Euskararen ibilia, etsipenetik itxaropenera

0. Euskararen bilakaera soziala: paradigmatikoa eta paradoxikoa

Euskararen erabilera normalizatzeko helburuarekin azken hamarraldiotan garatutako prozesua, hiru bider da paradigmatikoa. Lehenik, paradigmatikoa da azken hiru hamarkadetan euskarak bizi izan duen bilakaera sozialak erakusten duelako –argi asko erakutsi ere- hizkuntza ahuldu bat berrindartu daitekeela, hots, hegemonikoak ez diren hizkuntza guztiak ez daudela lehentxeago edo geroxeago desagertzera kondenatuta. Bigarrenik, paradigmatikoa da erakusten duelako hizkuntza minorizatu baten biziberritze prozesuaren arrakasta neurri handi batean hiru faktoreren uztarduraren emaitza dela; zehatz esanda, euskararen ibilbideak erakusten du lege-babes egokia, hizkuntza politika eraginkorra eta gizartearen atxikimendua (adostasun politiko eta sozial batek hauspotua) uztarri berean lotuta doazen heinean biziberritu daitekeela hizkuntza ahuldu bat. Eta hirugarrenik, paradigmatikoa da erakusten duelako, hizkuntza biziberritze prozesuetako askotariko mugen artean muga sozialak direla prozesuen erritmoak guztiz baldintzatzen dituztenak, nahi izate hutsa ez delarik aski ahal izateko.

Laburtu beharrez hitz bitara errenditu beharko bagina euskararen hamarraldiotako bilakaera soziala adierazteko, hazkundea eta paradoxa hitzak erabiliko genituzke. Euskara inoiz izan ez duen hiztun kopurua eskuraturik iritsi da mende honen hasierara, eta inoiz bereak izan ez dituen hainbat esparru funtzional eta sozialetan bereganatu du tokia. Horra hazkundea; hona, baina, paradoxa, hazkunde prozesu hori ez baita berdin gertatu euskararen hiru lurralde nagusietan: Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean. Hiru lurraldeotan, hain zuzen ere, lehen aipaturiko hiru faktore horiek (legeria, hizkuntza politika, herritarren atxikimendua) oso errealitate desberdina dute. Horrek guztiorrek erakusten du posible dela hizkuntza bat biziberritu eta indartzea, utopia egingarria dela hori; baina, aldi berean erakusten du, hizkuntza-biziberritze prozesuen arrakasta edo porrota besteak beste aipatu berri ditugun hiru baldintza horien araberakoa izan ohi dela. Orobat, aurrerapauso sendoenak eman diren lurraldean, EAEn alegia, gertaturikoaren argitan bistan da errealitate soziala dela euskararen biziberritze prozesuaren abiaduran zuzenean eragiten duena, prozesu hori azkartzeko mugak oro har ez baitira legerian edo herri-aginteen jardunean atzeman, euskal gizartearen beraren baitan baizik.

Horregatik guztiagatik da euskararena, nik uste, adibide paradigmatikoa hizkuntzen biziberritze ereduen artean. Eta halaxe aitortua izaten ari da, gero eta gehiago, mundu zabaleko hizkuntza adituen artean.

1. Euskara ez dago hilzorian

Pozarren, beraz, euskarak izan duen gizarte-bilakaeraren gaineko gogoetaren atarian ukazio bat jar dezakegu: euskara ez dago hilzorian.

Ohikoak izan dira, gurean, euskararen hil-kanpaiak, eta ez beti asmorik onenez astinduak; ohituta gaude euskararen heriotzaren iragarpena entzutera; sentimendu eta ikuspegi ezberdinetatik, gainera, batzuek pozik eta beste batzuek triste iragarri baitute euskararen galera.

Euskararen historian ia beti presente egon da etsipenezko sentipena. Aspaldikoak dira euskararen atzerakadaren aldarrikapen kezkatsuak. XVIII. eta XIX. mendeetan, esaterako, Agustin Kardaberaz idazlea eta Humboldt hizkuntzalaria ditugu horren lekuko.

Egia da, bai, Hego Euskal Herriari dagokionez, XIX. mendean eta XX. mendeko lehen zazpi hamarkadetan gertaturiko gorabehera politiko eta sozial garrantzitsuenek (unean uneko salbuespenak salbuespen) euskararen ahulezia areagotu zutela etengabe. Erabakigarriak izan ziren horretan, besteak beste, autogobernuaren galera, Espainia estatu-nazio gisa finkatzea, estatuan hizkuntza “bakarra” zurkaitz gisa hartzea eta gainerakoak baztertzea, industrializazioarekin batera gertaturiko eraldaketa sozio-demografikoa, eta euskaldun eliteek euskararekiko izan zuten axolagabekeria.

Kontuak bestelakoak izan dira, ordea, azken ia hogeita hamar urteotan. Zorionez, gaur egun, euskararen bizi-indarraren adierazleak ez datoz bat hilzorian dauden hizkuntzenekin, ezta gutxiagorik ere. Esate baterako, munduan ezagutzen diren lege-babes gorenetakoa du euskarak Euskal Autonomia Erkidegoan –biztanleria gehien duen euskararen lurraldean–, nahiz eta arrunt apalagoa duen Nafarroan, eta hutsala gaurdaino Iparraldean. Halaber, euskararen ezagutzaren adierazleak arrunt hazi dira urteotan, eta erabilerarenak ere hazi dira, guztiok dakigunez. Orobat, estimu handitan dute herritarrek euskara. Nola ulertu, bestela, milaka guraso erdaldun elebakarrek euskarazko irakaskuntzaren aukera hautatu izana beren seme-alabentzako? Arazoak arazo, hilzorian dauden hizkuntzen egoerarekin ez du zerikusirik euskarak, oraindik ere indarberritzen jarraitu behar handia duen arren.

2009ko otsailean ezagutu genuen Unescok moldaturiko “Arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlasa”. 1995 eta 2001ean ere eginak ditu Unescok helburu berarekin hizkuntza-atlasak. 2009ko atlasean jasotako balorazioa bilakaeraren perspektiban aztertu ahal izateko ezinbestekoa da aurrekoetan, 2001ekoan bereziki, jasotakoarekin alderatzea.

Bost maila edo kategoriatan sailkatzen ditu Unescok nolabaiteko “arriskuan” dauden hizkuntzak. Arrisku txikienekotik handienekorako hurrenkeran (batetik bostera) finkatuta daude aipatutako kategoriak. Hurrenkera horretako mailarik onenean –arrisku txikienean esan nahi dut- jarri dute euskara, lehenengo kategorian: “ahuldutzat edo zaurgarritzat” jotako seiehun eta zazpi hizkuntzetariko bat da euskara. “Azken hiru belaunalditan desagerturikoak” dira (200 hizkuntza) beste muturrean ageri direnak, bosgarren kategorian alegia. Tartean dira, laugarren kategorian zehatz esanda, “egoera kritikoan” daudenak (538); hirugarren kategorian, berriz, “arrisku larrian” daudenak (502), eta bigarrenean “arriskuan” daudenak (632).

Aitzitik, 2001eko atlasean, Espainiako partean “arriskuan” eta Frantziako aldean “arrisku larrian” kalifikatu zuten gure hizkuntza; 2009ko 2. eta 3. mailetan, hurrenez hurren. Beraz, Unescoko hizkuntzalariek egoera arrunt okerragoan ikusi zuten 2001ean euskara 2009an baino. Argi dago, horrenbestez, Unescoren ikerketaren ondorioa: hobera egin du euskarak.

Gainera, aurreko atlasean ez bezala, Unescok euskararen hiru lurraldeetako balorazio bakar eta bateratua egin zuen 2009koan, lurraldekako desberdintasunik egin gabe. Horrela, bada, bistan da Euskal Autonomia Erkidegoko hobekuntzari esker pasatu dela 2001ean “arriskuan” edo “arrisku larrian” egotetik 2009an “ahulezian” egotera oro har. Euskal Autonomia Erkidegoko hobekuntza jarraituak konpentsatu ditu Iparraldeko atzerakada etengabea eta Nafarroako aurrerakada motela, eta, zentzu berean, Nafarroako moteltasunak eta Iparraldeko atzerakadak utzi dute EAEko euskararen egoera oraindik ere Unescoren atlas horretan presente.

Euskararen egoera, bada, batzuk aitortzen dutena baino hobea eta askok nahiko luketena baino ahulagoa da. Hazkunde baten kronika izan arren euskararena, eta galtzeko arrisku bizian dauden milaka hizkuntzen talde kide ez izan arren, euskarak atzera egiteko arrisku nabarmen eta ukaezinak ditu. Euskara urrun dago berarentzat nahiko genukeen neurriko bizi-indarra izatetik. Horretara hurreratzen joateko, bidea etengabe eta gogotik urratzen saiatu beste erremediorik ez dago, etenaldirik gabeko hobekuntza iraunkorrak baino ez baitu areagotuko pixkanaka gure hizkuntzaren indar eta presentzia soziala.

2. Euskara biziberritzen ari da

Honenbestez, bada, ukazioaren ondotik, baieztapen batekin hasi nahi nuke idazlan honen bigarren atala: euskara biziberritzen ari da.

Azken hogeita hamar urteotako euskararen kronika, hazkunde baten kronika da, ezbairik gabe. Oro har, eta Iparraldean izan ezik, hazi eta indartu egin da euskararen presentzia gizartean, nabarmenki Euskal Autonomia Erkidegoan, eta motelago, oso apal, Nafarroan. Hori da ikerketa soziolinguistikoek erakusten dutena, bai Euskal Herriko IV. Inkesta Soziolinguistikoak, bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Mapa Soziolinguistikoak, baita euskararen belaunaldi arteko transmisioari buruz egindako ikerketek ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak izan duen hazkundea honako arrazoi hauengatik gertatu da: besteak beste, herritarren gogoa euskara hauspotzea izan delako, herri-aginteek autogobernua euskararen zerbitzura jarri dutelako, euskarak puntako babes ofiziala izan duelako, hizkuntza politika eraginkor bat garatu delako, gizarteko hainbat arlotan sorturiko elkarteek euskara bultzatu dutelako, eta, oso bereziki, oinarrizko kontsentsu politiko batetik abiatu ginelako, nahiz eta -paradoxikoa dirudien arren- ez dugun kontsentsu hori behar beste zaindu edo hedatu elebitasunak aurrera egin ahala. Faktore horiek ahulagoak izan diren lurraldean –Nafarroan–, askoz motelagoa izan da euskararen hazkundea; eta faktore horiek gehienak falta izan diren lurraldean –Iparraldean–, euskarak atzeranzko bidean jarraitu du, nahiz eta gazte elebidunen kopurua lehen aldiz oraintxe hasi den apurka bada ere gora egiten.

Euskarak ez du bere historian gaur egun adina hiztun eduki, eta inoiz bereak ez zituen esparru sozialak eta funtzionalak ditu bereganatuak gaur. Gutxi gorabehera zortziehun mila hiztun ditu, eta horietarik hirurehun mila dira euskara etxean ez baizik eta eskolan edo heldu aroan ikasi dutenak. EUSTATek argitaraturiko datuen arabera, EAEn gaur egun bi urte edo gehiagoko herritarren % 37,5ak daki ongi euskaraz; eta duela hogeita bost urte, %22k besterik ez. Orduan herritarren bi heren ziren euskaraz ezer ere ez zekiten elebakarrak; baina, gaur egun, erdia baino gutxiago dira, %45.

