“Zutik Euskal Herria”

Ezker abertzale tradizionala hizpide da azken asteotan.

“Zutik Euskal Herria” izenburu sutsu eta mobilizatzailea aukeratu du bere etorkizun politikoaren ondorioak ezagutarazteko. Baina Euskal Herria ez da zutitu; ea zer pauso ematen dituen zain geratu zaio.

Ez naiz ni izango ezker abertzale tradizionalaren barruan “atzo eta gaur, dena da berdin” esango duena. Bistakoa dirudi, gero eta gehiago direla, borroka armatua jarduera politikoa eragozten dien traba larritzat hartzen dutenak. Dirudienez, ezker abertzale zibilean gehienak dira borroka armatuari “adio” esan nahi diotenak. Ez dakigu, ordea, ezker abertzale militarrean inor baden, edo baldin bada zenbat diren, gauza bera pentsatzen dutenak, eta borroka armatuari, ez aldi baterako, baizik eta behin betirako, “adio” esateko prest daudenak.

Ezker Abertzale tradizionalaren agiriak, bi mezutara laburbilduta, esaten diguna hauxe da: orain arte eragindako sufrimendua (ehunka hilketa, milaka mehatxatu eta estortsionatu) eta orain arte ehunka pertsona kartzelara bidean jarri izana, politikoki justifikatuta dago, merezi izan du; hori batetik. Eta bestetik, esaten du, hemendik aurrera politikaren garaia da, eta bide horretan ez omen dago indarkeriarentzako tokirik.

Uste dut hiru kontu ez dituela argi ikusten zutik jartzera deitutako Euskal Herriak: ETAk hori bera erabaki ote duen; ETAk ere hori bera erabaki ez badu, Ezker Abertzale zibilak ETAri irmotasunez kontra egingo dion edo ez; eta erabaki hori aurrebaldintzarik eta atzera bueltarik gabea ote den.

Jendartean aparteko jakinmina eta ikusmina sortzen dituena ez da ezker abertzale tradizionalaren etorkizun politikoa. Jakinmina sortzen duena da borroka armatuari jada amaiera emateko erabakia hartu den edo ez. Herri honi zor diote hori argitzea. Bitartean, ezinbestez, urteotako eskarmentua medio, mesfidati eta urrutitiko behatzaile moduan begiratuko diegu gehien gehienok. Eta Euskal Herriak, zutik edo eserita, aurrera jarraituko du bere bidea egiten, orain arte bezala edo, ahal bada, hobeto.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Hezkuntza eta euskara

Aurre-matrikulazio garaian gaude, eta kalean da hezkuntza eta euskarari buruzko eztabaida. Zenbait diskurtsotan, sinplifikazio asko eta ñabardura gutxi atzematen dugu, zoritxarrez. Badira sua piztu nahi dutenak ere: su horretan, ordea, euskara kiskalita geratuko litzateke. Hobe su horri egurrik ez botatzea.

Gauza batzuk ikusi eta ikasi ditugu urteotan:

Ikusi dugu, esaterako, eskolak egin zezakeena egin duela, oso nota altuarekin gainera.

Duela 25 urte baino 300.000 gehiago gara euskaraz hitz egiten dakigunak, eta hori neurri handi batean eskolari zor diogu.

Ikusi dugu gurasoek euren seme alaben irakas hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea eta euskara bide lagun direla, euskarazko irakaskuntzak gora egin baitu gurasoen erabakiz.

Ikasi dugu, gaur eguneko A eredua gainditu egin behar dela, ez duelako balio etxetik euskararik ez dakiten milaka ikaslek euskara gutxieneko neurri batean ikasteko.

Ikasi dugu hizkuntza ereduak ez direla panazea, ezta D eredua bera ere. Ez baita egia D ereduak, berak bakarrik, euskararen ezagutza jasoa, goi-mailakoa eta naturala bermatzen dituela. Bermatzen du etxetik euskaldun diren eta lagun arte euskalduna duten ikasleen kasuan, ereduari berari adina edo gehiago, ezaugarri horiei esker; baina ez du bermatzen etxeko eta inguru hurbileko hizkuntza gaztelania dutenen kasuan.

D ereduan ere milaka gazte ditugu “la erroketa de IXA gehi BAT” esan eta, segidan, “qué guay! Cuánto me mola esta música, yo flipo con estos!” esaten dutenak, matematikei buruz hitz egiterakoan ez bezala, gai hauetaz aritzerakoan natural-natural barrutik irteten zaiena gaztelania delako. Eskolako A, B edo D ereduen kontuarekin baino askozaz gehiago du horrek zerikusia euskarak eta gaztelaniak kalean eta familian duten indarrarekin.

Beraz, euskalduntzearen mesedean, ez diezaiogun eska eman dezakeena baino gehiago eskolari.

Europarrak gara, eta hiru eleko hezkuntzaren bidea da gurea. Hor aurkitu behar du lekua euskarak, indartsu, baina errealismoz, euskararen beraren muga sozialak oso kontuan hartuta. Nola? Sakoneko aldaketak, aldez aurretik esperimentatuta eta adostasun sozial eta politiko handienean oinarrituta emanez.

Izan egun ona.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Es una lengua

Comparto las manifestaciones que el lehendakari López realizó, en su discurso de bienvenida al nuevo Consejo Asesor del Euskera, a favor de reducir el desequilibrio entre las dos lenguas oficiales, el respeto a las opciones lingüísticas de la ciudadanía y la necesaria cooperación entre los territorios del euskera. No puedo decir lo mismo, sin embargo, sobre las polémicas palabras con las que cerró su salutación: “el final de la violencia (…) facilitará mucho las cosas al mundo del euskera. El euskera se vinculará definitivamente a la libertad” (ergo hoy no lo está). En mi opinión, son un desatino. No juzgo las intenciones del lehendakari, pero es evidente que sus palabras han contrariado a muchas personas no precisamente conniventes con la violencia. Huelga decir, por obvio, que la desaparición de la violencia beneficiará notablemente a todo proyecto social y a todas las personas. No es, pues, esa la causa de la contrariedad.

No solo llueve sobre mojado, sino que tales palabras no resultan acertadas ni como diagnóstico ni como discurso. Expresiones como “reivindicar el euskera en libertad” (¿acaso no es libre la opción, en ocasiones muy dificultosa, de miles de ciudadanos de crear, consumir, trabajar, divertirse, educarse, formar y vivir en euskera?), o bien “fomentar una cultura en euskera plenamente democrática” (¿es que no lo es?) mezclan euskera y violencia y falta de libertad, y constituyen el antecedente de las últimas palabras del lehendakari.

No seré yo quien diga que todo lo que se expresa en euskera sea plenamente respetuoso y democrático. Pero el culpable de ello no es el euskera. Tampoco creo, por ejemplo, que la pretensión de imponer el uso exclusivo y excluyente del castellano en el Senado –con el consiguiente veto efectivo al uso del euskera, el catalán y el gallego– sea una expresión de tolerancia ni de respeto efectivo a la diversidad, y tampoco concuerda en modo alguno con estos valores el objetivo de algunos de imponer el castellano como lengua común (cuasi)única del espacio público. Y, sin embargo, no cabe atribuir la culpa de semejantes despropósitos al castellano. Es evidente, asimismo, que ETA y sus apoyos han pretendido apropiarse de manera excluyente (también) del euskera, lo cual perjudica a nuestra lengua porque nos perjudica a sus hablantes. Pero los violentos han pretendido igualmente adueñarse y hacer bandera de diversos valores y legítimas aspiraciones de la sociedad vasca, incluidos los valores del socialismo, y nadie deduciría de ello que la vinculación de la sociedad vasca –y los socialistas– a sus valores no sea fruto de la libertad ¿Tan difícil es entender que lo mismo sirve para el euskera?

Una lengua, eso es el euskera. En palabras de Carme Junyent, “las lenguas son ficciones”, y como dijo Mitxelena, “el idioma es el instrumento (…) es mudo, pues no tiene boca ni garganta, y, menos aún, cabeza. Son otros quienes saben hablar: los que poseen garganta, boca y (más o menos) cabeza”. En efecto: las lenguas en sí mismas no son terroristas ni pacifistas, no son democráticas ni fascistas; lo serán, en todo caso, los hablantes de una u otra lengua. Y en todas las lenguas, también en euskera, se puede vivir de muy diversas maneras.

En definitiva, los tópicos que dimanan de asociar el euskera con la violencia o la falta de libertad o la imposición no son más que eso, tópicos, y, más allá de ciertas percepciones, no se corresponden con la experiencia y vivencia del euskera en el seno de nuestra sociedad; antes bien, impiden la articulación de un discurso que responda con eficacia a los retos que conlleva el fomento de su uso. El euskera ha avanzado con firmeza en estos treinta años gracias a la voluntad de la sociedad, y cabe señalar, además, que su actual nivel de máximo histórico en términos de conocimiento coincide en el tiempo con el momento de mayor y más hondo rechazo social del terrorismo y sus añagazas. La ciudadanía ha hecho del euskera una lengua de convivencia y cohesión social, y los más recientes estudios demoscópicos muestran bien a las claras que las actitudes y percepciones de la inmensa mayoría de la sociedad son abiertamente favorables al impulso de políticas activas de promoción del euskera, políticas que nada tienen que ver con supuestas “imposiciones”. Quiere ello decir que, además de necesario, es posible, porque ése es el deseo de la sociedad, avanzar firmemente en la reducción del desequilibrio entre el euskera y el castellano a través del incremento continuado del conocimiento y uso del euskera, en la construcción progresiva de una sociedad bilingüe –es decir, formada por ciudadanos bilingües–. Y ello requiere paciencia, persuasión, políticas lingüísticas activas y avanzadas, así como grandes dosis de acuerdo social y político, pero requiere también una pedagogía social dirigida a alimentar la adhesión de la ciudadanía a los objetivos señalados, una pedagogía que explique sin complejos que la reducción efectiva de la asimetría entre las dos lenguas no es posible sin asumir inevitables y razonables incomodidades, y se trata de explicar que asumirlas no es fruto de ninguna imposición, como tampoco lo es el garantizar el uso también del euskera en los servicios públicos o el garantizar el ejercicio efectivo de los derechos lingüísticos de las personas consumidoras. Y en mi opinión, sería extraordinariamente positivo para la convivencia lingüística y social que el lehendakari, en su condición de máxima institución del país, se situara a la cabeza de un discurso construido sobre esas bases, y renunciara definitivamente al uso de tópicos tan manidos como lesivos para la cohesión social.

El euskera necesita hablantes, no salvación ni liberación. Y para ello necesita suma e ilusión, compromiso activo de los poderes públicos, adhesión de la ciudadanía y acuerdo social y político. En definitiva: sensatez a raudales.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Euskal Y-a

Ezezkoak badu indarra gure Herrian. “Hau ez, hori ez eta beste hura ere ez”. Beti, ez; beti, edo ia beti, kontra. Ni, berriz, kontrakoen kontra nago.

Asteburu honetan izan da Abiadura Handiko Trenaren kontrako beste manifestazio bat, traktore eta guzti. Atzo, AHTren kontrako plataformaren balorazioa.

Ez dut ezagutzen Iparraldeko trazadura: ez dut, beraz, horren gaineko iritzirik. Ezagutzen dut eta badut iritzia hegoaldekoaz; baina, batez ere, badut oso iritzi garbia trenari buruz eta ingurumena zaintzeari buruz.

Gezurra badirudi ere, XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran idi-gurdiei eta zaldien diligentziei aurrea hartzeko eraiki zuten trenbide bera daukagu gaur oraindik hegoaldean, ordutik gaur arte gure gizartea batere aldatu ez balitz bezala. Gaur egun, Donostia, Bilbo eta Gasteizen artean egunero 47.000 joan-etorri izaten dira. Egunero 10.000 kamioi baino gehiago pasatzen dira Bidasoako mugatik. Ibilgailuren batean egiten diren 10 joan etorritatik 7 automobilez egiten dira Euskadin. Urtero bi milioi t’erdi bidaiarik egiten du Bilbotik Madril edo Bartzelonarako bidaia hegazkinez.

Jakina da, herritarrok ez gaudela etxean gelditzeko prest. Nola ibili, ahalik eta erosoen eta ahalik eta kutsadurarik gutxien eraginda? Horretan dago koska. Trena da irtenbidea; kotxearekiko menpekotasunak eta kotxe eta errepideen ugalketak hondamendia dakar gu guztiontzat eta ingurumenarentzat.

Euskal Y-ak, trenbide-sare berriak, Bilboko metroak baino askoz zati handiagoa izango du lurpean: metroak %40 besterik ez du, eta Euskal Y-ak %60 izango du, metroa baino metroago izango da. Errepideetatik 4.000 kotxe eta 2.000 kamioi erretiratuko ditu. Hegoaldeko euskal hiriburuen arteko joan-etorriak ordu erdian egin ahal izango dira. Madril, Bartzelona, Paris eta Europako sare osoa eskura izan ditzakegu. Trazadurak ez du Euskadiko parke natural bat bakarra ere ukituko.

Sar gaitezen, beranduegi izan baino lehen, Europan ingurumena gehien zaintzen duten herrialde aurreratuenen zakuan gu ere. Ni ere txikizioaren kontra eta ingurumena zaintzearen alde nagoelako nago kontrakoen kontra, eta trenaren alde.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Zutabea Euskadi Irratia Faktoria

Egunon entzule:

Gaurtik aurrera, hamabostero, mikrofono hauetan izango nauzu, huntaz eta hartaz iritzi xumeren bat edo beste ematen. Oker ala zuzen, baina zintzo, jakinda hau ez dela pulpitu bat. Por zierto, Gipuzkoako pulpitu behinenak badu nagusi berria, Jose Inazio Munilla. Arimak ez ezik lurreko hautsak ere harrotu ditu haren izendapenak. Hemendik aurrera ikusi beharko zer den esan eta egiten duena.

Zertaz hitz eginik etzaigu faltako 2010 urte honetan. Esate baterako, mundu zabalera begira, kontu bi baino ez aipatzearren: klima aldaketaren inguruko gorabeherak, edo nazioarteko eraso terroristei nahitaez aurre egin behar honetan, segurtasunaren eta askatasunaren arteko dilema, aireportuetako eskanerrak direla-eta indartsu plazaratu dena eta San Sebastian egunez europar ministroek Toledon hizketa-gai izango dutena.

Europara eta Espainiara begira, ekonomia: harrera hotza eta ezkorra egin diote Europako hedabide nagusiek Zapaterori, Europar Batasuneko presidentetza hartu duenean. Ulertzekoa da. Krisi ekonomikoari aurre egitea da Europako lehentasuna, eta horretan Espainiar Estatua ez da batere eredugarri: Europan halako biko langabezi tasa, guztira 4 milioi lanik gabe, horietatik milioi bat sosik kobratu gabe. Lehiakortasuna, produktibitatea eta berrikuntza Espainian ezer izatekotan helburu baino ez baitira.

Epaileen erabakiak ere ikusgai izango ditugu: Egunkariaren aurkako bidegabekeria, edo ea zer erabakitzen duen Auzitegi Gorenak Ibarretxe, López eta ezker abertzaleko zenbait buruzagiren aurkako prozesuari buruz. Eta, nola ez, aparteko arretaz begiratuko diogu Kataluniako Estatutuaz Auzitegi Konstituzionalak hartzen duen erabakiari. Epaiarekin, Kataluniako herritarren Kataluniak izango al du egiazki tokirik konstituzio-markoaren barruan? Ez ote gaude krisi politiko handi baten atarian?

Eta etxera begira jarrita gai asko. Bat baino ez dut aipatuko. Ezker abertzale tradizionalak, edo ofizialak edo dena delakoak, aurten hartuko du, ala gerorako utziko du, Herri honi zor dion eta hartu dezakeen erabaki onargarri bakarra? Asko dira hor indarkeriari bizkarra erakutsi nahi diotenak, baina zer egingo dute? tiroka segitu nahi dutenen aurrean berriro ere burua makurtu guztiak elkarrekin jarraitze hutsagatik, edo behingoz eta betirako adio esango diote indarkeriari, eta ETA desagerraraztea erabakiko dute? Hori da eurek askatu behar duten korapiloa, eta hori argitzea da euren eztabaida-prozesuak besteoi, gehienoi, pizten digun jakin-min bakarra.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Ezagutzatik erabilerarako zubigintzan

