Denok edo inor ez, asmoz eta jakitez

Ideia zaharrak jantzi berrian dabiltza, azken honetan, gurean. Adibidez, inposaketa dela euskara biziberritzeko proposatzen edo gauzatzen den politika oro. Adibidez, euskal herritarrok elkar ulertzeko hizkuntza bat dugunez, alferrikako ahalegina dela euskaraz tutik ere ez dakienak euskararantz urratsik egitea. Adibidez, mantsoegi goazela –beti– euskara biziberritzearekiko kontuetan. Adibidez, utopia dela hizkuntzen arteko bizikidetza orekatua.

Segi ninteke –luzea baita– adibideen zerrendarekin. Baina ez du merezi. Zaharmindutako ideiak dira horiek, zaharminduak diren bezala batzuen eta besteen hedatzaileek bilatzen dituzten helburuak: hizkuntza bateko edo besteko elebakartasuna; edo, onenean ere, gaztelaniaren edo euskararen nagusitasuna. Jakina, normalean ezkutuan geratzen diren –baina aski nabariak diren– egitasmo politiko batzuen mesedetan aireratzen dira beti proposamen horiek.

Euskal gizartea ez dago kontu zaharren gurpil zoroaren jira-bueltan denbora galtzeko. Aurreragoko lanak ditu, batez ere hizkuntza politikaren eremuan. Eta aurreragoko lan horietan lehena, dudarik ez dut, berrikuntzaren printzipioa bere eguneroko jardunari lotzea da.

Eta berrikuntza du, hain zuzen ere, bide bakarra gaurko gizartearentzat baliagarria izan nahi duen hizkuntza politika batek. Eta demokrazia modernoaren beraren kontzeptu nagusiarekin dator bat horretan. Batak zein besteak, hizkuntza politikak zein gaur egungo demokraziak porrota lukete sari, gizartean eta norbanakoarengan sakon txertatu ezean ideia, jarrera eta jokabide berritzaileen ernamuina.

Ideia hori gogoan, hain zuzen ere, bultzatu zuen Euskararen Aholku Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimenez, “XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak” izeneko gogoeta eta eztabaida prozesua, urte honekin bateratsu bere lehen helmugara iritsiko dena. Eraberritu behar baitzen, zalantza izpirik ere gabe, duela mende laurden luzea Euskararen Legearen inguruan umotu zen adostasun zabala, adostasun horren garabidean egoki eta desegoki eginikoak ebaluatuz eta aurrerantzean egin beharrekoentzat zoru eta zeru berriak bilatuz.

Eta gogoeta horren harira nahi nuke, hain zuzen, ekarpen batzuk harilkatu, hizkuntza politika eta berrikuntza txirikordatzen dituen goruan.

Lehenik eta behin, adostasunaren edukia bera berraztertu beharko genukeelakoan nago. Ez baita bidezkoa, gurean gehiegitan gertatzen den bezala, gaztelaniaren aukera zilegiaren aldeko soilik gertatuko litzatekeen akordioari “adostasun” deitzea, eta euskararen aukera maila berean bermatu nahi izateari “inposaketa” deitzea. Ez baita bidezkoa, gurean gehiegitan gertatzen den bezala, balizko euskaltzaletasun baten izenean eskubide guztiak euskarari eta zor guztiak erdarei aitortzea. Ez baita bidezkoa, gurean gehiegitan gertatzen den bezala, laissez faire arriskutsuaren printzipioak aplikatu nahi izatea hizkuntza politikan, maltzurki ahaztuz hizkuntza politika eza ere badela hizkuntza politika, eta euskararen aurkakoa, bide batez eta argi esanda.

Horiek guztiak gainditzeko, hizkuntz zuzentasunarekin konprometituriko malgutasunean bermatzen den adostasun berri bat behar dugu. Malgutasuna, jakina, nor bere posizioetatik zerbait mugitzeko. Malgutasuna, era berean, “bestea”ren mugimenduak onartu eta balioesteko. Malgutasuna, nola ez, norberarena bete-betean ez diren helburuetan kokatzeko lorgarriaren eta eragingarriaren jomuga.

Baina gurean eta gaur, bada malgutasun mota bat ezinbestekoa ez ezik guztiz premiatsua ere badena: gure herrikide elebakarrek gauzatu behar dutena euskararantz urrats batzuk emanez, gutxienez euskaldun pasibo bilakatzeraino.

Zergatik, baina, ahalegin hori? Ez ote da egia gaztelania eta frantsesa ere badirela euskal hiztunen hizkuntza? Ez al dute hizkuntza handi indartsu horiek aski bermatzen euskal herritarren arteko komunikazioa?

Garbi dago kontua, bere burua hizkuntz bazterkeriaren setan itxi nahi ez duen ororentzat bederen: legeak, gizartearen gehiengo zabalak eta zentzu komunak aitortzen dioten euskararen aukera egiterakoan, euskal hiztunak bizigiro egokia behar du inguruan; bere hizkuntzak arnasa behar du berezkoa eta bakarra duen eremuan. Bestela, kilometroak eransten zaizkio nora daraman jakin ezin dugun frustrazioaren bidean. Eta frustrazioa, argi dago, bateraezina da gizarte bizitza osasuntsu batekin.

Bada berrikuntzaren argitara berraztertu beharko genukeen beste gai bat ere: euskal herritarrok osatzen ditugun hizkuntz elkarteen arteko harremanak. Bai baitira, alor horretan ere, euskal gizartearen kohesioa indartzea lehenesten dugunok sakon kezkatzen gaituen hainbat jokabide oker.