Hazkundea are azpimarragarriagoa dirudi gure gizartean gertatu diren aldaketa soziodemografikoei erreparatzen badiegu, honako bi gertakarioi zehazki: alde batetik, urte-tarte berean biztanleria zer edo zer jaitsi egin da (euskal gizartea gero eta zaharragoa da, jaiotza-tasa oso txikia du, eta, ondorioz, gazteen multzoak, gaur egun elebidun gehien biltzen dituenak alegia, gero eta pisu gutxiago du gizarte osoarekiko); eta, bestetik, azken sei urteetan seikoiztu egin dira gure artean bizilekua aurkitu duten etorkinak. Eta, halere, gogora dezagun: 1980ko hamarraldiaren hasierako urteetatik aurrera, %0,5 handitu da urtero euskararen ezagutza.

Hamabost urtetik beherako herritarrei erreparatzen badiegu, ikaragarria da hazkundea; izan ere, gaur egun %75a da euskaraz ongi dakiena eta %10era ez dira iristen elebidun ez direnak. Duela hogeita bost urte, ordea, %20 baino ez ziren euskaraz ongi moldatzen zirenak, eta %60 erdaldun elebakarrak.

Euskararen ezagutzaren hazkundea belaunaldi gazteenen artean eta eskolari esker gertatu da, batez ere. Ia hirurehun mila euskaldun berriren multzoa osatu izatea, gutxi gorabehera, bi herenetan hezkuntza sistemari eta heren batean helduen euskalduntze sareari zor zaie.

Gaur egun jada 16-24 urte bitarteko gazteen artean gutxiengoa dira erdaldun elebakarrak. Adin-tarte horretan, %57,5 elebidunak dira, eta beste %25 elebidun hartzaileak. Sakoneko aldaketa baten aitzinean gaude, populazioaren piramidea irauli egin da zeharo: belaunaldi zaharrenak ziren euskaldunenak joan zen mendeko 70ko hamarkadan, eta belaunaldi gazteenak dira euskaldunenak gaur egun. Baina aldaketa argitsu horrek baditu itzalguneak ere, eta berekin dakarzkigu beste erronka batzuk ere, besteak beste gaur egungo gazte elebidun gehienek, atzokoek ez bezala, bigarren hizkuntza baitute euskara (ondorioz, askok euskaraz gaztelaniaz baino gaitasun murritzagoa dute) eta, beste zenbait arrazoi ere tarteko, euskararen erabilera mugatuagoa baitute.

Uste izatekoa da, etorkizunean ibilbide bertsua urratuz gero, beste hogeita hamar urte barru, erdaldun elebakarrak gutxiengoa izango direla gure artean, eta salbuespen bitxia baino ez gazteen artean. Horrek sekulako garrantzia izango du euskararen etorkizunerako. Izan ere, elebidunak, 1981ean biztanleriaren gutxiengoa izatetik, 2031n gehiengo zabala izatera pasatuko baita gizartea. Esandakoaren argitan uste izatekoa da, euskal gizarteko eliteak elebidunak izango direla. Egoera berri hori gizarte berdinkideagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko lagungarri izango da, nahiz eta ikuskizun geratzen den horrek guztiorrek zenbaterainoko eragina izango duen euskararen erabileran. Eta hau ez da bigarren mailako kontua, lehen muturreko kezka baizik, euskararen bizi-indarrak arduratzen gaituenontzat.

Elebakartasunak gero eta toki gutxiago du euskal gizartean. Elebitasuna zabaltzeko joera gorantz doa etengabe. Baina elebitasuna ez da homogeneoa -euskal gizarteak dituen ezaugarriak izanda, eginahalak eginda ere, ezin bestela izan¬-: elebidun guztiak ez dira neurri berean elebidun. Elebitasunaren hazkundea fenomeno urbanoa da, batez ere. Garai bateko elebidun gehienak herri txikietan bizi ziren (baita orduan oraindik bazeuden euskal elebakarrak ere), euskal hiztunak nagusi ziren guneetan, eta adin guztietako elebidun gehienek euskara zuten lehen hizkuntza. Errotik aldatu da hori urte gutxian. Egungo elebidun gehienak hamar mila biztanletik gorako hiriguneetan eta hiriburuetan bizi dira, euskara erabiltzeko aukera gutxiago dituzten herrietan, eta, arestian esan bezala, hogeita hamabost urtez behetiko elebidun gehienek gaztelania dute lehen hizkuntza. Horrek guztiorrek zuzenean eta modu erabakigarrian eragiten du euskararen erabileran.

Beste hitzetan esanda: hazkundea behar du euskarak, masa kritikoa handitu beharrean da, baina hazkunde sozial orok saihetsezina du hazkunde-krisia. Euskararik gabe bizitzea nagusiki euskaraz bizitzea baino askoz errazagoa den gizarte batean, ezinezkoa da elebidun guztiak -euskaldun zaharrak bezala euskaldun berriak- neurri berean izatea elebidun eta denek euskara gaztelania bezainbeste edo gehiago menderatzea eta, gainera, naturaltasunez erabiltzea. Zirkunstantzia hauetan –ez dago besterik- urtea joan eta urtea etorri, hazi eta hazi, deskantsurik gabe hazten jardun, eta, gainera, primeran eta inolako urradurarik eta ahuleziarik gabe haztea, aukera irreala da, ezinezkoa erabat. Aurrerago jorratuko dugun euskararen erabileraren gakoetariko bat da hau, ez txikiena.

Bestalde, jakina da familia bidezko transmisio hutsaz ezin dela hizkuntza baten bizi-indarra gizartean areagotu, baina neurri berean da jakina, halaber, familian transmititzen ez den hizkuntza galbidean jarritako hizkuntza dela. Munduan barrena, ordea, prestigio sozialik ez duen hizkuntzari gibela eman ohi zaio familian, belaunez belaun gertatu beharreko transmisioa hautsiz. Hori ere gertatu izan da euskararen historian. Galerak izan ditu euskarak familian, etengabe gainera, hiru lurraldeetan. Euskal Autonomia Erkidegoan bertan ere halaxe gertatu da duela hamar urte arte. Alabaina, gaur egun, bi gurasoak elebidun direnean, erabat bermatua dago euskararen oinarrizko transmisioa EAEn, baita Nafarroan ere, baina oraindik galerek diraute Iparraldean. Euskaraz bikotekideetako batek baino ez dakienean, ordea, ez da gauza bera gertatzen: Euskal Autonomia Erkidegoan seme-alaben %86k euskara jasotzen dute etxean; baina %71k besterik ez Nafarroan; eta %45era ez dira iristen Iparraldean. Erratzeko beldurrik gabe esan dezakegu euskararen hiru lurraldeen arteko alde hauek lurralde bakoitzeko herritarren atxikimendu maila ezberdinen adierazle direla.

Hezkuntza-sistema da hiztunen gehikuntza gehien ahalbidetu duena. Joan den mendeko 80 hamarkada arte oro har erdalduna zen irakaskuntza, derrigorrezkoa nahiz unibertsitatekoa. Ikastolena zen salbuespen bakarra. Baina, ikastolei ondo merezitako merezimendu guztiak aitortuta ere, ezin dugu ahantzi ikastolak beren hedadurarik handienean ikasle guztien %12 eskolatzera iritsi zirela. Euskara hazkunde bidean jartzekotan, beraz, nahitaez hezkuntza sistema osora hedatu behar zen elebitasuna, eta horrexegatik aitortu beharreko zorra diegu kontu honetan ere urte zail haietan buruargitasunez jokatu zuten guztiei.

1982ko Euskararen Legearen eskutik, 1983az geroztik irakaskuntza elebiduna garatu da A, B eta D hizkuntza-ereduen arabera. Gurasoek hautatzen dute, eredu horien artean, seme-alabentzako gogokoen dutena. Hogeita bost urtean zehar pixkanaka baina etengabe beherantz eraman dute A eredua gurasoek; gorantz, berriz, batez ere D eredua eta, neurri apalagoan, B eredua. Euskaraz gaitasun altuagoa eskuratzeko baliagarriago edo lagungarriago diren irakastereduen aldeko hautua egin dute guraso gehienek. Nahikoa da ikustea, irakaskuntza ez-unibertsitarioa osorik hartuta, A eredua 1982-1983 ikasturtean %80 izatetik 2010-2011n %18raino jaitsi dela, eta D eredua %12 izatetik %58raino handitu dela garai berean.

Euskararen hazkundea ulertzeko giltzarri nagusietako bat, hain zuzen ere, hauxe da: irakastereduen sistema baliagarria izan dela, gurasoek gero eta proportzio altuagoan euskarazko irakaskuntza trinkoenaren alde egin dutela eta, jakina, irakasleek eta herri-aginteek aldaketa hau ahalbidetu dutela.

Unibertsitatean ere izan du isla euskararen hazkundeak. Unibertsitatea, beranduago hasita bada ere, hazkunde horren eragileetariko bat izan da, eta izaten ari da. Euskararentzat guztiz berria da unibertsitatearen eremua; euskarak irabazi duen esparru berrietako bat da. Urtez urte gehituz joan da unibertsitatean sartzeko hautaprobak euskaraz egitea aukeratu duten ikasleen kopurua. 1995-1996 ikasturtean, sarrerako hautaprobak euskaraz egin zituztenak %27,2 izan ziren, eta 2010ean, berriz, %57,1. Aurten, 2010-2011 ikasturtean, Euskal Herriko Unibertsitatean lehen aldiz matrikulatu diren ikasleen %44,6 lizentziatura edo gradu-ikasketak osorik euskaraz egiteko matrikulatu dira. Duela hamar urte, ordea, 2000-2001 ikasturtean alegia, %30,5 izan ziren lehen matrikula euskaraz egin zutenak. Irakasleei dagokienez, berriz, lanaldi osoko irakasle elebidunen kopurua %13 izatetik %40 izatera igo da hamar urteotan. Eta, unibertsitatearen arduradunek ezagutzera eman dutenez, gradu-ikasketetako derrigorrezko kreditu guztiak euskaraz hartu ahal izango dira 2012-2013 ikasturtean EHUn.

3. Erabileraren korapiloa

Nolanahi ere, erabilerak ematen digu hizkuntza baten bizi-indarraren berri zuzena. Euskara ez da salbuespen bat. Osasuntsu ibiliko bada, hiztunak behar ditu hizkuntzak, ez salbatzaileak. Hizkuntza bat erabilia izango bada, ezinbestekoa da neurri batean bederen “ezagutzea”, baina ez da nahikoa; gainera, ezagutzen den hizkuntza erabiltzeko aukerak behar dira, baina hori ere ez da nahikoa; erabiltzeko aukerak edukita ere, “erabili nahi” izan behar baita, eta erabiltzeko “aukera egin” (“aukera egin” diot, euskal hiztunak, gutxienez eta zorionez, elebidun baitira, ez elebakar).

Hizkuntzak, funtsean, komunikabideak dira. Ez bakarrik, jakina. Hizkuntzek komunikabide izatearen balioa besterik ez balute, ez litzateke batere gatazkatsua izango hizkuntzen kontua; baina gatazkatsua da, bistan denez. Komunikabide den neurrian bakarrik iraun dezake hizkuntzak, baina komunikabide soil baino askoz gehiago da. Hori bai, komunikabide izateari uzten badio bukatu dira gainerako balio guztiak. Alferrik dira hizkuntzarekiko maitasun suharrenak edo identitate-lotura estuenak komunikabide izateari utziz gero.

Garbi dago, beraz, hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, batez ere gizarte baten mintzabidea dela. Beraz, hizkuntza bat baliagarria izango da, baldin eta elkarrekin mintzatzeko eta elkarri zernahi adierazteko balio badu. Ez dago hizkuntzarik berez baldarra edo motza denik; zernahitarako eta noranahiko trebe, hiztunak bihurtzen du, erabiltzaileak alegia. Erabilera da hizkuntzaren sasoibide nagusia. Norbanakoen komunikazio-premiak asetzeko balio duen eta erabiltzen den neurrian da tresna baliotsua hizkuntza. Eta halatan bakarrik, ez bestela, biziraun dezake.

