Etapa batetik bestera, adiorik gabeko agurra

Badira bi hilabete eta erdi, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ez naizela. Gauza guztiek dute hasiera eta amaiera, eta 2016ko abenduaren 30ean iritsi zitzaion ixteko ordua, 2012ko abenduan ekin nion sailburuorde arduraren etapari. Orain, egunotan, martxoko aste honetan, beste etapa bati ekin diot, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuan, hain zuzen ere. Euskararen sustapen eta normalizaziogintzari lotuta jarraituko dut, beraz.

Etapa bat itxi eta bestea hasten dudan une honetan, nahi izan dut nire blogeko irakurleentzako adiorik gabeko agurra egin. Balio beza mezu honek xede horretarako.

Zortzi urte egin ditut Hizkuntza Politikarako sailburuorde lanean, bi alditan banatuta: 2005-2009 eta 2012-2016. Horrela, bada, 2012ko abenduaren hondarrean heldu nionean, ezaguna zitzaidan hizkuntza politikako erantzukizuna, nahiz eta azken lau urteotako testuingurua, zirkunstantziak eta taldekide gehienak, ez denak, diferenteak izan 2005-2009koarekin alderatuta. Eta ezaguna zait, halaber, nahiz eta hori ere seguru diferentea izango den, Andoaingo Udaleko Euskara teknikari lana. Izan ere, 1980an hasi nintzen (36 urte!) Andoaingo udalean euskararen sustapenean, itzultzaile, Euskara Zerbitzuaren sortzaile, teknikari… Estimu handitan ditut Andoain eta Andoaingo Udala.

Lau urteotan egindako lana dela-eta, hitz goxo eta esker oneko asko jaso ditut bi hilabeteotan, hitzez ez ezik idatziz, askotariko (zentzu guztietan diot ‘askotariko’: lanbidez, jardueraz, lurraldez edo joera ideologikoz) pertsona eta entitateren eskutik. Aitor dezadan gustura hartu dudala euskalgintza sozialetik —eta instituzionaletik—, eta gizarteko arlo ezberdinetako jendeengandik esker oneko agurrez blaitzea. Biziki eskertzen ditut esker oneko agurrak, eta nire blogeko mezu hau baliatu nahi dut urteotako lanagatik eskerrak eman dizkidaten guzti-guztiei ESKERRIK ASKO BIHOTZEZ hizki larrietan esateko, nigandik jaso ditzaten niri bidalitako esker-hitzak halako bi.

Ohore eta erantzukizun handia izan da niretzat, hainbat hamarralditan euskararen biziberritzearen alde zuhur eta tinko jardun dutenek sortu eta bultzatu duten langintzan parte hartzea, duela urte asko, dena egiteko zegoenean, beste batzuek hasi eta bultzatu zuten bidean beste askorekin jarraitzea. Niretzat ohore handia izan da, eta aukera paregabea, lau urteotan, 2005-2009ko etapari segida emanez euskararen bizi-indarra areagotzeko lanean jardutea, asko eta askotarikoekin elkarlanean. Euskara euskal gizarte konplexu eta irekiaren erdigunerago jartzen ahalegindu gara, euskaltzaleen edo euskaradunen edo joera soziopolitiko jakinen epelean zokoratu gabe. Hain zuzen ere, euskarak, hizkuntza bizia izango bada, gizarteratzea eta gizarte zabalak bere egitea baitu nahitaezko. Ahalik eta adostasun sozial eta politiko zabalena  ehuntzen ahalegindu gara, gure gizartearen pluraltasunaz jabeturik eta pluraltasun horren balio positiboan itsu-itsuan sinetsirik. Euskaldunek eutsi diote mendetan zehar euskarari,  eta orain ere euskal gizartea da -bere bultzadekin bezala bere mugekin- euskararen bizi-indarra areagotzeko bidean pixkanaka-pixkanaka aurrera doana, batzuek nahi baino geldoago, bestek gura baino arinago. Aurrera, gizarte-babes handiarekin eta pitzadura barik.

Lankidetzaren balio eta premian sinesten dugunok badakigu zeinen garrantzitsuak diren herri-aginteen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatu eta soziala, egiazko lankidetza. Langintza honetan asko izan gara elkarren lankide. Lankideak izan ditut eta lankide izan naute Jaurlaritzan; lankideak izan ditut eta lankide izan naute  hiru foru aldundietan eta udaletan,  Nafarroako gobernuan eta Euskararen Erakunde Publikoan; lankideak izan ditut eta lankide izan naute euskalgintza sozial zabalean, eta, jakina, euskal gizartearen arlo bat eta besteko entitateetan. Euskararen erabilera sendotzea izan dugu helburu bakarra, jakinik helburu hori premiazkoa dela ekitatean, aukera-berdintasunean eta askatasunean oinarrituriko elkarbizitzarako; eta, hain zuzen ere, helburu hori hartu dugu interes publikoaren definiziotzat, edonolako interes partikularren gainetik. Ezin esan gabe utzi oso gustura jardun dugula Europako eta Amerikako hainbat hizkuntza gutxiagoturen komunitatetako lagunekin ere lankidetzan.

Aipatutako interes publiko horren bila jardun dugu, zuzen edo oker, hobeto edo makalago, ez beti nahi bezain eraginkor —hala da hori ere—, baina beti zintzotasunez eta bazterkeriarik gabe. Eta gardentasunez, guztientzat joko-arau berak eta aukera-berdintasuna aplikatuz. Zintzotasunez eta gardentasunez, bai hizkuntza politika bera finkatu eta garatzerakoan, eta baita ere diru eta baliabide publikoak kudeatzerakoan. Hilabete biotan jaso ditudan dozenaka agur hitzen artean badira hiru, euskalgintzaren erpinean dauden hiru entitatetatik jasoak, esaten ari naizenerako aproposak iruditzen zaizkidanak, bat datozelako egindako ahaleginaren espirituarekin. Honela dio batek: “Ñabardurak ñabardura, bada gauza bat nik behintzat asko miresten dudana: norberak, ari den horretan sinisten duenean, horren alde, trukean ordaindu beharreko prezioari erreparatu gabe, jo eta su ekiten duenean”. Beste batek dio, “har ezazu (halako erakunderen) izenean egindako lanagatik eta elkarlanerako zubiak zabaltzeagatik gure esker ona”. Eta hirugarrenak dioenez, “urte hauetan Euskal Herrietako hainbat eta hainbat agintari, eragile eta herritarrekin lankidetza eta adostasuna etengabe landu, jorratu eta josi”. Ez dakit hori guztia egitea lortu dugun, baina hori izan da, bai, gure lan-taldearen jardunerako espiritua. Eta bidaide izan zaituztegun guztiei bihoazkizue nire aitormena eta esker ona.

Sailburuordetzako lan-talde osoak lan bikaina egin du. Lan bikaina egin du HABEk. Etorkizun hurbilean onduko diren bide berri ugari ireki dira giltzarri diren arloetan. Ez noa horiek guztiak aipatzera, ezta ere baloratzera (asko eta eragin handikoak baitira, nahiz burutuak nahiz abian jarriak), baina bat azpimarratu nahi nuke etorkizunari begira jarrita: ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua eta prozesua. Euskararen Aholku Batzordearen eskutik, dozenaka adituren ekarpen eta adostasun eraginkorrerako grinari esker, datozen hogei urteetarako hizkuntza politikaren oinarriak, eszenatoki soziolinguistikoa eta lehentasunen markoa finkatu eta adostu dira, estrategia bateratua marraztuz. ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentu estrategikoa euskalgintza sozialean eta instituzionalean posible egin duten dozenaka pertsonen lana goraipatu nahi dut. Bidea markaturik dago, elkarlanean eta adostasunean markaturik. Bejondeizuela hori ahalbidetu duzuen guztioi. Orain, garatzea falta da. Ikusita, 2016ko Inkesta Soziolinguistikoan, Eusko Jaurlaritzaren euskararen sustapen politikei buruz herritarrek eman zuten iritzia, bistan dago zer-nolako hizkuntza politikak diren herritarren onarpen zabala, oso zabala, jaso dezaketenak.

Dudan onena ematen saiatu nahiz Hizkuntza Politikarako sailburuorde lanean, eta dudan onena ematen ahaleginduko naiz lanbide ‘berrian’, euskararen erabilera indartzearen alde, gure gizarteko hizkuntza-elkarbizitza harmoniatsu eta gero eta orekatuagoaren mesedean. Ondokoekin eta hangoekin eta hemengoekin konplizitatean, adostasunak ehuntzen. Sailburuorde izateari utzi diot; ez, ordea, euskaltzale konprometitua eta amorratua izateari. Aipatutako elkarlan zintzoan sinesten dut, eta elkarlan zintzo, zabal eta eraginkorraren konplize eta sustatzaile izaten jarraituko dut. Edonolako interes partikularren gainetik, hori ziur; denon hauspoa behar duen euskararen bizi-indarraren mesedean, euskara denontzako habia eta aterpe eroso, koloretsu eta epela izan dadin. Horregatik da hau adiorik gabeko agurra.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.