Euskararen ezagutza eta erabileraren arteko aldea hizpide izan ohi da euskararen etorkizuna aztergai denean. Esate baterako, nork ez ditu entzun honakoak, edo oso antzekoak?: “oso gaizki goaz, ezagutza dezente igo arren erabilera ez baita urrutitik ere antzera handitzen”, “libre da euskara erabiltzea: beraz, erabiltzen ez bada dakitenek nahi ez dutelako da, ez beste ezerengatik”, “horra euskara gehiago erabiltzeko egin behar dena: neurri agintzaileak hartu eta erabiltzera behartu, Euskal Herrian gaude-eta”… Hain erraza eta sinplea balitz kontua! Ikuspegiok ez ditugu egokitzat onartzen, eta euskararentzat hil ala bizikoa den erabileraren kontuari buruz beste ikuspegi bat arrazoitzen saiatuko gara ondorengo lerroetan.

Azken hogeita bost urteotan Euskadiko Autonomia Erkidegoan sustatu eta burutzen ari den euskara biziberritzeko eta indarberritzeko prozesua hazkunde baten kronika da, oro har. Elebitasuna duela hogeita bost urte baino indartsuagoa da gure artean. Eusko Jaurlaritzaren IV Mapa Soziolinguistikoaren arabera:

–      Gaur egun, herritarren %37,5k badaki ongi euskaraz, eta duela 25 urte %%22k bakarrik.

–      Herritarren 2/3 ziren orduan erdaldun elebakarrak, gaur egun, ordea, %45 bakarrik dira euskaraz tutik ere ez dakitenak.

–      1981 urtean baino 12.470 biztanle gutxiago eta milaka etorkin gehiago, baina 325.000 elebidun gehiago bizi dira EAEn.

–      Hamabost urtetik beherako herritarren %75ek badaki ongi euskaraz, eta duela 25 urte %20k bakarrik. Gaur egun ez dira gazte horien %10era iristen elebidun ez direnak, eta duela 25 urte %60k ez zekien deus euskaraz.

Hogeita bost urteotako bilakaerak gutxi gora behera modu berean jarraitzen badu, hogeita bost urte barruko euskal gizartean 55 urtez azpikoen %75-%80 elebiduna izango dela esatea ez da ameskeria, gertagarria den errealitatea baizik, nahiz eta ez den neurri berean izango elebidun, gure hizkuntza errealitatea asimetrikoa izango baita, ezbairik gabe. Hortaz, elebidunak, 1981ean biztanleriaren gutxiengoa izatetik 2031 urtean gehiengo zabala izatera pasako dira, eta, alderantziz, erdaldun elebakarrak gehiengo zabala izatetik gutxiengo izatera iritsiz. Sekulakoa da gertatzen ari den aldaketa, gizarte berdinkideagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen lagunduko duen aldaketa, ezbairik gabe.

Begira diezaiogun orain erabilerari, erabilera baita hizkuntza baten bizi-indarraren berri ematen diguna. Euskara ez da salbuespen bat: horregatik, euskarak, hiztunak behar ditu, ez salbatzaileak. Hizkuntza bat erabiltzeko ezinbestekoa da neurri batean bederen “ezagutzea”, Pernandoren egia da hori; baina ezagutzeaz gain, ezagutzen dena “erabiltzeko aukerak eduki” behar dira eta, aukerak edukita ere, erabili egin “nahi” izan behar da.

Eusko Jaurlaritzaren IV. Inkesta eta IV. Mapa Soziolinguistikoko[i] datuen argitan,  bi dira gure ustez nabarmendu beharko genituzkeen ondorio nagusiak: euskararen ezagutza ez ezik erabilera ere handitu egin da EAEn, nahiz eta ez den neurri berean hazi adin-talde eta eremu guztietan; bestetik, gaur egungo elebidunek ez dute lehen (1991n) elebidun zirenen proportzio berean erabiltzen euskara, edo beste hitzetan esanda, gaur egun elebidun direnek ez dute duela hamabost urte elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. Beraz, erabileraren hazkundea ezagutzaren gehikuntzari zor zaio, ez elebidunek lehen baino gehiago erabiltzeari, hauek kasu batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago erabiltzen baitute, nahiz eta oro har erabilera-aukera gehiago izan eskura.