Euskararen erabilerari gagozkiola, azkenaldi honetako ikerketen arabera, lau gertakari dira nire ustez nabarmendu beharrekoak: batetik, hamarkada hauetan euskararen ezagutza ez ezik erabilera ere handitu egin da; bestetik, gaur egun elebidun direnek ez dute duela hamabost urte elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara; hirugarrenik, erabileraren gehikuntza ez da neurri berekoa izan adin multzo eta eremu guztietan; eta, laugarrenik, ingurune soziolinguistikoak eta etxeko lehen hizkuntzak zuzenean eragiten dute elebidunen hizkuntza hautuan, hots, euskararen erabileran. Garbi esanda, beraz, erabilera ere hazi egin da, baina erabileraren hazkundea ezagutzaren gehikuntzari zor zaio, ez elebidunek lehen baino gehiago erabiltzeari; elebidunek, izan ere, kasu batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago erabiltzen dute, nahiz eta oro har erabilera-aukera gehiago izan eskura.

Erabileran eragiten duten faktoreen artean, hauek nabarmendu ohi dituzte adituek: hiztunaren hizkuntza gaitasun erlatiboa, hiztunaren eguneroko bizitzako harreman sareetako hizkuntza edo hizkuntzak, hiztunaren lehen hizkuntza edo hizkuntzak, hizkuntzen erabilera eremuak eta hizkuntzarekiko atxikimendua. Faktore horiek guztiak korapilo berean lotuta daude, batzuek eta besteek elkarri eragiten diote; baina, zerrenda horretan batetik bosterako sailkapena egin beharko balitz garrantziaren arabera, zalantzarik gabe azken aipatu dudana jarriko nuke buruan: hizkuntzarekiko atxikimendua, alegia.

Erabileraren gainean eskura ditugun azken datuei lotuko gatzaizkie segidan. Euskal Herri osoan, 16 urte edo gehiagoko biztanleen %25,1ek euskara erabiltzen du neurri batean edo bestean, eta %15,3 dira euskara erdara adina edo gehiago erabiltzen dutenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan erabilera proportzio hauek altuagoak dira, %29,6 baitira euskara gutxi edo asko erabiltzen dutenak, eta %18,6 gaztelania adina edo gehiago baliatzen dutenak. Adin-talde guztietan oraindik ere guztiz nagusi da gaztelaniaren erabilera, baina etengabe doa beherantz gaztelania hutsean hitz egiten dutenen kopurua (%77,7 ziren 1991n, eta %70,4 2006an, hamasei urte edo gehiagokoen artean; gazteagoen artean are handiagoa da beherakada). Apurka bada ere, azken hamabost urteotan gora egin du erabilerak Euskal Autonomia Erkidegoan, gora adin talde guztietan, hirurogeita bost urtetik gorakoen artean izan ezik. Gehikuntzarik handiena, gazteen artean gertatu da: 16-24 tarteko gazteen %24k gaztelania adina edo gehiago erabiltzen dute euskara, 1991n %12 baino ez ziren bitartean. Bikoiztu egin da gazte horien artean erabilera. Zenbat eta gazteago orduan eta gehiago erabiltzen da euskara: hogeita bost urtetik beherakoen artean, etengabe doa beherantz gaztelaniaren erabilera eta gorantz euskara gaztelania baino gehiago hitz egiteko joera. Oro har, adin talde guztiak kontuan hartuta, 1991tik 2006ra bitartean, zazpi puntuz hazi da euskararen erabilera osoa (erabilera osoa da euskara “gaztelania beste”, “gaztelania baino gehiago” edo “gaztelania baino gutxiago” erabiltzen dutenen batura). Hori bai, alde handiak daude hiru lurraldeen artean.

Aipaturiko gehikuntza horretan, ordea, antzematen dira bi kontu errealitatea zorrotz ikusi nahi badugu kontuan hartu beharrekoak: batetik, batez ere eremu formaletan gertatu da erabileraren gehikuntza, nagusiki osasun zerbitzuetan, udal zerbitzuetan, lan munduan eta banketxeetan. Lagunekiko eta seme-alabekiko harremanetan ere gehikuntza gertatu da, baina askoz apalagoa. Etxeko erabilera mantendu baino ez da egin azken hamabost urteotan: % 21,4 dira etxean euskara gaztelania adina edo gehiago erabiltzen dutenak. Horrek bi gauza jartzen ditu agerian: bata, gaur ere oraindik etxean kalean baino gehiago erabiltzen dela gaztelania beste edo gehiago euskara (hori ez da txarra); eta bestea, etxeko erabileran ez dela hobekuntzarik izan azken hamabost urteotan, seme-alabekiko erabileran izan ezik. Horrek oso aintzakotzat hartu beharreko bigarren kontuaren aurrez arre jartzen gaitu, honakoaren aurrez aurre: erabileraren gehikuntza ezagutzaren gehikuntzari zor zaiola, gaurko elebidunek ez baitute atzokoek adina edo gehiago erabiltzen, gutxiago baizik kasu askotan eta adin-talde batzuetan.

Erabilera, beraz, esparru publikoan handitu da, herri-aginteen arauen eraginpeko esparruan; ez, ordea, esparrurik pribatuenean: etxeko salan eta sukaldean. Elebidun gehiago izateak, elebidun kopuruaren hazkundeak alegia, ez du konpentsatzen gaur egun elebidunek atzokoen aldean egiten duten euskararen erabilera apalagoa esparru ez formaletan. Nire ustean, alabaina, erabileraren korapiloa askatzeko giltzarrietako bat zera da: gaurko belaunaldi gazteek beren eguneroko bizitzan (eta batez ere esparru ez formalean: gaur lagunartean, bihar bikotekidearekin eta familian, etzi seme-alabekin…) egiten duten hautuan euskarak leku nahikoa eta sendoa izatea, beren ondokoei euskara etxetik beretik transmitituko dien hiztun masa kritikoa gero eta zabalagoa izan dadin.

Beste hitz batzuekin esanda, beraz, hauxe genuke datozen urteotarako helburu nagusietako bat: herritarron euskararekiko atxikimendua sendotzea. Euskal hiztunon artean euskara erabili nahi izatea sendotzea. Euskararekiko leialtasun praktikoa tinkotzea. Euskara hizkuntza akademiko eta formal huts izateari ataka jartzea, “euskara jalgi hadi plazara!” aldarriaren ondoan “euskara hator etxera eta lagunartera!” gauzatzea, euskararen erabilera eremu ez formaletan etengabe areagotzea alegia. Helburu handia, baina egingarria, gure ez beste inoren esku baitago.

4. Euskara biziberritzen jarraitzeko aurrean ditugun erronka nagusiak.

Laburtu beharrez esan dezagun besteak beste hiru dema nagusi ditugula euskara etorkizunez beteriko hizkuntza izatea nahi dugunok: hizkuntza hegemonien diskurtsoa eta paradigma gainditzea; euskal hiztunen erkidegoa trinkotzea; euskararen ezagutzan eta erabileran aurrera jarraitzea, hots, euskararen hazkunde soziala ahalbidetzea.

“Estatu bat = nazio bat eta hizkuntza bat” eta “nazio bat = hizkuntza bat” paradigmak gainditzeko garaia dugu. Elebakartasuna, komunikazio eta antolaketa sozialaren paradigma gisan, ez da onargarria; ez bakarrik erreala ez delako, baizik eta, gainera, ez delako hori herritar gehienen gogoa. Paradigma berria eleaniztasunaren kudeaketa demokratiko eta iraunkorrarena da, nire iritzian bederen.

Egitatez edo omisioz hizkuntza hegemonikoen ikuspegia sustatzen dutenek, onartu beharra dute elebakartasunaren ikuspegia zaharkitua dagoela, ez dela hori euskal gizarteak nahi duena eta, beraz, ez duela balio etorkizunean euskal gizarte kohesionatua eraikitzeko. Hortaz, onartu beharra dute euskarari leku “behar bestekoa” eta oparoa egitea dagokiela, ez inoren eta ezeren kaltean, bizikidetzaren mesedean baizik. Euskarak, normaltasunez garatuko bada, arnasgune funtzionalak eta geografikoak behar ditu, gehien erabilitako hizkuntza izango den eremuak behar ditu, eta hori ahalbidetzea dagokie gaur egungo hegemoniadunei. Ohartu behar dira gaur eta hemen, gaztelania eta euskararen arteko desorekaren ondorioz, euskararen hautua egiten dutenak direla beraiek aukeratutako hizkuntzan han eta hemen inolako trabarik gabe jarduteko zailtasunak –zenbaitetan ezintasunak- dituztenak, eta hori gainditu ezinezkoa dela gaztelaniaren hegemonia elebakarrean daudenek elebitasunerantz urratsik eman ezean.

Eta euskaltzaletasunaren aldetik, gainditu beharra dago hizkuntza ordezpenaren ikuspegia, alegia, ez dugula euskararen etorkizuna eraikiko gaztelania ordezten –are gutxiago baztertzen- saiatuz, baizik eta euskarari beste hizkuntzen artean lekua eginez (gaztelaniaren ondoan Hego Euskal Herrian, frantsesaren ondoan Ipar Euskal Herrian, ingelesaren ondoan han eta hemen), Mitxelenak esan zuen modura, “iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia” eginez. Bizikidetzaren interesekoa da euskara erdararekin “konpainia noblean” bizitzeko lekua eraikitzea, bai noski; baina lehenik eta behin euskararen beraren interesekoa dela uste dut nik. Onartu behar dela uste dut, batzuentzat euskara eta beste batzuentzat gaztelania izatea lehen hizkuntza edo hizkuntza nagusia, bakoitzak gauza batzuetarako hizkuntza bat eta beste batzuetarako bestea erabiltzea, solaskide batzuekin batez ere hizkuntza batean eta beste batzuekin bestean jardutea, zonaldez zonalde aldeak egotea.

Ez dakit datorren mendean zein izango den hemengo bi hizkuntzen arteko erlazioa euskal gizartean, zein izango den eleaniztasunaren isla gure gizartean, baina datozen 50 urteei begira, fikzio legez planteatuta ere fikziozkoegia iruditzen zait –beraz erakarmenik eta interesik gabeko proposamen absurdoa- uste izatea hemengo eremu publikoko hizkuntza komun bakarra euskara izan litekeela. Berdinkidetasunaren eta askatasunaren kontrakoa, bizikidetzarako kaltegarria eta, beraz, onartezina iruditzen zait hizkuntza hegemonikoa –gaztelania- eremu publikoko hizkuntza komun ia bakar eta obligaziozkotzat proposatzen duen tesia, baina, orobat, 50 urte barru EAE eta Euskal Herri osoko bazter guztietako eremu publikoko hizkuntza komun ia bakarra euskara izateko proposamenarekiko ere ezinago urrun ikusten ditut nire pentsaera eta errealitatea bera. Bizkaia eta Arabako herritar gehienek gaur egun ez dakite tutik ere euskaraz, eta EAEko herritarren %70ek gaztelania bakarrik erabiltzen du. Hori horrela bada, euskara ere hizkuntza komuna bai, jakina, baina ameskeria hutsa ez ote da euskara eremu publikoko hizkuntza komun bakarraren proposamena? Eta, gainera, onargarria al da bizikidetzaren ikuspegitik? Zergatik egin behar dio inork uko etorkizunean ere gaztelaniari? Euskaraz bizi nahi duenak gaur ez bezala inolako traba eta gainkargarik gabe, normaltasun osoz, aukera hori balia dezan, uko egin behar al zaio gaztelaniari? Oso ibilbide laburra izango luke euskarak hori balitz –ez dut uste inondik ere hala denik- euskararen erabilera eremu publikoan bermatzeko eta areagotzeko baldintza.

Honenbestez, guztiz gainditu eta baztertzekoak dira, bai batzuen “en castellano y punto, que todos entendemos” bezalakoak, bai besteren “euskaraz eta kito, ikas dezatela” bezalakoak. Aitzitik, joera hegemoniazaleak nahiz hegemoniaren egarri diren joera erresistentzialistak alde batera utzirik eta hizkuntzen arteko liskar giroak erabat gaindituz, gure gizarteak etorkizunean halabeharrez izango duen zutoin nagusietako bat hizkuntzen arteko elkarbizitza delakoan heldu behar zaio dema honi. Horretarako ezinbestekoa da ohartzea euskararen etorkizuna gure ez beste inoren esku dagoela. Euskal herritar guztiok –elebidunok nahiz elebakarrok- gure buruari galdetu behar genioke: zer egin dezaket nik euskararen alde? Hizkuntzen arteko elkarbizitzak denok behar baikaitu: elebakarrak gehiago inplikatu behar dira hizkuntza elkarbizitzan (euskal munduetara gehiago hurbilduz, euskara neurri batean edo bestean ikasiz, erabiltzeko aukerak zabalduz…); eta elebidunok ekarpenik bikainena eta mobilizaziorik eraginkorrena zor diogu euskarari: euskal hiztunago, euskara-erabiltzaileago bihurtzea; hizkuntzari dagokionez euskaldun izatearen eta euskaldun jokatzearen artean leize-zulorik ez uztea dagokigu.

Hizkuntza politika eraginkorra eta euskararen sustatzailea egiteak legitimitate politikoa, etikoa eta soziala ditu. Legitimitate politikoa du herritarren ordezkaritza nagusi baten adostasunaz landutako legerian eta araubidean oinarritua dagoelako; erabat legitimoa da euskararen erabilera herri-aginteek egiazki sustatzea eta gizarte elebiduna eraikitzeko bidean gehiegikeriarik gabe baina etenik gabe aurrera egitea, herritar guztiei euskara eta gaztelania ezagutu eta erabiltzeko eskubidea balia dezaten babesa emanez. Legitimitate etikoa du ezinezkoa delako hizkuntzen eta, beraz, herritarren berdinkidetasuna lortu aukera berdintasuna bermatu gabe, hau da, egun dugun hizkuntza desoreka gainditu gabe eta, beraz, hartarako ezinbestekoak diren politika konpentsatorioak aplikatu gabe. “Ez inposatu, ez eragotzi” printzipioak berma dezake hizkuntza aukeratzeko askatasuna. Kontua horixe baita: gaztelaniaren aukera eta euskararena biak errespetatzea, eta, beraz, elebakarren hizkuntza eskubideak elebidunen eskubideen gainetik ez jartzea, hots, elebakarrek praktikan ez eragoztea elebidunen hizkuntz hautua. Eta legitimitate soziala du, arestian esan dugun legez euskal gizarteak behin eta berriz berretsi duelako elebidun izan nahi duela.

Alde honetatik begiratuta, oso arriskugarria ikusten dut euskararen sustapenerako hizkuntza politika positiboa inposizioarekin lotzeko batzuek darabilten diskurtso politikoa. Oraindik orain, herri agintari batzuek aldarrikatu dute iragan urteetan euskararen inposizioa gertatu dela administrazioan, adibidez, hizkuntza eskakizunen sistema dagoelako. Osakidetzako zerbitzuei buruz ari zirela kontuan hartuta, agian gogorarazi beharko genieke erakunde horretan ez dela % 16ra iristen hizkuntza eskakizuna derrigorrezko izaeraz duten lanpostuen kopurua; halaber, herri agintari horiei gogorarazi beharko genieke onenean ere paradoxikoa dela halako inposizio mamurik plazaratzea, non eta ez epaile edo fiskal izateko, zinegotzi edo alkate izateko, legebiltzarkide edo diputatu nagusi izateko, sailburu izateko ez Legebiltzarreko presidente izateko ez lehendakari izateko derrigorrezkoa ez denean euskaraz jakitea. Hizkuntza politikan, politika publikoaren edozein alorretan bezala, bada zer zuzendua, zer hobetua. Ez zaie kritikari eta autokritikari beldurrik izan behar. Ausardia behar da gehiegikeriarik baldin bada zuzentzeko, eta gauza bera gutxiegitasunik baldin bada halakoak zuzentzeko ere. Alabaina, horretarako eztabaida eta elkarrizketa zintzoa bultzatu behar lukete herri aginteek, saihestuz neoliberalismorik zurrun eta gogorrenaren haritik erregulazioa inposizioarekin eta esku-hartze ez legitimoarekin lotzen duten diskurtsoak, gizarte demokratikoan ezin baitira sinonimotzat jo erregulazioa eta inposizioa, ez hizkuntza politikan ez berdinkidetasuna sustatzeko beste politika sozialetan. Interes orokorra, berdinkidetasuna eta kohesio soziala bermatzeko eta babesteko arauak ematea dagokie herri-aginteei, ahulenaren aldeko politikei bidea irekiz, baita hizkuntza kontuetan ere.

Itzul nadin erabilerari lotutako kontuetara. Erabileran ere aurrera egiten ari da euskara, baina ez ezagutzaren erritmo berean. “Horrek esan nahi du hizkuntza politika hori gaztelaniaren morroi dela eta ez duela balio euskara indartzeko”, diote mutur batetik; “horrek erakusten du herritarrek ez dutela horrenbeste euskara nahi, hizkuntza politika nazionalisten luxu bat eta inposizio bat dela, dirua alferrik gastatzea”, diote beste muturretik. Paradoxikoa ez bada, gero! Dirudienez biek uste dute torlojuak egitea bezain automatikoa dela herritarren hizkuntz jokabidean eragitea, eta biek ahazten dute normala dela –ez gogoko duguna, bai ordea ahal den eta ohikoa den fenomeno bakarra- ezagutzaren neurri berean ez gehitzea erabilera. Adibidez, euskara eskolan ikasi duten haurrek (ezagutzaren estatistika gizentzen duten horiek) nekez erabiliko dute euskara gaztelania baino ez dakiten gurasoekin (erabileraren estatistika ezin gizendu). Normala izateak ez gaitu, ordea, lasaitu eta arazo edo muga horri bizkarra erakustera eraman behar; hori baita, ezbairik gabe, arduratu behar gaituen fenomenoetariko bat, ez txikiena. Euskara biziberritzeko prozesuak dituen muga sozial estrukturalen artean erabilerari dagozkionak daude. Eta horien artean bada bat, maiz asko oharkabean izaten duguna baina gaurko Euskal Herrian berebiziko garrantzia duena erabilerari begira: hiztunaren ezagutza maila.

Esana dugu gaurko elebidunen artean asko direla euskaldun berriak edo euskara bigarren hizkuntza (L2) dutenak, batez ere gazteen artean. 16-24 urte bitarteko elebidunen %56k L2 dute euskara, beren burua erdal elebidun definitzen dute. Adin tarte horretan %21,6 bakarrik da bere burua euskal elebiduntzat jotzen duena. Horrek esan nahi du, oro har, hobeto moldatzen direla gaztelaniaz euskaraz baino. Bestalde, ezagutza mailak eta hizkuntzarekiko loturak (afektiboa…) erabilera ez formaletan, eta bereziki etxean, eragin nabarmena du: euskaldun zaharren %86k etxean nagusiki erabiltzen dute euskara; euskaldun berrien %89k, ostera, gaztelania erabiltzen du. Gune soziolinguistikoaren arabera ere alde nabarmenak daude, ezagutzari lotuak, euskararen erabileran: 1. eta 2. gune soziolinguistikoetan, elebidunetan gehiengo zabalak gaztelania erabili ohi du euskara baino gehiago bere eguneroko bizitzan; 3. gunean hasten dira nagusi izaten (%57tik aurrera) euskara gaztelania baino gehiago erabili ohi dutenak.

Erabileran eragiten duten faktore horien muga estrukturalak kontuan hartuz, beraz, hizkuntza politika eraginkorra egiten jarraitu beharra dago, euskararen erabilera arian-arian esparru informaletan ere indar dadin. Horretarako, beste hainbat gauzaren artean, nahitaezkoa da herri aginteek elebitasunaren aldeko sentsibilizazio lana etengabea egitea (herritarren borondatearen neurrian baina konplexurik eta aitzakiarik gabe), euskara erakargarritasunarekin uztartuz eta aberastasun pertsonala, kulturala eta soziala darizkion komunikabidea eta ondarea dela azpimarratuz.

Ildo horretan sakonduz, giltzarria da euskarentzako arnasguneak zabaltzen jarraitzea eta euskal hiztunon erkidegoa sendotzen eta trinkotzen jarraitzea. Izan ere, erabakigarria da, esaterako, euskararen bizi-indarra trinkotzeko ahaleginean aurreratu daitekeena, etxetik euskal hiztun direnek euskara esparru guztietan, eta bereziki ez-formaletan, ohikotasunez gero eta gehiago erabiltzen badute, horrela bakarrik izango baitira euskara adierazkortasunez, bizitasunez eta naturaltasunez erabiltzen duten hiztunak. Orobat, guztiz erabakigarria da euskaldun berriek hizkuntzari eman diezaioketen bizi-indarra, eskolan nahiz unibertsitatean edo zerbitzu publikoetan ez ezik familian eta lagunartean euskara erabiliz. Giltzarria izango da, hain zuzen ere, guraso euskaldun berriek euskara (edo euskara ere) beren seme-alaben etxeko hizkuntza izatea lortzea, 15-20 urte barru euskara era natural, bizi eta adierazkorragoan erabil dezaketen hiztunen masa kritikoa eta erkidegoa arrunt biderkatuko bailitzateke.

Hizkuntzen elkarbizitzarantz eta orekarantz urratzen ari garen bidea zabaltzeko eta sendotzeko, hazi beharra dugu ezagutzan. Gizarte elebiduna eraikitzeko herritar elebidunak behar ditugu, jakina. Baina alferrikakoa dugu, euskararen bizi-indarra areagotzearen ikuspegitik, euskaraz dakitenen kopurua haztea, benetan hiztun direnen erkidegoa sendotzen eta trinkotzen ez badugu, hiztunen euskararekiko lotura naturala sendotzen ez badugu.

Eta horren ondoan, aipamen bat behar-beharrezkoa dugun elebitasun pasiboaren gainean. EAEko 30-55 adin tarteko herritarren %42 erdaldun elebakarra da. Ameskeria hutsa da uste izatea horiek, edo horien parte handi bat, euskaraz han eta hemen normaltasunez jarduteko neurrian euskaldunduko direla. Hori ameskeria den bezala litzateke, ordea, utzikeria galanta horiek guztiak erdaldun elebakar izatera kondenatzea. Gutxienez euskaraz ulertzera irits daitezen estrategiak bultzatzearekin denek lukete zer irabazi: beraiek bezala euskaraz bizi nahi duten herritarrek.

5. Adostasuna, hizkuntzaren etorkizuna herritarren esku baitago

Gaur-biharretan gogoan eduki beharko genituzkeen aldagai batzuk dakartzat amaierara, nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkionak hiru, Iparraldeari eta Nafarroari dagokiena bestea.

Lehena: adostasun sozial eta politiko zabala. Hona ekarri gaituen bidearen abiaburuan, funtsezkoa izan zen joan den mendeko 80 hamarkadan euskararen inguruan eratu zen adostasun politiko zabala. 1982. urtean, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza nagusia zuten talde abertzale eta ez abertzale gehienen adostasunez onartu zen 10/1982 Oinarrizko Legea, euskararen erabilpena “arautzen” duena. Lege hark euskara babesteari begira hainbat obligazio ezarri zizkien herri-aginteei, eta euskara erabiltzeari begira hainbat eskubide aitortu herritarrei. Hura izan zen oinarria, oinarri ezin sendoagoa, printzipio demokratikoetan zurkaiztua zegoelako eta adostasun politikoak babestua zegoelako. Adostasun hartatik kanpora geratu ziren PP eta HB. Adostasun hari pitzadurarik eta murrizketarik gabe eutsi beharko litzaioke, eta areagotu, adostasun hura zabaltzea eta sendotzea baita erronka berriei erantzuteko ezinbestez behar dena. Gainera, pentsa liteke adostasun politikoa sendotzeak adostasun soziala areagotzeko balioko lukeela.

Adostasunak solaskideen ikuspuntuei ere lekua egitea eskatzen du. Adostasun puntuak beti izan ohi dira batzuek nahiko luketena baino gehiago eta bestetzuek nahiko luketena baino gutxiago. Kontua da nahitaezkoa dela hori bizikidetzarako, eta askotarikoen arteko adostasun sendorik gabe jai duela euskarak.

Bigarrena: hizkuntza-politika eraginkorra, zilegia eta sustatzailea. Oinarrizko legearen itzalean araubide juridiko zehatza eta euskara sustatzeko politika zabala ezarri ziren abian, hezkuntzaren alorrean, hedabideetan, administrazioan, zerbitzu publikoetan, aisialdian, lan munduan eta abarretan bi hizkuntza ofizialetan ahulenari –euskarari- behar zuen tokia eta eginkizuna ematearren. Horretan behar da jarraitu, geldialdirik eta atzerapausorik gabe. Arazo berriei irtenbide berriak aurkituz, eraginkortasunez beti, eta ahantzi gabe zein den gainditu beharreko desoreka (euskarak gaztelaniarekiko duena), zein den anomalia (gizartearen zati bat elebakarra izatea), eta hori guztia baretasunez, soseguz eta inoren aurkako gehiegikeriarik gabe egin behar dela, baina erabat ezinezkoa dela deserosotasunik gabe egitea.

Hirugarrena: aurrekoarekin loturik, gizartearen eta herritarren borondatea. Aro demokratikoan daramatzagun hiru hamarkada hauetan, euskal gizarteak eta herritarrek –erakunde, elkarte eta abarretan antolatutako eragile sozialek eta norbanakoek- behin eta berriz berretsi eta sendotu dute euskararekiko estimua eta nahia. Euskal gizarteak elebitasunaren aldeko apustu garbia egin du eta euskara biziberritzeko ahalegin sozio-politikoa babestu eta eragin du.

Laugarrena: Iparraldeko eta Nafarroako herri-aginteen jarrera aldatzea komenigarria ez ezik, beharrezkoa da. Iparraldean azken urteetan herri-aginteek ekin diote, apalki bada ere, EEPren eskutik hizkuntza politika egiteari. Nolanahi ere, lege-babesa beharrezkoa da. Nafarroan bada neurri bateko lege-babesa, oso eztabaidatua eta mugatua, baina, kontuak kontu, lege-araudi horrekin berarekin egin ahalko litzateke beste hizkuntza politika sustatzaileago bat, nafarren borondatea behartu gabe, baizik eta nafarren borondatearekin bat letorkeena eta bizikidetzarako positiboa izango litzatekeena.

Ondorioa bistan da, nire irudiko: herri-aginteek jarraitu behar dute euskararen ezagutza bermatzeko neurriak hartzen eta euskararen erabilerarako aukera errealak sendotzen eta zabaltzen. Ezinbestekoak dira herri-aginteen hizkuntza politika eraginkorra eta legezko babesa. Baina, kontuz! Azken hitza, eta azken-aurrekoa ere, herritarrak dauka: hizkuntzaren erabilerari eta, beraz, sasoiari begira, herritarraren hizkuntzarekiko atxikimendu librea eta hiztunaren leialtasuna dira, ororen gainetik faktore erabakigarrienak, elikatu bai, baina arautu, inola ere arautu ezin litezkeen faktoreak, hain zuzen ere.

Partida honetan, euskararekiko atxikimendua indartzea da hizkuntza pluraltasunaren balioan sinesten dugunoi bete-betean dagokigun jokaldia. Eta herritarren atxikimendua diogunean, herritar guztiena aipatu nahi dugu: elebidunena ez ezik baita gaur elebakar direnena ere, hauen erantzukizuna ere bada-eta, euskararen eta elkarbizitzaren dema. Partida honetan, azken batean, hizkuntzen elkarbizitza dagoelako jokoan, hau da, elkarbizitza sozialaren zati handi bat, eta elkarbizitza horretan denok gara partaide, elebidunak bezala elebakarrak.

Patxi Baztarrika

Euskararen Aholku Batzordeko kidea eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde izandakoa (2005-2009)

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Etorkizuna, geure esku

Hizkuntza pluraltasunaren gainean ertz askotatik garatutako gogoetak jaso ditut Babeli gorazarre izenburuarekin (Alberdania) argitaratu berri dudan liburuan, eta, jakina, hizkuntza aniztasunaren galera-arriskuaz ere aurki daiteke gogoetarik bertan. Izan ere, gizadiaren historia hizkuntza pluraltasunaren etengabeko galeraren historia baita. Mendez mende milaka hizkuntza hil dira munduan, oraintxe bertan milaka daude, estu eta larri, galtzeko arriskuan, eta segur da asko desagertuko direla. Egiazki ez dakigu zer-nolako bilakaera izango duen globalizazioak, ez baitakigu zer izango den: edo jakobinismo linguistikoaren erreinua edo aniztasunaren eta diferentzien arteko berdinkidetasunaren paradigma. Denetarik izango du, seguruenera. Galerak ere bai, seguru. Euskara, ordea, nahiz eta gure arteko lantu jotzaile askok euskararen hil kanpaiak astindu, ez dago hil edo biziko ataka horretan, ezta gutxiagorik ere. Euskara, beste hizkuntza asko bezala, ingelesaren eta inguruko hizkuntza hegemonikoen tarte gero eta estuagoan zirrikitu bila dabil, baina badu zerbait bere alde, badugu zerbait gure alde: milaka hizkuntzaren heriotzak hizkuntzak erabili ezean hil egiten direla erakusten digun bezala, euskararen urteotako bilakaerak erakusten digu guztiz egingarria dela hizkuntza ez-hegemoniko eta gutxiagotuak biziberritzea, garatzea eta haztea. Utopia egingarria dela, alegia, euskara indarberritzea.

Utopia hori egia bihurtzen duten faktore erabakigarrien artean hiru nabarmentzen dira besteen gainetik: biziberritu nahi den hizkuntza babesteko eta sustatzeko lege-araudi egokia, hizkuntza politika eraginkorra herri-aginteen eskutik eta herritarren atxikimendua. Faktore horien indarra eta elkarren arteko uztardura nolako, hizkuntza biziberritzeko prozesuaren arrakasta edo porrota halako. Diogunaren kasu paradigmatikoa da euskararena: bistakoa baita hiru faktore horien gorabeherak esplikatzen duela azken hogeita bost urteotan euskarak eta elebitasunak atzera egin izana Iparraldean, aurrerantz baina motel Nafarroan, eta aurrerantz indartsu Euskal Autonomia Erkidegoan.

Nolanahi dela ere, nago urteotan guztiotan euskarari dagokionez gertatu den aldaketa nagusia geure buruetan gertatu dela. Gutako askok Aitorren hizkuntza zaharra etxe-zulora kondenaturiko bigarren edo auskalo zenbatgarren mailako hizkuntza baliogabetzat kontsideratzeari utzi genion, eta hizkuntza bizi, moderno eta maila guztietako komunikaziorako hizkuntza kultu eta baliozkotzat hartu dugu. Aldaketa horren kariaz eta aldaketa horren bidelagun bereizezinak diren herritarren atxikimenduari eta herri-aginteen konpromiso irmoari esker gertatu da gertatu den euskararen aurrerakada. Esan dezadan, halere, herri-erakundeen konpromisoa hizkuntza politika kontuetan, Nafarroan nahiz Iparraldean, oro har, oso kezkagarria izateraino dela aski eza eta hutsala; izan ere, lurralde horietan, euskararen muga soziolinguistiko saihetsezinei, tokian tokiko herri-erakundeek ezarritako muga legal eta politikoak gaineratzen baitzaizkie ezinbestez.

Kontua da, azken hogeita bost urteotako bilakaerari esker, nire ustez, inoiz baino neurri handiagoan daudela euskararen eta hizkuntza-bizikidetzaren etorkizuna herritarren eta hiztunen esku. Inoiz baino neurri handiagoan gara geu gorabehera honen soluzio. Nago, baina, sarri askotan –gehiegitan- geu garela baita ere arazo. Kontu hauetan ere hobe dugu, “politikoki zuzenak eta arriskurik gabeak” diren diskurtsoen erosotasunetik ihes egin eta hainbat txip saihestea; esaterako, erresistentziaren edo errebindikazioaren eta agoniazko jarrera biktimisten txipa. Boluntarismoaren liluraz mozkortuta jardutearen ondorioz edo euskara estrategia politiko batzuen morrontzan jartzearen ondorioz, euskararen biziberritzean lortu ezin litezkeen espektatibak balekotzat ematen ditugunean, frustrazioari ateak luze-zabal irekiz, geu bihurtzen gara arazo. Hogeita bost urteotan gertatutakoa ikusita, euskararentzat guztiz kaltegarria dela uste dut euskal herritarrei -elebidunei nahiz elebakarrei- adieraztea legerian eta marko juridiko-politikoan edo herri-aginteetan dagoela euskara azkarrago indarberritzea eragozten digun muga nagusia. Kaltegarria diot, gure muga nagusiak, Nafarroaz eta Iparraldeaz jadanik esandakoaren kalterik gabe, besteak beste, beste honako hauek direlako: gure errealitate soziolinguistiko askotariko eta konplexua, euskarak gizarte-bizitzan gaztelaniarekiko nozitzen duen ahulezia, erdaldun askoren inertzia, euskal hiztunen euskararekiko leialtasun-neurria, eta euskal herritarron gogoa.

