Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Euskara Batzordeak, gaur egun “Abokatu euskaldunak” Batzordea deitzen denak, urteak daramatza euskara eta zuzenbidea ardatz gisa hartuta hitzaldi-afari-kolokioak antolatzen. Badira hilabete batzuk gonbidatu nindutela eurentzat jadanik klasikoa den ekitaldi horretan hitzaldi bat ematera. Hizkuntza politikaz baina neuk erabakitzen nuen eta gogokoen nuen ikuspegitik hitz egiteko proposatu zidaten. Pozik hartu nuen Bizkaiko abokatu euskaltzale konprometitu hauen gonbidapena, eta oraingoan, afari-kolokioa izan beharrean, bazkari-kolokioa egitea erabaki zuten. Urriaren 20an izan zen hori, Bilbon Bizkaiko Abokatuen Elkarteak duen txoko ederrean. Lorea Bilbao eta Joseba Erkizia adiskideak lagun nituela, bazkaltzen hasi aurretik eman nuen hitzaldia, eta bazkaldu ondoren ekin genion solasaldiari. Giro ezin atseginagoan hitz egin eta eztabaidatu genuen, iluntzeko zazpiak arte luzatu genuen tertulian. Eskatu nien, beraiek eragozpenik ez badute, beste egun batera hitzordua jartzeko, nahi dudalako hizkuntza politikaren gainean dituzten ikuspuntuak patxadaz entzun eta kontrastatu. Finean, abokatu hauek egin bezala egunerokoan euskara bere lanbidean erabiltzen dutenengandik zerikasi handia baitago.
Solasaldia amaitzean inondik ere espero ez nuen ezusteko galanta eman zidaten: euskal makila oparitu zidaten, “begirunez” eman ere, makilan txertatu duten inskripzioak dioenez. Nola eskertu ez nekiela geratu nintzen, hunkituta egia esan. Badakigu euskal makilak zer esan gura duen euskaldunon artean, eta, pixka bat zurbilduta bada ere, nire bihotzeko esker onena eman nahi diet aitormen handiegitxo hori egiterakoan erakutsi duten eskuzabaltasunagatik. Etorkizunean ere elkarren bidelagun izango gara Mitxelenak aipatu zuen “euskararen bide luze eta malkartsu” horretan. Makilak badu euskal makilaren aitormenaren ondoan beste adiera bat ere: bidea egiteko makulua izatearen adiera, bidean aurkitzen diren oztopo, harri kozkor eta sastrakak kentzeko tresna izatearen adiera, ibilbidea egiten jarraitzeko lagun eraginkorra izatearen adiera. Denon artean, elkarrekin, euskararen bidea garbitzeko eta bide hori egiteko erabiliko dugu Bizkaiko Abokatu Euskaldunek hilaren 20an eman zidaten makila.
“Hizkuntza politikaz baina zeuk erabakitzen duzun ikuspegitik egin dezakezu hitzaldia”, esan zidan Igor Muniategik gonbidapena egiteko deitu zidanean. Hainbat aukera alboratu ondoren erabaki nuen gogoeta orokor bat egitea euskararen bizi-indarraren gainean, foko nagusia jarriz euskarak Euskadiko Autonomia Erkidegoan azken hiru hamarraldietan izan duen bilakaera paradoxikoan eta etorkizuneko perspektiban begiz jotako erronka nagusien identifikazio eta komentarioan. Beti izan dut gogoko paradoxen mundua eta errealitatearen aurpegi ugarien irakurketa egitea, errealitateak aurpegi, kolore eta ñabardura ugari baititu. Horixe egiten saiatu nintzen nire hitzaldian, besteak beste VI Inkesta Soziolinguistikoko datu esanguratsu batzuen neure irakurketa propio eta diferente bat abiapuntu moduan eginez; transmisioa eta erabilera jarriz gogoetaren erdigunean.
Euskararen bizi-indarra atzera eta aurrera begira izan genuen aztergai. Euskararen gaineko hainbat irudi eta metaforaz baliatu ginen. “Eta zuk, nola ikusten duzu euskararen botila, erdi hutsik ala erdi beteta?”; “nola dago euskara, osasuntsu al dago? Ondo al goaz?”; “30 urteotan aurreratu duguna baino gehiago ezin ote genezakeen aurreratu?”… horiek eta beste hainbat galdera aitzakiatzat hartu eta erantzun bakarrekoak ez diren galderentzako erantzun bila aritu ginen.
“Euskararen bizi-indarra: begirada bat atzera eta beste bat aurrera” jarri nion izenburu hitzaldiari. Hainbat aurreiritzi kuestionatu eta kolokan jartzen ahalegindu nintzen, une batzuetan Koldo Mitxelena, Pedro Miguel Etxenike eta Joseba Sarrionandiaren hainbat aipu zuhur bezain argi-emaile makulutzat hartuz. Hitzaldian esan eta argudiatu nuenez, atzera eta aurrera aldi berean begiratuta, ikusten dut euskararen auzia dela argi eta garbi irabazten ari garen auzi bat, eta aldi berean dela oraindik irabazi ez dugun auzi bat, eta ikusten dut irabazteko oraindik ere egiteke dugun bidea “bide luze eta malkartsua” dela. Baina ikusten dut bide egingarria dela, baldin eta gizarte osoak beretzat hartzen badu eta zuhurtasunez jokatzen asmatzen badugu, beste zenbait gauzaren artean. Bide horretarako iparrorratz bikaina badugu 2016ko udan Euskararen Aholku Batzordeak aho batez onartu zuena: “Eta hemendik aurrera zer?” kontsentsuzko estrategia dokumentua.
Ea asmatzen dugun iraganean euskal gizarteak itzelezko betekada eman dion euskararen botila betetzen jarraitzen, orain arte betetakoa lurrundu gabe gordetzen eta are gehiago betetzen, botilarekin ere bizikletarekin gertatzen denaren antzekoa gerta baitaiteke: pedalak emateari utziz gero, gelditu eta erori egiten da, eta botila ere betetzen jarraitzen ez bada lurrundu egiten da eta hustu. Lehenago ere hainbatetan esan bezala, pazientzia eta pertseberantzia bi-biak beharko ditugu bidelagun.
Urriaren 20ko hitzaldi horretan, abokatuen artean ari nintzen eta ezin irudi hobea iruditu zitzaidan abokatuaren irudia euskararen hiztunak behar duen funtsezko ezaugarria azaltzeko. Hala, hitzaldiko une batean, entzule nituen abokatuei honako konparazio hau azaldu nien: zuzenbideko graduatuak (edo lizentziatuak) unibertsitateko ikasgelatan sortzen dira, baina abokatuak ez, abokatuak eta juristak epaitegietako lanean, ikerkuntzan eta abokatuen despatxuetako eguneroko lanean jardunez sortzen dira, ez baitira gauza bera zuzenbidean graduatua (edo lizentziatua) eta abokatua: abokatu izateko beharrezko baldintza da zuzen bidean graduatua izatea, baina ez da behar bestekoa. Gauza bertsua gertatzen da hiztun trebearekin ere: euskara ikasten da, bai, nola ez, neurri bikain eta behar-beharrezkoan ikasi ere, eskolan eta euskaltegian, baina euskal hiztun trebea, ez da eskolan edo euskaltegian sortzen, kalean, lanbidean, lagunartean eta etxean baizik.
Nire esker ona Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Abokatu Euskaldunak taldeari hitzaldi-solasaldiaren aukeragatik, eta eman zidaten euskal makilagatik. Ea noiz dugun hurrengo hitzordua.