VI. Inkesta Soziolinguistikoa

Euskararen lurraldeetan hizkuntza politikaren ardura duten hiru instituzioek —Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak— elkarren arteko lankidetza sakondu eta areagotu dute eta, hala, 20 urte eta gero elkarrekin burutuko dute Inkesta Soziolinguistikoa. Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren Presidente Mathieu Bergék, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik eta nik neuk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, VI. Inkesta Soziolinguistikoari dagozkion lanak aurkeztu genituen atzo goizean Donostian egindako prentsaurrekoan. Gainera, Inkestaren hainbat xehetasun ere eskaini ziren. Inkestak 25 urte betetzen ditu VI. edizio honekin. Aipatzekoa da euskararen lurraldeetan hizkuntza politikaren ardura duten hiru instituzioek –Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak elkarren arteko lankidetza sakondu eta areagotu dutela. Lankidetza hau era eraginkorrean egituratu da. Izan ere, hiru instituzioak ordezkatuta dauden batzorde eragilea bildu da eta hainbat erabaki elkarrekin hartu ditugu.

Zer da Inkesta Soziolinguistikoa?

Inkestak Soziolinguistikoak 16 urte edo gehiagoko biztanleen hizkuntza-gaitasuna, euskararen, gaztelaniaren edota frantsesaren ezagutza erlatiboa, lehen hizkuntza, transmisioa, galerak eta irabaziak eta eremuz eremuko euskararen erabilera aztertzen ditu. Era berean, euskararen egoerari buruz nahiz euskararen erabilera normalizatzeko eman beharreko urratsei buruz biztanleriaren jarrerak eta interesak nolakoak diren jasotzen ditu Inkestak. Hala ere, Inkesta Soziolinguistikoak badu bigarren helburu nagusi bat: Euskal Herriko (euskararen eremuko) herri-administrazioen arteko lankidetza sustatzea.

Beraz, esan daiteke Inkestaren helburu nagusia dela zentsu eta errolden maiztasun berarekin —bost urterik behin, alegia— azterketa sakona, jarraitua eta ahalik eta sistematikoena egitea euskararen bilakaera sozialari buruz, era horretara zentsu eta errolden azterketa bidez eskuratutako datuak eta inkestakoak erkatzeko aukera eskainiz, eta, gainera, azterketa hori euskararen lurralde guztietan egitea, EAEren, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Iparraldeko instituzio publikoen arteko lankidetzaren bidez.

Lehendabiziko inkesta soziolinguistikoa 1991n egin zen. Lehen inkesta haren emaitzak 1995ean argitaratu ziren, ‘Euskararen Jarraipena’ izenburupean. Lehendabiziko hartatik bost urtera, 1996an alegia, II. Inkesta Soziolinguistikoa burutu zen, eta 1999an argitaratu. III. Inkesta 2001ean egin, eta 2003an argitaratu zen. 2008an argitaratu zen IV. Inkesta Soziolinguistikoak, berriz, 2006ko datuak biltzen zituen, eta, V. Inkesta Soziolinguistikoak, 2011ko ekainetik abendura bitartean bildutako datuetan du oinarria. 2013an kaleratu zen azkeneko hau. Aurten, beraz, segida honi jarraituz, VI. Inkesta Soziolinguistikoa burutuko da.

Inkesta Soziolinguistikoaren ezaugarri teknikoak:

  • Inkestak aztertzen duen unibertsoa Euskal Herriko (euskararen eremuko) hamasei urte edo gehiagoko herritarrek osatzen dute.
  • Inkesta Soziolinguistikoa bost urtetik behin egiten da.
  • Datu-bilketa egiteko, galdetegi egituratua eta itxia erabiltzen da.
  • Laginketa adinaren, sexuaren eta gune soziolinguistikoaren arabera egiten da. Hori bai, lurraldeka.
  • Urtez-urte inkesta kopurua (inkestatu diren pertsona kopurua) handituz joan da.
  • Inkestak 25 urte betetzen ditu VI. edizio honekin.

Inkestaren helburuak

Inkesta Soziolinguistikoa egiteko lanak abian jarriak ditugula ezagutzera ematea izan zen atzoko agerraldiaren helburua. Euskararen hiru lurraldeetako herri-erakundeok, hirurok elkarrekin abian jarria dugu dagoeneko Euskal Herriko VI. Inkesta Soziolinguistikoa.