Gureganatu beharko genukeen txipa Kennedy presidentea parafraseatuz adierazi dezakegu: “hizkuntza politikak niri zer eman diezadakeen galdetu beharrean, galde diezaiogun gure buruari: zer egin dezaket nik bizikidetzaren alde? Zer egin dezaket hizkuntza-bizikidetzaren mesedean eta hizkuntza kontuetan aukera-berdintasuna bermatzearen onuran?”. Bai, hobe dugu, bai, herritarrek jakin dezaten euskararen etorkizuna eta hizkuntza-bizikidetza batez ere euren hizkuntza-jokabidearen esku daudela: bai elebakarrek elebakartasunari behin betiko atea itxi eta elebitasunari irekitzearen esku eta, batez ere, euskal hiztunen hizkuntza-jokabidearen esku. Gaur oraindik elebakar direnei eskatu behar diegu hurbil daitezela euskarara, eta asmatu behar dugu ohartarazten neurri handi batean euren esku dagoela hizkuntza-bizikidetzan aurrerapauso sendoak ematea, herritar elebidunik gabeko elebitasuna itxurakeria eta erretorika hutsa baitira. Ildo berari jarraiki, ordea, hil edo bizikoa dugulakoan nago, are hil edo bizikoagoa, Joxanton Artzeren lelo hura berreskuratu eta lau haizeetara zabaltzea: “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik”, edo Bitoriano Gandiagaren beste hura: “Baina eta hemen / euskaraz jakin arren / euskaraz mintzatzen ez denak ere / ez digu uzten / euskaraz egiten”. Bistan baita etxetik euskal hiztun direnek euskara esparru guztietan, bereziki ez-formaletan, ohikotasunez eta naturaltasunez erabiltzen badute, bidearen erdia baino gehiago egina izango duela gure hizkuntzak. Bistan baita, halaber, gaur gaurkoz euskarak atzera egitearen arriskua ez dagoela Unibertsitateko edo DBHko ikasgeletan atzera egitean, baizik eta atzera egiteko arrisku-guneak ikastetxe horietako pasillo eta kafetegiak, edo ikasle eta irakasle EGAdunen arteko ikasgelaz kanpoko harremanak, aisialdia… direla. Bistan baita, azkenik, euskararen etorkizunerako erabakigarria izango dela gaurko guraso euskaldun berriek euren seme-alaben etxeko hizkuntza euskara izatea aukeratzen duten, aukera hori egiten badute askoz naturalagoa eta barnekoiagoa izango baitute euskara bihar-etzi gaurko haurrek. Euskararen erabileraren aldeko pausoa euskal hiztunen erantzukizuna dugu, lehenik eta behin. Etxetik euskal hiztun direnek ohikotasunez eta lehentasunez erabiltzen ez badute, eta bigarren hizkuntzatzat ikasi dutenek gero eta modu naturalagoan bereganatzen ez badute, eta euskara tresna eroso eta baliagarria ez badute, ezer gutxi aurreratuko du euskararen bizi-indarrak, nahiz eta erruz gehitu ezagutza-indizea.

Esandakoaren ildotik, zer pentsatua eman beharko lioke euskararen etorkizunaz arduratzen den edonori, euskararen erabilerarekin azken bi hamarraldiotan gertatzen ari denak: euskararen ezagutza ez ezik, erabilera ere gehitu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta mantendu baino ez Nafarroan. EAEko erabileraren gehikuntza, ordea, batez ere esparru publikoan gertatzen ari da, oso nabarmen zerbitzu publikoetan eta motelago lagunartean. Alabaina, esparru ez-formalean, zehatzago esanda “etxeko salan”, ez da gehitzen ari euskararen erabilera. Elebidunen kopurua erruz hazi delako hazi da, beraz, erabilera, nahiz eta normala denez neurri apalagoan hazi; gaurko elebidunek, ordea, batez beste, ez dute duela hogei urteko elebidunek baino gehiago erabiltzen euskara, nahiz eta erabiltzeko aukerak areagotu egin diren. Hizkuntza biziberritze prozesuak saihetsezinak dituen hazkunde-kostu batzuk eta hainbat arrazoi estruktural dira hori guztia neurri handi batean esplikatzen dutenak (elebidunen euskara-gaitasun erlatiboa, elebidunen lehen hizkuntza, elebidunen profil urbanoa, elebakarren proportzio altua, eta abar). Baina, euskal hiztunek hizkuntzarekiko duten identifikazio-loturaren eta leialtasunaren neurriak ere zuzenean eragiten du erabileraren gorabehera honetan, zalantzarik gabe.

Hain zuzen ere gogoeta-hari honi tiraka papereratu ditut Babeli gorazarre liburuan, beste zenbaiten artean, ondorengo galderok: elebidunen kopurua erruz gehitu bada ere, zein neurritan hazi ote da egiazko hiztunen kopurua? Eskolako hizkuntza akademiko nagusia (zabalduena) den bezala ote da euskara ikasgelatik kanpora ere ikasleen eta irakasleen arteko harreman ez formalagoetako komunikazio-hizkuntza? Inoiz baino liburu-izenburu gehiago eta inoiz baino hedabide gehiago ditugunean euskaraz, euskarazko produktuen aukera egiten al dute kontsumitzaile elebidunek, eta zein neurritan? Zenbateraino da euskara Administrazioan lanean jarduteko behar besteko euskara-gaitasuna erakutsi dutenen lan-hizkuntza? Gaztelaniaz bezain erraz eta eroso moldatzen al dira euskaraz elebidun berriak? Eta elebidun zaharrak? Zer-nolako balioekin lotzen dute gaur egun euskara belaunaldi gazteek? Euskararen ezagutza hazi den neurri bertsuan hazi al dira euskararekiko atxikimendua eta begirune soziala? Zergatik ez dute erdaldun elebakar askok oraindik ere euskararantz inolako pausorik ematen? Ez ote du XVI. mendeko “euskara, jalgi hadi plazara!” haren lekua “euskara, hator etxera eta lagunartera!” leloak bete beharko XXI. mendean?

Mitxelenak esana da: “hizkuntza batentzat hilgarria dena hiztunen axolagabekeria da”. Ez bekie gaurko herritarrei eta hurrengo belaunaldiei esan eurek egin beharrekoa eta egin dezaketena neurri handi batean eginda dagoela, eta etorkizuna herri-aginteek eta legegileek egiten dutenaren esku dagoela. Bizitzaren esparru gehienetan bezala, hizkuntza kontuetan ere errazagoa eta atseginagoa da egoeraren erruak hirugarren baten bizkar botatzea, norberaren arduragabekeriak zuritu eta erosokeriari bide emanez. Hortik ezin, ordea, onik ezer espero, jokoan daukaguna ez baita bakarrik euskara erabiltzeko aukerak sortzea –horretan etengabe eta atzerapauso txikienik gabe jarraitu beharra dago-, jada ditugun aukerak baliatzea baizik. Jokoan daukaguna erabili ahal izatetik erabili nahi izatera eta, beraz, erabiltzera jauzi egitea da. Euskara erabiltzea da, ez besterik, euskarak behar duen mobilizazio sozial berria, berria eta berritua, konnotazio alderdikoirik gabea, anizkoitza den gizartearentzat bateragarria izango dena, konfrontazioaren ikusmoldea eta biktimismo uxatzaileak erabat baztertu eta balio nagusi eta erreferentzialak bizikidetza, berdinkidetasuna, elkartasuna, pertsuasioa, erakarmena eta naturaltasuna izango dituen euskararen erabileraren aldeko mobilizazio soziala.

Hizkuntza bizikidetzak eta hizkuntza pluraltasunak nahitaezkoa dute herri-aginteen hizkuntza politika aktibo eta sustatzailea. Euskarak biziberritzen jarraituko badu nahitaezkoa du herri-aginteen aitzindaritza; ezinbestekoa du herri-aginteek euskara indarberritzeko ahaleginari geldialdirik gabe eustea. Baina nago, euskararen aurrerabiderako gako nagusiak honakook direla: erabilera, gogoa eta adostasun sozial eta politikoa. Jabetuko al da gizartea inoiz baino gehiago daudela bere esku euskararen etorkizuna eta hizkuntzen bizikidetza harmoniatsua?

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Babel: ¿Bendición o maldición?

La pluralidad lingüística, condición para la convivencia y la democracia.

Desde la perspectiva religioso-teológica, Babel representa la maldición, al considerar que cierra puertas a la consecución del paraíso e impide la comunicación directa con Dios. Creo, sin embargo, que, desde otra perspectiva, Babel es imagen y reflejo de la pluralidad, y, por ello, debemos considerarla como una bendición. Diferencia y particularidad son, justamente, las características distintivas y esenciales de la persona. La originalidad diferenciadora es inherente a la condición humana. La pluralidad y la universalidad, cuyo valor positivo, aunque solo sea retóricamente, nadie se atreve a poner en solfa, no son sino la suma de nuestras diferencias y particularidades. Por tanto, en la medida en que son las diferencias las que cimentan la pluralidad, la negación de aquéllas constituye indefectiblemente la negación de ésta y de la propia condición humana. Babel es, pues, la negación de la uniformidad y la afirmación de la pluralidad. Es por ello, y en ese sentido, por lo que reivindico Babel como una bendición.

Al abrigo de la globalización se levantan voces que maliciosamente oponen universalidad y particularidad. Sin embargo, la universalidad no está reñida con la particularidad, precisamente porque no hay universalidad sin particularidades. Pero la universalidad sí está reñida, y absolutamente, con la uniformidad, que conlleva la negación de la pluralidad. Es la uniformidad la gran amenaza de la universalidad. La voz única, el pensamiento único, lo monocolor, la lengua única: he ahí algunas de las caras de la uniformidad. La uniformidad solo aporta empobrecimiento al género humano, y, por tanto debería ser rechazada por quien mantenga vivos el sueño y los valores de la libertad, la tolerancia, la igualdad de oportunidades, la solidaridad y la convivencia armoniosa. Esto es así también en la cuestión lingüística.

Cuando despreciamos una lengua (…) por tener pocos hablantes o por carecer de escritura, manifestamos una actitud que expresa un manifiesto desprecio por el hombre y por su cultura, una radical incomprensión de la naturaleza humana, un egoísmo y etnocentrismo cultural que nos empobrece intelectual y espiritualmente.

Son palabras de Juan Carlos Moreno Cabrera, catedrático de la Universidad Autónoma de Madrid. Se trata de una de las muchas referencias que he recogido en el libro que lleva como título Babel o barbarie (Babeli gorazarre, en su versión original en euskera), recientemente publicado por la editorial Alberdania. El libro que constituye un elogio firme de la diversidad lingüística como elemento enriquecedor de las personas y de las sociedades que pretenden caminar hacia el futuro por la senda de la modernidad, la tolerancia, la solidaridad y la democracia vigorosa.

En el citado libro Babel o barbarie, además de aportar diferentes argumentos a favor de la diversidad lingüística, he recogido, entre otras, esta cita, que juzgo muy clarificadora, del escritor Amin Maalouf, presidente de la comisión creada en 2008 por la Comisión Europea para analizar el papel del multilingüismo en la construcción europea:

Un hombre puede vivir sin tener ninguna religión, pero no, evidentemente, sin tener ninguna lengua. La religión tiene vocación de exclusividad, y la lengua no. (…) Todo ser humano siente la necesidad de tener una lengua como parte de su identidad; esa lengua es unas veces común a cientos de millones de personas, otras sólo a algunos miles, y poco importa, a este nivel, lo único que cuenta es el sentimiento de pertenencia. Todos necesitamos ese vínculo poderoso y tranquilizador.

Sea como fuere, a nadie se le escapa que en la historia de la humanidad abundan los procesos de desaparición de lenguas a lo largo del mundo. Lo cierto es que, cuando nuestro mundo estaba poblado por algunos miles de millones menos de habitantes que hoy, llegó a haber en él veinte mil lenguas; hoy día la Unesco viene a contabilizar no más de siete mil. La desaparición de cualquier lengua, sea cual sea su número de hablantes, es una enorme pérdida para la humanidad. ¡Cuánto mejor nos iría si, a la hora de preservar la diversidad lingüística, mostráramos la misma sensibilidad que para proteger las especies animales y vegetales o para conservar el patrimonio arquitectónico!

Hay diferencia notables en la vitalidad de las diferentes lenguas. No todas están en peligro de desaparición, ni mucho menos. Por ejemplo, el euskera, con sus luces y sombras, con sus fortalezas y debilidades, no es una lengua en agonía, sino una lengua en claro proceso de revitalización en la Comunidad Autónoma del País Vasco, moderado en Navarra y en retroceso aún en Iparralde. No está escrito el futuro de ninguna lengua: el futuro de la pluralidad lingüística depende de lo que en cada momento se haga o se deje de hacer. La defensa de la pluralidad lingüística, si no es simplemente retórica, exige de los poderes públicos y de todos nosotros una actitud activa y positiva. Todo lo contrario de las actitudes que la menosprecian o infravaloran, actitudes que, a pesar de ser viejas y rancias, asoman –en ocasiones con fuerza y gran proyección mediática– en nuestro entorno.

