Urte berri on!

2016,2

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Agur eta ohore, Marijuli Azkue!

Gaur urtebete hil zen Marijuli Azkue. 46 urte zituen. Bere begirada, pauso, hizkera eta irrifarre agortezin hura guztia bezain bizi-bizia zen Marijuli. Ez zen gorputzez handia, baina handia da —oso handia, handiegia— bere ingurukoengan, familia eta lagunengan, utzi zuen zuloa.

Marijuli ezagutzeko zoria izan genuen guztiok zartada bortitza hartu genuen bere bat bateko heriotzaren berri izatean.

Euskarak eta euskal kulturak ekintzaile amorratua galdu zuten Marijuliren heriotzarekin 2014ko abenduaren 20an. Larramendi Kultur Bazkunaren sustatzaile eta kide izan zen hasiera beretik. ‘Aiurri’ toki aldizkariaren eta beste hainbat proiekturen hauspo fina.

Besarkada handi bana bere anaia Jokin eta bere senitarteko eta lagun guztiei, bere heriotza gaur oraindik sinestezinaren lehen urteurrenean. Agur eta ohore, Marijuli!

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Hizkuntza gutxituen balio ekonomikoa hizpide Trenton

Ba al dute balio ekonomikorik hizkuntza gutxituek? Galdera horri erantzuten saiatu naiz hil honen 15ean Trenton emandako hitzaldian. Zehazki, probintzia autonomo horretako Pozza di Fassan, Fasciako Comun General-aren egoitza nagusian ekin diot, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta NPLDren presidente modura gonbidatuta. Trentoko Hizkuntza Gutxituen Bulegoak eta Fasciako Comun Generalek elkarrekin antolaturiko mintegian kulturgintzako arduradunek, unibertsitate arloko kideek eta turismo eragile ugarik hartu dute parte. Trentoko gobernu erregionala NPLDko kidea da, ladino deritzan hizkuntza erabiltzen baitute inguru horietan, italieraren eta, beste zenbait kasutan, alemanieraren ondoan.

Bertan aipatu nituen, besteak beste, hizkuntzen balio ekonomikoa, Europar Batasunaren hizkuntza aniztasunari buruzko politiketan eta programetan gaur egun bertako erakundeetan ofizialak diren 24 hizkuntzak ez ezik besteak ere aintzat hartu beharra (euskara adibidez, edo ladinoa eta beste hainbat) edo-ta ‘beste hizkuntza’ hauen balio ekonomikoaren garrantzia. Guzti horiekin batera, hizkuntzek kohesio sozialerako eta gizartearen garapen iraunkorrerako  duten balioa azpimarratu dut, eta Eusko Jaurlaritzak duela gutxi egin eta ezagutzera emandako ‘Euskararen balio eta eragin ekonomikoa Euskadiko ekonomian’ izenburupeko ikerlanaren berri eman.

Azken hiru hamarkadetan Euskadik izandako aldaketa sozioekonomikoa eta aldaketa soziolinguistikoa elkarren eskutik gertatu direla jakinarazi diet bertan bildutakoei, Euskadin urratu den eta urratzen ari den bidea, eta arretatsu entzun dituzte azalpenak. EURACeko kideek, aldiz, hizkuntza gutxiagotuek turismorako duten balio erantsiaren gainean eman dituzte komunikazio biziki interesgarriak. Hala, mintegia eta bertan izandako batzarra Trentoko Hizkuntza Gutxiagotuen Bulegoaren, Fasciako Comun Generalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta NPLDren arteko harremanak sendotzeko baliagarri izan dira.

Mintegian hizlari eta kide izan ditut Elena Testor (Fasciako Comun General-eko presidentea), Marilena Defrancesco (Trentoko probintziako Hizkuntza Gutxituen Bulegoaren zuzendari nagusia), Celestino Lasagna (Comun General de Fasciako kontseilaria), Anna Scuttari (Bolzanoko EURAC Ikerketarako Europar Institutuko irakasle ikertzailea) eta Elena Chiocchetti (Bolzanoko EURAC Ikerketarako Europar Institutuan Hizkuntza Aniztasuneko irakasle ikertzailea).