Lehen-lehenik, ulergaitza da, gaurko Euskal Herriaren eta munduaren errealitate eleanitzaren testuinguruan, gurean ele bakarrean oraindik ere bizi den gizartearen zatian ageri ohi diren euskal munduarekiko itsutasun eta gorreria. Egia da, aitor dezagun lehenbailehen, euskal munduak berak ez dituela beti aukeratu isolamendua gainditzeko komunikazio estrategiarik egokienak, baina horrek ez du inolaz ere zuritzen erdal mundutik batzuek erakusten duten axolagabekeria, euskaraz bizi eta sortzen duten herrikideen multzoarekiko. Nolako bizikidetza eraiki liteke, oinarri horren gainean?

Era berean, bere burua etengabe eraberritzeko konpromisoari tinko heldu nahi dion euskal gizarte batek ezin du bere baitan onartu erdal munduarekiko etsaigorik. Euskararen, hots euskal hiztunon, eginkizuna ez da garai berriei aurre egitea, garai berriekin bat egitea baizik. Baina eleaniztasunaren aurkako joera guztiek urrundu egiten gaituzte etorkizunaren bide horretatik, eta haitzuloetarako itzulbidean jartzen. Nola iraitzi gugandik euskal identitatean sendo eta sakon txertaturiko osagaietariko bat? Noren edo zeren mesedetan erauziko genuke gugandik euskararekin batera mundura proiektatzen gaituena?

Azken batean, praktikan hizkuntza sendoenaren alde kudeaturiko diglosia batetik elebitasun orekaturantz daraman zubian barrena, buruargitasunak gidatu eta bridaturiko ausardia intelektualak eramango du euskal herritarrok osatzen dugun elkarte bakarra. Denok edo inor ez. Asmoz eta jakitez.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Desadostasunak bizi gaituelako nauzue zuekin

Duela bost urteko otsailaren 20 beltz hartatik, behin baino gehiagotan jaso dugu euskaltzaleok elkartasunerako deia. Behin eta berriz erantzun diot deiari, eta berriz ere erantzun diot aurtengo hilabete eta egun berean, astebete lehenago Bilboko hitzorduan erantzun nion bezalaxe: garbi eta ozen adierazteko zuekin nagoela. Garbi eta ozen adierazteko, auzipeturik zaudeten hamabi pertsonoi eta Euskaldunon Egunkaria itxi izanak kalteturiko langileei, ez diodala injustiziari inolako babesik emango, ez neure isiltasunez ezta hitz erdizka mintzatuta ere.

Eta horrexek nakar, hain zuzen, gaur plazara: gaur ere ez dut hitz erdizka aritzeko asmorik zuenganako elkartasuna adierazterakoan, zintzotasunetik begiratuta soilik hartzen baitu elkartasunak benetako baliorik. Eta, zintzo hitz eginda, zera adierazi behar dizuet gaur: urruti sentitzen naiz zuen defentsan hainbatetan erabiltzen diren argudioetatik. Ezinago urruti sentitzen naiz, adibidez, euskalgintza osoaren ordezkaritza euskalgintza horren zati bati zuzen edo zeharka eman nahi zaionean, erdi ahantzita mundu bat ez baizik mundu ugari dituela zorionez bereak euskarak. Urruti sentitzen naiz Euskaldunon Egunkariaren auziarentzat testuinguru politiko lerratua bilatzen eta nagusiarazten dutenengandik, ezin baitut onetsi ezker abertzale ofizialaren tesietan txertatu nahi izatea bestelako interpretazio eta arrazoibideak onartzen dituen afera.

Urruti sentitzen naiz, bai, horrelakoetan. Baina bereziki urruti sentitzen naiz, guztiz urruti alegia, euskara eta euskalgintza ondare propiotzat erabili eta lohitzeko joera nabarmena duen ETArekiko jarrera akritikoan tematzen direnengandik. Euskaldunon Egunkaria bere garaian tematu zen bezala. Berria gaur ere tematzen den bezala. Eta garbi daukat, era berean, Euskaldunon Egunkaria eta auzipeturiko bere arduradunak ETA direla esatea eskuin muturreko paranoia ultraespainiar batetik bakarrik aldarrika daitekeen gezur gaiztoa baizik ez dela. Eta hori bezain garbi daukat Euskaldunon Egunkariaren joera delitutzat salatu nahi izateak iritzi-delitua ezartzearen muga gainditzen duela. Baina horiek guztiak garbi izateak areagotu egiten dit, hain zuzen ere, ETArekiko akritizismo hori gaitzesteko kemena, erasotzailearen paranoiak ezin baitu inor puntu horretaraino itsutu.

Nolanahi ere, bada hamabi auzipetuen artean horrela jokatzen ez duenik, badakit, eta zinez txalogarria deritzot ildo nagusitik aldentzeko kemena erakutsi izanari, gera bedi hori ere esanda, esan nahi dudana argiago eta zehatzago adierazteko. Baina horien merituak ez du jokabide nagusia zuritzen, kasu honen muinean dagoen Egunkariaren –zenaren eta denaren– jokabide nagusia, alegia.

Barrabaskeria juridikoa dira, baiki, Euskaldunon Egunkaria auzia kudeatzen dutenek hartu eta berrituriko erresalbuzko neurriak, absoluziozko epairik aldekoenak ere zuzendu ezin lituzkeen kalteak sortu baitituzte praktikan. Horregatik gaitzesten ditut, erresumin osoz, neurri horiek, eta horregatik naukazue zuekin horiek salatzen dituzuenean. Egunkari bat ixtea oso larria delako, bost urte epairik eman gabe egoteak larritasun hori areagotzen duelako, guztiz onartezina delako euskara eta euskalgintza indarkeriarekin uztartzea, zuen tortura salaketek erabateko sinesgarritasuna dutelako niretzat eta “zero tolerantzia” aldarrikatzen dudalako halakoen aurrean, eta gehiegikeria horiek zuek zuzenean nozitu eta nozitzen dituzuelako naukazue zuekin, zuekin elkarturik, gehiegikeria larri horien aurka.

