Euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten egunerokotasunean bizi, lan eta amets egiten dugunok, guztiz era naturalean berritzen ditugu, egunero, Miltxelena handiak “euskararen bide luze bezain malkarrez” esandako hitz ahantzezin haiek: “Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia”.
Galde diezaiogun geure buruari, bada, zer esan nahi duen gaur Errenteriako maisuak duela hogeita hamar urte plazaraturiko ideia horrek, egokiera ezin hobea baita horretarako gaur abiatzen diren jardunaldi hauen atalasea.
Zer esan nahi du gaur, beraz, euskarak hizkuntzen artean bere tokia aurkitzeak? Ba al da euskararentzat toki berezirik, globalizazioaren aroan? Eta, halakorik balego, bere kultur inguruneko hizkuntzen parekoa beharko luke toki horrek?
Dakizuenez, Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Aholku Batzordearen markoan, “XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak” izeneko gogoeta prozesua abiarazi zuen aurtengo lehen hilabeteetan, eta arestian eginiko galdera horiek, besteak beste, maiz-maiz agertzen ari zaizkigu aipatu gogoetan, bai adituen ekarpenetan, baita eztabaidan parte hartzen ari diren herritar ugarienetan ere. Eta gehienetan, beti ez esatearren, komunikazioaren eta informazioaren estrategia berritzaileekin uztartzen da euskarak hizkuntzen kontzertuan jo behar duen melodia.
Are zehatzago esate aldera, informazio eta komunikazioaren teknologien garapenarekin lotzen dugu, hein handi batean, euskarak hizkuntzen artean aurkitu beharreko tokia. Baina argi izan dezagun, honetaz ari garela, garrantzia bereziko zerbait: alegia, kontua ez da, soil-soilik, euskararen presentzia bermatzea teknologia horien garapenean. Ez. Hori ezinbestekoa bada ere, badugu, alor horretan, zeregin emankorragorik: teknologia horiek erabili behar ditugu, hain zuzen ere, euskarazko ekoizpena zirkuitu globalizatuetan txertatzeko. Eta horretarako, naturaltasun osoz mugitu behar gara, eta mugitu behar da euskara bera ere, eleaniztasunaren logika eta dinamiketan.
Hori da, nire ustez, etorkizunera urrats benetan irmoz eramango gaituen paradigma berria. Eta ez, soilik, horrela bermatuko dugulako euskararen etengabeko biziberritzea, baizik eta horrela jokatuta beste dimentsio bat emango diegulako euskarari, euskal kulturgintzari eta, azken finean, euskarak ere bizi duen gizarte honi: mundu zabaleko —eta bereziki Europako— kultur eta ekonomia zirkuituetan balio erantsia dakarren hizkuntza, kultura eta gizarte bati dagokion proiekzioa. Horra gure tokia. Horra Mitxelenaren nahiari gaur-gaurko erantzuna. Horra euskal instituzioen eta gizartearen eginahal bateraturako iparrorratza.
Paradigmaren berrikuntza aipatu dut, eta berrikuntza da, hain zuzen ere, euskararen eta harekin loturiko indar sortzaile zein ekonomikoen makulu sendoena, diseinatzen ari garen prozesuan arrakastaz aurrera egiteko. Baina berrikuntzaren haziak lur egokia behar du, loratuko bada. Eta eleaniztasunarekiko konpromiso eragingarria da lur egoki horren osagai funtsezkoena. Gure gizarteak, aipatu berri dudan gogoeta prozesuan garbi agertzen ari den bezala, balio aberasgarritzat du hizkuntz aniztasuna, eta printzipio horretan oinarrituriko hizkuntza politika nahi du. Hizkuntzak eta hiztunak, alboratu beharrean, harmonizatu egingo dituen hizkuntza politika demokratikoa. Gaur-gaurko gizartearen ezaugarri nagusiak —globalizazioa barne— aukeratzat onartuko dituen hizkuntza politika modernoa.
Norabide horretan, Europako Batzordeak, Europako Batasunaren erakunde politiko gorenei aurtengo irailean luzatu dien adierazpenean, honela definitu du eleaniztasuna: Europarentzat onura eta partekaturiko konpromisoa. Adierazpen horretan, era berean, Europako Batzordeak eginkizun guztiz zehatza eman die informazio eta komunikazioaren teknologiei: hizkuntz aniztasuna kontuan izanik, eduki eleanitzen sorkuntza sustatzea. Izan ere, helburu hori babesten duen i2010 Egitasmoak, euskararentzat eta euskal gizarte osoarentzat —eta, bide batez esanda, euskara edota euskarazko sorkuntza langaitzat duten industria eragileentzat— zeharo baliagarria den jomuga ezartzen du: informazioaren espazio europar bakarra sortzea, informazio eta komunikazioan oinarrituriko zerbitzuetara sarbide homogeneoa bermatuko duena, eta eduki aberats eleanitza garatzeko baldintzak hobetuko dituena.
Galdu ezinezko aukera, beraz, euskara bezalako hizkuntza oraingoz gutxitu batentzat. Galdu ezinezkoa den bezala 2008 honetan Euskadin gertatu den halabehar akaso ez hain halabeharrezkoak eskaintzen digun lotura: Berrikuntzaren Urtea eta Hizkuntzen Nazioarteko Urtea ospatzen ari gara aldi berean, gure garaiaren gune-gunean dauden bi kontzeptuen arteko sinergia erarik argienean irudikatu nahi izan bagenu bezala.
Gaur abiatzen diren lan jardun hauek, ziur naiz, laguntza ezin hobea izango dira bi ospakizun horien mamian dauden balioak modu eraginkorrean uztartzen.
Mila esker.