Euskara eta europako eremu urriko hizkuntzen agiria

Euskadiko herri aginteek ELEBIDE sortu izana nabarmentzen du Europako Kontseiluak, eta “Ertzaintzan eta Osakidetzan euskararen normalkuntza sustatzen jarraitzera” animatzen ditu.

Ohartarazten du defizit nabariak daudela Justizia Administrazioan eta Estatuaren Administrazioan oro har.

 Duela gutxi ezagutzera eman da Eskualdeko Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta Espainiako estatuan zenbateraino betetzen den egiaztatzeko bigarren ebaluazioaldiaren txostena. Hizkuntzen Karta Europako Kontseiluko kide den herrialde bakoitzak zein neurritan betetzen duen ebaluatzeko kontrol-sistema bat da txosten hau; horrela, estatu bakoitzaren egoera zehatzari buruzko diagnostikoa egiten du Europako Kontseiluak, eta, beharrezkoa ikusten badu, gomendioak ematen dizkie estatuei, hizkuntzari buruzko legerian, politiketan eta jardueretan hobekuntzak egin ditzaten.

 Eskualdeko Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta 1992ko azaroaren 5ean onartu eta 2001eko apirilaren 9an berretsi zuen Espainiako Gobernuak. Hortaz, urte horretako abuztuaren 1ean sartu zen indarrean Hizkuntzen Karta Espainiako estatuan.  Espainiaren kasuan, Kartaren edukiak bete daitezen ardura, praktikan eta neurri handi batean,  autonomia-erkidegoek hartzen duten arren, txostena egin duten Adituen Batzordeak gogorarazten du Espainiako Gobernua dela, finean, karta bete dadin erantzukizun orokorra duena.

 Orain jakitera eman den ebaluazio-txosten hau oinarritua dago Adituen Batzordeak Espainiari buruzko bigarren ebaluzioaldian zehar bildutako informazioan eta, halaber, 2007ko irailaren 10etik 14ra bitartean egindako bisitan, adituok gazteleraz besteko hizkuntza propioak dituzten lurraldeetako gobernu autonomoekin, hizkuntza horietako gizarte-eragileekin eta espainiar agintariekin izandako elkarrizketetan jasotakoan.

 Txostenean, Adituen Batzordeak Kataluniako, Galiziako eta Euskadiko autonomia-erkidegoak goraipatzen ditu, beren hizkuntza propioak biziberritzeko eta normalizatzeko abian dituzten politika egituratuengatik. Adituen Batzordeak, era berean, goraipatzen du autonomia-erkidego horiek hizkuntza-politikaren esparruan esperientziak elkarrekin trukatzeko hiru urteko lankidetza-hitzarmena sinatu izana. Izan ere, hitzarmen horrek Kartaren edukiak eta Ministroen Batzordearen gomendioak jasotzen ditu eta, horrenbestez, Autonomia-Erkidegook Hizkuntzen Karta zintzoki betetzeko dugun konpromiso irmoa adierazten du.

 Europako Kontseiluak honakoa adierazi du: “Euskadiko herri aginteek konpromiso irmoa erakutsi dute euskararen garapena bultzatzeko,  hartutako neurri eta politika zehatzen bidez eta, bereziki, abian jarri berri duten ELEBIDE zerbitzuaren bidez”.

 Euskarak Euskal Autonomia Erkidegoan duen egoerari buruzko atalean, azpimarratzen dute, lehenbizi, “Hizkuntza politika aurrera begira. 2005-2009 legealdirako egitasmoa” dokumentuan jasotako neurriak garatu izana. Halaber, Eusko Jaurlaritza goraipatu egiten dute ELEBIDE zerbitzua sortu duelako, herritarren hizkuntza-eskubideak betetzen diren zaintzeko helburuz sortua baita, hain zuzen ere. Beraz, ezinbestez, gogorarazi behar da ELEBIDE sortu izana bere garaian era negatiboan baloratu zutela Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek euskararen alde egiten duten guztia gutxiegizkotzat jo ohi dutenek, bai eta euskararen alde egiten den oro beti gehiegizkotzat jotzen dutenek ere. Lehenbizikoentzat, hizkuntza-eskubideak bete daitezen zaintzea ez dagokio ELEBIDE bezalako titularitate publikoko zerbitzu bati. Bigarrengoen aburuz, berriz, ELEBIDErekin esparru pribatuan sartzeko eta gaztelerari eraso egiteko arriskua legoke. Europako Kontseiluarentzat, alabaina, neurri oso positiboa da eta berariaz goraipatu ditu horregatik euskal herri aginteak.