Euskaldunon Egunkariak, auziak auzi, zabalik behar zuen, inolako etenik gabe. Eta hori errebindikatzeko naukazue zuekin. Baina Euskaldunon Egunkariak, bere garaian, eta haren oinordekoak, gaur, beste zentzu batean ere behar zuten zabalik: euskaldun guztion egunkaria izan behar zuen –eta ez zen– epaile baten erabaki injustu batek duela bost urte itxi zuen hark. Euskaldun guztion egunkaria izan behar luke –eta ez da– haren ondorengoak. Batak zein besteak euskaldun guztion bateratzaile izan behar zuketen, baina ez zen hura eta hau ere ez da, batak zein besteak hartutako bideak kanpoan utzi baititu euskaldun asko eta asko, ezker abertzalearen sektore ofizialenarekin bat ez datozenak, editorialik gabeko erabateko editorializazioan oinarritzen baitute biek, zenak eta denak, informazio-irizpidea. Sentibera zen oso Euskaldunon Egunkaria, eta Berriak ere ildo beretik jarraitzen du, demokrazia lohitzen duten gehiegikerien aurrean (tortura salaketak, ad hoc eraikitako legeria…), eta irakurleak ezin lezake duda izpirik ere izan egunkariaren jarreraz. Meritutzat aitortu behar zaie biei jarrera hori. Gehiegikeriak ETArenak edo haren kontsignei men egiten dietenenak direnean, berriz, ustezko asepsia iraingarri batez ematen dituzte albisteak. Horrelakoetan ere, irakurleak ezin lezake zalantza izpirik ere izan egunkariaren jarreraz. Ezin zaie, ordea, jarrera hori meritutzat aitortu.

Hala ere, ikuspegi horrek ere bere adierazpidea behar du, demokrazia osasuntsu batean bederen, eta tinko izango nauzue zuen ondoan eskubide horren defentsan. Inolako zalantzarik gabe eta hasiera-hasieratik, 1992an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide nintzenean Euskaldunon Egunkaria sortzeko ezinbestekoa zen dirulaguntza publikoa, beste batzuekin batera, uste osoz bultzatu nuenean bezalaxe, edota duela bost urte Donostiako kaleak erresumin demokratikoz blaitu zituen jende-uholde hartan parte hartu nuenean bezalaxe. Tinko defendatu dut beti, beraz, Euskaldunon Egunkariaren bizitzarako eskubidea, tinko defendatu eta defendatuko baititut Euskaldunon Egunkariak eta haren ondorengoak sekula arbuiatu ez duten indarkeriaren biktimak.

Zuekin nago, beraz; horrela ulertzen baitut nik eskubide eta betebeharren arteko dialektika demokratikoa: zuekiko desadostasunetik arituko naiz, irmo, zuen eskubide demokratikoen defentsan eta zuenganako eraso antidemokratikoen aurka; zuenganako errespetu zibiletik kritikatuko ditut zuen jokabideak, hala egin behar dudala iruditzen zaidanetan.

Zuekin nago, beraz; horrela ulertzen baitut nik euskalgintzak hil edo bizikoa duen aniztasunaren defentsa: zuen alde jarrita, zuengandik –eta gu geu elkarrengandik ere– garbi bereizten garen euskaltzaleon kemen demokratikoa helarazi nahi dizuet, zuek, halako batean, beste hainbeste egiteko gaitasuna erakutsiko duzuelakoan simetriazko norabidean.

Unibertso bat osatzen dugu euskaltzaleok, ez sekta bat. Eta unibertsoetan, sektetan ez bezala, ezinbestekoa da aniztasuna, norbanakoaren eta gizarte-taldeen garapen harmonikoa baldin bada, behintzat, helburua. Zuenganako elkartasuna aniztasunaren bihotzaz eskaintzeak indartu egiten zaituzte zuek eta duindu gu guztiok, zuen aurkako erasoak zilegitasun izpirik gabe uzteaz bat.

Azken batean, desadostasunak bizi gaitu-eta euskaltzaleok ere. Horregatik nago zuekin. Gehiegikeria eta eraso antidemokratikoen kontra, Egunkaria ixtearen aurka, Egunkaria zabalik izatearen alde. Zuekin. Desadostasunetik.

 

Oharra: artikulu hau egun berean helarazi zitzaien argitara eman zuten hedabide guztiei, batzuei euskarazko bertsioa eta beste batzuei gaztelaniazkoa.

Gehienek (El Correo, Deia, Diario Vasco, Diario de Noticias, Diario de Noticias de Alava eta Noticias de Gipuzkoa) berehala eta egun berean argitaratu zuten, 2008-02-24an.

Beste bik, berriz, Berria eta Garak hain zuzen, 2008-02-27an argitaratu zuten, hiru egun geroago alegia. Biok egun berean argitaratu zituzten artikulua bera eta artikuluari erantzunez EKTren presidenteak, Joxan Lizarribar jaunak, EKTren Administrazio Kontseiluaren izenean idatzitakoa (“Zein da independenteagoa eta pluralagoa?”).

 

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Con vosotros, desde la discrepancia

Desde aquel 20 de febrero de negra memoria, los euskaltzales hemos sido repetidamente llamados a mostrar nuestra solidaridad. He respondido una y otra vez a tales convocatorias, de la misma manera que en el reciente aniversario en Andoain o en la cita que, una semana antes, nos congregó en Bilbao: para proclamar rotunda y públicamente que estoy con vosotros. Para proclamar rotunda y públicamente ante vosotros, los doce encausados, así como ante los trabajadores afectados por el cierre de Euskaldunon Egunkaria, que no me prestaré en modo alguno a dar cobertura a tal injusticia, ni por medio del silencio ni de medias palabras.