Beharrezkoa dugu aipatu berri ditugun bi ondorio nagusi horien zergatiak ahalik eta ongien ezagutzea, aurreiritziak alde batera utzita. Izan ere, erabileraren nondik norakoan jokatzen baitugu euskararen etorkizunaren partida. Hona lehen paradoxa: mutur batekoek ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea euskararen etorkizunaz mezu apokaliptiko eta agoniazkoak plazaratzeko erabiltzen duten bitartean, beste muturrekoek alde hori bera euskararekiko gizarte-atxikimendua artifiziala edo gezurrezkoa dela esateko baliatzen dute. Paradoxa hori dela-eta, egin ditzadan bi baieztapen.

Lehen baieztapena: normala da, ez ona eta ez txarra, guztiz normala baizik, erabilera ez gehitzea ezagutzaren neurri bertsuan. Ezinezkoa da bestela izatea. Bigarrena: ezagutza eta erabilera ez dira berez areagotzen, bultza daitezke eta bultzatu egin behar dira (esate baterako,jakina da oso bilakaera diferentea izan duela euskarak 25 urteotan Iparraldean, Nafarroan eta EAEn, eta setakeriak lausotutako itsukeriaz bakarrik uka liteke hiru lurraldeetako bilakaeren arteko diferentziaren izateko arrazoi nagusia hain zuzen ere tokian tokiko lege-estatusa eta hizkuntza politika publikoa direla); baina guztia ez da legea eta plana, aitzitik, lege, diru eta plangintzen ondoan, hauek baino neurri handiagoan, herritarren atxikimendu librea da erabakigarria, eta hori beharko da aurrera egiteko.

Erabileran eragiten duten faktoreen artean honakoak nabarmenduko genituzke: hiztunen hizkuntza-gaitasun erlatiboa, eguneroko bizitzako harreman-sareetako hizkuntza(k), lehen hizkuntza(k), hizkuntzen erabilera-eremuak eta hizkuntzarekiko atxikimendua.

Kontuan hartzen badugu euskal hiztunen kopuruaren hazkundea euskaltegiei eta bereziki hezkuntza-sistemari zor diegula eta, zorionez, gazteen artean ere ez dagoela euskal hiztun elebakarrik, hots, euskal hiztun berri guztiak elebidun direla eta, beraz, bi hizkuntza (bederen) erabiltzen dituztela, horrexegatik bakarrik ere normala da ezagutza eta erabilera neurri bertsuan ez haztea, euskara ikasteak ez baitu esan nahi handik aurrera euskaraz bakarrik jardungo denik euskaldun berria.

Esandakoarekin batera komeni da ohar gaitezen elebitasunaren hazkundea batez ere fenomeno urbanoa dela, eta aldatu egin direla elebidunen ezaugarriak. Esate baterako, garai bateko elebidun gehienak oso euskaldunak ziren herri txikietan bizi ziren, eta adin-talde guztietako elebidun gehienek euskara zuten lehen hizkuntza. Egungo elebidun gehienak, aldiz, 10.000 biztanletik gorako hiriguneetan eta hiriburuetan bizi dira, hots, euskaraz ez dakiten herritar-kopuru altuenak dituzten udalerrietan, eta sekula ez bezala gaur egun adin-talde gazteenetan, 35 urtez azpikoetan, gaztelania dute elebidun gehienek lehen hizkuntza. Euskaldun berriak dira. Honek guztionek zuzenean eragiten du erabileran. Izan ere, etxeko hizkuntza gaztelania duten elebidun askoren eta gune erdaldunetan bizi direnez eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko aukera gutxiago dituzten elebidunen euskara-gaitasuna gaztelaniaz duten gaitasuna baino murritzagoa baita, eta, ondorioz, gaztelaniara jotzen dute oso modu naturalean. Gaur egun EAEko elebidun guztien %40 da gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatzen dela esaten duena, baina kopuru hori, gainera, %56ra igotzen da 16-24 urteko elebidunei dagokienean. Adin-talde gazte honetako elebidunen %21,6 bakarrik dira euskaraz gaztelaniaz baino gaitasun handiagoa dutela aitortzen dutenak.