 Txostenean, gainera, euskal erakundeek gomendio eta konpromiso asko bete izana aitortzen du. Ez ditugu guztiak aipatuko. Aitortza eta goraipamen ugariren ondoan, hainbat kezka ere jasotzen ditu txostenak.

 Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeei dagokienez, OSAKIDETZAri eta ERTZAINTZAri dagokienez jasotako kexuek kezkatu egin ditu Adituen Batzordeko kideak, “erakundeotako pertsonalak ez duelako euskararen behar besteko ezagupena”. Lehenbizikoaren kasuan, aditzera ematen dute gaixoek “zailtasunak” dituztela euskaraz “atendituak eta tratatuak izateko”. OSAKIDETZAren kontratazio-sisteman ez zen euskara beharkizun gisa jasotzen 2006 arte. Urte hartan, ordea, euskara beharkizuna izan zen eskaintza publikora ateratako 3.000 posturen %20tan. Adituen Batzordeak azaldu du ulertzen dituela osasun zerbitzuetan atentzio elebiduna eskaintzeko “euskal agintariek dituzten zailtasun praktikoak”, erantsi du “goraipatzen dituela egindako ahaleginak eta bere ustez hobetu egin behar dela egungo egoera” eta, azkenik, “bide horretan jarraitzera animatzen ditu”.

 Kasu honetan ere bi ondorio atera ditzakegu, maizegi entzuten ditugun muturreko balorazioetatik urrun:

 1. Hobetzeko ahaleginak egiten ari dira eta gauzak hobetzen ari dira. Beraz, ez dago gehiegikeriarik ez utzikeriarik.

2. Hobetu beharra dago: atentzio elebiduna lortzear dagoen helburua da oraindik ere, eta neurri eraginkorrak hartzen segitu behar da horretara iristeko. Horregatik, hain zuzen, zerbitzu elebiduna eskaintzeko edozein neurri sistematikoki gaitzesten dutenen jarrerak ez du defizit hori konpontzen laguntzen. Euskadiko osasun zerbitzuak elebitasun-esparrutik kanpo kokatu nahi dituzte batzuek. Europako Kontseiluaren gomendioak aintzat hartzeko, jarrera positiboak eduki behar dira, proposamen eraikitzaileak egin behar dira, gaitzespen-jarrerak alboratu behar dira.

 Beste esparru batean, Europako Kontseiluak euskal erakundeei gogorarazten die arlo jakin batzuetako legeria garatu beharra, eta horretara animatzen ditu. Zehazki, Europako Kontseiluak aipatzen du “dekretuak” onartu behar lituzketela lege-arau batzuk garatzeko, adibidez Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 6/2003 Legea garatzeko. Honelaxe dio: “Adituen Batzordeak euskal agintariak animatzen ditu dagoen legea aplikatzeko behar den dekretua onar dezaten”.

 Europako Kontseiluak egindako aipamen hori bete egin du Eusko Jaurlaritzak 123/2008 dekretua onartuta, kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideei buruzkoa hain zuzen. Baina dekretu honek ere kritika gogorrak jaso ditu dena gehiegi iruditzen zaienen aldetik. Europako Kontseiluak positibotzat eta beharrezkotzat jotzen duena ere inposizioa eta baztertu beharrekoa iruditzen zaie gure arteko batzuei; beste batzuei, berriz, guztiz  motza eta ez nahikoa iruditzen zaie. Bitxia benetan. Ona litzateke guztiok ere gehixeago barneratuko bagenu Europako Kontseiluaren balorazioetan ageri den printzipio bat: progresibotasunaren, hobekuntza etengabearen, aurrerapen iraunkorraren printzipioa, alegia.

 Hezkuntzaren alorrean, aurreko txostenak iradokitzen zuen D ereduaren eskaintza Euskal Autonomia Erkidego osoan eta hiru heziketa mailetan bermatzera, eta hori bera gero gomendio bihurtu zuen Ministroen Kontseiluak. Oraingoan, Adituen Batzordeak ontzat ematen ditu egin diren aurrerapenak, konpromisoak betetzen ari direlakoan, eta “nabarmentzen du euskarazko irakaskuntza hazten ari dela”. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak eman dituen pausuak aitortu arren, Adituen Batzordeak dio “oraindik badela zer hobetua irakaskuntza teknikoan eta profesionalean”.

 Bestalde, Adituen Batzordeak azpimarratzen du euskarazko komunikabideentzako diru-laguntzetan izandako gehikuntza garrantzitsua. Gogorarazi behar da aurreko txostenean euskarazko komunikabideei buruz egindako gomendio bakarra izan zela komunikabide elektroniko pribatuetan euskararen presentzia sustatu beharrarena. Ildo honetan, 2005-2008 urtealdian %119 gehitu dira Eusko Jaurlaritzak komunikabide elektronikoetarako xedatzen dituen laguntza ekonomikoak, deialdietarako aurkeztutako proiektuen kopuruak ia bere horretan iraun duen arren: 2005ean 26 proiektu aurkeztu ziren, eta 2008an 25.

 Bide beretik, aurreko txostenean Adituen Batzordeak honako gomendio hauek egiten zituen besteak beste:

 1. Hizkuntza bera duten lurraldeen artean mugaz gaindiko lankidetza sustatzea (euskararen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Iparraldearen arteko lankidetza, alegia).

2. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren artean “elkarlan estua” lantzea hizkuntzaren gaietan, berariaz komunikabideen eta hezkuntzaren alorretan.

 Testuinguru honetan, Europako Kontseiluak poza adierazi du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremanetan, hizkuntza ardatz hartuta,  izan den “aldaketa historikoarengatik”.  Lehen inkomunikazioa zegoen lekuan orain emari handiko informazio trukea dago. Harreman honetan sakondu ahal izatea espero dugu, euskararen garapen egokirako ezinbestekoa baita elkarlanean aritzea, autonomia-erkidego bakoitzari dagokion erabaki-esparrua zeharo errespetatuz beti ere.

 Alde horretatik, Europako Kontseiluak positiboki baloratzen du Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren (Office Public de la Langue Basque) arteko lankidetza-hitzarmena, bai eta Iparraldean euskararen sustapenaren alde lanean ari diren erakunde pribatuentzat Eusko Jaurlaritzak duen laguntza-programa. Hitzarmenak, laguntza horien kudeaketaz gainera, bere baitan hartzen du, baita ere, helduen euskalduntzean, toponimian, terminologian eta ikerketa soziolinguistikoan elkarlana bultzatzea.

 Euskadiko erakundeei dagozkien oharrak amaitzeko, azpimarratzekoa da, aurreko txostenetan ez bezala, Ministroen Kontseiluak egindako sei gomendioetatik bate ere ez dagokiela euskal herri aginteei. Eusko Jaurlaritzaren aburuz, horrek ez du esan nahi dena egina dagoenik edo besoak gurutzaturik geratu behar dugunik. Ezta gutxiagorik ere. Aitzitik, horrek motibatu egiten gaitu ildo berean lanean jarraitzera, baina, hori bai, ahalik eta inplikazio eta adostasun zabalenak bilatuz.

 Defiziten artean, duten garrantziarengatik aipatzekoak dira estatuko administrazioari buruzko balorazioak, bereziki justiziari eta titularitate estataleko komunikabideei buruzkoak. Europako Kontseiluaren dokumentuak aipatzen du euskal herritarrek auzitegi eta epaitegietatik jakinarazpenak eta agiriak gazteleraz jasotzen dituztela, eta prozedurak euskaraz egiteko eskaria egiten dutenean horiek atzeratu edo eten egin ohi direla, behar beste interpreterik ez dagoelako. Honi dagokionez, adituek gogorarazten diote Espainiako Gobernuari prozedurak euskaraz egin behar direla parte batek hala eskatzen baldin badu.  Euskaraz dakiten epaile urri dagoenez, txostenak dio “horren emaitza praktikoa ez datorrela bat Hizkuntzen Kartak ezarritako obligazioekin”.

 Horregatik, Batzordeak Estatuari gomendatzen dio marko juridikoa aldatzea, garbi gera dadin Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza judizial penal, zibil eta administratiboek prozedura penalak euskaraz eramango dituztela parte batek hala eskatzen duenean. Halaber, eskatzen dio neurri egokiak har ditzan Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen justizia-administrazioko pertsonalean, “maila guztietan baina bereziki epaile eta fiskalen artean”, euskara “epaitegiko lan-hizkuntza” gisa erabiltzeko gai direnen kopurua handitzeko. Hala ere, gogoratzen du justiziaren esparrua dela Europako Kartan jasotako konpromisoak betetzeko eragozpen handienak dituenetako bat, “arazo estruktural bat duelako”. Kontuan hartu beharra dago euskal erakundeek oso aukera mugatua dutela epaile eta fiskalen esparruan jarduteko: euskara sustatzeko neurrietara mugatzen dira (izatez, hainbat sustapen-neurri jarriak ditu abian Eusko Jaurlaritzak esparru horretan). Euskal erakundeek ez dute eskumenik botere judizialaren esparruan: Espainiako botere judizialaren organoak dira hizkuntzari buruzko legeria esparru honetan bete dadin neurriak har ditzaketenak –eta, beraz, hartu beharko lituzketenak–.

 Adituen Batzordearen iritziz, Euskadin lan egiten duten Estatuko funtzionarioen artean behar den euskara maila dutenen portzentajea “oso apala da”: %16. Zeharo bestelakoa da euskal administrazioan daudenen portzentajea: %44. Egoera hori zuzentzearen alde egiten dute. Baita, bide beretik, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden Estatuaren bulegoetan inprimaki elebidunen kopurua handitzearen alde ere.

 Batzordeak espainiar agintariei eskatzen die, halaber, Estatuaren Administrazio Publikoan ezarrita dagoen karrera eta formazio egitura aztertzeko, Euskadin kokaturik dauden Estatuaren bulego administratiboetan lan egiten duen pertsonalean euskara lan-hizkuntza gisa erabil dezakeen langile portzentaje egokia bermatzearren.

  Ikuspegi orokorrago batetik, Adituen Batzordeak kexuak jaso ditu eta egiaztatu ahal izan du estatuaren komunikabideen egoerak ez duela islatzen Estatuaren izaera eleaniztuna, ezta bi hizkuntza ofizial hitz egiten diren lurraldeetan ere. Gainera, aipatzen du liskar linguistikoak agertu ohi direla komun-bideetan edota agintari publikoen adierazpenetan, hizkuntza-komunitateen artean gatazka-giroa eta tentsioak sortuz. Horregatik, esparru honetako jokaera alda dezaten eskatzen die Batzordeak espainiar agintariei.

 Ildo beretik, espainiar agintariei eskatzen zaie eskualdeko hizkuntzei edo hizkuntza gutxituei buruzko sentiberatasuna eta abegi ona susta dezaten estatu osoan. Orobat, komunikabide idatzietan, irratietan eta telebistetan hizkuntza-aberastasuna zabal dezaten eskatzen zaie, Estatuaren izaera eleaniztuna islatzeko eta estatuaren lurraldean hitz egiten diren hizkuntza guztienganako errespetua eta tolerantzia sustatzeko.

 Txostenak adierazten du Espainian oraindik ere beharrezkoa dela biztanleriak, oro har, barneratu dezan eleaniztasunaren kultur balioa; izan ere, bi hizkuntza ofizial ez dituzten autonomia-erkidegoetan bizi den biztanleria elebakar gazteleradunak “badirudi eleaniztasuna gainditu beharreko arazotzat hartzen duela, ez sustatu beharreko kultur ondaretzat”.

 Azken batean, beraz, Europako Kontseiluaren Adituen Batzordearen txostenak dioen moduan, estatuak neurri egokiak hartu behar ditu gazteleraz besteko hizkuntza ofizialak ere erabil ahal izan daitezen bere instituzioetan, justizia administrazioan, sozietate estataletan eta zerbitzu publikoen enpresetan –Correos eta Renfe, kasu- eta estatuaren edo edozein ente publikoren mendeko komunikabideetan. Gaur Europako Kontseiluak eskatzen duen hau ez da, ez noski, errebindikazio nazionalista bat: Konstituzioaren agindu bat da, behin baino gehiagotan esan izan dugun legez. Estatua titular den komunikabideen (RTVE) hizkuntza-jarrerak Konstituzioa urratzen du, izan ere ez du euskara aintzat hartzen, nahiz eta Konstituzioak berariaz ezartzen dion “Espainiako hizkuntzak” kontuan hartzeko obligazioa. Ulergaitza, benetan, Konstituzioak dagoeneko 30 urte egin dituenean.

 Espainiako estatuko gizartea eleaniztuna da, baina erakunde zentralek herrialde elebakarra balitz bezala jokatzen dute. Eleaniztasuna oraindik konpondu gabeko kontua da Espainiako estatuan. Eleaniztasunaren gaia Estatuaren politikan itsatsi behar litzateke, benetan estatu eleaniztuna izan nahi badugu. Lehenago ere esan izan dugu gustatuko litzaigukeela, eleaniztasunari dagokionez, Espainiako estatua sinestuna ez ezik praktikatzailea izatea. Bada, ez dakigu oraindik ez ote dugun eskatu behar eleaniztasunean sinestea behinik. Izan ere, zer pentsatu behar dugu, bada, beste hizkuntzak ahazten dituzten edo aintzat hartzen ez dituzten hainbeste instituzio dituen estatu batez? Adibidez, gaur egun posible da Europako Parlamentuaren aurrean euskaraz jardutea, baina ez Espainiako Diputatuen Kongresuan, justizia edo estatuaren mendeko komunikabideen egoera ez aipatzearren!

 Egon daitezela lasai hizkuntza komuna gainerako hizkuntzekin aurrez aurre ikusten dutenak. Kontua ez da gaztelera baztertzea. Kontua da  batzea, beste hizkuntzei ere lekua egitea. Ez dugu planteatzen Extremadurako edo Andaluziako gazte batek euskara, katalana edo galegoa gaztelera bezalaxe jakitea. Baina bai Extremadurako, Andaluzia, Galizia edo Kataluniako gazte batentzat euskara eta euskaraz sortutako kultura ez izatea Esloveniako gazte batentzat bezain urruneko eta ezezagun. Horregatik, hain zuzen ere, Espainiako estatuko hezkuntza sistemak ez lioke bizkar eman behar gizartearen egoera eleaniztunari. Elkarri bizkar emanda bizitzea da elkarbizitzaren etsairik handiena.

 Horregatik uste dugu gaztelera ez diren gainerako hizkuntzek ezin dutela jarraitu estatuaren erakundeetan presente egon gabe. Europako Kontseiluak egoki proposatzen duen bezala, nahi dugu estatuaren erakundeek eleaniztasun erreal eta eraginkorraren aldeko pedagogia soziala estatu osoan egitea; nahi dugu estatu osoko herritargoak hizkuntza-aniztasuna ezagutu, errespetatu eta estima dezan bultzatzea; nahi dugu, Adituen batzordeak dioen moduan, estatuko hizkuntza guztien aldeko sentiberatasuna eta abegi ona zabaltzea. Estatuari bakarrik eskatzen diogu benetan sinets dezala hizkuntza-aniztasunaren balore positiboetan; eta praktika dezala Espainiak eta Europak beren berezkoa duten hizkuntza-aniztasuna.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.