Hizkuntza gutxituen balio ekonomikoaz jardunean. Ezkerretik eskumara: EURACeko bi ordezkariak (Anna Scuttari eta Elena Chioccetti), Elena Testor, Marilena Defrancesco eta Celestino Lasagna.

Archivo_005

Trenton emandako hitzaldiaren izenburua.

Archivo_001

Sabrina Rasom-ekin, Trentoko probintzia autonomoko gobernuak NPLD-n duen ordezkariarekin.

Archivo_002

Sabrina Rasom (Trentoko probintzia autonomoko gobernuaren ordezkaria NPLD-n), Araceli Díaz de Lezana (Eusko Jaurlaritzako HPSko Estandarizazio Zerbitzuburua) eta hirurok.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Koldo Mitxelenaren mendeurrena gogoan, Galizian

Consello da Cultura Galegak, Galiziako Xuntak, Ramón Piñeiro Zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak antolatuta, ‘Ramón Piñeiroren eta Koldo Mitxelenaren jaiotza dela eta’ izenburupeko jardunaldiak egin dira egunotan. Galiziara hurbildu garenon taldean Miren Azkarate, Donostiako Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria, filologoa eta euskaltzaina, Pedro Miguel Etxenike, fisikan katedraduna eta Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioaren presidentea eta ni neu egon gara. Jardunaldiotan Mitxelenaren eta Piñeiroren —aurten 100 urte bete dira biak jaio zirenetik— arteko erlazioa berreskuratu eta Estatuko hizkuntza gutxituen egoera aztertu nahi izan da. Honela, irailean EHUko uda ikastaroetan antolatu zen mintegiari jarraipena eman nahi izan zaio. Irailean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, HABE-k, Galiziako Xuntak, Consello Da Cultura Galegak eta Ramón Piñeiro Zentroak ‘Euskararen eta gainerakoen tokia hizkuntza aniztasunean, Koldo Mitxelenaren eta Ramón Piñeiroren ekarpenen harira’ izeneko mintegia antolatu zuten Miramar Jauregian.

‘Ramón Piñeiroren eta Koldo Mitxelenaren jaiotza dela eta’ jardunaldiak abenduaren 10ean eta 11n burutu dira Consello da Cultura Galegaren egoitzan eta baita Ramón Piñeiro Zentroan ere. Ramón Villares, Consello da Cultura Galegako presidentea, eta Pedro Miguel Etxenike fisikariaren esku egon zen hasierako hitzaldia eta arratsaldeko saioan, berriz, Miren Azkaratek eta Fernando Ramallok ‘Euskararen eta galegoaren egungo erronkak: Mitxelena eta Piñeiroren garaitik Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunera arte’ izeneko ponentzia eskaini zuten. Bigarren egunean, Real Academia Galegako presidente Xesús Alonso Monterok Koldo Mitxelenak Ramón Piñeirori bidalitako gutunak izan ditu hizpide bere hitzaldian. Jardunaldiak ixteko, Rosario Alvarezek gidatutako mahai ingurua antolatu da —gaia, hizkuntza politika estatu eta autonomia kontzertuetan izan da— eta, bertan,  Galiziako hizkuntza politikarako arduradun Valentín García, ni neu, Francisco Caamaño eta Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari orokorra den Ester Franquesa aritu gara. «Estatuak bere izaera eleaniztuna onartzea eta horren alde egitea gainditu gabeko ikasgaia» dela nabarmendu nahi izan dut bertan. Izan ere, gaztelania ez diren Estatu mailako gainerako hizkuntzen biziberritzea botere publikoei, gizarte eragileei eta hiztunei esker etorri da. Estatuaren parte hartzerik gabe eta, batzuetan, Estatuaren traben kontra. Euskadin, behintzat, hori da gertatutakoa. Espainiako Konstituzioa eleaniztasunaren aldekoagoa da Estatuko instituzioek garatzen duten hizkuntza politika baino, eta hori izan da nire mezuaren ildo nagusia.

Pedro Miguel Etxenikerekin, Santiago de Compostelan, Ramón Piñeiro bizi izan zen etxe aurrean.

Pedro Miguel Etxenikerekin, Santiago de Compostelan, Ramón Piñeiro bizi izan zen etxe aurrean.

Archivo_001

Valentín García (Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia) eta Ramón Villares-ekin (Concello da Cultura Galega-ko presidentea).

Archivo_003

Valentín García eta Ramón Villares-ekin

Archivo_002

Ramón Villares, Miren Azkarate eta Pedro Miguel Etxenikerekin.

Archivo_000

Gaurko hitzaldian, Esther Franquesa, Valentín García, moderatzailea eta Francisco Caamaño-rekin.

Archivo_005

Xesús Alonso Montero, Real Academia Galega-ko presidentearekin.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Azoka, bizi-bizi

Mende erdia joan da jada Durangoko Azokak lehen aldiz ekin zionetik. Urte ilunak ziren haiek, diktaduraren jazarpen betekoak, baina horrek ez zituen aitzindariak kikildu. Euskara batasunik gabe zegoen artean, zailtasunez jositako egoera batean. Hala ere, Gerediaga Elkartekoen moduko askori esker aurrera jo zuen, herri oso baten borondateak bultzatuta. Euskara batuaren alde 1968an bizkortutako prozesua, Gernikako Estatutuaren eskutik 1979an lortutako ofizialtasuna eta 1982ko Euskararen Legea mugarri izan dira bide horretan, gauden honetara ekarri gaituztenak. Azokak ere ez du 1965ekoaren antzik, euskararen inoizko mundu zabalenaren erakusgarri baita, urratsez urrats aurreratutakoarena. Andra Mariko elizpetik Landako erakustazokara arte ibilitakoa ez da nolanahikoa. Euskarazko kultur ekoizpena, euskarazko sorkuntza, erresistentzia girotik modernitatera jalgi da, nolabaiteko ‘tolerantzia’ batetik eskubide osoko agerraldira.

Baina guzti hori ez da berez etorri, euskaltzale askoren ezeren trukeko ahaleginaren ondorioz baizik. Hasierako urte haietan hotzari, hoztasunari eta bestelako muga guztiei kale gorrian aurre egin zietenen adoreari esker, besteak beste. Horien artekoa zen, esaterako, Xabier Gereño idazle bilbotarra, Euskararen Nazioarteko Egunean omendu ditugun euskaldun berrietakoa: euskaldun berrientzat ere, eta bereziki, idazten zuena, euskal literaturgintzara gai berriak ekartzen ahalegindu zena eta Durangoko Azokako hasieretako liburu-saltzailea.

Egun, euskarazko letrek eta musikak kultur merkatuetan bizirauteko ezinbestekoa den kalitatearen erronkari eutsi diote, ez soilik ekoizpenaren kantitateari dagokionez. Bost literatur sari nazional ditu euskarak eta baita itzulpen arloko beste bat ere. Gainera, euskal idazle ugariren lanak hizkuntza askotara itzuli dira, eta milaka irakurle fidelizatu dituzte horietako mordo batek. Euskara ez da muga, ez desabantaila mota askotako literatura ona egiteko. Euskal idazleen artean bi belaunaldiren uztardura eta osagarritasuna oso modu naturalean ari da gertatzen, bikaintasunez, eta Azoka guzti horren lekuko, erakusleiho eta bidelagun paregabea da. Maila hori gainerakoetara zabaldu da, eta horren adibide dira musikagintzan estilo eta bide ezberdinetan arrastoa utzi duten eta uzten ari diren bakarlari zein talde ugariak.

Krisi latza izan da azken urteotakoa, mendebaldean zein mundu osoan kontsumoaren uzkurtzea ekarri duena. Baina euskararen komunitateak aurrera egin du, erabaki eraginkorrak hartuta, euskararen kultur industrien biziraupena ez ezik garapena ere bermatzeko. Azokaren mende erdiko honetan kultur kontsumoa bizkortzen hasia dela ematen du, zorionez. Euskarazko kultur ekoizpenak, gainera, aurrera begiratzen du etengabe, teknologia molde berrienetara egokituta.

Aro digitalean, banakuntza kanal ezberdinen arteko osagarritasunaren bidetik abiatu beharra dute euskarazko kultur ekoizpenak eta merkatuak, eta horretan ari dira nekaezin. Durangoko Azokak berak ere aspaldian emanak ditu IKTak eta kultur ekoizpena eta kontsumoa lotzen dituen bidean barrena abiatzeko pausuak.

