Lan lasterra, lan alferra: euskararen legea, oraindik ere makulu sendoa

Iazko azaroaren hogeita lauan bete ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legeak hogeita bost urte. Horrenbestez, Espainian XX. mendeko historia gatazkatsuan demokraziak izan duen aldi luzeenetako batean, euskara indarberritzeko xedez, abagune historikoa suertatu da. Izan ere, XIX. mendeaz geroztik, hainbat faktore tarteko, oso modu bizkorrean atzeraka zihoan euskara indarberritzeko bidean jar dadin, erabakigarria izan den ekarpena egin du Euskararen Legeak, zalantzarik gabe.

Halakoetan gertatu ohi denez, argi-ilunak aipatuko dituenik badago egon bazterretan. Badira, bai, nola ez, argi-ilunak, halakoetan ohi den eran; baina nago argiuneak nagusitu direla prozesu honetan. Batzuen aburuz, mantso egin ditugu egin beharrekoak, horrenbeste non euskararen normalizazioa gertatzeko hamarkadak beharko baititugu, oraindik. Beste batzuen iritziz, ostera, urratsak bizkorregi egin ditugu eta orain arteko hizkuntza-politika berrikustea eta apaltzea urgentziako kontua dela azpimarratzen dute. Edozein gisaz, batzuek zein besteek, tartean diratekeenek barne direla, zera uzten dute agerian, ezen, gutxiagotutako hizkuntza bat biziberritzeaz ari garenean ez garela tailer batean torlojuak ekoizteaz ari, ez eta erabaki politiko bat hartu eta biharamunean betetzeaz: hori bainoago, gizartearen jokabideetan sakoneko aldaketak eragiteari buruz, gizarte ingeniaritzaz ari gara. Horrek, lehenik eta behin, zuhurtzia eta malgutasuna, boluntarismoaren tokian eraginkortasun egiazkoa, liskarraren eta erasoaren lekuan adostasun zabala oinarritzat dituen jarduna eskatzen digu guztioi. Izan ere, nahia eta ahala uztartu gabe ezinezkoa baita zaila dena –inoiz ezinezkoa dirudiena- errealitate bihurtzea.

XX. mendeko zenbait euskaltzale esanguratsuk zion euskaraz jarduten zuen hiztun-elkarteak XXI. mendera iristeko nahikoa indar ez zuela izango. Izan ere, euskara gainbehera zetorren, ikuspegi demografikotik nola funtzionaletik. Adin-talderik zaharrenak ziren euskaldunenak; hiri eta herri industrializatuetan hutsaren hurrengoa zen haren presentzia; eremu formaletatik baztertua zegoen, eta etxeko, lagunarteko giroetara zegoen, hein handi batean, zokoraturik gure hizkuntza.

Horiek horrela, joerari, ustezko patuari itzuri egiteko hiru jarraibide behar-beharrezkoak suertatuko dira: batetik, euskara komunikazio-jardun berrietarako, hiztunen behar berrietarako egokitzea, hizkuntzaren beraren korpusa eguneratuz eta batasun bidea jorratuz; bestetik, hiztun kopuruak emendatzea, dela hezkuntzaren nola baita helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen bitartez; azkenik, euskara belaunez belaun irautea ahalbidetu duten komunikazio-eremuei eusten ahalegintzea, eremu berrietara zabaltzeko lege aitormena ez ezik politikak ere abian jarriz. Lehenbizikoak, 60 eta 70eko hamarkadetan izan zuen bultzada erabakigarria, Euskaltzaindiaren eta euskal idazleen eskutik. Bigarrenak eta hirugarrenak, aldiz, Euskararen Legea lagun 80ko hamarkadatik aurrera izan zuten berebiziko aurrerabidea, Espainiako Konstituzioak lehenik, EAEko Estatutuak gero, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu eta gero.

Euskaraz jarduten duen hiztun-elkartearen egoera abiapuntutzat hartu eta euskararen auzia euskal hiztunen nahiz euskal hiztun ez diren euskal herritar guztien egitekotzat aldarrikaturik, nola baita ere euskal gizarte elebiduna arian-arian eraikitzeko helburua harturik, euskara indarberritzeko borondate eta adostasun politiko eta sozial zabalak –ez erabatekoak- ehundu zuen Euskararen Legea duela hogeita bost urte pasatxo. Administrazioan, irakaskuntzan, askotariko zerbitzuen alorrean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen aitorpenean, hedabideetan, informazio eta komunikazio teknologietan, eremu sozio-ekonomikoan, aisialdian, eta abar luze batean eragiteko aukerak eskuratu dizkiguna, besteak beste, euskaraz jarduteko geroz eta aukera zabalagoak eskainiz. Izan ere, herritarron hizkuntz eskubideak onartu ez ezik, haien zaintza eta sustapena bermatzeko ardura aginte publikoei eman zien Euskararen Legeak duela hogeita bost urte. Elebitasunaren eta euskararen normalkuntzaren aldeko legea da duela mende laurden bat onartu zen hura, hizkuntza-eskubideen aitorpenean, hizkuntza-erabilera aukerak sortzeko obligazioak herri-aginteei ezartzean eta progresibotasunaz jardutean oinarrituriko legea, hain zuzen ere.

Egungo euskal hiztunen kopuruak izan duen hazkundea edota Euskadiko Autonomia Erkidegoan sustapen politikak bideratzeko aukerak ere ezin uler litezke Euskararen Lege hori gabe. Aldi berean, bestelako ekarpen azpimarragarririk ere egin du, geroz eta elebidunagoa den euskal gizartean elkarbizitza areagotzen lagundu baitu.

Alabaina egindako bidea, oso garrantzitsua izanagatik ere, baikorkerietara ezin eraman gaitzake. Egin dugun bidean etorkizun hurbilean atzera egin dezakegu, baldin eta denboraren joanean euskaraz jarduten dutenen beharrak eta egungo euskal gizartearen ezaugarriak kontuan hartzen ez baditugu. Hori hala, XXI. mendean zehar euskara indarberritzen segitzeko bidean hainbat erronka ditugu, egun, eskuartean. Batetik, 80ko hamarkadan ez bezala, adin-talderik gazteenak dira euskaldunenak, hortaz, hezkuntza prozesuetatik haratago, euskara bizitzako ohiko komunikazio-jardunetarako baliagarria ez ezik erakargarria ere suertatzea erabakigarria izango da gazte belaunaldiek euskarari atxikimendua erakutsi eta bizipoza eman diezaioten. Bestetik, euskararen aldeko jardunean erabilerari lehentasuna ematea ezinbestekoa da, ezen, baliatzen ez den hizkuntza herdoiltzen, kamusten baita, erabilia izateko aukerak ugaldu ordez murriztuz eta haren gainbehera ekarriz. Hirugarrenik, euskara nonahi baliatu ahal izateko erabilera-eremuak irabazten segitzea, euskara belaunez belaun irauteko erabakigarriak direnetan lehentasunak jarriz. Azkenik, euskararen aldeko langintza indarberritzeko, adostasun soziala eta politikoa berreskuratzeko ahalegina berrindartzea, ezen, adostasun zabalik gabe ezinezkoa baita tamaina honetako gizarte aldaketa bat zurkaiztea.

Horra hor etorkizuna irabazi ahal izateko zenbait erronka. Bistan da, erronkak aipatzerakoan hizkuntza-eskubideetatik haratago goazela. Izan ere, hizkuntza-eskubideak aitortzea eta errespetatzeko bidea markatzea (horra Euskararen Legeak egiten duena) hizkuntza-normalkuntza prozesu ororen arrakastarako eta, bereziki, gizarte osoaren elkarbizitza orekatu eta sendoagoa eraikitzeko behar-beharrezkoa bada ere, bistan da euskararen erabilera indarberritzeko ahuleziak eta arriskuak eskubideetatik haratago aztertu eta identifikatu behar ditugula, hala egitea komeni zaigula benetan euskararen erabilera indartuko badugu. Horrek besteak beste eskatzen digu, gorago aipatu erronkekin batera, euskara erabilera akademikoetatik haratago euskal hiztunen mintzabide naturala eta ohikoa izan dadin saiatzea, batetik, eta oraindik ere euskarari bizkar emanda bizi diren milaka euskal herritarrak gutxienez elebidun pasibo izatera iristeko bidean jartzea, bestetik.

Testuinguru horretan sakonduz, ahuldutako hizkuntzak, horien artean euskara, indarberritzeko xedez Lege, Dekretu, Ebazpen edo dena delakoetan jartzen du hainbatek atentzio nagusia, gizartearen borondatean eta hiztunen beharretan bainoago. Alta, Legeak-eta behar-beharrezkoak izanik, herritarren gogoa eta borondatea dira erabakigarriak hizkuntza normalizatuko bada, horiek gabe alferrekoak baitira gainerako guzti-guztiak. Beraz, Euskararen Legea aldatzeko irrikaz dabilenari zera galdetu beharko litzaioke, nire ustez: zein dira euskal gizartearen gehiengo zabal batek, ez gizarteko zati txiki batek soil-soilik, euskarari dagokionez egin nahi duena eta Euskararen Legeak egitea edo garabidean jartzea eragozten diona? Izan ere, Euskararen Legearen beraren garapenak muga argiak ditu, herritarren gogoa eta haien borondatea, alegia.

Beste hitzetan esanda: gaur eguneko errealitatea kontuan izanik, bihar-etzira begira euskararen etorkizuna bermatze aldera aurrez aurre ditugun erronkei eraginkorki erantzuteko mugak –erabakigarrienak diren muga nagusiak bederen- ez ditugu legerian, geure gizartean baizik. Hori ez da, inolako modutan, era ezkorrean, are gutxiago biktimismoaren antzutasunean, hartu behar, prozesu hauek luzeak eta korapilotsuak baitira, eta euskara atzerabidean ez baizik eta aurrerabidean baitabil. Nolanahi ere, gaur oraindik arazoa ez da Euskararen Legea, legea bere osotasunean eta deserosotasunik eragin gabe betetzea baino. Lege-babes diferente edo askoz handiagoa baino gehiago, jadanik legeak ematen dituen aukerez baliatzea eta legearen potentzialtasunak garatzea da behar duguna, herritarraren hizkuntza-aukera librea bermatzeko, euskara eta gaztelania erabiltzeko egiazko aukera-berdintasuna izateko eta euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa erdiesteko oraindik ere egin behar ditugun kilometro luzeak kementsu egin ditzagun. Ahantzi gabe, edozeinetara ere, kilometro asko egitean baino gehiago, kilometro horiek ahalik eta jenderik gehienak elkarrekin egitean dagoela gakoa, horrek kilometro guztiak egiteko denbora luzeagoa eskatuko badigu ere.

Bukatzeko esan dezagun, bada, duela hogeita bost urte askotarikoen artean ehundu zen adostasunak euskaraz jarduten duen hiztun-erkidegoa indartzen, garatzen, loratzen lagundu duela, ezbairik gabe. Eta horixe bera dela, EAEn garatutako hizkuntza-politikaren abiaburua. Horrek prozesua motel doala irudikatzea dakar, akaso, baina, ez da horrela! Horrek ematen baitio, sendotasuna, iraunkortasuna eta eragingarritasuna euskara indarberritzeko ahaleginari, helmugara iristen joan gaitezen lagunduz.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.