1958 urtean Ataunen jaio zen Patxi Baztarrika Galparsoro. Donostian bizi da egun. Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua dena, Andoaingo Udal Euskara Zerbitzuaren arduraduna da 1980 urteaz geroztik. Tartean, 2005-2009 aldian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan da. Hizkuntza Politikari buruz hainbat artikulu idatzi eta hitzaldi ugari eskaini izan du, baita hainbat azterketa egin ere. Aurten Babeli gorazarre liburua argitaratu du.
Espezialistei ez ezik, askotariko irakurleei zuzendutako liburua da Babeli gorazarre. Hizkuntza aniztasunaren aldeko aldarria egiten du Baztarrikak orriotan.
Euskalgintzaren baitan, zure ibilbideko zein unetan erabaki zenuen liburu hau idazten hastea?
Liburua idazteko asmoa eta erabakia Hizkuntza Politikako Sailburuorde nintzelarik hartu nuen, azken bi urteetan. 2005-2009 tarte horretan Hizkuntza Politika gizarte bizikidetzarekin eta kohesioarekin zuzenean lotzen zuen diskurtsoa eraiki genuen. Talde lanaren eta eztabaida ugariren emaitza izan zen diskurtso hori, eta noski, irakurketa ugari daude. Liburu hau ez da bat-batean niri sortutako ideia bat, aitzitik leku askotatik edaten du: bai autore askoren ekarpenetatik eta baita Hizkuntza Politikako sailburuordetzako lantaldearenetik ere.
Datu zurrunbiloa, idazle eta hizkuntzalarien aipuak, kritikak, iritziak, proposamenak…, denetarik bildu duzu liburuan. Zer nolako lana izan da zuretzat liburua hezurmamitzea?
Liburua prestatzeko aurrelana oso erraz eta etenik gabe egindakoa da: besteak beste, bai dokumentazioa jasotzea, baita ideiak gauzatzeko eskemak egitea ere. Liburuaren idazketa, aldiz, uste baino zailagoa izan da. Gainera hiru planotan egindako liburua izateak ere areagotu egin zuen zailtasun hori: Batetik, hizkuntza pluraltasuna eta hizkuntza politika globalizazioaren testuinguruan; bestetik Bizikidetzarako hizkuntza politika espainiar estatuan eta Europako erakundeetan, eta azkenik; Bizikidetzarako hizkuntza politika Euskadin.
Euskararen gaiak euskal gizartean duen pisua ikusita, nola liteke Hizkuntza Politikaz kaleratzen den lehen edo lehenengotako saiakera politikoa izatea liburu hau?
Politikatik ere idatzi izan da Hizkuntza Politikaz, baina seguruenik gehiago landu da espezialistek espezialistei zuzenduta: Esaterako, soziolinguistek soziolinguistika mundurako idatzita… Nik itsu-itsuan uste dut euskararen auzia ez dela euskaraz bizi nahi dugunon auzia soilik, euskal gizarte osoarena baizik. Aipatu auziak gizarte bizikidetzarekin eta kohesioarekin zuzen-zuzeneko lotura duenez, azken batean Hizkuntza Politikaren protagonistak herritar guztiak dira; baita elebakarrak ere. Guztiek dugu herri honetako Hizkuntza Politikan zeresana eta horregatik da garrantzitsua espezialistentzat beharrean, publiko zabalarentzat gogoeta egin eta gai honetaz idaztea.
Elebitasunarekin batera, gaztelania eta frantsesaren ondoan ikusten diozu soilik etorkizuna euskarari. Konta iezaguzu…
Euskarak eduki dezakeen etorkizun bakarra gaztelaniaren edo frantsesaren ondoan izango da. Gaztelaniarik edo frantsesik gabeko Euskal Herria irudikatzea, –non euskara sozialki erabiliko den hizkuntza bakarra izango den–, nire ustez ameskeria hutsa da eta era horretako estrategiek ekarriko luketen ondorio bakarra euskararen kaltekoa izango litzateke. Euskara baino indartsuagoak dira beste bi hizkuntzak eta euskara izan daitekeen indartsuena izatera iristen den egunean ere, hiztunen masa kritikoa beti izango da ondoan dituen gaztelaniak eta frantsesak duten masa kritikoa baino txikiagoa. Era horretako estrategiak, borondaterik onenarekin planteatuta ere, euskararentzat suizidak dira inolako zalantzarik gabe. Etorkizuneko euskal gizartea eleanitza izango da, baina ez etsipenez onartu beharko genukeen egoera bezala. Gizarte honetako herritarren gehiengoak nahi du eta dugu gizarte hau eleanitza izatea. Ba al dago gurasoren bat bere seme edo alaba euskal elebakarra izatea nahiko lukeenik? Kontu honetan askotan itxurakeria asko erabiltzen da eta patxadaz galdetu beharko genioke geure buruari benetan zer nahi dugun. Erantzuna dudarik gabe, gizarte eleanitzaren aldekoa da; baina gure eleaniztasun horrek duen elebitasunean (hegoaldean gaztelaniarekin eta iparraldean frantsesarekin), euskararentzako toki egokia eraiki behar da euskara biziberritu eta hizkuntza moderno eta garatua izaten jarrai dezan. Eleaniztasun horren barruan aurkitu behar du euskarak bere lekua, ez bakarrik beste biderik ez dagoelako, baita hori delako herritar gehienen gogoa eta borondatea. Euskara salbatu eta indartsu ikusi nahi dugunok ez da beste hizkuntzen kontra ezer egin nahi dugulako, beste hizkuntzekin batera indartu nahi dugulako baizik.
Hego Euskal Herrian, esaterako, gaur gaurkoz euskara eta gaztelaniak parekotasun hori lortzea posible ikusten al duzu?
Bistan da ez dagoela berdintasunik bi hizkuntzen presentzia eta erabilera sozialean. Gainera, bi hizkuntzen arteko ahalik eta berdintasun handienera iristea izan behar du gure helburua. Legalki berdintzat aitortuta dauden arren, –biak dira hizkuntza ofizialak–, sozialki agerikoa da ez dela horrela. Helburua berdintasun soziala baldin bada, bitartekoak ezin dira berdinak izan hizkuntza batentzat eta bestearentzat. Ondorioz, berdintasunera eraman behar den hizkuntza ahulen hori indartzeko tratamendu positiboak behar dira; bi hizkuntzei tratu bera emanez gero, ez baitira sekula berdintasunera iritsiko. Bide hori nondik abiatzen garen oso kontziente izanda egin behar da, helburu lorgarriak jartzeko. Hau ez da goizetik gauera konpon litekeen zerbait eta bestelakorik iradokitzen duenak ez daki zertaz ari den edo gezurra esaten du, beste interes batzuengatik. Helburu lorgarriak jartzen ez badira, frustrazioa besterik ez da sortuko gizartean eta frustrazioak ez ditu lagunak egiten. Helburuek anbiziotsuak baina egingarriak izan behar dute. Era berean, oso garbi dago berdintasuneko bide hori hizkuntza batek ez duela berez egiten. Laissez-faire, laisser-passer politika egiten bada, errealitatean hori ez da askatasunaren alde jokatzea, ahuletik ahulago bihurtzeko bidean jartzea baizik. Egoera ez da goizetik gauera konponduko, baina ezta berez ere: hizkuntza politika eragile bat behar du horretarako eta batez ere, herritarren borondatea, gogoa eta atxikimendua behar ditu. Elebakartasuna nagusi duen gizarte batetik, –gure gizartea duela 25 urte halakoxea zen–, elebitasunerako bidea ezin da deserosotasunik onartu gabe egin. Gizarte bizikidetza eta kohesiorako ditugun bi hizkuntza horiek gure gizartean ahalik eta berdinkideenak izatea ona baldin bada, hori lortzeko ahaleginen bat egin behar dugula jakin behar dugu. Egin behar dugun esfortzu hori definitzen asmatzea da helburu lorgarria.
Liburuan maximalista lasterzaleak eta minimalista motelzaleak aipatzen ditut. Maximalisten ustez, arauarekin, diruarekin eta agintari euskaltzaleak edukitzearekin dena eginda dago eta azkarrago edota gehiago egiten ez bada, ez da behar adina egiten. Minimalistentzat, berriz, hizkuntzen bizikidetza eta berdinkidetasunaren alde egiten den guztia gehiegizkoa da eta euskararen erabilera bultzatzeko hartzen diren neurri guztiak inposizio dira haientzat. Hizkuntzaren berdinkidetasunean aurrera egiteko ez du balio ez hizkuntz darwinismoak, ezta dogmatismo linguistikoak ere eta bi bide horien artean demokrazia linguistikoaren bidea aldarrikatzen dut. Demokrazia linguistikoaren bidea herritar guztiei hizkuntz aukera berdintasuna bermatu behar zaiela eta herritarrek egiten dituzten hizkuntza aukerak errespetatu egin behar direla moduan ulertuz.
Zein jarrera hartuko ote dute herritarrek hizkuntzen bizikidetza eta berdintasunaren aurrean?
Euskal herritar gehien-gehienek gizarte elebiduna nahi dutela argi dago. Euskara nahiz gaztelania edo gaztelania nahiz euskara ezagutuko duten herritarrekin bi hizkuntza horiek erabiltzeko aukera izango duen gizartea eraiki nahi dute. Besterik da helburu horretan bakoitzak bere buruari zer nolako erantzukizuna jartzen dion. Horren lekuko da, esaterako, hezkuntza sisteman, A, B eta D ereduek izan duten bilakaera. Hizkuntz ereduak 1982 urtean jarri ziren martxan eta momentu hartan hezkuntza ez unibertsitario guztian, A ereduak %80a suposatzen zuen eta D ereduak %12. Gaur, hezkuntza ez unibertsitario guztian D ereduak % 60a hartzen du eta A eredua ez da %20ra iristen. Herritarren borondatea oraindik eta garbiago zein den ikusteko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako matrikuletan A eredua ez da gaur %6ra iristen eta D ereduak %80a harrapatu du. Gurasoek beren seme-alabek euskara eta gaztelania, bi hizkuntzak menderatzea nahi dutela adierazten du horrek. Etorkizuneko perspektiba batean elebiduna izango den gizarte batera goaz. Noski, hainbat egoeraren ondorioz edo hala izatea erabaki duten elebakarrek ere errespetu guztia merezi dute eta elebakar diren herritar helduek elebakar izateak sortzen dien muga horrekin jarrai dezakete, nahi badute. Baina, gizartearen antolamenduaren aldetik gauza pare bat garbi eduki behar dugu: batetik, herritarren hizkuntz aukera errespetatu eta bereziki aitortu dizkiogun hizkuntz eskubideak bermatu nahi baditugu, –euskara nahiz gaztelania erabiltzekoa, hain zuzen–, bistan da elebiduna dela eskubide horiek edozeinek baliatzeko bermeak ematen dituena. Elebakarrak, aldiz, eskubide hori baliatzeko oztopoak jartzen dizkio elebidunari, euskaraz egin nahi baldin badu. Bizikidetzarako arazoak ez datoz elebitasunetik, elebakartasunetik baizik. Gure gizartean bizikidetza sozialaren aldeko apustua egiten baldin bada, elebitasunaren aldekoa egin behar da. Ahalik eta adostasunik sozial eta politiko handienarekin egin behar da hori, oso garbi edukiz ez dugula bata besteari bizkar emanda biziko diren hiztun komunitate diferentez osatutako gizarterik nahi. Hizkuntza biak ezagutu eta erabiliko dituen gizarte bakar bat nahi dugu. Kontua ez da hizkuntza bat edo besteren erabilera inposatzea, ez euskararena eta ez gaztelaniarena. Baina hemen hizkuntza komun bat badugunez eta, beraz, elebidunak elebakarraren hizkuntza ere ezagutzen duenez, badirudi elebakarraren hizkuntz eskubideak jarri behar direla elebidunaren hizkuntz eskubideen gainetik. Hori okerbidea da, ez bizikidetzaren bidea.
‘Euskaraz eta kitto’ lemapean urtetan lanean aritutako euskara taldeek, –Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) esaterako–, zein jarrera hartu beharko luke zure iritziz elebitasunaren proposamenaren aurrean?
‘Euskaraz eta kitto’ edo ‘En castellano y punto’ diskurtso zaharkituak dira niretzat, gizartearen errealitatetik oso urrun daudenak eta herritarren borondatearekin zerikusirik ez dutenak. ‘En castellano y punto’k ‘Euskaraz eta kitto’k baino indar sozial gehiago du, baina ‘En castellano y punto’k indar gehiago izatearen aurrean irtenbidea ez da ‘Euskaraz eta kitto’. Gaurko paradigma ez da elebakartasuna, ez euskarari nahiz beste edozein hizkuntzari dagokionez–. Gure gaurko eta etorkizuneko munduan, gure gizartearen paradigma hizkuntz aniztasunaren kudeaketa demokratiko eta iraunkorraren paradigma da, paradigma horrek berma dezakeelako bakarrik bizikidetza. Kohesio soziala bermatzen ez duten hizkuntz paradigmek erreka joko dute, ez daukate etorkizunik.
Euskarari dagokionez, erresistentziazko diskurtsotik, euskarak berak beste hizkuntzen ondoan behar besteko tokia izan dezan, beste diskurtso bat definitzera igaro behar da. Euskal Herrian milaka eta milaka euskal herritar daude beren lehen hizkuntzatzat gaztelania daukatenak eta hala edukitzen jarraitu nahi dutenak gainera, baina denbora berean, euskarak ere gizarte horretan lekua eduki dezan nahi dutenak eta beste milaka eta milaka herritarrentzat beren lehen hizkuntza euskara izan behar duela onartzen dutenak. Lehen hizkuntzatzat gaztelania duten milaka euskal herritar horiekiko estrategia ‘Euskaraz eta kitto’ baldin bada, horiek ez ditugu euskararen mundura erakarriko. Aitzitik, haiek uxatzea izango da normalena eta euskarak, gaur oraindik, herritarren ia erdia elebakarra duen gizarte honetan, hiztunen kopurua indartzea behar du. Hitz egiteko gai direnak hitz egitera bultzatzeko balio ez duten estrategiak eta euskaraz tutik ez dakitenak euskararantz pauso bat emateko balio ez duten estrategiak borondaterik onenarekin eta euskaltzaletasun ukaezinarekin planteatuak izan arren, ez dira estrategia eraginkorrak euskararen interesetarako.
Gazte elebidunak gero eta gehiago dira, bereziki hiriburuetan. Baina gaztelaniaz hitz egiten dute nagusiki. Nola erakarri gazte horiek erabileraren aldetik euren hizkuntza ohiturak aldatzera? Eta gazteek euskaraz hitz egiteari bizkarra emango baliote, nola eman buelta egoera horri?
Printzipio orokor modura kontuan izan behar da euskarak arriskuak badituela eta edukiko dituela. Hainbatetan bestelakorik dirudien arren, euskararen erabilerak gora egin du azken urte hauetan. Erabilerak gora egin du esparru publikoan, baina adinari begiratzen badiogu, batez ere gora egin du gazteen artean. 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, euskararen erabilera azken 10 urteetan bikoiztu egin da. Erabileran modu erabakigarrian eragiten duten faktoreak asko dira; besteak beste, hizkuntzaren gaitasun erlatiboa edota hiztunen dentsitatea. Gaitasunari dagokionez, eskolak ez ezik etxeko lehen hizkuntza izateak edo gune soziolinguistikoak berak eragin erabakigarria dauka. Azken hamabost urtetako ikerketa soziolinguistikoek erakusten dutenez, duela 20 urte ez bezala, orain elebidun gehienak 10000 biztanletik gorako herrietan bizi dira: hiriburuetan edo erdi mailako herrietan. Orain 20 urte aldiz, elebidunik gehienak oso gune soziolinguistiko euskaldunetan bizi ziren. Duela 25 urte, elebidun guztien %14a euskaldun berria zen. Gaur, elebidun guztien %44 euskaldun berria da; oraindik ere gehiago dira euskaldun zaharrak berriak baino. Kontuz ordea; gaur, 35 urtez azpiko gazteen elebidun guztien %55ek bere ama hizkuntza gaztelania baitu; beraz, euskara bigarren hizkuntzatzat hartu dute. Bestalde, ikerketa soziolinguistikoek erakusten dutenez, ama hizkuntza gaztelania duten euskaldun berrien gehiengoak euren etxeko hizkuntza gerora gaztelania dute, euskara jakinagatik. Ikerketek erakusten dute lehen hizkuntza euskara duten euskal hiztunen gehiengoak euskara duela etxean erabiltzen duten hizkuntza. Beraz, eskola euskararen hazkunderako ezinbestekoa bada ere, ama hizkuntzarena edota ingurune soziolinguistikoarena oso-oso erabakigarriak dira egiten den hizkuntzaren erabilerari begira. Batez ere eta bereziki, lagunarteko hizkuntza izateko. Gaur gazterik gehienak elebidunak dira, baina elebidun horien gehienak beren lehen hizkuntza gaztelania dutelarik, horrek eragin egiten du beren hizkuntz jokabidean. Euskararen etorkizuneko biziberritzearen eta indartzearen giltzarri nagusietako bat gazte horiek egiten dutenaren esku dago. Alegia, euskaldun berri diren elebidun horiek familia bat osatzen dutenean zein izango da beren seme-alabei emango dieten lehen hizkuntza? Puntu hori euren esku dago. Ez dago inongo lege, dekretu edo agintariren esku. Ikerketek esaten dutenez, badakigu horiek ohitura handia dutela etxeko hizkuntzatzat gaztelania hartzeko eta horren aurrean pedagogia sozial handia egin beharra dagoela uste dut euren erabakiak zer nolako pisua izan dezakeen jabetzeko. Hortik aurrera, euskarak mendetan iraun baldin badu, garai bakoitzeko herritarren behar komunikatiboak asetzeko gai izan delako izan da. Gazteen kasuan beste horrenbeste: gazteek dituzten behar komunikabideetarako tresna egokia baldin bada euskara, gazteek erabiliko dute. Euskara biziberritu eta indartzeko estrategien ardatz eta muin nagusia erakargarritasuna izan behar du: euskararen beraren erakargarritasuna eta baita euskaraz baliatzen diren gizaki eta taldeen jardunaren erakargarritasuna ere. Hizkuntzak gazte horien behar komunikatiboak asetzeko tresna egokia izan behar du. Era berean, euskaraz erakargarri zaizkien produktuak beharko dituzte: musikan, literaturan edo bestelako jardueretan.
Liburuko datuen arabera, 1982 urtean abian jarritako Euskararen Legea oso baliagarria izan da ezagutza eta erabilera sustatzeko. Baina ez nahikoa. Zergatik?
Euskararen Legearen eskutik, 25 urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan –Euskararen Legea horkoa baita–, egin dena ikaragarria da. Oro har, egin behar zena egin da. Soziolinguistikaren arloan, gaur, munduan zehar, punta-puntako esperientzia aurreratuenen artean onartu eta aztertzen da euskarak EAEn urte hauetan guztietan egin duen bidea. Hori hain garbi esatea oso garrantzitsua da. Inork ez zuen espero Euskararen Legearekin 30 urtetan EAEn euskararen egoera guztiz normalizatua egongo zenik, baina datuak ikaragarriak dira: Euskaraz zekitenak %20 ziren eta gaur %37 dira. Orduan elebakarrak %66 ziren eta gaur %45 dira. 15 urtetik beherakoen artean elebidunak %20 ziren eta gaur %75 dira. Gaur EAEn duela 25 urte baino herritar gutxiago bizi gara –zahartu egin den gizarte bat delako gurea–, 120000 etorkin daukagu –hots, gure herritar kopuruaren %5a euskaraz ez dakiten etorkinak dira–. Herritar gutxiago izanagatik, hala ere 325000 elebidun gehiago dauzkagu. Saltoa ikaragarria da: 16 eta 24 urte bitartean, %58a elebiduna da gaur eta %25a elebidun pasiboa –euskaraz ulertu bai, baina hitz egiteko gai ez dena–. Euskararen erabilera gehitu egin da, euskarari buruzko gizartearen jarrerak areagotu egin dira. Urte hauetan eman den bilakaera, nik uste, positiboa da. Euskarak ez du sekula gaur dituen adina hiztun eduki. Inolako zalantzarik gabe, azken 25-30 urteetan hazkunde baten kronika da euskararen historia. Baina hori esanda, Euskararen Legeak ez du eduki garapen bera arlo guztietan: Hezkuntzan oso garapen handia eta trinkoa eduki du, hedabideetan ere garapen garrantzitsua izan du, gizarte bizitzako hainbat esparrutan euskarak gaur duen presentzia duela 30 urtekoa baino handiagoa da, literaturgintzara nahiz ikus-entzunezkoetara begiratzen badugu ere bistakoa da hori. Beste hainbat alorretan, ordea, egin dena baino gehiago egin zitekeen nire ustez.
Administrazioarenean, oro har, eta justiziarenean bereziki?
Administrazioan egin den ahaleginari etekin handiagoa atera zekiokeen. Hor badago nabarmen zer hobeturik. Administrazioaren barruan justiziara begiratzen badugu, aurrerabidea oso txikia eta guztiz bigarren edo hirugarren mailakoa dela agerikoa da. Administrazioaren beraren barruan justiziarena beste uhartetxo bat da, administrazioarena baino oraindik ahulagoa dena. Dena den, bi gauza bereizi behar dira: Batetik, Estatuko administrazioaren esku dago justiziaren zati bat. Botere judizialak eskumen zentralak ditu eta epaile eta fiskalen artean hizkuntz ezagutzaren exijentzia eta kontu hartzea ezin da EAEtik bertatik ezarri, konpetentziarik ez dagoelako. Hori Aginte Judizialaren Kontseiluaren esku dagoen zerbait da eta hor Estatuko justizi administrazioak elebitasunari argi eta garbi bizkarra eman dio. Hizkuntz legedia betetzetik norbait urrun baldin badago, –eta paradoxikoa badirudi ere–, hori justizia administrazioa da eta egoera hori oso-oso larria da. Europako kontseiluak berak adierazi izan du Espainiako legedian aldaketak egin beharko liratekeela edozein prozedura judizial herritarrak nahi duen hizkuntzan aurrera eraman ahal izatearren, bide guztiak bermatzeko. Bestetik, justizia administrazioan urte hauetan hainbat baliabide jarri dira euskararen erabilerari lekua egiteko. Epaileen eta fiskalen gainean eskumenik ez edukitzean, Eusko Jaurlaritzak epaileekin eta abokatuen elkarteekin hitzartuta, sustapen politikak egin ditu euskara ikastaroak antolatuz edo justiziako terminologia baliatu ahal izateko bitartekoak jarriz… Hamaika tresna eta baliabide jarri dira euskararen erabilera bultzatzeko, baina hala ere, justizia administrazioan, oro har, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Hutsaren hurrengoa baldin bada, ez da epaile eta fiskalen konpetentzi ezak eragiten duelako bakarrik. Izan ere justizia administrazioan askok hartzen baitugu parte, baita demanda bat sartzen dugun herritarrok ere. Eta demanda horiek ez dira euskaraz aurkezten. Enpresa nahiz herritarren arteko hitzarmen pribatu eta konbenioak epaitegietan bukatzen dute maiz, baina horiek ere ez dira euskarazkoak izaten. Hori bezala, justizia administrazioan Ertzaintzaren edo herrietako udaltzainen eskutik epaitegira iristen diren salaketen %95etik gora gaztelaniaz aurkezten dira. Gogortasun osoz justizia administrazioan dagoen hutsune ikaragarria salatzen dudan bezala, gure buruak engainatu nahi ez baditugu, gure esku dagoena ere egiten ez dugula onartu behar dugu justiziaren administrazioan euskararen erabilera areagotzeko.
Euskal gizartea zerbait gaizki egiten ari al da euskarak baldintza egokietan mundu globalizatuan aurrera egin ahal izan dezan?
Euskal herritarrek, oro har, bultzada handia eman diote euskarari. Herritarren aldetik bultzada hori egon ez balitz, –nahiz eta Euskararen Legea egon eta herri erakundeek bultzatu dituzten politika aurrerazaleak bultzatu–, ez zen aurrera egingo. Euskara biziberritzeko prozesu hau hirugarren batzuen esku dagoela irudikatzen dugun bakoitzean egiten dugu huts. Uste izaten dugunean gai hau herri aginteen esku dagoela eta diru batzuk gora-behera konpon litekeela. Euskararen etorkizuna, ordea, gure esku dago eta urte hauetan eman diren aurrerapausoek inoiz baino gehiago hurbildu gaituzte egoera horretara. Ezinbestekoa dugu edozein gizarte demokratikotan herritarrei eskubideak aitortzea eta eskubide horiek betearaztea. Beraz, ezinbestekoa da edozein gizarte demokratikotan hori bera egitea hizkuntz eskubideekin. Herritar guztien hizkuntz eskubide guztiek Hizkuntza Politikaren ardatz izan behar dute, nahiz eta eskubide horiek beste eskubide batzuekin ere uztartu behar diren; ez baitira absolutuak. Euskadin Euskararen Legeak aitortuta baditugu hizkuntz eskubideak eta horrek Hizkuntza Politikaren ardatz nagusia izan behar du. Baina era berean, baita euskararen erabilera praktikorako estrategiak, guneak eta bideak zabaltzeak ere, eta horretan, etorkizuna herritarren esku dago. Euskaraz ez dakitenei ikasteko urrats bat ematea tokatzen zaie eta euskaraz dakigunoi erabilera praktikoa egitea dagokigu.
Zeintzuk dira 30 urte hauetan euskalgintzak egin dituen bekatu nagusiak? Zein alderdi abertzaleek egindakoak? Zein alderdi konstituzionalistenak?
Euskalgintzari dagokionez: Euskalgintza oso kontzeptu zabala da –instituzionala, soziala, politikoa…–. Lehenik eta behin euskalgintzak egin duen lan eskerga azpimarratu behar da. Bekatu bat aipatzearren, nahi izatea ahal izateko aski dela uste izatea aipatuko nuke. Nahi izan gabe ezinezkoa da ahal izatea, baina nahi izate hutsa ez da aski ahal izateko hizkuntza kontuetan. Mitxelenak, handikeriazko menturarik gabe euskararentzat behar besteko tokia aurkitu behar dela esaten zuen. Anbizioak itsutuz gero, lorgarriak ez diren planteamenduak egitera eraman baitzaitzake. Nire ustez, euskalgintzak kasu batzuetan horretan egin du bekaturik.
Alderdi abertzaleak: Alderdi abertzaleen artean ere diferentziak daude. Esate baterako, ezker abertzale tradizionalak askotan egiten duen euskararen erabilera partidista ez da batere onuragarri euskararentzat. Euskarak herritar guztiena izan behar baldin badu –eta gizarte hau, zorionez, kolore askotako gizartea denez–, euskarak izan dezakeen ideologiarik eraginkorrena ideologia guztien bilgune izatea da. Inork horren erabilera partidistarik egitea ez zaio batere onuragarri euskarari. Hori esanda, ezker abertzale tradizionalak euskararekiko duen atxikimendu praktikoa eta egiten duen erabilera praktikoa ikaragarria dela esan nahi dut. Politika munduan atxikimendu hori da neurri handienekoa eta euskarak biziberritu eta indarberritzeko zerbait behar baldin badu, erabilia izatea da. Abertzaletasun instituzionalak, berriz, euskararekiko atxikimendu identitario, sinboliko eta politiko indartsua izan du urtetan. Atxikimendu horrek bizirauten lagundu dio euskarari eta euskararen zuzia piztuta oso indartsu mantentzen saiatu da abertzaletasuna. Euskararen aldeko hainbat mugimendu, abertzaletasun politiko-sozialaren esparruan umotutako ekimenak izan dira. Abertzaletasunak euskararekiko duen berotasun identitario horren ondoan, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, berotasuna ez baina epelkeria nabarmentzen da. Eta hizkuntza bat erabiltzen ez baldin bada, desagertu egiten da. Ona litzateke abertzaletasun instituzionalak duen berotasun identitario horren eta epelkeria praktikoaren arteko distantzia murriztea, erabilera epela baino beroa izateko.
Alderdi konstituzionalistak: Sozialisten eta popularren jarrerak ez dira berdinak hizkuntzari dagokionez. Euskararen berreskuratze prozesu honetan, Euskararen Legea, Euskal Eskola Publikoaren Legea, Hezkuntza sistemako hizkuntz ereduen sistema edo administraziorako hizkuntz eskakizunen sistema onartzerakoan, sozialistak adostasun horretan abertzaleekin egon dira; popularrak, aldiz, ez. Zenbait udal erakundetan, hainbat konstituzionalista euskararen erabileraren aldeko politikei bultzada ematen ari zaie. Ezin dira guztiak zaku berean sartu; baina esan daiteke benetan sinisten baldin badute euskara guztiona dela, beraiei dagokiela euskaltzaletzea. Hizkuntza bizikidetzak politika euskaltzaleak behar ditu, abertzale nahiz abertzale ez direnen eskutik etorri beharko luketenak. Politika euskaltzaleak aktiboki bultzatzea, egiten ez dituenaren esku dago konstituzionalisten artean. Oro har, bada hor defizita nire ustetan. Euskararen aldeko politikei mesfidati begiratzeari utzi egin beharko liokete, “bai baina ez” moduko jarrerak alboratu eta euskararen erabilera pixkanaka baina etengabe, indartsu eta konplexurik gabe, bultzatzearen aldeko diskurtsoa bereganatu eta gizarteratu beharko lukete, hizkuntza politika eraginkor bati sendoago eutsi alegia, euskara eta gaztelania orekatzeko indartu beharrekoa euskara dela inoiz ere ahaztu gabe, eta horretan gaurko Eusko Jaurlaritzak biderakusle izan beharko luke. Nahi nuke beren zuzeneko ardura hori bete dezaten.
Euskarak etorkizunean galtzeko arriskurik ez duela diozu. Ikuspegi baikorregia irudituko zaio askori…
Iparraldeko, Nafarroako eta EAEko euskararen egoera bereizi egin behar da, dudarik gabe. Hizkuntza gaur biziberritzeko hiru baldintza eman behar dira: lege babes egokia, Hizkuntza Politika publiko aktiboa eta herritarren atxikimendua. Hiru horietan herritarren atxikimendua da erabakigarriena. Euskararen bilakaerak azken 30 urteotan hori konfirmatu besterik ez du egiten, izan ere euskarak oso bilakaera diferentea izan baitu Iparraldean, Nafarroan eta EAEn. EAEn Euskara Legearen eskutik oso babes egokia izan du, herritarrei hizkuntz eskubideak aitortuz eta herri aginteei obligazioak ezarriz. Euskarak ez du EAEn sekula eduki azken 30 urteotan izan duen bultzada eta ondorioz euskara hazi egin da. Hazkunde hori askoz ere motelagoa izan da Nafarroan: Nafarroako gobernuak jarraitzen duen Hizkuntza Politika benetan kezkagarria da eta Europa osoan oso kasu bitxia da berea duen hizkuntza aktiboki babesten ez duen gobernuaren jarrera. Iparraldean azken urte hauetan Euskararen Erakunde Publikoaren eskutik badago Hizkuntza Politiko publikoa, nahiz eta inolako lege babesik gabekoa izan. Lege babesik ezak eta Hizkuntza Politika publiko ahulak ere herritarren atxikimendua ahuldu egiten du. Iparraldean, beraz, atzera egin du euskarak.
Euskararen lurraldeek dituzten herritarren %80a EAEn bizi da eta euskal hiztunen %80a ere bai, gutxi gora-behera; aipatu faktoreak sendoenak diren lurraldean, hain zuzen. Horregatik euskarak, oro har, izan duen bilakaera hazkundearen bilakaera izan da. Mundu zabalean begiratuta, jakina da hizkuntzak hil egiten direla. Une honetan Unescoren eskutik 6500-7000 hizkuntza katalogatuta badaude, guztiok dakigu horietatik 2000 edo 3000 hizkuntza desagertzeko arrisku bizian daudela. Euskara, ordea, ez dago talde horren baitan eta orain dela bost urteko eta oraingo Unescoren atlasak alderatuta, euskarak aurrera egin duela ikusten da. Euskara ez dago hilzorian zentzu horretan eta euskararen 30 urteotako prozesuak erakusten du hizkuntzak indartzea egingarria den helburua dela. Euskarak gaur inoiz baino hiztun gehiago daukan arren, hori bezain ozen esaten dut euskarak atzera egiteko arriskua ere baduela, bere ondoan dauzkan gaztelania eta frantsesak ez bezala. Pixkanakakoa baina etenik gabekoa izan behar du euskara biziberritzen jarraitzeko lana, bai herri aginteen aldetik, eta bereziki, herritarren aldetik; hizkuntzak daukan bizi indar bakarra erabilia izatea baita.
Etorkizuna bermaturik al du euskarak?
Iraganeko lanak ekarri gaitu hona, baina bihar-etzikoa hemendik aurrera egiten dugunaren esku dago. Gauza bat da irautea, beste bat, ordea, sasoitsu edo ahul bizirautea. Euskarak baditu atzera egiteko arriskuak, badugu zertaz kezkaturik. Adibidez: Elebidun direnetako zenbat da egiazki hiztun, eta zenbatek eta zertarako erabiltzen du euskara? Erabilera gehitu egin da, baina ez gaurko elebidunek atzokoek baino gehiago erabiltzen dutelako, gaur atzo baino milaka elebidun gehiago garelako baizik. Erabilera eremu publikoan gehitu da, asko gainera, baina ez etxeko salan. Eskoletako eta Unibertsitateko ikasgeletan euskaraz ikasten dutenek, zein hizkuntza erabiltzen dute jolastokian, pasilloan edo kafetegian? Askorentzat ez ote da euskara ia soilik hizkuntza akademikoa? Euskarazko era guztietako produktuak ikaragarri gehitu dira, baita kontsumitzaile potentzialak ere, baina zenbat dira euskarazko produktuen kontsumitzaile errealak? Euskarazko hitz-jarioa sendotu edo makaldu egin zaie euskaldun zaharrei? Zer-nolako balio sozialekin lotzen dute gazteek euskara? Euskararen ezagutza hazi den neurri berean hazi al da euskararen prestigio soziala? Zergatik oraindik ere milaka dira euskarari bizkarra ematen dioten euskal herritar erdaldun elebakarrak? Elebitasunaren defentsa zinikoa ez al da indarra hartzen ari plaza publikoan? Zergatik euskara ikasteko ahalegina egin duten askok, gure txalo guztiak merezi dituztenak, berealdiko ahalegina egin eta gero ez dute euskara ohikotasunez eta naturaltasunez erabiltzen, aukera eduki arren? Galdera gehiago ere egin daitezke. Soluzioak bilatzeko hobe dugu geure buruari begiratu eta nik zer egin dezaket eta egin behar dut? galdetzea, errua hirugarren batzuena delakoan diskurtso erresistentzialista eta ezkorren errazkeriatan lokartzea baino.
Zer eta nola hitz egingo ote da hemendik 25 urtera Euskal Herrian?
45 urtetik beherako ia-ia herritar guztiak elebidunak izango dira. Gure ezaugarri soziolinguistikoengatik ez da posible euskara eta gaztelania neurri berean menderatzea, baina elebidun izango dira. Funtzio batzuetan euskara izango da gehien erabiltzen den hizkuntza, –adibidez, derrigorrezko hezkuntzan– eta beste funtzio batzuetan gaztelania izango da gehien erabiliko dena, –esaterako, ikerketa unibertsitarioan–. Beste gauza batzuetan, berriz, ingelesa erabiliko da. Etorkizunean beraz, herritar batzuen lehen hizkuntza euskara izango da eta beste batzuena gaztelania. Euskara eta gaztelaniaren arteko harremana harreman diglosikoa izango da, bi hizkuntzen artean funtzioak eta guneak banatu egingo dira eta banaketa horretan euskarak behar beste arnasgune behar ditu gero eta hizkuntza erabiliagoa izateko. Bestalde, euskararen hazkundearekin batera, hori bezain garrantzitsua da euskal hiztunen komunikazio trinkotasuna. Euskal hiztunentzako euskara baliagarri izatea naturaltasun osoz euskara erabiltzeko. Gaur, gaztelaniatik euskarara gero eta jende gehiago gerturatzen ari den arren, denbora berean, euskaldun zahar direnetako hainbati euskarazko adierazkortasuna indartu ordez herdoiltzen ari zaio. Errazago jotzen dute egunerokotasunean gaztelaniara. Hori ardura handia eskatzen duen fenomenoa da: etxetik euskal hiztun denak ez badu euskara bere hizkuntza ohikoena bezala erabiltzen, hemendik hamarkadetako perspektiban, euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatzen arituko gara. Horregatik, euskararen hazkunde demografikoa ahaztu gabe, euskal hiztunen komunitatea trinkotzeari erreparatu beharko lioke hizkuntza politikak eraginkorra izan dadin. Etorkizuna neurri handi batean geure esku dago.
Aipuak:
-Kohesio soziala bermatzen ez duten hizkuntz paradigmek erreka joko dute, ez daukate etorkizunik
-Azken 25-30 urteetan hazkunde baten kronika da euskararen historia
-Hizkuntz legedia betetzetik norbait urrun baldin badago –eta paradoxikoa badirudi ere–, hori justizia administrazioa da
-Euskaraz ez dakitenei ikasteko urrats bat ematea tokatzen zaie eta euskaraz dakigunoi erabilera praktikoa egitea dagokigu
-Euskarak izan dezakeen ideologiarik eraginkorrena ideologia guztien bilgune izatea da
-Hizkuntzak daukan bizi indar bakarra erabilia izatea da
-Euskaldun zahar direnetako hainbati euskarazko adierazkortasuna indartu ordez herdoiltzen ari zaio