Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD) presidente eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Zuzendari Sixto Molinarekin elkartu nintzen atzo Estrasburgon, Europako Kontseiluko hizkuntza gutxituen arloko organo gorenari sarearen lanaren berri emateko. Bilerak —Europako Kontseiluak bertan duen egoitzan egindakoa— NPLD sarearen eta Europako instituzio honen arteko lehenbiziko harreman bat ezartzeko balio izan du. Baita Europako hizkuntza aniztasuna sustatzeko lanean etorkizunari begira bide berriak zabaltzeko ere.
Nik NPLD sarearen helburuak azaldu nituen. Izan ere, sarearen helburu nagusia da Europako hizkuntza guztiak biltzen dituen eleaniztasun inklusibo bat bultzatzea, hizkuntzaren hiztun kopurua, pisu politikoa edota ofizialtasun maila kontutan hartu gabe. Hala, sarea gaur egun Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriaren baitan burutzen ari den lanaren berri ere eman nuen. Esan nuenez, “NPLD sarearendako, Bide Orria, datozen bost urteetarako iparrorratza izango da eta ikuspuntu berri bat ekarri nahi du Europako eleaniztasunari dagokionez. Hizkuntza guztiek, eta ez bakarrik Europar Batasuneko estatuko 24 hizkuntza ofizialek, Europa eraikitzen lagundu behar dute, berdintasun egoera batean. Izan ere, hizkuntza guztiek eleaniztasun alorrean Europa mailan egiten diren programa eta ekimen guztietan parte hartu beharko lukete. Gainera, gizarte kohesiorako eta europar kontinenteko bizitasun ekonomikorako ezinbesteko oinarriak izan behar dute. Komunitate linguistikoekin errespetuzkoa eta inklusiboa den ikuspuntu honekin bakarrik eraiki daiteke Europa komun bat”.
Halaber, Europako autoritateei nire kezka agertu nien Nafarroan ETBren emisioa eten dutelako. Egoera honen aurrean, Europako Kontseiluko autoritateei esan nien NPLD sareak gutun bat igorriko diola Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeari egoeraren berri emateko. “Anomalia demokratiko grabea da Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta berretsi duen Espainia bezalako estatu batek, Nafarroan ETBren emisioa etetea”, han adierazi nuenez. Paradoxa handia da Karta berretsi gabe daukan Estatu frantziarrak arazorik ez jartzea Iparraldean ETB emititzeari eta Espainiak etengabe arazoak jartzea. Ez da ulertzen gizarte demokratiko batean.
Bestalde, Sixto Molinak interes handia erakutsi zuen NPLD sareak egiten duen lana jarraitzeko. Bere borondatea erakutsi zuen sarearekin elkarlanean Europako hizkuntzen sustapena aurrera eramateko. Izan ere, bere ustez, Europako kontinentean hizkuntza guztiak klabeak dira gizartearen kohesiorako, ekonomiaren bizitasunarendako eta aberastasun pertsonal eta kolektiborako.