Azterketa soziolinguistikoak garrantzi handiko lanabesak dira indarberritu nahi den hizkuntza baten egoera eta bilakaeraren berri izateko. Jakina denez, euskararen bilakaeraren berri ematen diguten ikerketa ugari ditugu. EAEn hor dugu, adibidez, Mapa Soziolinguistikoa, 5 urte edo gehiagoko populazioa kontuan hartzen duena. Baina Inkesta Soziolinguistikoa da euskararen hiru lurraldeetako euskararen bilakaera, lurraldez lurralde ez ezik, osotasunean aztertzen duen ikerketa soziolinguistiko bakarra. Aurten 25 urte betetzen ditu. Eta zer hoberik 25 urteak betetzeko, duela urte batzuk bezala baina azken hamabost urtetan ez bezala, oraingoan, euskararen hiru lurraldeetako herri-erakundeok elkarrekin, lankidetza zintzoan, Inkesta Soziolinguistikoa egitea baino.

Hizkuntza-plangintzarako euskararen egoera eta bilakaeraren diagnostiko egokiaren beharra ikusirik, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak, 1990ean, Euskal Herrian 16 urtez goiko biztanleei Inkesta Soziolinguistikoa egitea erabaki zuen.

Inkesta SozioIinguistikoak, bere lehen helburu nagusi moduan, lau ikerketa-eremu nagusiotako euskararen egoeraren azterketa jasotzen du:

  1. 16 urte edo gehiagoko herritarren hizkuntza-gaitasuna.
  2. Euskararen belaunez belauneko transmisioa.
  3. Euskararen erabilera hainbat eremutan.
  4. Euskararen egoerari buruz nahiz euskararen erabilera normalizatzeko eman beharreko urratsei buruz herritarrek dituzten jarrerak.

Lau ikerketa-eremu nagusi horien barruan, baita ere, aztertzen da herritar euskaldunen euskara gaitasun erlatiboa edo erraztasuna, lehen hizkuntza eta euskararen irabazi-galerak. Eta erabilerari dagokionez, etxean, lagunartean, lanean, banketxeetan, udal zerbitzuetan eta osasun-zerbitzuetan egiten den euskararen erabilera jasotzen da.

Inkesta soziolinguistikoak badu bigarren helburu nagusi bat: euskararen hiru lurraldeetako herri-administrazioen arteko lankidetza sustatzea. Lankidetza hau bete-betean dator bat, alde bakoitzaren borondatearekin ez ezik, Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Kartaren ebaluazio txostenetan Europako Kontseiluak behin eta berriz egindako gomendioekin. Duela pare bat hilabete onartu zuen Euskararen Aholku Batzordeak ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua. Gogora ekarri nahi dut dokumentu horretan datozen hogei urteetarako Lehentasunen Markoan jasotzen dena, hitzez hitz: “egokia litzateke euskararen lurraldeetako herri erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza garatzea, lurralde guztietako premien argitara ikerketa gauzatzea, euskararen sustapen iraunkorraren eraginkortasunaren mesedea. Euskararen lurraldeen artean euskararen bizi-indarrari dagokionez, gaur egun dagoen asimetria progresiboki murrizterantz jotzeak helburu komuna izan behar du, betiere, lurralde bakoitzaren egoera soziolinguistikoa eta bere herritarren borondatea kontuan hartuta, eremu administratibo bakoitzaren ezaugarriak eta erabaki ahalmenak errespetatuz”.

Lehenengo Inkesta Soziolinguistikoa egiteko, Euskararen Aholku Batzordeak hala proposaturik, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak ezinbesteko iritzi zion Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniako Kontseiluaren lankidetza eskatzeari. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak zein Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, hasiera-hasieratik, elkarlanean jardun zuten, galdesortak prestatzeko nahiz lagina finkatzeko eta datu-bilketa bideratzeko. Bestalde, Akitaniako eta Euskal Autonomia Elkarteko (EAE) gobernuek 1990eko irailaren 30ean sinaturiko Lankidetza Hitzarmenaren zazpigarren atalean jaso zuten Iparraldeko ikerketa egiteko asmoa, lanaren zuzendaritza EAEko Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren eta Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundearen bizkar utzirik.

Ordutik jarraipena izan du EAEko eta Iparraldeko erakundeen arteko lankidetzak. Hasieran, esan bezala, Akitaniako Kontseiluarekin, Euskal Kultur Erakundearen bidez, eta azken hiru inkesta soziolinguistikoetan Euskararen Erakunde Publikoarekin. Nafarroako Gobernuak Inkesta Soziolinguistikoan izan duen parte hartzeak, aldiz, gorabeherak izan ditu hogeita bost urteotan. Oraingoan, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutua VI. Inkesta Soziolinguistikoaren hiru eragileetako bat da, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin batera, inkestaren ardura osoa du, bereziki Nafarroan. Esan beharrik ez badago ere, gertakari pozgarria eta euskararentzat guztiz mesedegarri eta osasungarria da hirurok lan garrantzitsu hau elkarrekin egitea.

Oinarri teorikoa

Hizkuntza baten egoera eta bilakaera ezagutzeko, behar-beharrezkoa da datu enpirikoak bildu eta era ordenatuan metatzea eta sailkatzea. Baina, bilketa-lan hori hezurmamitu gabe geratuko litzateke gizartearen errealitatea aztertzeko oinarri teorikorik gabe. Metatu eta sailkaturiko datu horiek guztiak teknikoki egoki interpretatzeko bidea finkatu behar da. Oinarri teoriko-zientifiko sendoa du dagoeneko, Euskal Herrian ez ezik hemendik kanpora ere, nazioarteko hainbat foro espezializatutan eredugarri den Inkesta Soziolinguistikoak. Lehen Inkesta egin zenean idatzita utzi zuen Quebec-eko Unibertsitateko Richard Y. Bourhis doktore ezagunak honako hau: “inkesta hau soziolinguistika alorreko kontzeptu eta metodologiari buruzko planteamendu berrienen ildotik landu da”. Gogoratu behar da, inkesta egin aurretik, honako eredu teoriko hauek aztertu zirela:

  • Hizkuntzaren kemena eta erakarpena. 1976an, W.F. Mackey-k proposatu zuen eredu honek elkarren ondoan dauden hizkuntzen status-a neurtzea du helburu.
  • Euskararen berreskurapenaren teoria soziolinguistikoa eta hizkuntzen teoria soziala. J. M. Sanchez Carrionek, 1987an, hizkuntzaren gizarte-teoriaren dimentsio anitza proposatu zuen, hiru maila bereiziz: hiztuna, hizkuntza-komunitatea eta hizkuntza. Ikuspegi integratzailea lortzeko asmotan, ikaskuntzaren teoriatik abiatzen da.
  • Hizkuntzaren etoglosia. Juan Cobarrubiasek proposaturiko kontzeptu honek hizkuntza jakin batek betetzen dituen funtzioak eta berauen garrantzia aztertzen ditu, hiztun taldeei eta komunikazio beharrei begira.
  • Bizitasun Etnolinguistikoa. H. Giles, R.Y. Bourhis eta D.M. Taylorrek 1977an landutako teoria. Bizitasun Etnolinguistiko objektiboak hiru dimentsio lantzen ditu: status faktoreak, faktore demografikoak eta erakundeen laguntza/babesa. Bizitasun subjektiboak, aldiz, talde bakoitzeko partaideek aurreko hiru dimentsioei buruz duten balorazio subjektiboa.
  • Galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen hedapenerako eredua. Honetan, J. Fishmanek Hizkuntza Biziberritzeko Saioak proposatu zituen, 1991n. Hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena huts egiten ari denean, horri aurre egiteko eredu mailakatua proposatu zuen egileak.

Ezaugarri teknikoak

  • Inkesta soziolinguistikoak aztertzen duen unibertsoa Euskal Herriko (euskararen eremuko) hamasei urte edo gehiagoko herritarrek osatzen dute. 16 urtetik beherako herritarrak ez dira, beraz, kontuan hartzen. Jakina da adin tarte hori pisu handikoa dela euskararentzat, eskolaren eraginez euskaldunen proportziorik altuenak hain zuzen ere adin horietan kontzentratzen baitira.
  • Inkesta Soziolinguistikoa bost urterik behin egiten da. 1991, 1996 eta 2001eko inkesta soziolinguistikoak aurrez aurreko elkarrizketa bidez egin ziren, eta 2006, 2011 eta 2016koak telefono bidez.
  • Datu-bilketa egiteko, galdetegi egituratua eta itxia erabiltzen da.
  • Laginketa adinaren, sexuaren eta gune soziolinguistikoaren arabera egiten da.
  • Inkesta-kopurua handituz joan da. Lehenengo Inkesta Soziolinguistikoan, esate baterako, 5.017 inkesta egin ziren guztira: 2.800 EAEn, 1.300 Nafarroan eta 917 Iparraldean. VI. Inkesta Soziolinguistikoan, aldiz, 8.200 inkesta egingo dira: 4.200 EAEn, 2.000 Nafarroan eta 2.000 Iparraldean.
  • Inkestak 25 urte betetzen ditu VI. edizio honekin. Esan bezala, bost urterik behin egiten da. Beraz, bost urteko begiradatik haratago, hogeita bost urteko seriea izango dugu VI. edizio honekin. Bost urteko ikuspegia laburra gertatzen da hizkuntza baten biziberritze kontuak azaltzeko. Baina 25 urteko serieak aukera emango digu euskararen bilakaeraren joerak sendotasunez ezagutzeko euskararen hiru lurraldeetan, eta tokian tokiko hizkuntza politikarako neurriak hartzeko lagungarri izango zaigu denoi.

Batzorde eragilea eta kronograma

Inkesta Soziolinguistikoaren Batzorde Eragilea:

  • Batzordeburua: Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
  • Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidentea eta/edo zuzendaria (EEPk erabakitzen duen moduan).
  • Mikel Arregi, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea.
  • Paula Kasares, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.
  • Inkestaren arduradun teknikoa: Jon Aizpurua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Azterlanetako zerbitzuburua.
  • Idazkaria: Jorge Giménez Bech, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketara eta Koordinaziorako zuzendaria.

Inkesta Soziolinguistikoaren egutegia/kronograma:

  • EAEko eta Nafarroako landa-lana 2016ko martxotik maiatza bitartean egin da.
  • EAEko eta Nafarroako datuen garbiketa maiatza eta ekaina bitartean egin da.
  • EAEko datuen ustiaketa uztaila eta iraila bitartean egingo da.
  • Nafarroako datuen ustiaketa iraila eta urria bitartean egingo da.
  • Iparraldeko landa-lana urria eta azaroa bitartean egingo da.
  • Euskal Herriko (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) datuen ustiaketa 2017ko urtarrila eta otsaila bitartean egingo da.
  • Argitalpena 2017ko ekaina eta uztaila bitartean egingo da.

Emaitza esanguratsuak

  • Azken 25 urteotan, euskaldunen kopuruak gora egin du Euskal Herrian. Hazkundea 4,7 puntukoa izan da. Batez beste, ia 0,5 puntu urteko. Hau da, 2011n 16 urte edo gehiagoko 185.000 euskaldun gehiago daude euskararen eremu osoan 1991n baino.
  • Baina euskaldunen bilakaera ez da berbera izan lurralde batean eta bestean. Izan ere, hazkundea batez ere EAEn gertatu da (ia 8 puntuko igoera) eta neurri txikiagoan Nafarroan (2,2 puntukoa). Iparraldean, aldiz, galerak izan dira 2011 arte (5 puntuko jaitsiera). Hala ere, azpimarratu behar da konfirmatzen ari dela Iparraldeko gazte euskaldunen hazkundea. Hain zuzen ere, 16-24 urteko adin tartean euskaldun berriak ageri dira azken ikerketetan, euskaldunen hazkundea ageri da, hazkunde apala bada ere. 2016koan ikusiko dugu argi-izpi hori gehiago zabaldu ote den.
  • Euskaldunen hazkunderik handiena gazteen artean gertatu da. EAEn eta Nafarroan argi eta garbi. Iparraldean, euskaldunen ehunekoa handiagoa da oraindik 50 urtetik gorakoen artean, baina 25 urtetik beherako gazte euskaldunen hazkundea berretsi egin da azken urteotan.
  • Euskaldunen hazkundea helduen euskalduntzeari eta, batez ere, hezkuntza-sistemari esker gertatu da. Horren ondorioz, euskaldunen artean gero eta handiagoa da lehen hizkuntza erdara duten euskaldunen portzentajea.
  • Horrek eragin zuzena du erraztasunean: euskaldunen %43k erraztasun handiagoa dute erdaraz euskaraz baino. Ehuneko hori handiagoa da Nafarroan (%48) eta txikiagoa Iparraldean (%34).
  • Euskaren transmisioari dagokionez, gurasoak euskaldunak dituzten ia seme-alaba guztiak euskara jaso dute etxean (bakarrik edo erdararekin batera). Iparraldean, egoera horretan euskara jasotzen duten seme-alaben ehunekoa txikiagoa da (hamarretik batek ez baitu guraso euskaldunengandik euskara jasotzen).
  • Euskararen erabilerak ere gora egin du Euskal Herrian, baina hazkundea EAEn gertatu da. Nafarroan bere horretan mantendu da azken 20 urteotan, eta Iparraldean behera egin du.
  • Euskararen hazkundea, batez ere, eremu formalean gertatu da.
  • Euskararen alde (euskararen erabilera sustatzearen alde) daudenak oro har gero eta gehiago dira Euskal Herrian. Hala ere, aldeak daude lurraldearen arabera. Izan ere, alde daudenen ehunekoa handiagoa da EAEn eta Nafarroan, baina txikiagoa Iparraldean.

2016ko Inkestarekin ikusiko dugu, nabarmendu ditudan joera hauek —2011ko Inkestan eta aurrekoetan azaldutako joera hauek— berretsi egiten diren, areagotu ala makaldu egiten diren.

Richard Y. Bourhis doktore quebectarrak lehen inkestaren argitalpenean idatzita utzi zuena gogoratuz amaituko dut: “Inkesta honi esker euskaldunek soziolinguistikazko tresna dute eskuartean beraien hizkuntzek Euskal Herriko hiru lurraldeetan izandako atzerapen eta aurrerapenak hobeto aztertzeko”.

2. arg (2)

Mathieu Bergé, Euskararen Erakunde Publikoko presidentea; ni neu; eta Mikel Arregi, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Kalekoa

Mathieu Bergé, Mikel Arregi eta hirurok, atzo Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.