Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta Euskararen Aholku Batzordeko ‘Euskara 21’ batzorde bereziaren presidente modura agertu naiz gaur prentsaurrekoan Donostian, Iñaki Martínez de Luna soziolinguista eta Euskararen Aholku Batzordeko ‘Euskara 21’ batzorde bereziaren eta EGOD (Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen egitasmoa) deritzanaren zuzendariarekin batera. Horretara eraman gaituena gai ezin garrantzitsuagoa izan da: euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarriei dagokiena, hain zuzen ere.
Zehatz-mehatz, bi lan aurkeztu ditugu. Alde batetik, EGOD egitasmoak definitzen dituen diskurtso ezberdinen arteko intersekzioa litekeenaren eduki zehatzak zehaztu ditut bertan. Izan ere, EGOD egitasmoaren barruan, beste zenbait konturen artean, ikerketa ugari egin dira. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, ikerketa hauei esker lortutako informazioa landuz, zoru komuna definitu du. Bestalde, Iñaki Martinez de Lunak, EGODen azken txostenaren emaitza nagusien laburpenaren berri eman du. Izan ere, HPSek honela eskatuta, EGOD egitasmoa zuzendu du berak.
Zoru komun hori definitu baino lehenago, egitasmoak eginiko ibilbidea azaldu da. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legealdirako lan-programa aurkeztu zuen legealdi hasieran. Lan-programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendu zenetariko bat izan zen, “euskal gizartean euskarari buruz dauden diskurtsoen lanketa egitea, eta diskurtso ezberdinen arteko kontrastea eta eztabaida bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenarekin”.
Euskararen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hala proposatuta, 2013-2014 aldirako lan programa onartu zuen eta programa horretako eginkizunetariko bat, hain zuzen ere, honelaxe definituta onartu zen: “euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea”. Eginkizun hori garatzearen ardura ‘Euskara 21’ Batzorde-atalaren esku jarri zen. Eginkizun hori aurrera eramateko ‘Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa’ (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zen martxan. EGOD egitasmoak euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea du helburu.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren konbikzioa da euskara biziberritzeko prozesuan eraginkorrak izateko gauza asko behar ditugula (besteak beste, arau eta politika egokiak, plangintza egingarriak, bitartekoak, ezagutza zientifikoa edo lankidetza publiko-pribatua). Baina behar dugun horren guztiorren oinarri nagusiak, bi zutabe dira, ezinbestekoak: bata, herritarren atxikimendua (gogoa, nahia), eta, bestea, adostasun sozial eta politiko zabala; askotarikoen arteko adostasun sozial eta politiko zabala, zabala kuantitatiboki, eta zabala kualitatiboki. Badakigu, noski, adostasuna ez dela nahikoa, baina hori bezain argi dakigu adostasuna ezinbestekoa dela aurrera egiteko.
Euskarak jauzi handia egin du EAEn azken hiru hamarkadotan. Jauzi hori egiteko nahitaezkoa izan da adostasun sozial eta politiko zabala. Adostasun horren babes eta legitimaziorik gabe ez genituen euskara biziberritzeko eraiki dugun corpus juridiko-normatiboa eraikiko eta hainbat arlotan askoren artean garatu ditugun politikak garatuko. Adostasun sozial eta politiko hori zaindu, eguneratu, elikatu eta indarberritu egin behar da.
Etengabea da lan hori. Eta lan horretan berealdiko garrantzia dauka diskurtsoak, euskararen gaineko diskurtsoak. Aspaldiko kezka eta eginkizuna da HPSrentzat euskararen gaineko diskurtsoarena. Gogora ekarri behar da, nahitaez, ‘Euskara 21’ prozesu zabal eta arrakastatsua. ‘Euskara 21: XXI. mendearen hasierarako hizkuntza-politikaren oinarriak. Itun berritu baterantz’ dokumentuan jasotzen da prozesu haren emaitza, diskurtso berritua, Euskararen Aholku Batzordeak 2009an aho batez onartu zuena eta gero Eusko Legebiltzarrak ere onartu zuena. Hari segida emanez, 2012an, ESEP etorri zen: hau ere Euskararen Aholku Batzordeak ez ezik Legebiltzarrak ere bere egina.
