Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 28. edizioaren aurkezpena

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien aurkezpena egin dugu gaur Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitzan Ainara Rodríguezek, Andoaingo Udaleko Euskara Zinegotziak, Oihane Agirrek, Goiena telebistako programazio zuzendariak, eta nik neuk. Kontutan hartu behar da sari honek Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren diru laguntza duela. Sarion hogeita zortzigarren edizioa da hau, eta aurreko urteetan bezalaxe, helburua du euskarazko kazetaritzan, edozein euskarritan —prentsa idatzian, irratian, telebistan, interneten—, 2015eko maiatzetik 2016ko maiatzera bitarte egin diren lan ugariren artean bikaintasunagatik eredugarri direnak nabarmentzea eta saritzea. Ainara Rodríguezek azaldu duen legez, iaz bezalaxe, bi sari izango dira:

  • XXVIII Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, 9.000 euroko saria.
  • Kazetari Berria Saria, 3.000 euroko saria.

Era berean, kazetaritza eta komunikazio profesionalez osaturik dagoen Epaimahaiak (Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias) erabaki dezake sari ekonomikorik ez duen Epaimahaiaren Sari Berezia ematea.

Sariaren bi ataletan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da lanak aurkeztea, nahiz eta Sari Nagusiaren kasuan, epaimahaiak aurkeztutako lanen artean behar adinako kalitatezkorik topatzen ez badu, beti izango du aukera proposamenak egiteko. Autoreek nahiz komunikabideek, hala nola sariaren helburuekin zerikusirik duen edozeinek, aurkez ditzake lanak.

Oihane Agirrek, Goiena telebistako programazio zuzendariak, eta iaz saria jaso zuen Julen Iriondo kazetariaren lantaldeko kideak, azaldu du toki komunikabideen lanaren balioa; gertuko historiak kontatzea. Azaldu duenez, Jon Salaberri hiesdunen aldeko ekintzaile ahaztuaren historia kontatu beharra zuten. Talde lanean egindako erreportajea izan zen, baina Goienako lantaldetik haratago, komunitatearekin egindakoa; Joxe Arantzabalek abiatu zuen ikerketa lana eta bere erreportajea Goienako Puntua aldizkarian irakurri ahal izan zen lehenengo. Ostean etorri zen Julen Iriondok zuzendutako ikus-entzunezko lan hau. Eta gero sarean zabaldu zen. Multimedia lan bat izan zen, Joxek liburu elektroniko batekin borobildu zuena. Beraien lanak aurkeztera gonbidatu ditu toki hedabide guztiak; gertuko historiak kontatzeak baduelako oraina, eta zer esanik ez etorkizuna. Aldi berean, eskerrak eman dizkie sariaren antolatzaile eta epaimahaikideei, iaz jasotako sariak, tokiko hedabideek egiten duten lana aitortu zuelako.

Dagoeneko 28 urte pasa dira lehenbiziko saria banatu zenetik! Azkar esaten da! Bada zerbait! Beraz, lehenik eta behin, zorionak eman behar zaizkio, bene-benetan, Andoaingo Udalari, 28 urteotako ibilbideari esker lortu duelako hau izatea Euskal Kazetaritzaren Sari Nazionala. Euren meritua da, epaimahaien meritua da eta kazetari saridunen meritua da. Gu, Eusko Jaurlaritza, bidelagunak besterik ez gara izan.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, atzera begira jarri eta 1988ra eramaten gaitu, orduan sortu baitzen Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Ez zegoen orduan beste euskal kazetaritza saririk. Galdera, oso ebidentea da: ‘non geunden’ eta ‘non gaude’ euskal kazetaritzari dagokionez. Pentsa… orduan oraindik ez zegoen euskarazko hedabideentzako dirulaguntza deialdirik ere: gaur urtean bost milioi euro pasatxo jartzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Orduan ez ziren dozena batera iristen euskarazko hedabideak; gaur egun 80ren bueltan dabiltza. Orduan dozenaka batzuk ziren beren lana euskaraz egiten zuten kazetariak (batez ere EiTBri esker); gaur egun ehunka dira euskarazko kazetaritza egiten duten profesionalak.

Rikardo Arregi Sariak sustapen lana egiteari ekin zion, helburutzat hartuta euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza. Ikaragarri aurreratu da 28 urteotan, kazetaritzaren eremu zabalean euskarazko kazetaritza ez baitago atzeko aldean. Aitortu eta goraipatu behar da lana euskaraz egiten duten kazetariek urte hauetan egin duten lana, kasu askotan lan eredugarria. Baina gaurkotasun osoa edukitzen jarraitzen dute Rikardo Arregi Sariaren helburuek.

Hizkuntza politikaren ikuspegitik begiratzen diogu guk, Eusko Jaurlaritzatik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariari; euskararen sustapenaren betaurrekoekin, alegia. Erabilia izatea da euskarak behar duena. Horregatik da gure helburua euskal hiztunak areagotzea, euskal irakurleak eta ikus-entzuleak areagotzea. Hori baita euskarak behar duena: hiztunak, irakurleak, ikus-entzuleak, sortzaileak, kazetariak  behar ditu euskarak, hori da nahi duguna. Langintza horretan garrantzi aparta, gero eta handiagoa dute, modu bateko eta besteko hedabideek. Euskarazko informazio eta entretenimendurako produktu onak, berritzaileak, biziak, atseginak, irakurleek eta ikus-entzuleek gustuko izango dituztenak eskainiz, mantendu ez ezik gora egin dezake euskarazko irakurle eta ikus-entzuleen kopuruak. Eta hori da helburua, helburu egingarria, handia baita hedabideen munduan euskarazko kontsumitzaile potentzial eta errealen arteko aldea. Badago zer hobeturik.

Langintza horretan garrantzi betekoa da kazetarien lana, sustatu, aitortu, goraipatu eta babestu behar den lana. Azken 28 urteotan, kantitatean ez ezik, kalitatean ere sekulako jauzia eman da. Aski da gaurko irratia, telebista, prentsa… hartzea honetaz guztiaz konturatzeko. Hala ere, egindako bide onak ez gaitzala itsutu. Asko dago oraindik egiteko. Eta bide horretan, hedabide guztiak dira behar-beharrezkoak: egunerokoak, tokiko hedabideak, era guztietako aldizkariak, irratiak, telebistak, interneteko agerkariak… denak.

Euskarazko kontsumitzaile potentzialak hazten ari dira etengabe, etengabea izan delako euskaldun berrien hazkundea azken bizpahiru hamarkadotan. Kontsumitzaile potentzial horiek kontsumitzaile erreal bihurtu behar ditugu, hori dugu aukera eta erronka. Lan horretan, denok dugu erantzukizunik eta zereginik, noski. Bereziki, ordea, hedabideen erronka da hori. Eusko Jaurlaritza bidelagun izango dute, noski, kazetaritzako profesionalek eta hedabideek. Erronka horri aurre egiteko, kazetarien lana erdigunean dago. Horregatik da garrantzitsua Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, kazetarien lan bikain askoren artean, bikainenak nabarmenduz euskarazko kazetaritza sustatzen duelako.

Gero eta ohikoagoa da, artikuluak argitaratzen direnean, artikuluaren bilaketa erraztuko duten hitz gakoak jartzea. Sari honen hitz gakoak esan beharko banitu, Rikardo Arregi, Saria eta Kazetaritza ez ezik, esango nituzke, eredugarritasuna, berrikuntza, bikaintasuna eta kalitatea. Horiek dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren irizpide nagusiak, eta irizpide horiek praktikatzen dituzten kazetarien lanari esker lortuko dute euskal hedabideek gero eta euskaldun gehiagoren eguneroko bizitzan toki bat betetzea. Beraz, kazetariak animatzea besterik ez zaigu geratzen, sari honetara aurkeztera animatu.

83545a479cd462c796c9bbdd8fc2f0d4

Ainara Rodríguez, Oihane Agirre eta hirurok, gaurko prentsaurrekoan.

6ae9d95dec89becc6e7bb9460f97729c

Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egin dugu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 28. edizioaren aurkezpena.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.