Rikardo Arregi XXVIII Kazetaritza Sarien banaketa Andoainen

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak (RAKS) banatu dira gaur Andoaingo Bastero Kulturgunean. XXVIII edizio honetan Sustrai Colinarentzat izan da sari nagusia, Argia aldizkarian kaleratutako elkarrizketengatik, eta hiru bertsotan eman ditu eskerrak. Halaber, Kazetari Berria saria Unai Oiartzunek jaso du, Irunero aldizkarian egindako lanarengatik. Sari nagusiari eta Kazetari Berriarenari 9.000 eta 3.000 euro dagozkie, hurrenez hurren, eta Xabier Lakaren eskultura eta diploma. Epaimahaiaren aipamen berezia, berriz, Amagoia Gurrutxaga kazetariarentzat izan da, Kristiane Etxaluz ekintzaileari egindako elkarrizketari esker. Honi RAKSen logoaren serigrafia eta diploma eman zaizkio.

Ana Karrere Andoaingo alkateak; nik neuk, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez; eta sarituek hartu dugu hitza. Bertaratutakoei esan diedanez, pozik joan naiz, beti bezala, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien banaketa ekitaldira. Euskal kazetaritzan, sariok mugarri bihurtu direlako. Eta, aldi berean, Rikardo Arregi ekintzaile saiatu eta kazetari berritzaile hura gogoan dugulako.

Aurten bete dira berrogeita hamar urte Rikardo Arregik mintzaldi sutsu bat egin zuenetik Usurbilen, Udarregi bertsolariaren omenez jarritako eskulturaren aurrean. Aspaldi irakurri eta entzun nuen mintzaldi hura. Egunotan berriz entzuteko aukera izan dut, Aiurriri esker. Euskararen egoerari buruz dihardu Rikardok mintzaldi hartan. Eta gaur, Andoainen nabarmendu nahi izan dut, orduan Rikardok euskarari buruz egin zuen iragarpen ezkorra ezerezean geratu dela. Hauxe zioen 1966ko giro eta egoera hartan euskararen egoerari buruz: “…martxa honetan ez da izango, hemendik urte batzuetara, gauzak aldatzen ez badira behinik behin, euskaraz hitz egingo duenik”. Zorionez, gauzak aldatu dira ordutik hona, asko aldatu ere. Egoeraren behatzaile zorrotza zen Rikardo, baina ez zuen asmatu handik bi belaunalditara euskarak izango zuen egoera antzematen. Zorionez.

Baina, iragarpen hartan ez asmatuta ere, Rikardo euskaltzale handia ohoratu beharra dugu honetan ere; izan ere, bere iragarpena ez zen bete, besteak beste, berak eta bere belaunaldiko beste batzuek, ekinaren ekinez, euskarak gizartean behar zuen lekua bereganatzeko jarri zituzten oinarriei esker. Mintzaldi hartan, euskararen pronostiko ezkor harekin batera, azaldu zuen, baita ere, zer egin beharko zen gauzak hala gerta ez zitezen. Adibidez, euskara salbatzeko, ez zuen nahikotzat jotzen euskara gurasoek seme-alabei transmititzea, gero ez bazen erabiltzen egunero-egunero ‘radioetan’, telebistan, egunkarietan, zineetan eta abarretan.

Esan eta egin. Ekintzailea zen Rikardo. Hain zuzen ere, bera izan zen urtebete lehenago, 1965ean, euskaraz alfabetatzeko egin zen lehenengo kanpaina abian jarri zuen taldeko bultzatzaile nagusia. Segidan etorriko ziren alfabetatzekoak ez ezik euskalduntzekoak ere, euskara ikasi nahi zuen jendearen eskariari erantzunez. Euskarazko kazetaritza egiten eta sustatzen ere buru-belarri aritu zen, berritzailea izan zen horretan ere.

Euskarak behar-beharrezkoa du familia eta lagun giroaren aterpea. Baina garbi zuen hori ez zela aski. Behar zuela, gainera, gizarte jarduera orotara hegoak zabaldu. Behar zuela hizkuntza kultu bihurtu. Eta horretarako euskaldun alfabetatuak behar zituela. Eta behar zirela sortu euskarazko hedabideak, gau eskolak eta ikastolak. Euskarak, Euskal Herriko gizarte modernoan etorkizuna izateko.

Ohoratu beharra dugu Rikardo Arregi, eta ohoratu bere belaunaldiko hainbat euskaltzaleren bisioa, argirik gabeko tunel ilun hartan etorkizunari begira jartzeko izan zuten kapazitatea eta kemena.

Geroagokoa da Euskadik bere autogobernua berreskuratzeko unea. Eta araudi propioa garatuz, euskarari ofizialtasuna emanez, euskara ikastoletan ez ezik eskola publikoan nahiz pribatuan txertatuz, euskarazko irrati-telebistak sortuz, euskarazko egunkari-aldizkariak ugalduz, euskara gizartearen arlo askotara hedatuz… iritsi gara gauden unera. Rikardoren iragarpen etsitu hura atzean eta ezerezean utzi, eta euskaraz hitz egiten dutenak orduan baino milaka gehiago izatera eta orduan baino askoz eremu gehiagotan euskara erabiltzera iritsi gara, Rikardoren beraren eta bere euskaltzale garaikide askoren ekimenez abiatu eta hurrengo belaunaldiek urratutako bideari esker. Euskal gizarteak hala nahi izan duelako eta euskal instituzioek ere hala nahi izan dutelako. Gaurko kezka nagusia ez da euskararen biziraupena —Rikardoren garaian zena—, baizik eta euskararen bizi-indarra, euskara belaunaldi berrien beharrak asetzeko ohikotasunez erabiltzen den hizkuntza bizia izatea.

Euskararen hazkundeak ez du azken berrogeita hamar urte hauetan parekorik izan Europako eta mundu zabaleko hizkuntzetan. Asko dugu egiteko, zalantzarik ez. Baina asko dugu egina. Edo, nahiago izanez gero, asko dugu egina, baina asko dugu egiteko. Atrebentzia da esatea, baina hor doa: Rikardo Arregi bera ere harrituko zatekeen seguru asko, gaur egungo lorpenak ikusi izan balitu, eta poztuko zatekeen, ikaragarri, euskararen bilakaerak ez duelako jarraitu berak hitzaldi suhar hartan iragarri zion bidea. Eta poztuko zatekeen, batez ere, ikusita, aurretik dugun zeregin handiari heltzeko prest gaudela, lortu dugunari eutsiz eta urrats berriei adostasunez ekinez. Zeregin honetan, oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute hedabideek, betetzen dute kazetariek. Horregatik da beharrezkoa Rikardo Arregi bera eta bere ekimena goraipatzea eta, nola ez, gaur sarituak izan diren euskal kazetariak zoriontzea eta txalotzea.

2016-07-09-PHOTO-00001062

Andoaingo alkatearen eta nire artean, gaurko sarituak. Ezkerretik hasita: ni neu, Sustrai Colina, Amagoia Gurrutxaga, Unai Oiartzun eta Ana Karrere.

2016-07-09-PHOTO-00001059

Ana Karrere eta biok Sustrai Colinari saria ematen.

2016-07-09-PHOTO-00001063

Kazetari Berriaren saria Unai Oiartzunek lortu du.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

III Congreso de Lingüística Aplicada a la Enseñanza de Lenguas en Nebrija

Los pasados 24, 25 y 26 de junio la Universidad Nebrija (Madrid) acogió de nuevo a más de 300 profesores e investigadores de español, inglés, francés y alemán como lenguas extranjeras en el III Congreso Internacional en Lingüística Aplicada a la Enseñanza de Lenguas. Este año tan importante evento ha contado con la participación de dos lenguas invitadas: el euskera y el portugués.

En calidad de viceconsejero de Política Lingüística del Gobierno Vasco, tuve ocasión de participar en el Congreso y en mi intervención hablé del modelo del euskera en la gestión del plurilingüismo. Allí recalqué que, a mi juicio, es imprescindible implicar a la sociedad en el desarrollo de las lenguas, ya que a más consenso social y político en torno a la revitalización de una lengua, mayor éxito en el proceso. Y es que la influencia del entorno social en la evolución de una lengua es incuestionable. La competencia lingüística y los hábitos lingüísticos se desarrollan de acuerdo con el ámbito social de cada hablante, con la escuela, con la familia, con los amigos, etcétera. Partiendo de esa línea argumental, expliqué a los presentes en el Congreso que el euskera es hoy en día una lengua vinculada con la juventud y que el plurilingüismo está plenamente arraigado en la realidad diaria de Euskadi.

Fue un placer asistir y ser parte de tan magno evento junto a personalidades como Belén Moreno de los Ríos, fundadora de la Universidad; Susana Martín, decana de la Facultad de las Artes y las Letras; Darío Villanueva, director de la Real Academia Española; Mayara Nascimento, jefa del Sector de Cooperación Educacional y Jurídico de la Embajada de Brasil en España; o Marc Reznicek, director del Centro de Información en Madrid del Servicio Alemán de Intercambio Académico (DAAD).

IMG_5977

Imagen correspondiente a mi intervención en la Universidad Nebrija.

IMG_5901

Aplaudiendo a uno de los intervinientes, junto al director de la Real Academia Española, Darío Villanueva.

Nebrijakoa

Mi intervención versó sobre ‘El caso del euskera: del misterio de la pervivencia al reto de la vitalidad’.

Ekainaren 24, 25 eta 26an Nebrija Unibertsitateak (Madril) espainiera, ingelesa, frantsesa eta alemaniera atzerriko hizkuntzatzat dituzten 300dik gora irakasle eta ikertzaile hartu zituen Hizkuntzak Irakasteko Hizkuntzalaritza Aplikatuko III Nazioarteko Biltzarrean. Aurten ekitaldi garrantzitsu honek bi hizkuntza gonbidatu ditu bertara: euskara eta portugesa.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, Biltzarrean parte hartzeko aukera izan nuen eta eleaniztasunaren kudeaketan euskararen ereduaz hitz egin nuen nire hitzaldian. Nire iritziz hizkuntzen sustapenean gizartea partaide izatea ezinbestekoa dela nabarmendu nuen, hizkuntza bat berreskuratzeari buruz zenbat eta adostasun sozial eta politiko handiagoa izan orduan eta arrakastatsuagoa izango baita prozesua. Izan ere, inguru sozialak hizkuntza baten bilakaeran duen eragina ukaezina da. Gaitasun linguistikoa eta ohitura linguistikoak hiztun bakoitzaren eremu sozialaren arabera garatzen dira, eskolarekin, familiarekin, lagunekin eta abar. Hortik abiatuta, Biltzarrean bildutakoei adierazi nien euskara gaur egun gazteei lotutako hizkuntza dela eta eleaniztasuna oso sustraituta dagoela Euskadiren egunerokoan.

Atsegina izan zen hain ekitaldi handian egon eta aritzea, Belén Moreno de los Ríos, Unibertsitatearen sortzailea; Susana Martín, Arteen eta Letren Fakultateko dekanoa; Darío Villanueva, Espainiako Errege Akademiako zuzendaria; Mayara Nascimento, Espainian Brasilek duen enbaxadako Hezkuntza eta Zuzenbide arloetako Lankidetzarako Saileko burua; edo Marc Reznicek, Elkartruke Akademikorako Alemaniar Zerbitzuak Madrilen duen Informazio Zentroko zuzendaria bezalako maila handiko lagunekin batera.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | 1 comentario

Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza, indartsu

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Eusko Jaurlaritzak gure arteko lankidetzaren barruan urtez urte gauzatzen dugun diru-laguntzen deialdiaren aurtengo emaitzen berri eman genuen atzo Baionan. Bistan da: 10 urte bete ditu eta bizirik dago EEPren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza. Bizirik eta indartsu. Uste dut bi aldeon arteko lankidetzaren fruitua ezinbesteko arnasa eta babesa dela Iparraldean euskararen erabilera sustatzeko lanean ari diren eragile  asko eta askorentzat.

Aurten, gainera, diru-laguntzetara jarritako diru-kopurua handitu egin da: iaz 1.600.000 euroko kutxa osatu genuen, eta aurten 1.730.000 eurokoa. Eusko Jaurlaritzak eutsi egin diogu iazko ekarpenari (400.000 euro), eta Euskararen Erakunde Publikoak 130.000 eurotan handitu du bere ekarpena (1.330.000 euro). Horri esker handitu da ‘aurtengo kutxa’. Guztira, 1.730.000 euro. Berri ona, zalantzarik gabe. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzen kutxara egiten duen ekarpena guztiaren %23koa da. Dirulaguntzei buruzko xehetasunak Mathieu Bergé jaunak, EEPren presidenteak, eman zituen, Euskararen Erakunde Publikoa arduratzen baita diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeaz. Esker on beroena adierazi nahi diet berari eta EEPko zuzendari Bernadette Soulé andereari.

Dirulaguntzen banaketak aukera eman zidan euskarak Iparraldean duen osasunaren gainean, oso labur bada ere, ia-ia titular moduan, gogoeta egiteko, eta, bide batez, euskarak iparraldean behar duen bultzadaren eta dirulaguntza hauen arteko lotura azaltzeko.

Badira urte batzuk, behinola, Euskarak Euskadiko Autonomia Erkidegoan duen egoerari buruz ari nintzela, esan nuela, eta geroztik gehiagotan ere errepikatu izan dut ideia bera: EAEn bizpahiru belaunalditara begira ez dagoela jokoan euskararen biziraupena, baizik eta jokoan dagoena euskararen bizi-indarra dela, hots, ohikotasunez eta naturaltasunez eremu ezberdinetan erabilia den hizkuntza bizia izatea. Esan nahi dut: EAEn, gaur-gaurkoz ez dago arriskuan euskararen biziraupena, bizi-indarra da jokoan daukaguna, hizkuntza bizia eta erabilia izatea. Ezin dut, ordea, gauza bera esan Iparraldeaz. Iparraldean, biziraupena bera da, gaur oraindik, euskararen erronka. Euskarak urtetan zehar izan duen etengabeko galeraren ondorioz, gaur oraindik galera horri langa eta hesi sendoak jarri beharra dago, ezinbestez. Amaitu behar da galerarekin. Dagoeneko badira argi-izpiak gazteen artean, sortu direlako eta sortzen ari direlako gazte euskaldun berriak. Badago, beraz, itxaropenerako motiborik. Argi-izpi horiek argitasun zabal bihurtzea da kontua, galera irabazkin bihurtzea. Horregatik da biziraupena euskararen erronka Iparraldean.

Atzo Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker ezagutzera eman genituen dirulaguntzen helburua, beren apaltasunean, hain zuzen ere euskararen biziraupenaren erronkari aurre egiten laguntzea da. Erronka horri eraginkortasunez aurre egiteko, badira lehentasuna duten arloak. Horiexek aipatuko ditut:

  • Euskararen transmisioa, bai etxean (familian), eta baita ere irakaskuntzan, eskolan. Hori da lehentasun nagusietariko bat. Euskararen biziraupenaren erronka irabaziko badugu, nahitaezkoa da euskaldun diren gurasoek etxean beren seme-alabei euskara transmititzea. Ezinbestekoa da hori. Baina ez da nahikoa: hezkuntzan ere euskararen eta euskarazko irakaskuntza behar da ahalbidetu, etxetik euskaldun diren haur eta gazteek euskara landu dezaten, eta etxetik euskaldun ez direnek euskara neurri batean behintzat ikas dezaten.
  • Beste lehentasun nagusietariko bat: euskararik ez dakiten helduek euskara ikastea, elebakartasunaren zakua pixkanaka gutxitzen joatea. Helduen euskalduntzea da, beraz, beste lehentasun garrantzitsua.
  • Beste arlo garrantzitsu bat: hedabideak, euskarazko hedabideak, euskarari lekua egitea komunikazioaren eta hedabideen munduan. Era guztietako hedabideen kontsumitzailea da gure gizartea. Hor presente behar du izan euskarak.

Ezagutzera eman genituen dirulaguntzen helburu nagusia, hain zuzen ere hiru arlo horietan eragitea da. Helduen euskalduntzera (AEK), hezkuntzara (Seaska oso bereziki) eta hedabideetara destinatzen dira diru-kopuru altuenak.

Baina euskarak biziraupenaren erronka irabaziko du, baldin eta Iparraldeko herritarren gogoa, nahia eta borondatea hori baldin bada. Herritarren gogoa eta nahia ez da nahikoa, horregatik ematen dira dirulaguntzak. Baina alferrikakoak izango dira dirulaguntza hauek edo hauek baino handiagoak, ez baldin bada herritarren euskararekiko gogoa eta nahia gero eta handiago egiten. Orduan bakarrik irabaziko dugu biziraupenaren erronka. Herritarren atxikimendua da euskarak izan dezakeen motorrik indartsuena. Horregatik da oso garrantzitsua, adibidez, hezkuntzako sare publikoan eta pribatuan euskarari sarbidea eman eta egonkortzeko, eta gurasoak euskararen lagun egiteko, etengabe lanean ari diren hiru guraso elkarteen lana: Ikas-Bi, Biga Bai eta Euskal Haziak. Horregatik da oso garrantzitsua euskara bizitza sozialean, aisialdian eta kulturgintzan sustatzeko dozenaka eragilek iparraldean egiten duten lana. Hauek ere lekua dute dirulaguntzetan.

Eragile guztien lana aitortu eta eskertu nahi dut, eta azpimarratu nahi dut Euskararen Erakunde Publikoaren konpromisoa eta alde bion artean gauzatzen ari garen elkarlana. Elkarlan hau erreferentzia bat da Europan hizkuntza txikiak edo gutxituak sustatzeko mugaz gaindiko proiektu gisa. Gure aldetik, eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, adierazi nahi dut hamar urteotako gure konpromisoarekin jarraitzen dugula, jakinda, protagonismo bakarra, lan honetan, Iparraldeko gizartearena eta herri-erakundeena dela.

Dirulaguntza handienak, labur-labur

GUZTIRA: 1.730.000 euro (horietatik 400.000, %23, Eusko Jaurlaritzak jarriak). EEPk iaz baino 130.000 euro gehiago jarri ditu, guztira 1.330.000, %77.

  • AEK (Helduen euskalduntzea): 411.000 euro, iaz baino 56.000 euro gehiago.
  • Seaska (Euskarazko hezkuntza): 380.000 euro, iaz baino 20.000 euro gehiago.
  • Euskal irratiak: 285.000 euro.
  • Gainontzeko hedabideak: 237.000 euro.
  • Uda Leku: 145.000 euro.
  • Ikas Bi: 35.000 euro.
  • Euskal Haziak: 28.000 euro.
  • Biga Bai: 21.000 euro.
  • Bertsularien Lagunak: 55.000 euro.
  • Aisialdian, eskola giroan, eta bizitza sozialean orohar, euskara sustatzeko dozenaka ekimen: 350.000 euro.
la foto 1

Atzoko prentsaurrekoan, ezkerretik hasita: Jorge Giménez, (HPDko Koordinazio zuzendaria), ni neu, Mathieu Bergé (EEPko presidentea) eta Bernadette Soulé (EEPko zuzendaria).

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Txantxangorria, Smithsonian jaialdian

Euskarak eta euskal kulturak badute lekua Smithsonian jaialdian, Washingtonen. Txantxangorriak ozeanoa igaro du!

2016-06-29-PHOTO-00001000

Txantxangorria, Smithsonian jaialdian egiten ari diren ekitaldietan.

2016-07-02-PHOTO-00001031

Euskarako klase bat Smithsonianen. Ikaragarrizko jakin-mina euskarari buruz.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

Agerraldia Legebiltzarrean

Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirola Batzordearen aurrean agertu nintzen atzo, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanorekin batera. Izan ere, V. Plangintzaldiko (2013-2017) Tarteko Ebaluazioaren Txostena aurkeztu genuen, eta hizkuntza eskakizunen esleipenerako irizpideak bateratzeko eta baloratzeko proposamena egin.

Agerraldian oso giro positiboa izan zen, eta lankidetzarako jarrera izatea eskertu nien legebiltzarkide taldeei, PSE-EE, EH Bildu eta EAJri. Hizkuntza eskakizunen asignaziorako irizpideak direla-eta, oinarrizko planteamenduan bat etorri gara Jon Azkue legebiltzarkide sozialista, Garbiñe Mendizabal jeltzalea eta ni neu, eta EH Bilduko Estitxu Breñas legebiltzarkideak gaia sakon aztertuko dutela adierazi zuen. Kointzidentzia giroa eta lankidetzarako jarrera eskertu nituen, beraz.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautu zen. Dekretu honen arabera, Euskal Herriko administrazioetan hizkuntza normalizazio prozesua hezurmami zedin, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar izan zuen.

Hizkuntza normalizatzeko egitarauak burutzerakoan jarduerak denboran barrena antolatu ahal izateko, bost urteko iraupena izango duten plangintzaldiak ezarri ziren eta hizkuntz normalkuntzarako prozesuan herri-administrazioetako bakoitzerako ezarritako helburuak zein neurritan bete diren begiratu eta ebaluatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak txostena Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari igorri behar dizkio, bai plangintzaldi bakoitzaren hirugarren urtea betetakoan, bai plangintzaldi bakoitza amaitutakoan.

Aipatzekoa da, V. Plangintzaldiaren tarteko ebaluazio prozesua aurrera eramateko, iturri nagusia, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diseinatu eta erakunde guztien eskura jarri duen galdetegia dela, eta galdetegi honetatik ateratako datuak ekarri direla txostenera.

86/1997 Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan zehazten den bezala, azterketa honetan EAEko herri administrazioak eta erakundeak ikertu eta jarraian azaldutako moduan sailkatu dira:

  • Udalak
  • Kuadrilak, mankomunitate eta partzuergoak
  • Foru aldundiak eta Batzar Nagusiak
  • Eusko Jaurlaritza eta bere erakunde autonomiadunak
  • Eusko Legebiltzarra eta Arartekoa
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Herri Kontuen Euskal Epaitegia
  • Lan Harremanen Kontseilua
  • Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Uraren Euskal Agentzia
  • Haurreskolak Partzuergoa
  • Etxepare Euskal Institutua
  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Txosten honek, aipatu erakundeetan hainbat adierazle neurtzen ditu. Besteak beste:

  • Euskararen idatzizko erabilera arreta eta jendaurreko zerbitzuetan
  • Euskararen ahozko erabilera arreta eta jendaurreko zerbitzuetan
  • Lan bileretako ahozko erabilera
  • Administrazioen arteko harremanetan ahozko eta idatzizko erabilera
  • Hizkuntza eskakizunen betetze maila
  • Erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasuna
  • Euskararen erabilera lan hizkuntzan
  • Langile eta erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasuna

Tarteko Ebaluazioaren ondorio nagusiei buruz, zera esan daiteke:

  1. Azken ebaluazioa egin genuenetik, euskararen presentziak eta erabilerak gora egin dute —neurri diferenteetan bada ere— Administrazioaren esparru gehienetan, eta batez ere, hauetan: herritarrekiko ahozko eta idatzizko harremanetan, euskarazko dokumentuen sorkuntzan, eta langileen nahiz erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasunean.
  2. Hala ere, oraindik ere hobekuntza tartea dago hizkuntza ofizialen erabilerarako irizpideen zabalkundean, herritarrekiko euskararen ahozko erabileran, eta beste zenbaitetan.
  3. Datuek agerian jartzen dute administrazioetan martxan jarri diren erabilera planen garrantzia eta eraginkortasuna. Han eta hemen zabalduta dauden plan horiek aukera bikaina ematen dute kasuan kasuko erakundearen ahuleziak eta indar-guneak identifikatzeko, eta baita ekintzak abian jartzeko ere, normalizazio-helburuak arian-arian bete daitezen.
  4. Horren guztiaren ondorioz, Administrazioa inoiz baino prestatuago dago, herritarrei euskarazko zerbitzua emateko eta euskaraz lan egiteko; nolanahi ere, bide luzea gelditzen da oraindik, baina herri-administrazioak aurrera doaz, urrats sendoz eta gelditu gabe.
  5. Orain arteko bost plangintzaldietan, erakundeen eskuetan egon da ebaluazioa; hurrengo plangintzalditik aurrera, ordea, ebaluazio hori kanpoko ebaluatzaileen esku geratuko da, eta horrek zehaztasun eta fidagarritasun handiagoa emango dio prozesuari. Kanpoko ebaluaziorako erabiliko den tresna BIKAIN da, eta hori dela-eta, hainbat moldaketa eta berrikuntza egin dira dekretuan, ziurtagiria sektore pribatuari ez ezik, sektore publikoari ere egokitzeko.
  6. Hemendik aurrera, ebaluaziorako egitura estandar eta egonkorra izango dugunez –Bikainena–, erabilera planen egitura ere lerrokatuta nahi dugu ebaluazioarekin, planen kudeaketari berari erraztasunak emate aldera. Beraz, hurrengo plangintzaldirako, plan eredu bat aurkeztuko dugu (diagnostikoa, plan estrategikoa eta urteko kudeaketa plana), EAEko sektore pribatu eta publikoko euskara plan guztien egitura eta metodologia aurreneko aldiz bateratzen saiatzeko.

Hizkuntza eskakizunen esleipenerako proposamena

IV. Plangintzaldiko amaierako ebaluazioa egin genuenean, hain zuzen ere azterketa kualitatiboan, beste zenbait gauzaren artean, hizkuntza eskakizunak esleitzeko moduari buruzko gogoeta egitea eskatzen zitzaion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari.

Era berean, Hizkuntza Eskakizunei buruzko Azterketa Kualitatiboa egin zuen Siadecok 2012-2013an, HPSk enkargatuta, eta azterketa haren berri eman zen Legebiltzarrean, atzo agertu ginen Batzorde honetan bertan. Azterketa hartan, besteak beste, hainbat jarduera- proposamen jaso ziren hizkuntza eskakizunen asignazio irizpideen gainean eta ebaluazio sistemaren gainean.

HPSk kontuan hartzen ditugu, noski, bai aurreko ebaluazioan azaldutako eskaerak, eta baita ere aipatu dudan Hizkuntza Eskakizunei buruzko Azterketa Kualitatiboan jasotzen diren hainbat proposamen. Eta kontuan hartzen ditugu, nola ez, Legebiltzarreko Batzorde honetan bertan hizkuntza eskakizunen egokitasunari buruz hainbat legebiltzarkidek azaldu izan dituen kezkak. Guztiak bide bertsutik doazen kezkak dira.

Tarteko Ebaluazioak eskaintzen digun argazkia, ez da argazki txarra, ez da argazki iluna, argazki argitsua da euskararentzako. Administrazioan ere bere lekua egiten eta hartzen jarraitzen duen hizkuntzaren argazkia da. Nota txukuna irabazia dute euskarak eta administrazio ezberdinetako Euskararen Erabilera Planek. Baina jarraitu beharra dago. Aurrera eraginkortasunez jarraitzeko, badugu zer egin eta badugu zer hobetu.

Adibidez, hobetuko dugu ebaluazioa bera, orain arte bezala barruko ebaluazioa izan beharrean, kanpo ebaluazioa izango da etorkizuneko Erabilera Planen ebaluazioa. Horretarako, erabilera planak kanpoko auditorien zertifikazio sisteman sartuko ditugu, BIKAIN egokituz eta berrituz. Dagoeneko ari gara hori egiten.

Eta hobetu behar dugu hizkuntza eskakizunen asignazio-sistema ere. Hau guztiau zuzen-zuzenean lotzen zaie Erabilera Planei, hizkuntza eskakizunen sistema delako gure sistemaren oinarri nagusietariko bat. Uste dugu, Tarteko Ebaluazio honetatik Azken Ebaluazio arte eta Plangintzaldi berriari hasiera eman arte geratzen den urte eta erdi edo bi urteko tartean egin egin behar dela gogoeta eta analisi partekatua hizkuntza eskakizunen asignaziorako irizpideak baloratu, bateratu eta finkatzeko helburuarekin. Gogoeta bat, hizkuntz eskakizunen sistema gauzatzen den askotariko erakundeetako ordezkariek HAKOBAren bidez garatuko dutena.

HPSk prestatu du azterketari eta gogoeta partekatuari ekiteko proposamen bat, guztiz irekia, eztabaidarako dokumentu bat. HAKOBAk oso egoki eta beharrezkotzat jo du proposamena, eta dagoeneko erabaki du eztabaidari ekitea. Eztabaida eta gogoeta prozesu horretarako lan dokumentua da HPSk prestatu duena, eta ezin aproposagoa uste dut izan dela Legebiltzarreko agerraldi hau baliatzea, egin dugun hausnarketaren nondik-norakoak legebiltzar-taldeei aurkezteko, eta gure proposamen zehatza bezain irekia bertara eramateko.

Gai honen abiapuntuak Euskararen Legean eta Euskal Funtzio Publikoaren Legean dauzkagu. Jakina denez, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetako lanpostu guztiek hizkuntza eskakizun bat daukate, lanpostu horietan jarduteko euskaraz behar den gaitasun mailaren arabera. Gainera, hizkuntza eskakizun hori derrigorrezkoa izan daiteke (beti ere administrazioa kokatuta dagoen lurraldearen egoera soziolinguistikoari begira), eta derrigorrezkoa ez bada, euskararen ezagutza meritu gisa baloratu egin behar da lanpostuak betetzerakoan. Hizkuntza eskakizuna derrigorrez egiaztatu behar denean, baldintza hori bete behar da, bai lanpostuak betetzerakoan, bai lanpostuan jarduterakoan.

Euskal Funtzio Publikoaren Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio, HPSren proposamenez, hizkuntza eskakizunak zehaztea eta aplikaziorako irizpideak ematea. Baina herri-administrazio bakoitzari dagokio bere lanpostuen hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun-datak izendatzea. Horretarako, bere proposamena bidaltzen dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, eta horrek, proposamena aztertuta, horren gaineko txostena egiten du, gehienez ere, hilabeteko epean. Gogoratu txosten hori nahitaezkoa dela, baina ez loteslea; alegia, herri-administrazioak ez daude behartuta bertan jasotzen dena betetzera; behartuta daude, hori bai, HPSren txostena kontuan hartu ez izana arrazoitzera. Azkenean, HPSren txostena jaso ondoren, kasuan kasuko herri-administrazioaren gobernu-organoak erabakitzen du zein hizkuntza eskakizun jarri eta, hala badagokio, zein derrigortasun-data ezarri.

Aspaldi ekin zioten Eusko Jaurlaritzak eta gainerako euskal administrazio publikoek hizkuntza eskakizunak esleitzeko prozesuari. Huts-hutsetik abiatu behar izan zen ezinbestean, eta, oro har, sistemak koherentziari eutsi dio; hau da, hizkuntza eskakizunen esleipenak, oro har, modu egokian egin dira urte hauetan guztietan; nolanahi ere, inolako erreserbarik gabe esan behar da, tarte honetan, hainbat arrazoi direla medio, besteak beste guztiz berria zelako egin beharreko bidea, eta milaka lanpostuk osatutako unibertsoaz ari garelako, inkoherentzia eta disfuntzio batzuk sortu direla hizkuntza eskakizunen asignazioak egiterakoan. Horri dagokionez, esan beharra dago hori guztiz normala dela, kontuan hartzen badugu zenbat erakunde eta lanposturi buruz ari garen, eta zenbat organo erabaki hartzaile ditugun tartean. Gauzak horrela izanik, gaur egun funtzio komunikatibo bertsuak edo oso antzekoak dituzten lanpostuetan hizkuntza eskakizun bat baino gehiago aurkitu daiteke.

Esate baterako, han eta hemen, unibertsitatean irakasle jarduteko eskatzen den euskara-gaitasun beraren asignazioa duten administrari-laguntzaile postuak aurkitu ditzakegu (3. HE); edo administrariak 4. HErekin, hain zuzen ere itzultzaileei eskatzen zaien mailarekin; edo erdi-mailako teknikariak edo arkitekto teknikoak 2. hizkuntza eskakizunarekin edo arduradun posturen bat 1.arekin. Eta lanpostu berean hiru hizkuntza eskakizun ezberdin.

Arazo horietaz jabeturik, HPSn saiatu gara herri-administrazioetako lanpostuetan esleituta dauden hizkuntza eskakizunen egoera islatzen. Horretarako, ondorengo erakunde hauetako lanpostuak aztertu dira:

  • EAEko Administrazio Orokorra
  • Udalak, mankomunitateak, kuadrillak
  • Foru aldundiak eta batzar nagusiak
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Eusko Legebiltzarra eta Arartekoa
  • Herri Kontuen Euskal Epaitegia
  • Lan Harremanen Kontseilua
  • Datuak Babesteko Bulegoa
  • Haurreskolak Partzuergoa
  • Etxepare Institutua
  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Erakunde hauek dira 86/1997ko Dekretuaren aplikazio eremua osatzen dutenak, Erabilera Planak egin eta hizkuntza eskakizunen sistemaz baliatzeko obligazioa dutenak alegia. Ikerketa honetarako ez dira kontuan hartu URA Agentziako lanpostuak, erakunde honen lanpostu-zerrenda behin-behinekoa delako. 2015ean eskura zeuden datuak hartu dira kontuan, V. Plangintzaldiaren Tarteko Ebaluazioarekin batera eguneratutakoak alegia. Guztira, 37.493 lanpostu.

Lanpostu horiek guztiak 42 multzotan sailkatu ditugu, funtzio komunikatibo nagusien arabera, ezinezkoa litzatekeelako banan-banan aztertzea, eta seguraski lehen urrats hau emateko alferrikakoa gainera. Jakina, horrek arrisku bat dakar: sailkapen hori eztabaidagarria izatea, berezitasun komunikatiboren bat edo beste ez delako behar den bezala jasota geratu; edozein kasutan ere, guk uste dugu, oro har, sailkapenak balio duela gaiari lehen hurbilpen bat egiteko eta gogoetari bideak zabaltzeko. Irekitzen ari den prozesu baten aurrean gaude, hastapenetan; gerorako utziko ditugu, beraz, lanpostuz lanpostuko ikerketa zehatzagoak, nahitaez egin beharko direnak, noski. Lanpostuak sailkatzearekin batera, lanpostu horien funtzio komunikatiboei buruzko hausnarketa egin dugu, izan ere bakoitzari legokiokeen hizkuntza eskakizunaren gaineko proposamena eraman dugu HAKOBAra eta ekarri nahi izan dugu Legebiltzarrera, eztabaidari hasiera eman diezaiogun.

Proposamenaren oinarri-oinarrian, irizpide nagusi bat dago, oro har, eta funtzio komunikatibo espezifikoengatiko salbuespenak salbuespen, errespetatu behar dena, gure ustez: administrazioko lanpostu bat betetzeko edo lanpostu horretan jarduteko eskatzen den gutxieneko euskara gaitasuna izan bedi lanpostu horretarako eskatzen den formazio akademikoa euskaraz osorik edo zati handienean egiteagatik aitortzen den euskara gaitasun bera. Beste era batera esateko, herritar bati zuzenbidea euskaraz ikasteagatik C1 maila aitortzen bazaio (3. HE), logikoa dirudi Administrazioan ere C1 (3. HE) eskatzeak (ez 4. HE, ez 2. HE). Hori da, gure ustez, errespetatu beharko litzatekeen irizpide nagusia. Nolanahi ere, irizpide nagusia hori izan arren, argi dago salbuespenak egon daitezkeela, lanpostu batzuen funtzio komunikatibo bereziei erreparatzen bazaie behintzat. Adibidez, egunero epaitegietan aritu behar diren auzibideetako abokatuek goi-mailako hizkuntza trebetasunak behar dituzte ahoz eta idatziz, eta kasu horietan, seguruenik justifikatuta legoke C2 (4. HE) .

Jakina, kasu askotan ikasketak euskaraz egin izanak ez dakar, berez eta besterik gabe, administrazio komunikazioetan eskatzen diren hizkuntza gaitasun guztiak menderatzea. Esate baterako, abokatu batek, ondo idazteagatik ere, arazoak izan ditzake hitzarmen bat edo kontratu bat idazteko, sekula ez duelako horrelakorik egin. Hutsune hori betetzera dator hizkuntza prestakuntza, eta horrexegatik ematen zaio halako garrantzia erabilera plan guztietan. Kontua ez da, beraz, hizkuntza eskakizun handiago bat eskatzea, baizik eta prestakuntza iraunkorra antolatzea, hala behar izanez gero, langileak trebatzeko egin behar dituzten zeregin horietarako; izan ere, kontuan hartu behar da lana euskaraz egiteko gaitasun bikaina erabileraren poderioan eta erabilera hori errazteko hizkuntza-prestakuntza iraunkorra eskuratuz bermatzen dela. Administrazioan euskaraz lan egiteko ohiturarik ezak eta euskararen egoera soziolinguistiko ahulak eragiten dute zuzenean gorabehera honetan, edozein delarik ere hizkuntza eskakizuna.

Euskararen hazkunde demografikoa dator euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratu duten euskaldun berrien eskutik. Eta sarri askotan, gure egoera soziolinguistiko desorekatuagatik, euskara ikasi duenak euskara erabiltzeko aukera gutxi izan ohi ditu; eta, arau unibertsala da: hizkuntza bat, oso bereziki bigarren hizkuntza gisa eskuratutako hizkuntza, ez baldin bada erabiltzen, kamustu egiten da. Gure egoera soziolinguistiko desorekatuaren ondorioak ezin dira konpondu gaitasun-maila altuagoak eskatuz; gainera, horrek ez du bermatuko euskara-gaitasunari eustea. Erronka da, erabilera aukerak finkatu eta garatzea. Erabiliz ikasten eta trebatzen da.

Eta ez da egoki ezta ere maila gutxieneko gaitasun batetik behera eskatzea, gutxieneko ezagutzarik gabe ezinezkoa baita erabiltzea.

Hausnarketa honetan, ez dugu bazter utzi nahi Euskara Egiaztagirien Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak apirilean Legebiltzar honetan bertan aurkeztu zuen txostena. Hain zuzen ere, dokumentu horren laugarren ondorioak hau dio hitzez hitz:

Aukeratutakoa

Antzeko proposamenak jasota daude lehen aipatu dugun Siadecok egindako azterlanean eta Erabilera Planen ebaluazioetan ere. Adibideak oso ugariak dira. Har ditzagun, esaterako, aguazilak, etxeko laguntzaileak, atezainak, begiraleak… Mintzamenean, seguru asko, horiek guztiek 2. HE behar dute; baina, justifikatuta ote dago maila hori bera eskatzea idazmenean? Dantza-irakasle batek 3. HE behar du ahoz, klasean aritzeko; idatziz ez ote da nahikoa 2. HErekin?

Apirilean esandakoa berretsi nahi izan genuen atzo: gure ustez, argi eta garbi esanda, ateak ireki behar zaizkio trebetasunkako egiaztapenari.

Amaitzeko, azken hausnarketa bat. Zenbait goi mailako lanpostuk, izenez berdinak izan arren, funtzio komunikatibo ezberdinak izan ditzakete administrazioaren tamainaren arabera, eta horrek isla izan dezake hizkuntza eskakizunen esleipenean. Udal idazkari batek, oro har, C1 (3. HE) beharko luke bere lana gauzatu ahal izateko; nolanahi ere, udalerri handiko edo hiriburu bateko udal idazkarien kasuan, lanaren zereginak direla-eta, agian egokiagoa litzateke C2 eskatzea (4. HE).

Honaino, gure gogoetak. Hau eragile interesdunen arteko eztabaidari, kontrasteari eta lanketari ekiteko abiapuntua da; hausnarketa irekia da, beraz. Hizkuntza eskakizunen egokitze bidean, eragile interesdunen parte-hartzea ahalbidetu behar da. Horrela, bada, HAKOBAn aurkeztu genuen ekainaren 2an, eta gaiaren lanketari helduko zaio; atzo Legebiltzarrean aurkeztu genuen, eta Euskararen Aholku Batzordeari aurkeztuko diogu laster.

_88Y2384

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirola Batzordeko lehendakari Xabier Isasi eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanorekin batera, atzo Legebiltzarrean.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario

SD Eibar, ‘.eus’ domeinuarekin eta Euskararen Txantxangorriarekin bat

S.D Eibar futbol taldeak Euskararen Txantxangorriari hegoak ematen jarraitzen du. Izan ere, talde gipuzkoarra eta euskara erabiltzeko gonbidapena egiten duen sinboloa eskutik doaz berriz ere. Atzo goizean, SD Eibar taldearen webgune ofizialaren domeinu berria aurkeztu zen Ipuruan egindako prentsaurreko batean. Hemendik aurrera, erakunde armaginaren webguneak luzapen berria izango du (.eus), eta erabiltzaileek zuzenean jo ahal izango dute klubaren euskarazko eduki guztietara (www.sdeibar.eus). Noski, Txantxangorria aurkezpenean ere presente egon zen.

Aurkezpena Mikel Larrañagak egin zuen, SD Eibarreko presidenteordeak; nirekin, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez; eta Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendariarekin batera.

Gaur egun ere bada SD Eibarren webgunea euskaraz kontsultatzeko aukera, eskainitako hizkuntzen artean euskara hautatuz (hiru hizkuntza ditu aukeran webguneak: euskara, gaztelania eta ingelesa), baina, domeinu berriari esker, zuzenean jo ahal izango da euskarazko bertsiora. Gainera, SD Eibar Fundazioak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera, euskararen erabileraren gaineko prestakuntza eman die Gabonetako eta udako campusetako bere begiraleei, gaztetxoei hasiera-hasieratik emateko kirolaren arloan euskaraz moldatzeko aukera.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ezagutzen du SD Eibarren konpromisoa euskararen erabilerarekin klubaren jardunean, hainbat arlotan. Oso hurbileko ekimen bat aipatzearren aipatuko dut, elkarlanean dugun bat: kirol campusetan monitoreei ematen zaien euskarazko prestakuntza. Baina, atzokora etorrita, zehazki, euskara sustatzeko oso inportantea da Eibar Kirol Elkartea egiten ari dena IKTen arloan. Eibar Kirol Elkarteak euskaraz ere badu bere webgunea, eguneratze maila altuarekin. Eta atzo .eus domeinua jarri zuen martxan. Biak dira eraginkorrak euskara IKTetan hedatzeko. Espresuki aitortu nahi dut Eibar Kirol Elkartearen eta Fundazioaren lan hori guztia.

Zergatik da inportantea webgunea euskaraz ere izatea (webgune bizia, eguneratzen dena), edo .eus izatea? Kontua oso sinplea da: hizkuntzak —eta euskara ez da salbuespen bat— berez ez dira ezer. Hiztunen ezpainetan, hiztunen belarri eta begietan bakarrik dira zerbait hizkuntzak. Erabiltzen diren neurrian bakarrik bizi dira. Horregatik, euskara sustatzeko, ezinbestekoa da printzipio hau betetzea: ‘Herritarra eta hiztuna NON?, euskara HAN!’. Herritarren beharrizan komunikatiboak betetzea da euskarak hizkuntza bizia izateko nahitaez bete behar duen baldintza.

Euskarak, etorkizunean hizkuntza bizia izango bada, nahitaez gaur egungo herritarron eta euskal hiztunen premia komunikatiboetara egokitutako hizkuntza izan behar du. Eta, jakina da, gaur egungo gizartean, premia komunikatibo asko, gero eta gehiago, Interneten asetzen direla. Gazteen kasuan, hori horrela gertatzen da oso proportzio altuan. Eta etorkizunean etengabe areagotuko da joera hori. Internet da gaur munduko komunikazioaren plaza nagusia. Gure komunikatzeko moduak ere arras aldatu ditu internetek.

Horregatik, garenaren neurria ahantzi gabe, dagokigun apaltasunean, baina konplexurik gabe, bere lekua egin eta ahalik eta gehiena zabaltzen jarraitu behar du euskarak Interneten. Eusko Jaurlaritzak badu legealdi honetarako Euskararen Agenda Estrategikoa (2013-2016), eta hor pisu handia hartzen dute IKTen arloko ekimenek. Izan ere, gehiagotan esan izan dudanez, Interneten bizitzea eta ikusgarri izatea euskararentzat ez da ‘interesantea den edo komenigarria den’ zerbait, baizik eta ezinbestekoa den zerbait da ‘hor egotea’. Euskarak ‘bai edo bai’ bizirik behar du herritarrak eta hiztunak bizi diren eremu horretan ere: Interneten. ‘Edo bazaude hor, edota gero eta gutxiago izango zara’.

Beraz, edukiak behar ditugu euskaraz, eta horrexegatik da garrantzitsua Eibar Kirol Elkartearen webgunea euskaraz ere izatea, eguneratuta. Ikusgarri egin behar dugu euskara Interneten, eta horrexegatik da garrantzitsua Eibar Kirol Elkarteak ere .eus domeinua beretzat hartzea.

Han eta hemen behin baino gehiagotan azpimarratzen dut, duela 35 urte ez bezala, bizpahiru belaunalditara begira ez dagoela arriskuan euskararen biziraupena, zorionez. Bizpahiru belaunalditara begira jokoan daukaguna euskararen bizi-indarra dela, egunerokotasunean, eskolan bezala kalean, unibertsitatean bezala lan munduan eta lagunartean, naturaltasunez erabilia den hizkuntza bizia izatea. Hori da bizi-indarra, eta gaur egun bizi-indarra neurtzeko bizi-indar digitala ere oso kontuan hartu behar da.

Euskararen bizi-indar digitala ez da makala: munduan badira ia 7.000 hizkuntza, UNESCOren arabera, baina horien guztien %5 besterik ez da erabiltzen interneten, eta horietako bat euskara da. Googleko hizkuntzak ehun pasatxo dira, eta horietako bat euskara da. Twitterreko lehen 33 hizkuntzetariko bat da. Wikipedia 290 hizkuntzatan dago, munduko 6. webgune bisitatuena da: euskara, 31. postuan dago, hiztunen arabera dagokion baino askoz gorago; ia-ia 250.000 artikulu daude euskaraz, Europan ofizialak diren eta milioika hiztun dituzten beste hizkuntza batzuetan baino gehiago (greziera edo daniera, adibidez). Iaz, 2015ean, ia 11 milioi itzulpen egin zituen euskarazko itzultzaile automatiko publikoa daukagu Interneten.

Eta komunikazioaren plaza zabal horretan euskara ikusgarriago egiteko eta euskarazko edukien sorkuntza eta zabalkundea errazteko tresna garrantzitsu bat daukagu: .eus domeinua, leiho handi bat. Gaur dugun osasun digitala ahalegin bateratuei esker lortu da: euskarazko komunitate digital aktiboaren lanak, eta Administrazioaren edo herri-aginteen bultzadak eta inbertsioak ekarri gaituzte honaino, denon arteko elkarlanak.

Baina gaurko osasun digitalari eusteko eta pixkanaka hobetzeko, ahaleginak egiten jarraitu behar da. Horregatik da azpimarratzekoa Eibar Kirol Elkartearen ahalegina arlo honetan, eta zehazki .eus-en komunitateko kide izateko erabakia. Konbentziturik gaude ekimen honen premiaz. Eusko Jaurlaritza, .eus domeinua sortzeko urtetako lanetan, hasiera-hasieratik hor egon da, babesten. Gero, lehenengo unetik izan gara .eus erabiltzaile: hasierako 100 domeinuetan hor ginen. Hasiera beretik eitb.eus domeinuak ikusgarritasun handia eman ziola esango nuke.

2014ko abenduaren 3an eman zitzaion irteera ofiziala: ordurako Jaurlaritzak bere domeinu guztiak erregistratuak zituen, 300 domeinu inguru.Webgune osoa migratu dugu. Domeinuak ez ezik, posta elektroniko kontuak ere .eus domeinura pasatu ditugu Jaurlaritzan. Bistan da, beraz, garrantzitsua iruditzen zaigula .eus domeinua zabaltzea. Horregatik txalotzen dut Eibar Kirol Taldearen urrats hau, eta gonbita luzatzen diet herritarrei, era guztietako elkarte eta enpresei, eurek ere pauso hori ematera.

Beste erakunde batzuekin batera, SD Eibar lanean ari da euskararen erabilera klubaren alderdi guztietan garatzeko: webgunean, sare sozialetan, bai eta administrazio-kontseiluko kideen, lantalde teknikoaren edo jokalarien jendaurreko agerraldietan ere. Klubak, gainera, berretsi du euskara-plan bat egiteko asmoa duela aholkularitza-enpresa baten laguntzarekin.

SD Eibar Euskararen Txantxangorria ekimenean parte hartzen ari da, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta ikusgai jartzen ari da euskararen erabileraren aldeko konpromisoa irudikatzen duen txantxangorri jatorra. SD Eibar Fundazioak atzo bertan aktibatuko zuen #PuntuEUS kanpaina bere sare sozialetan, bideo baten eta argazki batzuen bidez. Horietan guztietan, euskararen aldeko jarrera aktiboan ageri dira Asier Riesgo lehen taldeko atezaina, Ainhoa Alonso emakumeen lehen taldeko kapitaina, eta Fran Garagarza kirol-zuzendaria.

la foto 1

Atzoko prentsaurrekoan, ni neu, Mikel Larrañaga (SD Eibar taldeko presidente ordea) eta Josu Waliño (.eus-eko zuzendaria).

la foto 4

Ipuruako berdegunean, Mikel Larrañaga eta Josu Waliño lagun ditudala.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Publicado en Idatziak-Articulos | Deja un comentario