Ekitaldi ederra egin dugu gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian. Asko —eta askotarikoak— elkartu gara bertan. Han egon gara herri-erakundeak, HAKOBA osatzen dugunetakoak (foru aldundiak —Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa—, HABE eta Eusko Jaurlaritza), nahiz eta beste batzuek ez duten etortzerik izan. Han izan gara euskaltegiak, euskaltegien sare guztiak (udal euskaltegiak, barnetegiak, Batuz, Elkarlan, AEK eta IKA). Hauek izan dira gaurko benetako protagonistak: euskaltegiak. Eta bertan izan dira euskara ikasleak, euskara ikasten ari direnen eta euskaraz jakinda ere euskara hobetzen ari diren ikasleen ‘ordezkariak’. Ez gainera nolanahiko ordezkariak. Ordezkari saiatuak, eta arrakastatsuak.
Euskara ikasleak izango dira uda honetako protagonistak. Gu denok, euskaltegiak, euskara ikasleak, herri erakundeak bat eginda Euskararen Txantxangorriaren eskutik. Gu denok, euskaltegiak eta herri-erakundeak, elkarlanean, elkarlan zintzo eta eragingarrian, Txantxangorriaren hegaldian.
Gaur, elkarrekin bilduta, hiru notizia eman nahi izan ditugu. Lehenengo notizia: harreman eta konplizitate eder eta pozgarri bat badela, eta horren berri eman nahi izan dut: Euskararen Txantxangorriak bat egin du euskaltegiekin, eta euskaltegiek Euskararen Txantxangorriarekin bat egin nahi izan dute. Elkarri hegoak eman nahi dizkiote, gure hizkuntzaren hegaldia ederragoa, oparoagoa, luzeagoa izan dadin.
Bigarren notizia da, Euskadi osoan zehar euskaltegiek uda honetan ere eskaintza zabala jartzen digutela esku-eskura, eta horren berri eman dugu. Euskara ikasteko, euskara erabiliz ikasteko eskaintza zabala, erakargarria. Txantxangorriak herritarrei egiten dien gonbidapena da, euskaltegien eskaintza horretaz balia daitezela, euskaltegira hurbildu eta matrikula daitezela uda honetan.
Eta hirugarren notizia, Txantxangorriaren kantua izan da. Gaurtik aurrera, Txantxangorriak badu bere kantua. Eta, hala, kantari bukatu dugu aurkezpen hau.
Txantxangorria, bere paparraren koloreko negua pasa ondoren, udaberrian indarberritu da, eta uda noiz iritsiko zain dago. Plazera eta gozamena udarekin lotzen ditugu. Askorentzat, uda zerbaiti ekiteko aukera da, edo lehendik abiatutako ekinbideei indar berriz heltzekoa. Askorentzat, alegia, uda euskara ikasteko une aproposa da.
Joan den urtean 5.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena udako euskaltegi edo barnetegiren batean. Urtero mantentzen den kopurua da. Eta hau, urte osoko matrikulazioari lotuta, berri aparta da. Euskaltegientzat pozezko albiste, Txantxangorriarentzat alpiste. Izan ere, hiztun berriak lortzea euskarari hegoak ematea da. Euskaraz egiteko gonbita da Txantxangorria, eta gonbita horrekin euskara ikasteko gonbidapena dator: ikastea, bakoitzak bere mailan: goiko mailan, erdikoan edo hasi berritako mailan. Euskaltegiek euskaldun gehiago sortzen duten hein berean handitzen dira euskara erabiltzeko aukerak. Euskaldun berri bakoitza arnasa da lehendik euskararen jabe garenontzat.
Euskarari buruzko notiziak sarri askotan zenbakiei lotutako notiziak izaten dira: hainbeste hiztun, hainbeste ikasle, hainbeste erabiltzaile IKTetan edo etxean edo kalean… zenbakiak eta zenbakiak. Baina etengabe azpimarratzen ari gara, eta gaur ere azpimarratu nahi izan dugu, zenbakien atzean pertsonak daudela, zenbaki hotzen atzean buru-bihotzak daudela. Ikasle kopuruak gora egitea oso garrantzitsua da, noski; baina goraka egite horrek duen garrantziaz gain, kualitatiboki funtsezkoa da euskara ikasteak norberari ematen diona. Ez dut esango inoren bizitza goitik behera aldatuko duenik, halako kasuak ere izan dira baina. Hanka sartzeko beldurrik gabe esan dezaket, ordea, biztanle horren bizia osotu, edertu, aberastu egingo duela. Horixe da Miramar jauregian entzun ditugun lekukotasunen helburua, euskarak zer ekarri, erantsi, eskaini dien, eskaintzen dien.
Uda gozamen garaia da, plazeraren bila abiatzekoa, baita euskaraz dibertitzekoa ere. Herrietako jaiak… musika dantzagarria… lagun berriak… irratia piztu, begiak itxi eta irudimenaren bitartez nonahira ihes egin… Testuinguru honetan gozatzeko eta euskaraz egiteko gonbidapena errazago hedatzeko, Txantxangorriak kanta du orain. Bera bezain jostari, airos eta atsegina; alaia; lehenengo entzunaldi berean indiferente uzten ez zaituena, baizik eta aurpegira irrifarra eta gorputzera mugimendua ekartzen duen kantua.
Eskura duzue jada euskararentxantxangorria.eus helbidean. Edonork entzun dezake, edo deskargatu eta eraman. Denon artean gure udako txioa, mezua eta euskarari hegoak emango dizkiona izango da. Txantxangorriaren helburua hasieratik kalean leku berezia hartzea izan da, eta kantarekin hori areagotu nahi da. Jendeak ondo pasatzeko eta gozatzeko tresna bihurtzea. Hemendik aurrera leku askotan entzungo duzue, denon ahotan entzutea da ametsa. Garai bateko Sorotan Belen ibilitako Urbil Artola, Gorka Sarriegi eta Dani Venegas musikarien laguntza izan dugu, eta denon artean zoko guztietara heltzea nahiko genuke. Hala bedi.
Gaur goizeko ekitaldian Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiak euskaltegietatik udaro euskaraz ikasteko aukerari ematen ari zaion ukitu berritzailea nabarmendu du. Horretan bilakaera izan dugula azpimarratu du, gainera; «Eboluzioa eta… erreboluzioa. Eskaintza sortzaile, erakargarri eta berria etengabe planteatzen ari dela esango nuke, eta lan hori bereziki baliozkoa dela, garrantzizkoa baita hizkuntzara hurbiltzeko estrategiaren barruan. Mugitzen dena bizirik dago. Eta hegan egiten duenak mundua berea du», esan du Erkiziak. Udarako matrikulak euskaltegi eta barnetegietan zabalik daudela gogorarazi eta gero, hegoak euskarari denon artean eman behar dizkiogula iritzi dio. Eta hauxe gaineratu: “Egia da, euskara ikasteak kostu bat du. Baina egia da, baita ere, HABEren, Aldundien edota Udalen aldetik ikasleentzako zuzeneko diru laguntzak daudela. Gainera, aurten berritasun bat dugu. A1 edota A2 mailak eskuratzen dituen ikasleak diru laguntza izango du”.
Ekitaldia amaitu aurretik, HAKOBAren eta euskaltegien izenean, eskerrik asko eman nahi izan dizkiet denei. Eskerrak bereziki konstantziaren eredu diren ikasleoi. Argi dago: zerbait lortu nahi denean, bidean saiatzea ezinbestekoa da. Baina ziur gaude bide hori gozagarri gertatuko zaiela. Hori da gure proposamena, hori da Euskararen Txantxangorriaren gonbita: aurtengo udan, ikasi, mintzatu, euskara lau haizetara zabaldu, eta gozatu.
Euskara ikasleen izenean ordezkari apartak izan ditugu. Ekitaldiaren helburuekin bat arren, Dani Alvarez, kazetari eta aurkezleak, Radio Euskadiko Boulevard saio entzutetsuaren gidariak, ez du gurekin egoterik izan, baina bere programarako ‘pastillatxoa’ prestatu du eta bidali digu:
Kiroleko ordezkari apartak ere izan ditugu. Aurten Athleticeko neskek badute zer esana. Amaia Olabarrieta jokalariak, Espainiako Ligako txapelduna aurten, ekitaldian parte hartu du, eta hitz egin. Euskaldun zaharra da eta halere euskaltegian matrikulatzea erabaki du. Horren guztiaren berri eman digu: “Ni euskaldun zaharra naiz baina hainbeste urtez nire ikasketak gaztelaniaz burutu izanagatik idazteko ohitura pixka bat galdu nuen. Honegatik eman dut izena euskaltegian”. Eta futbolarekin segiz, Donostian geundela, Realera joan behar. Eta Realera joanda, bertako Leyre Fernández jokalaria izan dugu. Iruñan jaioa, eta euskaldun berria. “Nik euskara gutxi dakit. Ulertu bai, baina hitz egitea gehiago kostatzen zait. Euskaltegian izena eman dut euskarazko elkarrizketetan normal-normal sartzeko. Ni ikusten nautenean hizkuntzaz ez aldatzeko, alegia”, azpimarratu du.
Agerraldian parte hartu duten guztiek jarri dute euren alea. Gurutze Sarasolak (IKA sarearen ordezkariak) zera esan du: “Beti egin izan dugun bezala, ahalik eta erraztasun handienak eman nahi dizkiogu euskaraz ikasi nahi duen horri, bere nahi hori bete dezan. Familia barnetegiak izango ditugu eta oinez edo bizikletaz euskara ikasteko aukera ere egongo da”. Mari Paz Martinek (Udal Euskaltegien sarearen ordezkariak), aldiz, honakoa adierazi du: “Euskaltegietan lan egiten dugunok ez daukagu dudarik euskara ikastea eta gozamena elkarri lotuta daudela”.
Patxi Agirregomezkortak, (Batuz sarearen ordezkariak), “leku ez euskaldunetan, edota euskaldun gutxiago dauden eremuetan, euskara erabiltzeko espazioak bilatu behar» ditugula esan digu agerraldian egon garenoi, eta Isa Isazelaiak (Elkarlan sarearen ordezkariak), honako hitzak utzi dizkigu: “Euskara ikasteak ate asko irekitzen ditu. Gure herria hobeki ezagutzeko aukera ematen digu. Uda oso garai polita da euskara ikasten hasteko”. Jon Urdangarin (Barnetegi sarearen ordezkaria) bat etorri da: “Udan euskara ikasteko ikastaroak oso ongi etorriko zaizkizu!”
Mertxe Mujikak (AEK-ren zuzendariak) zera adierazi du: “Txantxangorriarekin bat egiten dugu arrazoi sinple batengatik: euskararen erabilerarekin lotuta dagoen edozein asmok euskaltegien babesa izan behar duelako. Gaur goizean behin eta berriro esan dugun bezala, guztion arteko elkarlana da euskarak behar duena. Hori da garrantzitsuena”.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaoren hitzetan, “Ligak edota txapelketak irabazteko elkarlana ezinbestekoa da eta hori da hemen erakusten gaudena: denon arteko elkarlana. Hemen, liga garrantzitsu bat daukagu irabazteko: euskararen liga, elebitasunaren liga edota hizkuntzen bizikidetzaren liga, hain zuzen ere”. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizarrentzat, ostera, “depresioaren kontrako antidotorik hoberena ilusioa da eta ilusioa pizteko daukagun tresnarik garrantzitsuena elkarrekin jardutea da”.