Kultur sortzaile eta kontsumitzaileen arteko harremanetarako ezinbesteko gune bilakatu da Azoka euskal kulturgintzaren egutegian, gizartearen heldutasunerako osagai garrantzitsua baita kultur solaserako gune eta egokierak sortzea eta elikatzea. Horretan sakondu beharra dago, beti gazteak aintzat hartuta. Horiengandik hurbil jarraitzeko sekulako ahalegina egin du sorreratik Durangoko Azokak, 1965. hartan etorriko zenaren berme eta protagonista ziren bezala, gaur egun ere halaxe direlako.

Argizaiola saria Gerediaga Elkarteko aitzindariek jaso dute aurten, merezimendu osoz. Euskarak eta euskal kulturak asko zor diote talde horri, mende erdiz inoiz huts egin gabe kementsu aritu direnei, hasierako gune txiki hura espazio anitzeko errealitate ezin sendoago bihurtu dutenei, Azokaren inguruan kultur eskaintza aberats eta ugaria sortzea ahalbidetu duten guztiei. Euskararen eta Durangoko Azokaren bilakaera elkarren eskutikoa izan da, eta berrogeita hamar urteotan gaztetzen, sendotzen eta bizkortzen joan dira, beti etorkizuna irabazteko prest.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Euskaldun berriak: agur eta ohore

Autogobernua berreskuratu orduko, Euskadik bere buruarentzat nahi zuen gizarte eredua eta helburuak jasotzeari ekin zion lege-arau propioen bitartez.

Hizkuntzari dagokionez, Euskararen Legea onartu zuen 1982an Eusko Legebiltzarrak, gehiengo zabal batez. Bilakaera historiko luze baten ondotik eta, azkenaldian batez ere frankismoaren garaiko eraso eta bazterketa bortitzaren eraginez, une hartan ahulduta zegoen euskara, oso ahulduta. Euskadiko biztanle guztien artean bostetik batek bakarrik zekien euskaraz. Hala, euskal gizarteak aukeratu zezakeen euskarari eta euskal hiztunei gutxiengoaren trataera ematea, hots, euskarari nolabaiteko presentzia ematea, desagertu gabe -baina hazi barik- jarrai zezan. Oso bestelako hautua egin zuen, ordea, euskal gizarteak orduan: euskara gizarte osoarentzat izatea. Horregatik, herritar elebidunez osaturiko gizarte elebidunaren eredua hautatzea erabaki zuen Legebiltzarrak, bi hizkuntza ofizialen arteko elkarbizitza gizarte elkarbizitzaren parte garrantzitsu bihurtuz. Hori da Euskararen Legearen eredua. Esan bezala, hauta zezakeen bestelakorik ere: bi komunitate bereizi eta euskara-hiztunen egoera babestea, eta horien hizkuntza eskubide batzuk ardatz bakar bihurtzea. Baina, ez; hori euskaldunok gutxiengo bezala tratatzea izango zen, eta hautua ez zen hori izan: hautua euskara guztiona egitea izan zen. Integrazioarena, ez bereizkuntzarena. Horregatik, Estatutuak eta Euskararen Legeak euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea herritar guztiei aitortzen diete, eta eskubide hori babesteko obligazioa ezartzen diete erakunde publikoei: eskubide berberak hizkuntza ofizial bietan herritar guztiei eta obligazioak administrazioei. Horra euskara araubidearen funtsa, progresibotasunez aplikatzekoa.

Harrez gero, bide emankorra jorratu du euskarak, herritarren borondate sendoaz, erakundeen hizkuntza politika sustatzaileaz eta askotariko gizarte eragileen bultzadaz. Hiru hamarkada hauetan, euskal hiztunok bostetik bat izatetik hirutik bat baino gehiago izatera pasatu gara. Gaur egun, euskal hiztunak 809.000 gara EAEn, eta euskaldun pasiboak, euskara neurri batean edo bestean ulertzen dutenak ia 400.000. Elebakarrak, berriz, 900.000 dira: gizartean nagusi izatetik, erdiak baino gutxiago izatera pasatu dira. Ez dago dena egina, ez horixe. Asko dugu egiteko oraindik, egin duguna baino gehiago hainbat arlotan, baina aurrera goaz, etenik gabe aurrera, bistan denez.

Munduan zehar, hizkuntza propioak berreskuratu eta biziberritzeko prozesuetan murgilduta dauden herrialde eta komunitate askorentzat eredu bihurtu da euskara biziberritzeko esperientzia. Lehengo astean, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat Argentinan eta Paraguain izan gara. Argentinan 25 urte bete dituzte euskara irakasten euskal etxeetan eta, gaur egun, urtero seiehun eta berrogeita hamar pertsonatik gora aritzen dira euskara ikasten, euskal etxeetan eta unibertsitatean. Paraguain, berriz, hango gobernuak eta gureak hitzarmena sinatu dugu, han guarania biziberritzeko daramaten hizkuntza politikan bidelagun izan nahi gaituztelako.

Euskara biziberritzeko prozesuan giltzarri izaten ari dira hezkuntza sistema eta helduen euskalduntzea. Euskara irabazten ari den hiztun kopuruan erabakigarria da eskola, familia elebakarretan hazitako umeak, euskara etxean jasotzen ez dutenak alegia, eskolaren bidez ari direlako jasotzen. Baina erabakigarria da, baita ere, helduen euskalduntzea, urtero milaka baitira euskara heldutan ikasteko erabakia hartu eta  euskaltegira doazen herritarrak.

Egun egokia da gaurkoa, euskaldun berriek egiten diguten ekarpena aitortu eta goraipatzeko. Izan ere, euskara jakin ez eta ikasteko pausua ematen dutenek euskaraz aritzeko aukerak biderkatzen baitizkigute euskaldunoi. Elebitasunak onurak besterik ez ditu. Onurak, norberarentzat lehenbizi. Hizkuntza bat eskuratzeak eduki, giza harreman eta jakintza esparru berrietara iristeko aukera ematen digulako beti. Eta, onurak, baita ere, gizarte eta komunitate bizitzan euskal hiztunentzako aukera berdintasuna handitzen duelako.

Zentzu horretan, uste dut oso egokia dela aurten, Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiek, elkar hartuta, euskaldun berriei eskerrak eman eta gorazarre egiteko adostu dugun ekimena. Bi hizkuntza ofizial ditugu Euskadin: euskara eta gaztelania. Legezko berdintasuna aitortua dute, baina ez daude berdintasun egoera errealean. Eta gure gizarteak bere buruarentzat hautatua duen helburua errealitate egingo bada, egoera berdinkideago batean behar ditugu biak. Elebitasuna hizkuntzen elkarbizitza ahalik eta orekatuen gisa ulertua, eta hizkuntzen arteko elkarbizitza gizarte-bizikidetzaren osagai gisa ulertua. Helburu horretara iristeko, euskarak, berezko hazkunde naturala (nagusiki familia transmisioaren bidezkoa) ez ezik, hiztun berrien ekarpena behar du. Euskarak euskaldun berriak behar ditu, euskaldunok euskaldun berriak behar ditugu. Hazten eta sendotzen jarraitzeko, euskarak euskaldun zaharrak bezala euskaldun berriak behar ditu. Modu bateko eta besteko hiztunak. Euskaldun berrien hazkundea euskararen hazkundearen termometro bikaina da.

Beraz, omen ditzagun euskaldun berriak gaur, Frantzisko Xabierkoaren Egunean, Euskararen Egunean. Eskaini diezaiegun plaza, kale edo gunerik gure herrietan. Baina, gogoratu gaitezen beti: euskaldun berriari egin diezaiokegun oparirik onena eta eman diezaiokegun eskerrik eraginkorrena euskaraz aritzea da; ikasten ari diren edo ikasi duten hizkuntza horretan aritzea. Esfortzua eginez ikasi duten hizkuntza horren beharra sentitzen dugula ikustea, beraiek ere halaxe senti dezaten. Seguruenik ere horixe baita hiztun berriak motibatzeko, eskertzeko eta trebatzeko modurik onena. Gugan ere ikus dezatela, Gabriel Arestirentzat bezala, “niretzat euskara premia bat da (…) Ene arimaren ogia euskara da”.

Beraz, gaur eta beti, agur eta ohore euskaldun berrioi, bihotzez.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario