki zuen. Gogoratzen dut —nola ahaztu! — 2022ko abenduko iluntze hartan telefonoz deitu eta sosegu osoz nola kontatu zidan, medikuak esan berri zionez, gaitz malapartatuak harrapatua zuela. Urtebete eman zuen ohiko diskrezio eta dotoreziarekin, lan eta lan, proiektu berriak mamitzen,  nahiaren eta ezinaren arteko borrokan, nahia ezinari gailenduz… ezina gailendu zitzaion unera arte. Badakit bizitza eta heriotza onartzea dagokigula ezinbestez, baina lagunek ere bizi gaituztenez, lagunaren oroitzapenarekin bizitzen jarraituko dugu, adiorik gabe, gugan dugula.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.