Es cuando menos paradójico que la diversidad, si bien es valorada positivamente en los ámbitos político y social (¿quién se atrevería hoy a reivindicar el Movimiento Nacional Único, el Partido Único o el Sindicato Vertical?), en el económico (¿quién no proclama hoy la imperiosa necesidad de la diversificación del producto y las cuotas de mercado?) o en el medioambiental (¿quién se atrevería hoy a pronunciarse contra la conservación de la diversidad de las especies y de la diversidad de los recursos naturales?), sin embargo, no levante entusiasmo ni se le reconozca idéntico valor cuando se refiere a la cuestión lingüística y cultural. A menudo se presenta como un problema a eludir. No obstante, y en beneficio de la convivencia, es necesario preservar la pluralidad lingüística, porque, si bien la condición esencial de cualquier lengua e imprescindible para su preservación es que sea real y efectivamente un instrumento de comunicación, toda lengua constituye, además, un vínculo y un punto de encuentro del individuo con un grupo humano, una referencia autoidentificativa y el “almacén” de la cultura producida y acumulada por una determinada comunidad.

Lo armónico con la esencia y la libertad humanas y lo que mejor refleja la realidad de la humanidad es la diversidad lingüística y cultural. Como dijera quien fuera comisaria para las Lenguas Oficiales de Canadá, Dyane Adams, “el monolingüismo es una manera de ver el mundo en un solo color”, y en palabras del pensador norteamericano Noam Chomsky, “una sociedad es monolingüe cuando su lengua es homicida”. En efecto, en un mundo como el actual, en el que la norma es el multilingüismo y el monolingüismo es la excepción, y más concretamente en un contexto multilingüe como el nuestro (Navarra, Comunidad Autónoma de Euskadi, País Vasco Norte), el monolingüismo como modelo de comunicación y organización social significaría caminar en la dirección opuesta a las sociedades abiertas y modernas, porque significaría apostar por un modelo generador de desigualdades y cercenador de la libertad. Muy al contrario de lo que afirman algunos, cegados por sus pretensiones uniformizadoras y situados en la atalaya dominadora de la lengua hegemónica, el monolingüismo no es un derecho, sino una limitación, tanto personal como social. En sociedades como la navarra, los obstáculos para la convivencia no provienen del bilingüismo, sino del monolingüismo. Una persona bilingüe podrá optar efectiva y libremente entre ambas lenguas, no así la monolingüe. El monolingüismo, además, limita la libertad de elección de lengua de las personas bilingües, lo cual en nada contribuye a la convivencia armónica.

En consecuencia, se debería sensibilizar de manera permanente a la ciudadanía en pro del bilingüismo y plurilingüismo efectivos, tarea en la que todos, y especialmente los poderes públicos, tenemos mucho que hacer. Esa sensibilización debe, sin duda, llevarse a cabo sobre la base del máximo respeto a las personas monolingües, pero tampoco se deben confundir los términos: el respeto exquisito que indiscutiblemente merecen quienes sufren la limitación del monolingüismo –bien porque ésa sea su opción o bien porque las circunstancias sociales y culturales no les han dejado otra– no implica ensalzar el monolingüismo, ni tampoco que debamos permanecer neutrales en la disyuntiva entre monolingüismo y bilingüismo. El bilingüismo es fuente de riqueza personal y de mejora de la convivencia, y es fuente de libertad y de una mayor igualdad de oportunidades para todas y todos. Así lo han entendido miles de padres y madres monolingües que, en un gesto de solidaridad hacia sus conciudadanos bilingües y en una clara aportación a una convivencia más armónica e igualitaria, han optado y siguen optando por un sistema educativo que permita a sus hijas e hijos llegar a ser bilingües o trilingües. Han demostrado que las lenguas no se excluyen, que sirven para sumar y para enriquecer al ser humano.

En nuestro mundo moderno y democrático sería sencillamente inexplicable e imperdonable abandonar a su suerte a aquellas lenguas que, como nuestro euskera, se encuentran en situación de desequilibrio y debilidad –en ocasiones extrema– en relación a otras lenguas que también son nuestras, como el castellano. “Que hablen en euskera quienes quieran donde puedan; nadie se lo prohíbe”, nos dirán quienes pretenden hacernos creer que libertad equivale a darwinismo lingüístico –como si la vitalidad de unas lenguas y la debilidad de otras fuese resultado de un proceso natural– y, de paso, nos quieren convencer de que la suya es la posición tolerante, cuando en realidad se trata de mera indiferencia o menosprecio disfrazados de tolerancia. Lejos de esa falsa tolerancia que pone en peligro la diversidad lingüística consustancial a nuestras sociedades y considera excesivo todo cuanto se haga a favor del bilingüismo, lejos también del dogmatismo lingüístico de quienes juzgan que todo es poco y pretenden forzar la máquina por encima de los deseos y las capacidades de la propia sociedad ignorando incluso la realidad sociolingüística, creo que la vía legítima y eficaz para garantizar la pluralidad lingüística y mejorar la cohesión social es la de la democracia lingüística.

Democracia lingüística no significa sino trabajo pausado pero incesante en pos del equilibrio lingüístico allí donde hoy impera el desequilibrio, porque el equilibrio conlleva igualdad efectiva y libertad. Soy firme partidario del principio democrático “no imponer, no impedir”, precisamente porque cuando se impide el uso de una determinada lengua, sea de manera activa o pasiva, legal o de facto, se está imponiendo, pasiva o activamente, el uso de otra determinada lengua. ¿Qué puede producir una sociedad cuya mayoría sea monolingüe sino un grave impedimento para el uso de la lengua minorizada en esa comunidad? ¿Qué otro efecto que el de impedir el uso de una determinada lengua –el euskera, por ejemplo– se logra cuando no se garantiza su uso normalizado en los servicios públicos o como lengua vehicular en el sistema educativo? ¿Qué otra consecuencia que la de impedir el uso del euskera puede seguirse de prácticas que no fomenten activamente su uso en los medios de comunicación?

Reivindico la democracia lingüística también desde este otro punto de vista: cuando en una sociedad hoy aún mayoritariamente monolingüe como la navarra, en la cual son más los ciudadanos que se muestran favorables a promover activamente el uso del euskera (los contrarios son el 34,2%), constituye una exigencia ética y democrática adoptar y desarrollar medidas encaminadas a preservar efectivamente el plurilingüismo sobre la base de la integración y respeto de las dos lenguas, en una perspectiva de convivencia lingüística, nunca de conflicto, y de cohesión social. Es condición de la propia democracia.

La tendencia en el mundo moderno es la de la pluralidad, también en lo lingüístico. El único camino válido para la convivencia es el de una apuesta decidida por consolidar la pluralidad lingüística, porque ésta, que requiere más igualdad y un equilibrio sostenible entre las lenguas, sólo puede ser fruto de una acción resuelta de los poderes públicos y de la adhesión y lealtad de la ciudadanía con respecto a la lengua que se pretende revitalizar. Sólo a una acción de esa naturaleza se le puede reconocer legitimidad y eficacia democráticas. Carece, por el contrario, de toda legitimidad la manipulación de las lenguas para tensionar la sociedad, promover el conflicto lingüístico y empeñarse en organizar la convivencia social en materia lingüística bajo el signo de la uniformidad. Carece de legitimidad la práctica de un fundamentalismo que distorsiona los derechos y la libertad utilizándolos para enquistar los problemas, no para solucionarlos. Carece de legitimidad negarse a fomentar el uso de las lenguas presentes en la propia sociedad. Carece de legitimidad, y de eficacia, pretender revitalizar una lengua sin tener en cuenta los límites de la realidad sociolingüística y las capacidades y voluntades de una sociedad desigual y diversa en sus consideraciones con respecto a las lenguas. Carece de legitimidad tratar igual a los desiguales, ahondando en el desequilibrio y debilitando la cohesión social.

El signo + es el único válido para la relación entre las lenguas, porque sólo él garantiza la pluralidad. Las lenguas no se excluyen. La suma de castellano y euskera, la pluralidad efectiva, sólo puede reportar riqueza personal y beneficios a la convivencia social. El euskera y el castellano, ambas lenguas, merecen el máximo respeto, pero una de ellas, el euskera necesita, además, impulso continuado y promoción. Es una exigencia ética y democrática, en tanto que condición necesaria para una mayor integración y cohesión social.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Obama eta osasuna

Atzo sinatu zuen osasun-erreformarako legea Obama presidenteak. Nahi beste ez, baina lortu du.

 Guk daukagun osasun-sistema publikora iristeko urrun, ezinago urrun daude oraindik Estatu Batuetan, osasun-sistema publikorik gabe jarraituko baitute, minbizia edo alzheimerra diferenteak balira bezala, segun eta gaitza duen pertsona aberatsa edo pobrea izan. Hau, nolanahi ere, urrats egiazki historikoa da: erabat antihistorikoa eta inmorala baitzen, non eta munduko herrialderik aberatsenean 46 milioi pertsona inolako osasun-babesik gabe egotea. Hemendik aurrera guztiek ez, baina 32 milioik behintzat osasun-babesa izango dute. Ehun urtetan zehar, Roosvelt, Kennedy biak, Carter eta Clinton, inork ez zuen lortu mediku-lobbyen eta aseguru-konpainien zekenkeria bentzitzerik. Obamak lortu du, errepublikano kontserbadore guztiak kontra dituela, eta bere alderdiko, Partidu Demokratako hainbat kideren kopeta ilunen aurrean negoziatu eta zenbait kontutan amore eman ondoren.

 Eta lezio eder bat ere agerian utzi du: politikagintza, herritarren bizimodua hobetzeko balio duen jarduera noblea eta ezinbestekoa dela. Galdetu bestela 32 milioi estatu batuarrei.

 Osasuna, pribilegio hutsa zen atzo arte Estatu Batuetan; orain eskubide bat da. Apur bat justuagoa da gaur mundua.

Hau ez da, ordea, bukatu; errepublikanoek ez dute etsi, aseguru-konpainiek ere ez. Irmotasuna ez ezik suhiltzaileak ere beharko ditu Obamak, erreforma erre nahita sua piztuko baitiote betiko ahalguztidunek. Eta suhiltzaileak aipatu ditudanez, diodan, ez al dituztela Obamaren suhiltzaileak ETAko kide izendatuko, Frantzian Kataluniako suhiltzaileekin lotsagarriki egin duten moduan! Por zierto, dagokien guztiek noiz eskatu behar dute publikoki barkamena? Demokraziari berari eta gizarte osoari zor digute.

 Ni banoa eta eskerrik asko aste hauetan entzule izan zaituztedan guztioi.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Patxi Baztarrika: “Inoiz baino neurri handiagoan dago euskararen etorkizuna geure esku”*

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohiak azken 25 urteko hizkuntza politikaren analisia eta gaur egungo errealitateari buruzko gogoeta egin du ‘Babeli gorazarre (Bizikidetzarako hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra)’ izeneko liburuan (Alberdania). Tesi nagusia, hizkuntzen arteko bizikidetza behar-beharrezkoa dugula, hots, Babel madarikaziotzat hartu ordez bedeinkaziotzat hartu behar dela, bizikidetza horretan datzalako, egilearen ustez, hizkuntzen arteko auziari irtenbide bidezkoa eta justua.

 

 Liburua, nagusiki, 25 urteko hizkuntza politikaren analisia eta gaur egungo errealitateari buruzko gogoeta da. Mende laurdena asko edo gutxi da hizkuntza baten berreskurapenerako?