Y eso es, precisamente, lo que me mueve a manifestarme hoy ante la opinión pública: tampoco en esta ocasión quiero emplear medias palabras al manifestaros mi solidaridad, puesto que la solidaridad únicamente cobra su verdadero valor cuando es fruto de la lealtad. Y, desde la lealtad, quiero deciros hoy que me siento lejos de ciertos argumentos que se esgrimen en vuestra defensa. Me siento absolutamente lejos, por ejemplo, cuando, directa o indirectamente,  se pretende investir a un sector del mundo del euskera con la representatividad de la totalidad de ese mundo, olvidando, al parecer, que el euskera, afortunadamente, no posee carta de naturaleza en un solo mundo, sino en multitud de ellos. Me siento lejos de quienes se afanan por hacer prevalecer, en todo lo relacionado con el conflicto que envuelve a Euskaldunon Egunkaria, un contexto político claramente escorado, porque no puedo aceptar que se pretenda fusionar con las tesis de la izquierda abertzale oficial un asunto que admite otras interpretaciones y razonamientos.

Sí, en tales ocasiones me siento verdaderamente lejos. Pero me siento aún más alejado, total y absolutamente lejos, de quienes se empecinan en mantener una actitud acrítica ante ETA, de quien conocemos de sobra su acusada tendencia a mancillar el euskera y su mundo al tratar de utilizarlos como si de su patrimonio exclusivo se tratara. Actitud acrítica en la que se empecinó en su día Euskaldunon Egunkaria. O en la que hoy se empecina Berria. Y tengo muy claro, de la misma manera, que afirmar que Euskaldunon Egunkaria y sus directivos encausados son ETA no es sino una falacia únicamente concebible desde una paranoia ultraespañola de extrema derecha. Y con idéntica claridad sé que declarar delictiva la actitud de Euskaldunon Egunkaria equivale a instaurar el delito de opinión. Pero mi convencimiento acerca de estas cuestiones refuerza, precisamente, mi resolución a la hora de rechazar ese acriticismo respecto a ETA, puesto que la paranoia del agresor jamás debe cegar a nadie hasta tal punto.

En cualquier caso, entre los encausados no han faltado voces que han expresado distinta opinión, y me parece verdaderamente digna de aprecio la actitud de quien ha tenido el coraje necesario para desmarcarse de la corriente mayoritaria. Quede dicho también esto para expresar con mayor claridad y precisión mi pensamiento. Pero los méritos de quienes así han actuado no justifican la línea mayoritaria de conducta, es decir, la línea de conducta que guió a Egunkaria y guía hoy a su sucesor.

Las medidas cautelares adoptadas y prolongadas por aquellos que gestionan el proceso de Euskaldunon Egunkaria constituyen, en efecto, un atropello jurídico, puesto que ni el más absolutorio de los fallos podría subsanar los perjuicios que en la práctica han producido. Por ello rechazo, con la mayor indignación, tales medidas, y por eso me tenéis a vuestro lado cuando las denunciáis. Porque cerrar un periódico es un acto de extrema gravedad, porque el hecho de que hayan transcurrido ya cinco años sin que se haya emitido sentencia alguna acrecienta esa gravedad, porque es de todo punto inaceptable que se pretenda asociar el euskera y su mundo con la violencia, porque vuestras denuncias de torturas me merecen toda la credibilidad y porque estoy por la “tolerancia cero” ante tales hechos, y porque sois vosotros quienes habéis padecido y padecéis en propia carne tales abusos estoy con vosotros, codo con codo, contra tan intolerables tropelías.

Euskaldunon Egunkaria, con o sin proceso, debería haber permanecido abierto. Sin interrupción alguna. Y me uno a vosotros para reivindicarlo. Pero Euskaldunon Egunkaria, en su momento, y su sucesor, hoy, también deberían haber estado abiertos en otro sentido: aquel periódico que la injusta resolución de un juez cerró hace ahora cinco años debía haber sido –y no lo era– el periódico de todos los vascohablantes. Su sucesor debería ser –y no lo es– el periódico de todos los vascohablantes. Ambos deberían haber sido un elemento de unión entre los vascohablantes, pero no lo fue aquél y tampoco lo es el actual, pues la línea que ambos han adoptado ha alejado a gran número de vascohablantes que no suscriben las tesis del sector más oficial de la izquierda abertzale, y es que tanto el anterior periódico como el actual basan su criterio informativo en la permanente editorialización sin editorial. Euskaldunon Egunkaria se mostraba acusadamente sensible, y Berria transita por la misma senda, respecto a los abusos que manchan la democracia (denuncias de tortura, legislación ad hoc…), de manera que el lector no podría albergar la más mínima duda acerca de la posición del periódico. Y ello debe ser reconocido como mérito de ambos diarios. Por el contrario, cuando los abusos provienen de ETA o de quienes acatan sus consignas, las noticias al respecto vienen, en ambos periódicos, teñidas de una pretendida asepsia que resulta hiriente. Tampoco en estos casos podría el lector albergar la más mínima duda acerca de la posición del periódico. Pero no es posible reconocerles esto como mérito.

No obstante, ese punto de vista también debe contar con su medio de expresión, al menos en una democracia saludable, y me tendréis firmemente a vuestro lado en la defensa de ese derecho. Sin asomo de vacilación y desde el primer momento, de la misma manera que, en 1992, siendo miembro de las Juntas Generales de Gipuzkoa, promoví con pleno convencimiento, junto con otros junteros, la concesión de la ayuda necesaria para posibilitar la creación de Euskaldunon Egunkaria, o como cuando me sumé a aquella marea humana que, cinco años atrás, inundó de indignación democrática las calles de San Sebastián. Es decir, siempre he defendido firmemente el derecho a la vida de Euskaldunon Egunkaria, con la misma firmeza con que he defendido y defenderé a las víctimas de la violencia que Euskaldunon Egunkaria y su sucesor jamás han condenado.

Estoy, por tanto, con vosotros; porque así entiendo la dialéctica democrática entre derechos y obligaciones: desde la discrepancia, defenderé, con el mayor tesón, vuestros derechos democráticos contra las agresiones antidemocráticas; desde el respeto civil hacia vosotros, criticaré vuestra conducta cuando me parezca que debo hacerlo.

Estoy, por tanto, con vosotros; porque así entiendo la defensa de la irrenunciable pluralidad del mundo del euskera: colocándome a vuestro lado, deseo haceros llegar el aliento democrático de los euskaltzales que nos sentimos diferentes a vosotros –y diferentes, también, entre nosotros–, con la esperanza de que, algún día, os mostréis capaces de hacer otro tanto en la dirección simétrica.

Los euskaltzales formamos un universo, no una secta. Y en los universos, a diferencia de lo que ocurre en las sectas, la diversidad es indispensable, al menos si lo que se pretende lograr es el desarrollo armónico de individuos y colectivos. El hecho de ofreceros solidaridad con el corazón de la pluralidad os fortalece a vosotros y nos dignifica a todos, al tiempo que resta cualquier legitimidad a la agresión de que sois objeto.

En definitiva, la discrepancia es un elemento vivificador también para nosotros los euskaltzales. Por eso estoy con vosotros. Contra los abusos y agresiones antidemocráticos, contra el cierre de Egunkaria, a favor de la apertura de Egunkaria. Con vosotros. Desde la discrepancia.

 

Nota: este artículo fue remitido con ruego de publicación el mismo día a todos los medios que lo insertaron en sus páginas.

La mayoría lo publicó el mismo día, el 24-02-2008, bien la versión en euskera, o bien la versión en castellano. Así lo hicieron: El Correo, Deia, Diario Vasco, Diario de Noticias, Diario de Noticias de Alava y Noticias de Gipuzkoa.

Otros dos medios, en concreto Berria y Gara, lo publicaron tres días más tarde, el 27-02-2008, acompañado del artículo de respuesta de Joxan Lizarribar, presidente de EKT, en nombre del Consejo de Administración (“¿Quién es más independiente y plural?”).

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Lan lasterra, lan alferra: euskararen legea, oraindik ere makulu sendoa

Iazko azaroaren hogeita lauan bete ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legeak hogeita bost urte. Horrenbestez, Espainian XX. mendeko historia gatazkatsuan demokraziak izan duen aldi luzeenetako batean, euskara indarberritzeko xedez, abagune historikoa suertatu da. Izan ere, XIX. mendeaz geroztik, hainbat faktore tarteko, oso modu bizkorrean atzeraka zihoan euskara indarberritzeko bidean jar dadin, erabakigarria izan den ekarpena egin du Euskararen Legeak, zalantzarik gabe.

Halakoetan gertatu ohi denez, argi-ilunak aipatuko dituenik badago egon bazterretan. Badira, bai, nola ez, argi-ilunak, halakoetan ohi den eran; baina nago argiuneak nagusitu direla prozesu honetan. Batzuen aburuz, mantso egin ditugu egin beharrekoak, horrenbeste non euskararen normalizazioa gertatzeko hamarkadak beharko baititugu, oraindik. Beste batzuen iritziz, ostera, urratsak bizkorregi egin ditugu eta orain arteko hizkuntza-politika berrikustea eta apaltzea urgentziako kontua dela azpimarratzen dute. Edozein gisaz, batzuek zein besteek, tartean diratekeenek barne direla, zera uzten dute agerian, ezen, gutxiagotutako hizkuntza bat biziberritzeaz ari garenean ez garela tailer batean torlojuak ekoizteaz ari, ez eta erabaki politiko bat hartu eta biharamunean betetzeaz: hori bainoago, gizartearen jokabideetan sakoneko aldaketak eragiteari buruz, gizarte ingeniaritzaz ari gara. Horrek, lehenik eta behin, zuhurtzia eta malgutasuna, boluntarismoaren tokian eraginkortasun egiazkoa, liskarraren eta erasoaren lekuan adostasun zabala oinarritzat dituen jarduna eskatzen digu guztioi. Izan ere, nahia eta ahala uztartu gabe ezinezkoa baita zaila dena –inoiz ezinezkoa dirudiena- errealitate bihurtzea.

XX. mendeko zenbait euskaltzale esanguratsuk zion euskaraz jarduten zuen hiztun-elkarteak XXI. mendera iristeko nahikoa indar ez zuela izango. Izan ere, euskara gainbehera zetorren, ikuspegi demografikotik nola funtzionaletik. Adin-talderik zaharrenak ziren euskaldunenak; hiri eta herri industrializatuetan hutsaren hurrengoa zen haren presentzia; eremu formaletatik baztertua zegoen, eta etxeko, lagunarteko giroetara zegoen, hein handi batean, zokoraturik gure hizkuntza.

Horiek horrela, joerari, ustezko patuari itzuri egiteko hiru jarraibide behar-beharrezkoak suertatuko dira: batetik, euskara komunikazio-jardun berrietarako, hiztunen behar berrietarako egokitzea, hizkuntzaren beraren korpusa eguneratuz eta batasun bidea jorratuz; bestetik, hiztun kopuruak emendatzea, dela hezkuntzaren nola baita helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen bitartez; azkenik, euskara belaunez belaun irautea ahalbidetu duten komunikazio-eremuei eusten ahalegintzea, eremu berrietara zabaltzeko lege aitormena ez ezik politikak ere abian jarriz. Lehenbizikoak, 60 eta 70eko hamarkadetan izan zuen bultzada erabakigarria, Euskaltzaindiaren eta euskal idazleen eskutik. Bigarrenak eta hirugarrenak, aldiz, Euskararen Legea lagun 80ko hamarkadatik aurrera izan zuten berebiziko aurrerabidea, Espainiako Konstituzioak lehenik, EAEko Estatutuak gero, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu eta gero.

Euskaraz jarduten duen hiztun-elkartearen egoera abiapuntutzat hartu eta euskararen auzia euskal hiztunen nahiz euskal hiztun ez diren euskal herritar guztien egitekotzat aldarrikaturik, nola baita ere euskal gizarte elebiduna arian-arian eraikitzeko helburua harturik, euskara indarberritzeko borondate eta adostasun politiko eta sozial zabalak –ez erabatekoak- ehundu zuen Euskararen Legea duela hogeita bost urte pasatxo. Administrazioan, irakaskuntzan, askotariko zerbitzuen alorrean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen aitorpenean, hedabideetan, informazio eta komunikazio teknologietan, eremu sozio-ekonomikoan, aisialdian, eta abar luze batean eragiteko aukerak eskuratu dizkiguna, besteak beste, euskaraz jarduteko geroz eta aukera zabalagoak eskainiz. Izan ere, herritarron hizkuntz eskubideak onartu ez ezik, haien zaintza eta sustapena bermatzeko ardura aginte publikoei eman zien Euskararen Legeak duela hogeita bost urte. Elebitasunaren eta euskararen normalkuntzaren aldeko legea da duela mende laurden bat onartu zen hura, hizkuntza-eskubideen aitorpenean, hizkuntza-erabilera aukerak sortzeko obligazioak herri-aginteei ezartzean eta progresibotasunaz jardutean oinarrituriko legea, hain zuzen ere.

Egungo euskal hiztunen kopuruak izan duen hazkundea edota Euskadiko Autonomia Erkidegoan sustapen politikak bideratzeko aukerak ere ezin uler litezke Euskararen Lege hori gabe. Aldi berean, bestelako ekarpen azpimarragarririk ere egin du, geroz eta elebidunagoa den euskal gizartean elkarbizitza areagotzen lagundu baitu.

Alabaina egindako bidea, oso garrantzitsua izanagatik ere, baikorkerietara ezin eraman gaitzake. Egin dugun bidean etorkizun hurbilean atzera egin dezakegu, baldin eta denboraren joanean euskaraz jarduten dutenen beharrak eta egungo euskal gizartearen ezaugarriak kontuan hartzen ez baditugu. Hori hala, XXI. mendean zehar euskara indarberritzen segitzeko bidean hainbat erronka ditugu, egun, eskuartean. Batetik, 80ko hamarkadan ez bezala, adin-talderik gazteenak dira euskaldunenak, hortaz, hezkuntza prozesuetatik haratago, euskara bizitzako ohiko komunikazio-jardunetarako baliagarria ez ezik erakargarria ere suertatzea erabakigarria izango da gazte belaunaldiek euskarari atxikimendua erakutsi eta bizipoza eman diezaioten. Bestetik, euskararen aldeko jardunean erabilerari lehentasuna ematea ezinbestekoa da, ezen, baliatzen ez den hizkuntza herdoiltzen, kamusten baita, erabilia izateko aukerak ugaldu ordez murriztuz eta haren gainbehera ekarriz. Hirugarrenik, euskara nonahi baliatu ahal izateko erabilera-eremuak irabazten segitzea, euskara belaunez belaun irauteko erabakigarriak direnetan lehentasunak jarriz. Azkenik, euskararen aldeko langintza indarberritzeko, adostasun soziala eta politikoa berreskuratzeko ahalegina berrindartzea, ezen, adostasun zabalik gabe ezinezkoa baita tamaina honetako gizarte aldaketa bat zurkaiztea.

Horra hor etorkizuna irabazi ahal izateko zenbait erronka. Bistan da, erronkak aipatzerakoan hizkuntza-eskubideetatik haratago goazela. Izan ere, hizkuntza-eskubideak aitortzea eta errespetatzeko bidea markatzea (horra Euskararen Legeak egiten duena) hizkuntza-normalkuntza prozesu ororen arrakastarako eta, bereziki, gizarte osoaren elkarbizitza orekatu eta sendoagoa eraikitzeko behar-beharrezkoa bada ere, bistan da euskararen erabilera indarberritzeko ahuleziak eta arriskuak eskubideetatik haratago aztertu eta identifikatu behar ditugula, hala egitea komeni zaigula benetan euskararen erabilera indartuko badugu. Horrek besteak beste eskatzen digu, gorago aipatu erronkekin batera, euskara erabilera akademikoetatik haratago euskal hiztunen mintzabide naturala eta ohikoa izan dadin saiatzea, batetik, eta oraindik ere euskarari bizkar emanda bizi diren milaka euskal herritarrak gutxienez elebidun pasibo izatera iristeko bidean jartzea, bestetik.

Testuinguru horretan sakonduz, ahuldutako hizkuntzak, horien artean euskara, indarberritzeko xedez Lege, Dekretu, Ebazpen edo dena delakoetan jartzen du hainbatek atentzio nagusia, gizartearen borondatean eta hiztunen beharretan bainoago. Alta, Legeak-eta behar-beharrezkoak izanik, herritarren gogoa eta borondatea dira erabakigarriak hizkuntza normalizatuko bada, horiek gabe alferrekoak baitira gainerako guzti-guztiak. Beraz, Euskararen Legea aldatzeko irrikaz dabilenari zera galdetu beharko litzaioke, nire ustez: zein dira euskal gizartearen gehiengo zabal batek, ez gizarteko zati txiki batek soil-soilik, euskarari dagokionez egin nahi duena eta Euskararen Legeak egitea edo garabidean jartzea eragozten diona? Izan ere, Euskararen Legearen beraren garapenak muga argiak ditu, herritarren gogoa eta haien borondatea, alegia.

