GOIENAK 25 URTE, BIDEGILE ETA BIDERAKUSLE

Herenegun, abenduaren 1ean, Bergarako Seminarixoan izan ginen, Goienak gonbidatuta. 25 urte bete dituela-eta, horixe ospatzeko ekitaldi berezia antolatu zuen Komunikazio Taldeak. Ekitaldia ederretan ederra izan zen, sotiltasunean handia, goxoa eta atsegina. Laurehunen bat lagun elkartu ginen, asko eta asko, gehienak nire ustez, Debagoienekoak. Izan ere, Debagoieneko milaka bizilagunen familia kide leializatera iritsi baita Goiena. Urtez urte, egunero, hutsik egin gabe, eskualde horretako milaka etxetako sukalde eta egongelatan presente dagoen familia kide bihurtu da.Interneten eskutik nola fisikoki, paperean ez bada telebista bidez edota sakeleko telefonotik bezala beste zenbait tramankulutatik… nola edo hala, betiere milaka debagoienatarren eguneroko bizitzan presente. Badirudi hori azpimarratu nahi izan dutela 25 urte bete dituzten honetan, aukeratu duten leloak erakusten duenez: “zure istorioei esker, denon historia”. Komunitateari eskerrak emateko baliatu dute lehenbiziko mende laurdena, hain justu Goienkariaren lehen zenbakia etxez etxe banatu zutenetik 25 urte bete diren egun berean. 

Ezer gutxi izan ohi da, ezer baldin bada, ezerezetik sortua. Goienak ere, jakina, baditu aurrekariak. Duela 25 urte kaleratu zen Goienkaria haren aurrekari nagusia esango nuke Arrasate Press dela, euskarazko lehenbiziko herri astekaria,1988an Arrasaten sortua, Joxe Arantzabalen gidaritzapean. Haren ondoren etorri ziren Goienaren aurrekari diren beste batzuk, Berrigara, Aretxagazeta, Zer barri?, Kontuola edo Goibekokale, guztiak Debagoienan.

Hainbat eta hainbatek landaturiko sustraien gainean sortua, 25 urteotan erro propioak finkatu ditu Goienak, inoizko sendoenak, bere lanari eta ahalegin etengabeari esker. Gaur egun Debagoieneko komunitatearen nolabaiteko parte bereizezina dela esan liteke. Bere ibilbidea egiterakoan askoren askotariko bultzada, laguntza eta babesa izan ditu, besteak beste Euskadiko eta eskualdeko herri erakundeena, eskualdeko hainbat eta hainbat euskaltzalerena, euskararen sustapeneko hainbat organismorena eta bere langile eta kolaboratzaileena. Nolanahi ere, nire iritzi apalean, Goienak 25 urteotan lortu duen sendotasuna lortu izatearen gako nagusia da bere jardunaren erdigunean, bere burua jarri beharrean, Debagoieneko euskaldunen komunitatearen komunikazio premia eta gogoa jartzen ahalegindu izana, besteak beste komunitatearen askotarikotasunari bizkarraerakutsi gabe.  

25 urte bada zerbait, askotarako ematen dute, eta lehenbiziko Goienkariarekin hasi eta ondorengo mende laurden horretan asko aldatu da Goienaren komunikazio jarduna. Agian aldatzen jakitea eta komunitatearen gogoetara eta garai bakoitzera egokitzen asmatu izana da Goienaren beste ezaugarri bat. Agian hori ere azpimarratu nahi izan zutelako -edota etorkizunean ere aldatzen jarraituko duela iragarri nahi zutelako, batek jakin!- eman ziguten “Dena aldatzen da” kantuaz gozatzeko aukera ekitaldian. Gozatu genuen, bai.Julio Numhauser musikari eta konpositore txiletarrak sortua da “Todo cambia” izeneko kantu ederra, besteak beste Mercedes Sosaren ahotsean urte askotan entzuna. Bergarako Seminarixoan Ines Osinagak kantatua entzuteko zoria izan genuen. Zorionekoak gu, oso interpretazio hunkigarria izan baitzen Osinagak egin zuena, bikaina benetan. Goienaren ezaugarri garrantzitsuetariko bat nabarmentzeko modu egokia iruditu zitzaidan.  

25 urteotan Debagoienetik euskararen sustapenerako alea jarri du Goienak, eta jartzen jarraituko ahal du, euskaratik euskaraz egindako ekarpena baita komunikaziogintzari oro har egin diona. Tokiko komunikazioa, toki hedabideak… euskarazko komunikazioaren gune nagusietarikoak dira. Hedabideen munduan, Euskadiko hainbat herri eta eskualdetan euskarazko toki hedabideak dira erreferentzia nagusia. Eta horretan bidegile eta biderakusle izan da Goiena, bidegile eta biderakusle tokiko kazetaritzan oro har eta bereziki euskarazkoan. 25 urteak baliatu ditu Goienak komunitateari eskerrak emateko, baina Goienari berari zor zaio garatu duen aitzindaritzaren aitortza eskerronez beteriko zorion agur batekin bueltan egitea. Txikia handi izan litekeela erakutsi baitu.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.