Oro har, denbora gutxi da mende laurdena, hainbat belaunaldiren arteko kontuak baitira hizkuntzen biziberritze prozesuak. Euskarari dagokionez, asko da mende laurdenean egin dena, baina mende laurden askotakoa da egiteke dagoena. Egia da, halaber, egiteko baino denbora gutxiago behar dela desegiteko.

Egiten duzun txangoan, behin eta berriz ageri da kezka nagusi bat: hizkuntza politikaren premia aldarrikatzen duzu, “hizkuntza darwinismotzat” salatzen duzunaren aurka. Zergatik babestu behar dira hizkuntzak?

Hizkuntzak, izan, gauza asko dira; arnasa eta bizia, ordea, hiztunen ezpainetan lekurik duten neurrian bakarrik hartzen dituzte. Horregatik, hiztunak errespetatuko badira nahitaezkoa da hizkuntzak babestea. Hizkuntza aniztasunaren kudeaketa gizarte demokratikoen osasunaren neurgailu nagusietariko bat da gero eta neurri handiagoan. Hizkuntza darwinismoaren eta dogmatismo linguistikoaren aurrean, demokrazia linguistikoa eraikitzea da hizkuntza babesteko bidea.

Kezka bera ageri da liburuan zuk beharrezkotzat jotzen duzun hizkuntza politikaz jarduterakoan: zilegi eta eraginkorra adjektiboak lotzen dizkiozu beti. Zein ikuspegitik zilegi eta zertarako eraginkorra?

Herritarren gogoa asebetetzeak eta legeria bete eta betearazteak dakar zilegitasuna, eta bide hori etengabe urratzeko balio duena da eraginkorra. Bikote hori elikagai beharrezkoa du gizarte kohesioak. Bistan da, errepresioarena edo herritarren gogotik mila kilometrotara dabilenarena ez direla hizkuntza politika zilegi eta eraginkorrak; itxuraz askatasunaren paradigma den laissez-faire, laissez-passer ere ez da zilegi, bizikidetza erabat higatzen duen politika baita hori.

Orain arte egin den lana gutxiegitzat jotzen dute batzuek, gehiegitzat askok.

Maximalismoen eta minimalismoen artean, oreka aurkitzean dago koska. Esango nuke euskararen osasuna batzuek aitortzen dutena baino hobea dela, eta askok nahiko luketena baino makalagoa. Atzoko betaurrekoak alboratu eta gaur-biharkoez egin behar zaio aurre egoerari. Txipa aldatzea ezinbestekoa dugu, inoiz baino neurri handiagoan baitago euskararen etorkizuna geure esku, ez beste batzuen esku. Euskara erabiltzeko aukerak sortzen jarraitzea bezain garrantzitsua dugu jada ditugun aukerak baliatzea: erabili ahal izatetik erabili nahi izatera jauzi egin eta, finean, erabilia izatea du euskarak hil edo bizikoa.

Irtenbidea bi hizkuntza komunitateen artean zubiak eraikitzea dela diozu. Integrazioa eta oreka hauspotu eta setakeriak gainditzea. Nondik abiatzen da, zure ustez, horretarako bidea, eta zein dira ibilbide-orriaren mugarri nagusiak?

Gure bizikidetzaren defizit larrienetakoa dela uste dut, gure gizarteko mundu elebakarraren zati handi batek euskararen munduez duen ezagutza falta. Mundu horrek utzi egin behar dio euskal hiztunak existitzen ez duten ente ikusezin batzuk balira bezala hartzeari eta euskal hiztunen era guztietako bizipenei bizkarra erakusteari. Bizikidetzaren exijentzia da hori, ez euskararena. Eta euskal hiztunoi dagokigu euskara eta euskarazko askotariko sorkuntzari prestigioa ematea, euskara aukera zabal, ireki eta aberasgarri moduan aurkeztea, eta ezeri uko egin beharrik gabe eta gogoko ez dituen diskurtso eta jokabideak irentsi beharrik gabe edonork bereganatu dezakeela erakustea.

Euskararen alde lan handia egin bai, baina euskara nolabait “patrimonializatu” dutenen jarrera salatzen duzu. Zehaztuko zenituzke “patrimonializatze” horren nondik norakoak eta zure ustez sortzen dituen kalteak?

Ertz ugari ditu ditxosozko “instrumentalizatzeak”. “Euskara guztiona da” leloa ia mundu guztiak onartzen du, baina leloaren ondorioak asumitzerakoan dira komeriak. Esaterako, lelo hori bere egiten duenak uko egin behar dio euskararen jabetza esklusiboa dagokiola edo euskararen zaindari izateko inork baino eskubide handiagoa duela uste izateari. Lelo hori bere egiten duenak uko egin behar dio euskara bere errebindikazio eta kontsigna politikoak gizarteratzeko aitzakiatzat erabili eta instrumentalizatzeari, uko euskaltzale guztienak izateko bokazioa duten hainbat ekimen bere estrategia politikoa bazkatzeko lapurtzeari. Lelo hori bere egiten duenak elebitasun ahalik eta orekatuenari beldurra galdu eta politika euskaltzaleak bultzatu behar ditu etengabe, eta euskararen erabilera hauspotzeko ekimenei mesfidati  eta desafekzioz edo urruntasunez begiratzeari utz. Euskaltzale ez denari dagokio euskaltzaletzea, eta euskaltzaleari dagokio ez denari hartarako bidea erraztea. Elkar irabazi behar dugu, bizikidetza delako jokoan daukaguna, baina beti ondo gogoan edukita euskara dela arreta eta bultzada berariazkoa eta sendoa behar dituena. Pausorik luzeena eta urrats gehiago ematea euskaratik urrun daudenei dagokie, dudarik gabe.

Babel bedeinkazioa dela diozu. Zergatik?

Gizakiak eta gizadiak duten ezaugarri nagusia diferentzia eta partikulartasuna dira. Diferentziak eta partikulartasunak ukatzeak, gizakia eta gizadia ukatzea dakar berarekin. Partikulartasun horien batura da gizadia aberasten duena. Partikulartasun horien batura dira aniztasuna eta unibertsaltasuna. Eta horixe da Babel, uniformetasunaren ukazioa eta aniztasunaren aldarria.

Hizkuntzaren garapena, gurean, gazteen eta euskaldunberrien eskutik dator nabarmen. Beharbada bizitasuna irabazten ari da, baina kalitatea galtzen?

Hazkunde baten kronika da gurea, eta ez dago kosturik gabeko hazkunderik. Euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi duten 300.000 euskaldunak etengabe animatu behar ditugu dakiten euskara, dakiten neurrian, lotsarik gabe erabiltzera. Izan ere, horiek beharrezkoak baitira euskara haziko bada eta euskaraz bizi ahal izango badugu. Horrek, ordea, hizkuntza bera ere neurri batean aldarazi egingo du. Baina, ez dezagun ahantzi: kantitaterik gabe ere ez dago kalitaterik hizkuntzan.

Eztabaida biziak sortu dira hezkuntza sistemak gure gazteak euskalduntzeko duen gaitasunaz. Bistan da hezkuntza ez dela nahikoa baina, hezkuntza eredu bera birpentsatu beharko litzateke?

Hezkuntzak ikaragarri egin du eta asko egin dezake euskalduntzearen mesedetan. Batez ere eskolari zor zaio euskal hiztunen hazkunde etengabea; baita, neurri apalagoan baina, euskaltegiei ere. Hiru edo lau eletako hezkuntzarena da etorkizuna, eta hor aurkitu behar du behar besteko tokia euskarak.

Uste duzu euskaldunek atxikimendua erakutsi dutela, historikoki, euren hizkuntza propioarekiko?

Jakina baietz. Azken hogeita hamar urteotakoa du euskarak herri-aginteen babes eta bultzada. Herritarren atxikimenduari eta garaian garaiko premia komunikatiboetara egokitzen asmatu izanari esker iraun du mendez mende euskarak. Mitxelenak zioen bezala, baina, izan da zabarkeria franko ere.

Amaitzeko, non ikusten dituzu ahuleziarik nabarmenenak? Non, indarguneak?

Ikaragarria da euskarak eman duen jauzia, baina oso erronka konplexuak ditugu. Esango nuke naturaltasuna eta erakargarritasuna direla etorkizunari begira gako nagusiak. Eskolari eta euskaltegiei esker sortu diren elebidun berriek guraso izatean euskara transmitituko al diete beren seme-alabei lehen hizkuntza moduan? Saihestuko al dugu milaka eta milaka elebidunentzat euskara soilik hizkuntza akademiko, hotz eta barne-indar gabea izateko arriskua? Naturaltasuna da jokoan dagoena, eta naturaltasunaren eskutik dator erabilera erosoa eta bizia; eta erabilera eroso eta biziaren eskutik, hedapena. Jarrerak ere oso garrantzitsuak izango zaizkigu. Inoiz baino gehiago dago EAEn behinik behin -besterik baitira Nafarroa eta Iparraldeko kasuak- euskararen etorkizuna herritarren eta hiztunen esku.

*Alberto Barandiaranek egindako elkarrizketa (IVAP, “Administrazioa euskaraz” aldizkaria)

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Partiduen legearen aldaketa

Zurrumurru zena, Rajoyk berak konfirmatu du: Partidu Popularrak, Partiduen Legea aldatu nahi du. Dirudienez, bi gauza lortzeko: bat) ezker abertzale tradizionalak ez dezala datorren urteko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko modurik izan, eta bi) deskuidoan legearen barruan zirrikituren bat aurkitu eta hauteskundeetara aurkeztea lortuko balu, bere bultzadaz herritarrek aukeratutako ordezkari politikoak beren karguetatik kentzeko bidea irekitzea.

Egiazki, zein helbururekin estutu nahi ote diote legeriari koska bat popularrek? Ez dirudi erantzun bakarreko galdera denik.

Erantzun baten arrastoa Rajoyk berak eman du: buruzagi popularrak uztarri berean lotu ditu lege-aldaketa hau eta duela urtebete Euskadin “aldaketa politikoari” ekiteko popularrek eta sozialistek egin zuten hitzarmena sendotzea.

Datozen hilabeteetan ikusiko da aurrera ateratzen den edo ez popularren proposamena. Ez da ahaztu behar PP ez dela sekula izan gaur egun bezain erabakigarria Euskadiko politikan. Inoiz baino emaitza kaskarragoak lortu zituen duela urtebeteko hauteskundeetan, baina inoiz ez bezalako pisua dauka ezker abertzale tradizionalik gabeko eszenategi politikoan. Sozialistek, Legebiltzarraren gaurko konposizioan Euskadiko Lehendakaritza izateko euren, PPren, babesa ezinbestekoa dutelako.

Legearen barruan eta legeak diona beteta aurkeztu eta, halere, herritarrek aukeratu dituztenak kargugabetzea larria iruditzen zait. Legea behartu eta herritarren borondatea horrela mugatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Legeriari koska mordoa horrela estutzea, tartean norberaren interes politikoak jarriz, ez da, nire ustez, demokrazia sendotzeko bidea, inondik ere.

Hori esanda esan behar da, nolanahi ere, gehiegikeria edo bidegabekeria horrek ez duela batere leuntzen ETAren amesgaiztoa, eta ez duela zuritzen ETAren basakeriari argi eta garbi ezetz esan gabe jarraitzea. Dagokionak armak uztea, dagokionari utziaraztea edo uzten ez dituenari mundu guztiak entzuteko moduan adio! esatea, euren esku dago eta euren egitekoa da. Ezker abertzale tradizionalarena. Behin betirako.

Pasa egun ona, entzule.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario