Zutabea Euskadi Irratia Faktoria

Egunon entzule:

Gaurtik aurrera, hamabostero, mikrofono hauetan izango nauzu, huntaz eta hartaz iritzi xumeren bat edo beste ematen. Oker ala zuzen, baina zintzo, jakinda hau ez dela pulpitu bat. Por zierto, Gipuzkoako pulpitu behinenak badu nagusi berria, Jose Inazio Munilla. Arimak ez ezik lurreko hautsak ere harrotu ditu haren izendapenak. Hemendik aurrera ikusi beharko zer den esan eta egiten duena.

Zertaz hitz eginik etzaigu faltako 2010 urte honetan. Esate baterako, mundu zabalera begira, kontu bi baino ez aipatzearren: klima aldaketaren inguruko gorabeherak, edo nazioarteko eraso terroristei nahitaez aurre egin behar honetan, segurtasunaren eta askatasunaren arteko dilema, aireportuetako eskanerrak direla-eta indartsu plazaratu dena eta San Sebastian egunez europar ministroek Toledon hizketa-gai izango dutena.

Europara eta Espainiara begira, ekonomia: harrera hotza eta ezkorra egin diote Europako hedabide nagusiek Zapaterori, Europar Batasuneko presidentetza hartu duenean. Ulertzekoa da. Krisi ekonomikoari aurre egitea da Europako lehentasuna, eta horretan Espainiar Estatua ez da batere eredugarri: Europan halako biko langabezi tasa, guztira 4 milioi lanik gabe, horietatik milioi bat sosik kobratu gabe. Lehiakortasuna, produktibitatea eta berrikuntza Espainian ezer izatekotan helburu baino ez baitira.

Epaileen erabakiak ere ikusgai izango ditugu: Egunkariaren aurkako bidegabekeria, edo ea zer erabakitzen duen Auzitegi Gorenak Ibarretxe, López eta ezker abertzaleko zenbait buruzagiren aurkako prozesuari buruz. Eta, nola ez, aparteko arretaz begiratuko diogu Kataluniako Estatutuaz Auzitegi Konstituzionalak hartzen duen erabakiari. Epaiarekin, Kataluniako herritarren Kataluniak izango al du egiazki tokirik konstituzio-markoaren barruan? Ez ote gaude krisi politiko handi baten atarian?

Eta etxera begira jarrita gai asko. Bat baino ez dut aipatuko. Ezker abertzale tradizionalak, edo ofizialak edo dena delakoak, aurten hartuko du, ala gerorako utziko du, Herri honi zor dion eta hartu dezakeen erabaki onargarri bakarra? Asko dira hor indarkeriari bizkarra erakutsi nahi diotenak, baina zer egingo dute? tiroka segitu nahi dutenen aurrean berriro ere burua makurtu guztiak elkarrekin jarraitze hutsagatik, edo behingoz eta betirako adio esango diote indarkeriari, eta ETA desagerraraztea erabakiko dute? Hori da eurek askatu behar duten korapiloa, eta hori argitzea da euren eztabaida-prozesuak besteoi, gehienoi, pizten digun jakin-min bakarra.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.