Hori da gure elebitasun hazkundearen ezaugarri nagusietarikoa. Hezkuntza-sistemaren bidez ez balitz ezinezkoa zatekeen gertatu den hazkundea gertatzea hain urte gutxitan. Baina hezkuntzaren bidez bakarrik ezin da, edo beste hitzetan esanda, gure gizartearen luze-zabalean nagusiki hezkuntzaren bidez egindako berreuskalduntze prozesuak era honetako mugak ditu ezinbestean, eta  gizarte-bizitzan presentzia minoritarioa duen hizkuntza baten erabilera areagotzea ezin da bete-betean egin goizetik gauera edo belaunaldi batetik bestera. Horregatik diogu normala dela ezagutzaren eta erabileraren artean aldea izatea.

Ildo berari jarraiki, merezi du kontuan hartzea lehen hizkuntzak eta gune soziolinguistikoak[ii] etxean erabiltzen den hizkuntza finkatzerakoan duten eragina. Lehen hizkuntza gaztelania bakarrik duten elebidunen %89k nagusiki gaztelania erabiltzen du etxean, eta %2,4k bakarrik nagusiki euskara. Aldiz, euskaldun zaharren %64k nagusiki euskara erabiltzen du etxean, eta %25,4k euskara eta gaztelania. Gune soziolinguistikoari erreparatzen badiogu, berriz, ikusiko dugu lehen gune soziolinguistikoan bizi diren elebidunen %88k nagusiki gaztelania erabiltzen duela etxean. Hirugarren gunetik aurrera bakarrik erabiltzen dute elebidunen gehienek nagusiki euskara etxean, %55k hirugarren gunean eta %71k laugarrenean.

Merezi du, bukatu baino lehen, gure elebitasun-prozesuan euskararen erabilerak daraman bilakaerari beste bi aldeotatik begiratzea, hots, adinaren eta eremuen ikuspuntutik. Gazteek, helduek, zaharrek… gero eta gehiago ala gutxiago erabiltzen dute euskara? Zertan edo non erabiltzen dute?

Hirurogeita bost urtetik gorakoen artean izan ezik, gainontzeko adin-talde guztietan gora egin du euskararen erabilerak azken hamabost urteotan. Gehikuntzarik handiena gazteen artean gertatu da: 16-24 tarteko gazteen %24k gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dute euskara, eta 1991n %12 baino ez ziren euskaraz jarduten zuten gazteak. Oro har, adin-talde guztiak kontuan hartuta, 1991tik 2006ra bitartean zazpi puntu handitu da euskararen erabilera osoa, gaztelania beste edo gehiago edo gutxiagoko erabilera. Baina batez ere eremu formaletan gertatu da gehikuntza hori: osasun-zerbitzuetan, udaletxean, lan munduan eta banketxeetan. Lagunekiko eta seme-alabekiko harremanetan ere gehikuntza gertatu da, baina askoz apalagoa. Etxeko erabilera, ordea, mantendu baino ez da egin. Erabilera, beraz, esparru publikoan handitu da, herri-aginteen arauen eraginpeko esparruan; ez, ordea, esparrurik pribatuenean, etxeko salan eta sukaldean ez baita gehiago erabiltzen.

Biztanleria osoari erreparatu ordez elebidun direnei bakarrik begiratzen badiegu, ohartuko gara gaur egungo elebidunek duela hamabost urtekoek baino gutxiago erabiltzen dutela euskara etxean, gutxiago baita ere lagunekin, eta erruz gehiago zerbitzu publikoetan eta osasun-zerbitzuetan, eta zerbait gehiago seme-alabekin eta lankideekin.

Honezkero ondorio batzuk ateratzeko moduan gaudela uste dugu:

1.- Elebitasuna indartsu doa gorantz Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Gorantz doa euskaltegiei esker, eta batez ere hezkuntza-sistemari esker. Aldi berean, ordea, euskararen presentziak oro har ahula izaten jarraitzen du gizarte-bizitzan, bereziki 15.000 biztanletik gorako udalerri gehienetan. Euskararen historian lehen aldiz elebidun gazteen artean gehienak dira lehen hizkuntza euskara ez dutenak, gaztelania baizik, eta elebidunen artean gehiago dira gaztelaniaz hobeto moldatzen direnak euskaraz baino. Era honetako hazkundeak bere mugak ditu, arau eta agindu bidez, edo goizetik gauera borondate hutsez, alda ezin direnak. Beste zenbait arrazoiren artean eta laburtu beharrez asko laburtuta horregatik diogu, normala dela erabilera ezagutzaren neurri bertsuan ez handitzea. Nola bestela lor zitekeen herritar elebidunen kopurua hazi den neurrian haztea hizkuntza batentzat hain gutxi diren urtetan? Ez dago kosturik gabeko hazkunderik.

2.- Aurrekoak dira, nolabait esateko, erabileraren bilakaeran eragiten duten faktore estrukturalak. Baina ez dira bakarrak, horiek bakarrik ez baitute esplikatzen guztia. Esan dugunez, esparru publikoan hazi da erabilera, hots, herri-aginteen bultzada zuzena gertatzen den eremuan; esparru pribatuan, ordea, ez da hazkunderik gertatu, hots, norberaren erabakia gailentzen den esparruan. Ondorioa bistan da: herri-aginteek jarraitu beharko dute euskararen ezagutza bermatzeko neurriak hartzen, eta euskararen erabilerarako aukera gero eta handiago eta sendoagoak sortzen. Ezinbestekoak dira herri-aginteen hizkuntza politika eraginkorra eta legezko babesa. Baina azken hitza ez ezik azken aurrekoa ere, lehena ez esatearren, herritarrak berak dauka: herritarraren hizkuntzarekiko atxikimendu librea eta leialtasuna dira erabilerarako ororen gainetik erabakigarri diren faktoreak, inola ere arautu ezin litezkeen faktoreak, hain zuzen ere.

Itsu izan nahi ez duen orok ikus dezakeenez, Iruñeko edo Paris aldeko politikak baino eragingarriagoak izan zaizkio euskarari azken hogeita bost urteotan  Eusko Jaurlaritzarenak eta EAEko herri-aginte ezberdinenak. Euskararen erabilera bermatuko bada, ordea, politika eraginkor horiek bai, jakina beharko direla, baina herri-aginteen utzikeriarik eza ez ezik beste zerbait gehiago ere beharko da. Zerbait hori ez dago politikaren esku; hori gizartearen eta norbanakoaren atxikimenduaren esku dago. Inoiz baino euskal hiztun gehiago daude, inoiz baino euskaraz hazi eta hezitako jende gehiago eta inoiz baino euskara tituludun gehiago dago, milaka hiztun EGAren beraren jabe dira, unibertsitateko selektibitate-probak egiteko ikasleen % 55k euskara  aukeratzen du, eta abar. Baina horietako askok eta askok beren arteko harreman ez-formaletarako euskararen ordez gaztelania hautatzen dutenean legearen eta plangintzaren bidez konpon ezin litekeen zerbaiten aurrean gaudela ohartu beharko ginateke. Etxeko salan edo sukaldean euskara erabiltzeko aukera edukita gaztelaniaren erakarmenak irabazten gaituenean, edo euskarazko hedabideei bizkarra erakusten diegunean alferrik jarriko gara herri-aginte ahalguztidunen arau eta plan mirarigileek arazoa konpondu zain. Arazoa hori baino konplexuagoa baita, hizkuntzarekiko atxikimendu librea sendotzean datzalako auzia. Chomsky-ren hitzak geureganatuz esango dugu, “ezin da hizkuntzen etorkizuna aurreikusi, herritarrek egiten dutenaren esku baitago”. Partida honetan euskararekiko atxikimendua indartzea da guri dagokigun jokaldia, eta hasteko badakigu euskararekiko atxikimendua handitzeak besteak beste euskara eta euskal hiztunen erkidegoa gero eta neurri handiagoan eta gero eta jende gehiagorentzat erakargarri egitea eskatzen duela. Hori nola egin? Beste artikulu baterako gaia da hori.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario