Aurre-matrikulazio garaian gaude, eta kalean da hezkuntza eta euskarari buruzko eztabaida. Zenbait diskurtsotan, sinplifikazio asko eta ñabardura gutxi atzematen dugu, zoritxarrez. Badira sua piztu nahi dutenak ere: su horretan, ordea, euskara kiskalita geratuko litzateke. Hobe su horri egurrik ez botatzea.
Gauza batzuk ikusi eta ikasi ditugu urteotan:
Ikusi dugu, esaterako, eskolak egin zezakeena egin duela, oso nota altuarekin gainera.
Duela 25 urte baino 300.000 gehiago gara euskaraz hitz egiten dakigunak, eta hori neurri handi batean eskolari zor diogu.
Ikusi dugu gurasoek euren seme alaben irakas hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea eta euskara bide lagun direla, euskarazko irakaskuntzak gora egin baitu gurasoen erabakiz.
Ikasi dugu, gaur eguneko A eredua gainditu egin behar dela, ez duelako balio etxetik euskararik ez dakiten milaka ikaslek euskara gutxieneko neurri batean ikasteko.
Ikasi dugu hizkuntza ereduak ez direla panazea, ezta D eredua bera ere. Ez baita egia D ereduak, berak bakarrik, euskararen ezagutza jasoa, goi-mailakoa eta naturala bermatzen dituela. Bermatzen du etxetik euskaldun diren eta lagun arte euskalduna duten ikasleen kasuan, ereduari berari adina edo gehiago, ezaugarri horiei esker; baina ez du bermatzen etxeko eta inguru hurbileko hizkuntza gaztelania dutenen kasuan.
D ereduan ere milaka gazte ditugu “la erroketa de IXA gehi BAT” esan eta, segidan, “qué guay! Cuánto me mola esta música, yo flipo con estos!” esaten dutenak, matematikei buruz hitz egiterakoan ez bezala, gai hauetaz aritzerakoan natural-natural barrutik irteten zaiena gaztelania delako. Eskolako A, B edo D ereduen kontuarekin baino askozaz gehiago du horrek zerikusia euskarak eta gaztelaniak kalean eta familian duten indarrarekin.
Beraz, euskalduntzearen mesedean, ez diezaiogun eska eman dezakeena baino gehiago eskolari.
Europarrak gara, eta hiru eleko hezkuntzaren bidea da gurea. Hor aurkitu behar du lekua euskarak, indartsu, baina errealismoz, euskararen beraren muga sozialak oso kontuan hartuta. Nola? Sakoneko aldaketak, aldez aurretik esperimentatuta eta adostasun sozial eta politiko handienean oinarrituta emanez.
Izan egun ona.