Euskararen erabilera bultzatzeko hitzarmena hamar merkataritza-enpresa handirekin

Aurreko ostiralean, urtarrilaren 29an, euskararen erabilera bultzatzeko hitzarmena sinatu genuen merkataritza alorreko 10 enpresa handirekin. Establezimendu ugari dituzte denek Euskadin, eta traktoreak dira merkataritzaren sektorean. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eta biok honako hauek izan genituen mahaikide eta lagun ekitaldi horretan: José Luis Veiga Corral (Iparraldeko zuzendaria), Carrefour, SA-ren ordezkari modura; Enrique Casado Montalbán (Bilboko zuzendaria), El Corte Inglés, SA-ren ordezkari modura; Mikel Larrea Azpeitia (Idazkari nagusia), Eroski SCoop.-en ordezkaria; Sergi Roqueta Cruz (Iparraldeko zuzendaria), Fnac, SA-ren ordezkaria; Diego Llorente Gómez, Forum Sport-en ordezkaria; Antonio Abril Abadín (Idazkari nagusia eta Kontseiluko kidea), Inditex, SA-ren ordezkari gisa;  Juan Luis Azpiazu Arnal, Barakaldo, Bilbo, Donostia eta Gasteizko MediaMarkt dendetako ordezkaria; Patricia Cortizas Sánchez (Euskadi, Nafarroa eta Errioxako Kanpo Harremanetarako lurralde zuzendaria), Mercadona, SA-ren izenean;  Jesús Marcos Espinosa (Erakunde Harremanetarako zuzendaria), Simply-ren izenean (Supermercados Sabeco, SA); eta Ángel Jareño Goikoetxea (Zuzendariorde orokorra), Uvesco, SA-ren ordezkari gisa.

Zinez eskertzekoa da horiek guztiek ordezkatzen dituzten enpresek hitzarmen hau adosteko prozesuan erakutsi duten lankidetzarako jarrera, denon ahaleginari eta adostasun gogoari esker iritsi baikara Eusko Jaurlaritzaren eta aipatutako 10 merkataritza-enpresen arteko Lankidetza Hitzarmena sinatzera.

Gure gaurko munduaren eta bizimoduaren bihotzean dago merkataritza. Kontsumitzaile gara den-denok. Giza harremanen zati handi bat ere, inguru horretan gauzatzen da. Eta kontsumoaren osagarri ezinbestekoa da hizkuntza. Horregatik da funtsezkoa, hain zuzen ere, merkataritzaren sektorea euskararen erabilerari begira. Eta horregatik da urrats inportantea sinatu berri dugun hitzarmena: aurrerapausoa euskararen erabilera areagotzeko bidean, aurrerapausoa merkataritza-enpresa hauen milaka bezeroen hizkuntza eskubideen mesedean, eta aurrerapausoa merkataritza-enpresek ematen duten zerbitzuaren mesedean. Hitzarmenarekin denak dira, denok gara, irabazle: irabazle da euskara,  irabazle dira herritarrak, eta irabazle dira merkatal entitateak. Bereziki alaia izan zen, gainera, gure artean hegan izan genuen Euskararen Txantxangorriaren kantua.

Oso pozik agertu ginen ekitaldi honetan, konbentziturik baikaude ekitaldi inportantea izan dela, eta aurrerapauso garrantzizkoa, sinatu dugun hitzarmena. Ekitaldi honen eta hitzarmenaren bidez oso mezu indartsuak helarazi dizkiogu euskal gizarteari. Lehen lehenik, irudia bera/argazkia bera da mezua. Mezua baita hamar merkataritza-enpresa elkarrekin eta bat eginda azaltzea, zertarako eta bakoitzak bere merkatal guneetan euskararen erabilera sustatzeko. Lehian aritzea eta aldi berean helburu komun eta positibo baten alde kolaboratzea posible dela erakusten duen irudia da hau. Euskara denona dela eta hain zuzen ere horrexegatik denona dela euskara sustatzeko ardura agerian jartzen duen irudia da bertako argazkia.

Beste mezu bat da, gizartea eraikitzeko hain beharrezkoa den ‘publiko-pribatu lankidetza’. Hamar merkataritza-enpresa eta Eusko Jaurlaritza elkarrekin, bat eginda, elkarlanean euskararen erabilera sustatzeko. Hitzarmen hau horixe da: elkarlana, publiko-pribatuaren arteko elkarlana.

Beste mezu bat da, konpromisoaren mezua. Hitzarmen hau horixe ere bada: konpromisoa. Hitzarmen honek erakusten du, merkataritzako enpresa hauek eta Eusko Jaurlaritzak ulertzen dugula euskararen erabilera ahalbidetzeko eta sustatzeko denok garela protagonista, bakoitza bere ahalbideen eta helburuen arabera, bakoitza bere erritmoan, pixkanaka-pixkanaka, pausoz pauso, baina aurrera etengabe.

«Punta-puntako merkataritza enpresentzat berezoen hizkuntza eskubideak ez dira bigarren mailakoak, eta euskara ez da bigarren mailako hizkuntza»

Beste mezu bat da, punta-puntako merkataritza enpresentzat beren bezeroen hizkuntza eskubideak ez direla bigarren mailako eskubideak, eta euskara ez dela bigarren mailako hizkuntza, baizik eta lehen mailakoak direla euskara eta hizkuntza eskubideak ere. Hizkuntza eskubideak eta euskara inportanteak dira merkataritzako enpresentzat ere.

Beste mezu bat da, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz, zerbitzu hobea eskaintzen dela merkataritzan ere… Izan ere, euskal gizartea, euskal merkatua, gero eta elebidunagoa baita, zorionez. Horrexegatik, zerbitzuak euskaraz ere eskaintzea abantaila konpetitibo bat da edozein zerbitzu enpresarentzat, baita merkataritzakoentzat ere. Euskara ez da arazo, ez da oztopo, ez da traba merkataritza enpresentzat, baizik eta abantaila bat da, faktore lagungarri eta guztiz mesedegarria zerbitzua hobetzeko. Bezeroek merkataritza-enpresarekiko konfiantza eta hurbiltasuna sentitzea oso garrantzitsua da, eta hizkuntzak, euskara izan edo gaztelania izan, lagundu egiten du horretan.

Orain galdera da, zertan eragin nahi dugu hitzarmen honen bidez? Zein da sinatzaileen lankidetzaz hobetu nahi dugun errealitatea?

Bi hizkuntza ditugu ofizialak, euskara eta gaztelania. Biak dira hemengo hizkuntzak, eta herritarraren eskubidea da bata nahiz bestea erabiltzea. Kontsumoaren arloan, hizkuntza kontuari dagokionez, bi arau nagusi ditugu: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legea, 2003koa, eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko 2008ko dekretua.

Eusko Jaurlaritzak, 2014an, ikerketa bat egin zuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko 2008ko Dekretuaren betetze maila ezagutzeko asmoz. Ikerketa horren bidez jakin genituen datu ugarien artean, merkataritzaren alorrekoak ere jasotzen ziren. Oso laburrean azalduta, honako argazki hau atera zen, merkataritzaren alor horretan:

  1. Merkataritzaren alorreko establezimenduen batez besteko betetze maila, %6,3 da (dekretua beti edo ia beti betetzen dutenen kopurua da hori; horrek ez du esan nahi gainontzekoek ezertxo ere ez dutenik betetzen). Hala ere, alde handia dago, sektorearen barruan, bai lurraldearen arabera (ez baita egoera soziolinguistiko bera Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta horrek ere zerikusia du, normala denez), eta baita ere establezimenduen motaren arabera. Izan ere, merkataritza kate handiek dute betetze indize altuena (%35ek betetzen du beti edo ia beti dekretua), eta hipermerkatu eta supermerkatuek, berriz, apalena.
  2. Ahozko komunikazioari dagokionez, ahozko harreman presentzialetan dekretua beti edo ia beti betetzen duten establezimenduak %37 dira, eta gutxixeago, %33, telefono bidezko harremanetan betetzen dutenak. Megafonia bidezko komunikazioan, berriz, %59 dira dekretua beti edo ia beti betetzen duten establezimenduak.
  3. Idatzizko komunikazioari dagokionez, betetze maila baxuena entitateen web orriei dagokie (%35), eta altuena, berriz, inprimaki, seinale eta informazio finkoari (%75 bueltan).
  4. Bezeroaren arreta zerbitzuari dagokionez, telefono bidezko arreta zerbitzuan, dekretua beti edo ia beti betetzen duten establezimenduak %58 dira, eta antzeko tasa da idatzizko arreta zerbitzuari dagokiona (%57). Arreta zerbitzu presentzialean, berriz, apalagoa da tasa hori (%39).
  5. Tasa hauek guztiak altuenak Gipuzkoan dira, hurrena Bizkaian eta hirugarrenik Araban.

Datu horiek agerian jartzen diguten hobekuntza tartea txikiagotzeko asmoz adostu dugu Eusko Jaurlaritzak eta aipatutako merkataritza-enpresek lankidetzaren bidea elkarrekin jorratzea. Eta hitzarmen hori da, hain zuzen ere, elkarren arteko lankidetza gidatuko duen akordioa. Konbentziturik gaude hau dela bidea: adostasunean eta elkarrekiko leialtasunean oinarritutako lankidetzaren bidea. Benetan sinesten dugulako akordioak, konpromisoak, lankidetzak eta pertsuasioa erabat onuragarri direla euskararen sustapenerako.

Enpresa guztiek bilatzen dute, baita merkataritza-enpresek ere, jakina, zerbitzua hobetzea, bezeroa eroso sentitzea; denek nahi dute konfiantza sortu, tratu hurbila eskaini, eta, nola ez, denek izan nahi dute lehiakorragoak. Eta, horretarako, makulu sendoa da bezeroaren hizkuntzari tokia egitea. Lehen aipatutako ikerketa horretan, Kontsumitzaileen Hizkuntza Eskubideen Dekretua betetzea dagokien merkataritza enpresen % 67,5ek adierazi zuen euskara abantaila dela beren jarduera komertzialerako.

Eta lankidetza hitzarmen hau, hain zuzen ere, bide horretan elkarrekin aurrera egiteko pentsatuta dago: herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzeko, eta indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzeko, sinatzaile bakoitzari dagokion eremuan. Eta hitzarmen honekin batera, beste ekimen bat etorriko da, lankidetzaren lehen emaitza izango baita: Eusko Jaurlaritzak liburuxka bat argitaratu du, kontsumitzaile eta erabiltzaileei hizkuntza eskubideen inguruko oinarrizko informazioa eskaintzeko. Liburuxka hori, hitzarmen hau sinatzen duten merkataritza-enpresei eskaini die Eusko Jaurlaritzak, bezeroen esku jar dezaten. Eta hala nahi duten merkataritza-enpresek, gainera, beren logoa erantsi ahal izango dute azalean.

Carrefour, El Corte Inglés, Eroski, Fnac, Forum Sport, Inditex, MediaMarkt, Mercadona, Simply eta Uvesco-ko ordezkariak, Cristina Uriarte sailburuarekin eta nirekin, hitzarmenaren sinatze ekitaldian.

Euskararen erabilera bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta hamar merkataritza-enpresa handiren arteko hitzarmena sinatzeko ekitaldiaren irudia.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.