Beste hitzetan esanda: gaur eguneko errealitatea kontuan izanik, bihar-etzira begira euskararen etorkizuna bermatze aldera aurrez aurre ditugun erronkei eraginkorki erantzuteko mugak –erabakigarrienak diren muga nagusiak bederen- ez ditugu legerian, geure gizartean baizik. Hori ez da, inolako modutan, era ezkorrean, are gutxiago biktimismoaren antzutasunean, hartu behar, prozesu hauek luzeak eta korapilotsuak baitira, eta euskara atzerabidean ez baizik eta aurrerabidean baitabil. Nolanahi ere, gaur oraindik arazoa ez da Euskararen Legea, legea bere osotasunean eta deserosotasunik eragin gabe betetzea baino. Lege-babes diferente edo askoz handiagoa baino gehiago, jadanik legeak ematen dituen aukerez baliatzea eta legearen potentzialtasunak garatzea da behar duguna, herritarraren hizkuntza-aukera librea bermatzeko, euskara eta gaztelania erabiltzeko egiazko aukera-berdintasuna izateko eta euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa erdiesteko oraindik ere egin behar ditugun kilometro luzeak kementsu egin ditzagun. Ahantzi gabe, edozeinetara ere, kilometro asko egitean baino gehiago, kilometro horiek ahalik eta jenderik gehienak elkarrekin egitean dagoela gakoa, horrek kilometro guztiak egiteko denbora luzeagoa eskatuko badigu ere.

Bukatzeko esan dezagun, bada, duela hogeita bost urte askotarikoen artean ehundu zen adostasunak euskaraz jarduten duen hiztun-erkidegoa indartzen, garatzen, loratzen lagundu duela, ezbairik gabe. Eta horixe bera dela, EAEn garatutako hizkuntza-politikaren abiaburua. Horrek prozesua motel doala irudikatzea dakar, akaso, baina, ez da horrela! Horrek ematen baitio, sendotasuna, iraunkortasuna eta eragingarritasuna euskara indarberritzeko ahaleginari, helmugara iristen joan gaitezen lagunduz.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Begitu

Galbidean zihoan euskara indarberritzeko eran jar dadin erabakigarria izan den ekarpena egin du Euskararen Legeak, ezbairik gabe. Administrazioan, irakaskuntzan, askotariko zerbitzuen alorrean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen aitorpenean, hedabideetan, informazio eta komunikazio teknologietan, eremu sozio-ekonomikoan, aisialdian, eta abar. luze batean eragiteko aukerak eskaini baitizkigu, besteak beste, euskaraz jarduteko geroz eta aukera zabalagoak eskainiz. Izan ere, herritarron hizkuntz eskubideak onartu ez ezik haien zaintza eta sustapena aginte publikoei eman zien Euskararen Legeak duela hogeita bost urte.

Egungo euskal hiztunen kopuruak izan duen hazkundea edota euskararen lurralde osoan sustapen politikak bideratzeko aukerak nekez uler litezke Euskararen Lege hori gabe. Aldi berean, bestelako ekarpen azpimarragarririk ere egin du, geroz eta elebidunagoa den euskal gizartean elkarbizitza areagotzen lagundu baitu.

Herritarrei hizkuntza eskubideak aitortzea, herritarrari norbere hizkuntza-aukera errespetatzea, herritarrei aitorturiko hori guztia pixkanaka bermatzeko herri-aginteei egitekoak eta bi ezartzea, euskararen erabilera etengabe handitzea eta pixkanaka normalizatzea: horra, bada, Euskararen Legearen helburua egiazki gero eta elebidunagoa izan behar duen euskal gizarterantz iristeko bidean. Bide hori egiteko makulu ezinbestekoa izan da Euskararen Legea, eta izaten jarraitzen du.

Ahuldutako hizkuntzak, horien artean euskara, indarberritzeko xedez Lege, Dekretu, Ebazpen edo dena delakoetan jartzen du hainbatek atentzioa, gizartearen borondatean eta hiztunen beharretan bainoago. Alta, Legeak-eta behar-beharrezkoak izanik, herritarren gogoa eta borondatea dira erabakigarriak hizkuntza normalizatuko bada. Beraz, Euskararen Legea aldatzeko irrikaz dabilenari zera galdetu beharko litzaioke, nire ustez: Zein dira euskal gizartearen gehiengo zabal batek, ez gizarteko zati txiki batek soil-soilik, euskarari dagokionez egin nahi duena eta Euskararen Legeak egitea, garatzea eragozten diona? Izan ere, Euskararen Legearen beraren garapenak muga argiak ditu, herritarren gogoa eta haien borondatea, alegia.

Duela hogeita bost urte askotarikoen artean ehundu zen adostasunak euskaraz jarduten duen hiztun-erkidegoa indartzen, garatzen, loratzen lagundu du, ezbairik gabe. Eta horixe bera da, EAEn garatutako hizkuntza-politikaren abiaburua. Horrek prozesua motel doala irudikatzea dakar, akaso, baina, ez da horrela! Horrek ematen baitio, sendotasuna, iraunkortasuna eta eragingarritasuna euskara indarberritzeko ahaleginari, helmugara iristen joan gaitezen lagunduz.

Ez goaz gaizki, aurrerantz goaz, baina eskubete lan daukagu, egindakoa baino gehiago daukagu egiteko euskarari etorkizun oparoa bermatzeko. Horretarako muga ez, baizik eta lagungarri zaigu Euskararen Legea.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Sareko Argiak hamar urte

Kaixo, adiskideok:

 Aldez edo moldez, hemen gauden guztiok euskararen sarean gaude. Sarea botatzen eta askatzen dugu, sarea jasotzen eta biltzen dugu, euskararen gizarte-sarean egiten dugu guztiok lan. Euskaltzaletasuna deitu izan diogu horretan jartzen dugun kemenari. Euskalgintza, berriz, kemen horren lan eta emaitzari. Nolanahi dela ere: gure hizkuntzaren aldeko jardueran elkartzen gaituen sare berean gaude. Zerbitzuko lana deitu zion poetak, Xabier Letek. Eta zerbitzuko lan horretan, batek gehiago tiratuko du sarearen ertz batetik, besteak berriz bestetik; batek sare xeheagoa nahiko luke, beste batek larriagoa; batek orain jaso nahi du sarea eta beste batek nahiago luke itxoin,  baina esango nuke kontu batean behintzat denok bat gatozela: ezin dugu sarea urratu eta eten.

Sarea. Hitz arrunt hori aipatze hutsak itsasoko tresna baten aurrean jartzen gaitu, sareak itsastarren sinbolo bat dirudi. Baina Ataunekook ere, itsasotik urruti samar jaio ginen lehorrekook esan nahi dut, ezagutzen dugu sarea, eta guk ere erabili dugu sarea, ez, jakina, itsasoan, baina bai ehizan, Ataungo eta Aizkorripeko malda eta muinoetan, erabili dugu nekazaritzan, erabili dugu ibaietako arrantzan ere.

Barkatuko didazue oroitzapen pertsonal bat hona ekartzea. Hamar bat urte nituen. Igande eguerdian Ataun San Gregorioko elizaren aurrean jartzen ginen arreba eta biok orduko  Zeruko Argia handi haiek besoan hartu eta meza nagusiaren ondoren saltzeko.

Sare apal bateko partaide apalak ginen.

Sarea deitzen diogun tresna nola, euskararen erlazio-sarea ere halaxe zabaltzen da gure zazpi lurraldeetako ertz batetik bestera, ekialdetik mendebaldera, itsasaldetik lautadara.

Euskarak zortzigarren lurralde bat du aipatu zigun, oraintsu, idazle ezagun batek, Anjel Lertxundik.  Internetez ari zitzaigun, sareen sareaz.

Esku-eskura dugun informazio-formazio-ikerketa-entretenimendu aukera ia infinitua dugu eskura. Ia infinitua diot, Borgesek Babeleko liburutegiari beharbada infinitua deitzen zion zentzu bertsuan. Hala dio argentinarraren Babelgo Liburutegia –zuetako askok ezaguna duzuen- ipuin famatuaren hasierak:

“Unibertsoa (bestelako deituraz, Liburutegia) galeria hexagonalez osaturik dago; galerien kopurua mugagabea da, eta beharbada infinitua”.

Borgesen hitzak dira. Borgesek hori idatzi zuenean, artean ez zen Internetik. Gaur biziko balitz, pentsa liteke halako zerbait idatziko zukeela:

“Unibertsoa (bestelako deituraz, Liburutegia, edo, nahiago bada, Internet) galeria hexagonalez osaturik dago; galerien kopurua mugagabea da, eta beharbada infinitua”.

Sareak bereganatu egiten ditu, ia abduzitu, orain arteko komunikazio eta transmisio kulturalaren moduak, jarduerak; baita diskurtsoa bera antolatzeko erak ere. Kazetaritzaren edo liburugintzaren edo diskogintzaren munduak ez dira orain arte bezalakoak izango. Ez dira jada orain arte bezalakoak. Hasita gaude aldaketon emaitzak ikusten eta oso epe laburrean gertatuko den iraultza sekulakoa izango da.  Industria kulturalek ez dute berdin planifikatuko, orain arte maneiatzen genituen kulturaren parametro ekonomikoak oso bestelakoak izango dira, irakurleek ez dute orain arte irakurri dugun bezala irakurriko, eta idazleek ere beste modu batean idatziko dute. Eta dinamika horretatik kanpo geratzen den guztia guztiz marjinala izatera deitua dago. Edo –gehiago oraindik- desagertzera.

 Horregatik guztiagatik, berebiziko garrantzia du euskararen presentziak sarean. Baina ez, askotan erabili ohi dugun diskurtsoaren arabera, hor ere egon behar delako, hor egon gabe euskara arnasarik eta etorkizunik gabe geldituko delako baizik.

Eta sare hitzaren alde makurrena saihesteko —sarea edo tranpa—, ikusi eta ikasi beharra daukagu sarean jartzen ditugun kemenak administratzen ahalik eta etekin handienak ateratzeko euskarak sarean duen eta izango duen presentziari, beti ere aurrez-aurre eta goiburu sarearen erabiltzaile edo kontsumitzaile direnak eta izango direnak hartuz. Beti ere ahantzi gabe gainditu ditugula, zorionez gainditu ere, zenbait eduki euskaraz egote hutsagatik pozten ginen garaiak, eta edukien erakargarritasuna eta balioa  gero eta erabakigarriago direla eskaintzen zaigunaren aldeko hautua egiterakoan.

Argiakoek orain hamar urte ekin zenioten Sareko Argia proiektuari. Kontu hauei inork gutxik garrantzia ematen zien garaian, alegia. Argi jokatu zenuten eta argi ibili zarete. Gaur errealitate oparo eta eredugarri baten hamargarren urteurrena ospatzera bildu gara.

Zuen hamar urteotako eguneroko lanak oso argi frogatu baitigu saregintza dela euskalgintzaren alor garrantzitsuetako bat,

Mila esker eta mila zorion.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario