S.D Eibar futbol taldeak Euskararen Txantxangorriari hegoak ematen jarraitzen du. Izan ere, talde gipuzkoarra eta euskara erabiltzeko gonbidapena egiten duen sinboloa eskutik doaz berriz ere. Atzo goizean, SD Eibar taldearen webgune ofizialaren domeinu berria aurkeztu zen Ipuruan egindako prentsaurreko batean. Hemendik aurrera, erakunde armaginaren webguneak luzapen berria izango du (.eus), eta erabiltzaileek zuzenean jo ahal izango dute klubaren euskarazko eduki guztietara (www.sdeibar.eus). Noski, Txantxangorria aurkezpenean ere presente egon zen.
Aurkezpena Mikel Larrañagak egin zuen, SD Eibarreko presidenteordeak; nirekin, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez; eta Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendariarekin batera.
Gaur egun ere bada SD Eibarren webgunea euskaraz kontsultatzeko aukera, eskainitako hizkuntzen artean euskara hautatuz (hiru hizkuntza ditu aukeran webguneak: euskara, gaztelania eta ingelesa), baina, domeinu berriari esker, zuzenean jo ahal izango da euskarazko bertsiora. Gainera, SD Eibar Fundazioak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera, euskararen erabileraren gaineko prestakuntza eman die Gabonetako eta udako campusetako bere begiraleei, gaztetxoei hasiera-hasieratik emateko kirolaren arloan euskaraz moldatzeko aukera.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ezagutzen du SD Eibarren konpromisoa euskararen erabilerarekin klubaren jardunean, hainbat arlotan. Oso hurbileko ekimen bat aipatzearren aipatuko dut, elkarlanean dugun bat: kirol campusetan monitoreei ematen zaien euskarazko prestakuntza. Baina, atzokora etorrita, zehazki, euskara sustatzeko oso inportantea da Eibar Kirol Elkartea egiten ari dena IKTen arloan. Eibar Kirol Elkarteak euskaraz ere badu bere webgunea, eguneratze maila altuarekin. Eta atzo .eus domeinua jarri zuen martxan. Biak dira eraginkorrak euskara IKTetan hedatzeko. Espresuki aitortu nahi dut Eibar Kirol Elkartearen eta Fundazioaren lan hori guztia.
Zergatik da inportantea webgunea euskaraz ere izatea (webgune bizia, eguneratzen dena), edo .eus izatea? Kontua oso sinplea da: hizkuntzak —eta euskara ez da salbuespen bat— berez ez dira ezer. Hiztunen ezpainetan, hiztunen belarri eta begietan bakarrik dira zerbait hizkuntzak. Erabiltzen diren neurrian bakarrik bizi dira. Horregatik, euskara sustatzeko, ezinbestekoa da printzipio hau betetzea: ‘Herritarra eta hiztuna NON?, euskara HAN!’. Herritarren beharrizan komunikatiboak betetzea da euskarak hizkuntza bizia izateko nahitaez bete behar duen baldintza.
Euskarak, etorkizunean hizkuntza bizia izango bada, nahitaez gaur egungo herritarron eta euskal hiztunen premia komunikatiboetara egokitutako hizkuntza izan behar du. Eta, jakina da, gaur egungo gizartean, premia komunikatibo asko, gero eta gehiago, Interneten asetzen direla. Gazteen kasuan, hori horrela gertatzen da oso proportzio altuan. Eta etorkizunean etengabe areagotuko da joera hori. Internet da gaur munduko komunikazioaren plaza nagusia. Gure komunikatzeko moduak ere arras aldatu ditu internetek.
Horregatik, garenaren neurria ahantzi gabe, dagokigun apaltasunean, baina konplexurik gabe, bere lekua egin eta ahalik eta gehiena zabaltzen jarraitu behar du euskarak Interneten. Eusko Jaurlaritzak badu legealdi honetarako Euskararen Agenda Estrategikoa (2013-2016), eta hor pisu handia hartzen dute IKTen arloko ekimenek. Izan ere, gehiagotan esan izan dudanez, Interneten bizitzea eta ikusgarri izatea euskararentzat ez da ‘interesantea den edo komenigarria den’ zerbait, baizik eta ezinbestekoa den zerbait da ‘hor egotea’. Euskarak ‘bai edo bai’ bizirik behar du herritarrak eta hiztunak bizi diren eremu horretan ere: Interneten. ‘Edo bazaude hor, edota gero eta gutxiago izango zara’.
Beraz, edukiak behar ditugu euskaraz, eta horrexegatik da garrantzitsua Eibar Kirol Elkartearen webgunea euskaraz ere izatea, eguneratuta. Ikusgarri egin behar dugu euskara Interneten, eta horrexegatik da garrantzitsua Eibar Kirol Elkarteak ere .eus domeinua beretzat hartzea.
Han eta hemen behin baino gehiagotan azpimarratzen dut, duela 35 urte ez bezala, bizpahiru belaunalditara begira ez dagoela arriskuan euskararen biziraupena, zorionez. Bizpahiru belaunalditara begira jokoan daukaguna euskararen bizi-indarra dela, egunerokotasunean, eskolan bezala kalean, unibertsitatean bezala lan munduan eta lagunartean, naturaltasunez erabilia den hizkuntza bizia izatea. Hori da bizi-indarra, eta gaur egun bizi-indarra neurtzeko bizi-indar digitala ere oso kontuan hartu behar da.
Euskararen bizi-indar digitala ez da makala: munduan badira ia 7.000 hizkuntza, UNESCOren arabera, baina horien guztien %5 besterik ez da erabiltzen interneten, eta horietako bat euskara da. Googleko hizkuntzak ehun pasatxo dira, eta horietako bat euskara da. Twitterreko lehen 33 hizkuntzetariko bat da. Wikipedia 290 hizkuntzatan dago, munduko 6. webgune bisitatuena da: euskara, 31. postuan dago, hiztunen arabera dagokion baino askoz gorago; ia-ia 250.000 artikulu daude euskaraz, Europan ofizialak diren eta milioika hiztun dituzten beste hizkuntza batzuetan baino gehiago (greziera edo daniera, adibidez). Iaz, 2015ean, ia 11 milioi itzulpen egin zituen euskarazko itzultzaile automatiko publikoa daukagu Interneten.
Eta komunikazioaren plaza zabal horretan euskara ikusgarriago egiteko eta euskarazko edukien sorkuntza eta zabalkundea errazteko tresna garrantzitsu bat daukagu: .eus domeinua, leiho handi bat. Gaur dugun osasun digitala ahalegin bateratuei esker lortu da: euskarazko komunitate digital aktiboaren lanak, eta Administrazioaren edo herri-aginteen bultzadak eta inbertsioak ekarri gaituzte honaino, denon arteko elkarlanak.
Baina gaurko osasun digitalari eusteko eta pixkanaka hobetzeko, ahaleginak egiten jarraitu behar da. Horregatik da azpimarratzekoa Eibar Kirol Elkartearen ahalegina arlo honetan, eta zehazki .eus-en komunitateko kide izateko erabakia. Konbentziturik gaude ekimen honen premiaz. Eusko Jaurlaritza, .eus domeinua sortzeko urtetako lanetan, hasiera-hasieratik hor egon da, babesten. Gero, lehenengo unetik izan gara .eus erabiltzaile: hasierako 100 domeinuetan hor ginen. Hasiera beretik eitb.eus domeinuak ikusgarritasun handia eman ziola esango nuke.
2014ko abenduaren 3an eman zitzaion irteera ofiziala: ordurako Jaurlaritzak bere domeinu guztiak erregistratuak zituen, 300 domeinu inguru.Webgune osoa migratu dugu. Domeinuak ez ezik, posta elektroniko kontuak ere .eus domeinura pasatu ditugu Jaurlaritzan. Bistan da, beraz, garrantzitsua iruditzen zaigula .eus domeinua zabaltzea. Horregatik txalotzen dut Eibar Kirol Taldearen urrats hau, eta gonbita luzatzen diet herritarrei, era guztietako elkarte eta enpresei, eurek ere pauso hori ematera.
Beste erakunde batzuekin batera, SD Eibar lanean ari da euskararen erabilera klubaren alderdi guztietan garatzeko: webgunean, sare sozialetan, bai eta administrazio-kontseiluko kideen, lantalde teknikoaren edo jokalarien jendaurreko agerraldietan ere. Klubak, gainera, berretsi du euskara-plan bat egiteko asmoa duela aholkularitza-enpresa baten laguntzarekin.
SD Eibar Euskararen Txantxangorria ekimenean parte hartzen ari da, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta ikusgai jartzen ari da euskararen erabileraren aldeko konpromisoa irudikatzen duen txantxangorri jatorra. SD Eibar Fundazioak atzo bertan aktibatuko zuen #PuntuEUS kanpaina bere sare sozialetan, bideo baten eta argazki batzuen bidez. Horietan guztietan, euskararen aldeko jarrera aktiboan ageri dira Asier Riesgo lehen taldeko atezaina, Ainhoa Alonso emakumeen lehen taldeko kapitaina, eta Fran Garagarza kirol-zuzendaria.