Eta legealdi honetan, hasiera-hasieratik, EGOD egitasmoa martxan jarri genuen. Lehen mailako garrantzia du HPSrentzat diskurtsoaren gaiak. EGOD martxan jartzeko izan genuen arrazoia eta helburua oso garbi laburbiltzen da, hain zuzen ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskararen Aholku Batzordeari proposatu zion lan-programan, hitzez hitz hauxe esaten baita: “euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea”. Eta gehiago argitzeko, hauxe esaten genuen: “euskararen inguruko diskurtsoak bateratze bidean jartzeko ahaleginak, adostasun sozial eta politiko zabal baten premia onartzea eta mamitzea eskatzen du”.
Une honetan, Euskararen Aholku Batzordeak aztergai eta eztabaidagai dauka ‘Eta hemendik aurrera zer?’ izeneko dokumentua, datozen bi hamarkadei begira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntza politikaren oinarriei eta lehentasunen markoari buruz prestatutako dokumentua. Dagoeneko hiru batzar izan dira, eta hogeita hamarretik gora ekarpen jaso dira. Datozen hilabeteetan izango da eztabaidaren azken buruko dokumentua.
Diskurtsoaren garrantziaz jabetuta egindako beste ahalegin bat bada azpimarragarria eta aipatzekoa: Topalabeak joan zen udan egindako ‘Topaberri 66: berrikasi eta berrikusi’ izenburua duen dokumentu sendo eta berritzailea.
Aurreko guztiaren harira, bi gauza aurkeztu ditugu gaur:
1.- EGODn azken txostenaren emaitza nagusien laburpena. Kontuan izan behar da EGODen azken txostena dagoeneko Euskararen Aholku Batzordearen plenoak berak ere hartutzat emana duela. Orain gizarteko hainbat ordezkariri zuzenean aurkezteari ekin diogu.
2.- EGODen egitasmoaren barruan, beste zenbait gauzaren artean, ikerketa ugari egin dira. Ikerketa horietako informazioa landuz, diskurtso ezberdinen arteko intersekzioa izan litekeenaren eduki zehatzak eskuratu ditugu. Intersekzioko eduki horiek izan litezke, hain zuzen ere, euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarriak.
‘Euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoen lanketa’ –EGOD egitasmoa, 2015-10-15ekoa– deritzan txostenak jasotzen ditu euskararen inguruko bost diskurtso nagusiak. Horietako bakoitza zenbait esaldik osatua da (gutxiena dituen diskurtsoak 4 esaldi ditu, eta gehiena dituenak 8), eta esaldi bakoitzak onarpen maila ezberdina du. Guztira, 33 esaldi. Lan horretan azaldu bezala, diskurtso horiek ez dira elkarren artean baztertzaileak. Hortaz, herritarrek bat egin dezakete, aldi berean, diskurtso baten baino gehiagoren edukiekin. Kontua da EGODen lanketa horrek ez zuela argitzen (edo zehazten), diskurtsoetatik harago jota, zeintzuk diren gizartearen gehiengo zabal batek aldi berean partekatzen dituen ideia (galdera edo esaldi) nagusiak. Eta zehaztapen-ariketa hori da une honetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egin nahi izan duena.
«Badago diskurtso partekaturako zoru komun bat, non sentsibilitate ezberdinetako hainbat herritarrek, elkarrekiko errespetutik, euskararen aldeko jarrera eta babesa argi adierazten duten»
Ariketa horren ondorioen arabera, badago diskurtso partekaturako zoru komun bat, non sentsibilitate ezberdinetako hainbat herritarrek, elkarrekiko errespetutik abiatuz, euskararen aldeko jarrera eta babesa argiro adierazten duten.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik zoru komun hori sendotzearen premia ikusi dugu. Kontua ez da, jakina, eta hau garbi geratu behar da, inoren diskurtsoa, inoren ikusmoldea ezabatzea. Hurkoaren diskurtsoa, eta hurkoaren hizkuntza hautua eta eskubidea errespetatzen duen edozein diskurtso da zilegi eta onargarria. Bizikidetzaren exijentzia da hori. Baina bizikidetzak eskatzen du oinarriak partekatzea ere, baita hizkuntza kontuetan ere.
Zoru komunaren oinarrien bila, aukeratu dira bi herenetik %66,6tik gorako babesa (‘guztiz’ gehi ‘nahikoa ados’) lortu duten esaldiak; osatutako bost diskurtso nagusietakoak izan ala ikerketako bestelako galderetatik ateratako ideiak izan. Bi heren edo hirutik bi konbentzio bat da, baina askotarikoen adostasun sozial eta politiko zabalaren isla bada bi heren gutxienekotzat hartzea. Onarpen langa, beraz, bi herenekoa da. Ondoren bildu dira soilik bost diskurtsoetako 33 esaldi horietan guztietan aldi berean bi hereneko onarpen langa gainditu dutenak eta onarpen langa hori gainditu duten beste lau esaldi: guztira 21 dira. Bost diskurtsoetatik lautan daude bi hereneko langa gainditu duten esaldiak: diskurtso mesfidatia deiturikoan ez dago langa horretara iristen den esaldirik.
Badira, noski, nola ez, desadostasun eta eztabaidagai diren hainbat ikuspuntu. Diskurtsoen eta 33 esaldien artean badira zoru komunetik gehiago edo gutxiago urruntzen direnak. Baina herritarren gehiengo oso zabal batek bere egiten ditu elkarren arteko errespetua, euskararen balio pragmatikoa eta euskararen aldeko sustapena. Ariketa honen bidez, beraz, honako informazioak dauzkagu:
- Zein diren gutxienez gizarteko bi herenek ontzat ematen dituzten ideiak.
- EAEko biztanleen zein proportziok partekatzen dituen aldi berean esaldi horiek guztiak. Beste hitzetan esanda, esaldi horiekin adostasuna adierazi dutenen intersekzioa.
21 ideiok honako hauek dira, euren onarpen mailaren arabera sailkatuta:
- Haurrek ingelesa jakitearen garrantzia (Guztiz gehi nahikoa ados, %96).
- Haurrek gaztelania jakitearen garrantzia (%95).
- Haurrek euskara jakitearen garrantzia (%93).
- Bakoitzak du eskubidea zein hizkuntza nahiago duen aukeratzeko, besteen aukera ere errespetatuz (%93).
- Euskaldunen eta erdaldunen arteko errespetua bultzatu behar da (%93).
- Saltoki, enpresa eta administrazioan bezeroen nahia errespetatu beharko litzateke euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko (%90).
- Euskaraz ez dakitenek ere euskararen normalizazio babestu beharko lukete (%87).
- Euskaldunek nahi duten lekuetan euskara erabiltzeko aukera izatea (%87).
- Guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen akordio bat lortzea garrantzitsua da (%86).
- Gaur egun, euskaraz jakiteak aukera gehiago ematen dizkio pertsona bati (%86).
- Guztiok, euskaraz ez dakitenek ere, harro sentitu beharko genuke hemen, eta ez beste inon, euskara dugulako (%84).
- Garrantzitsua lizateke Euskadiko biztanle gehienek euskara ikastea (%83).
- Euskaldunek ulertu behar dute pertsona askok ezin dutela euskara ikasi (%80).
- Euskara jakiteak laguntzen du hemengo gizartean eta kulturan integratuago egoten (%79).
- Euskara gero eta beharrezkoa da lana eskuratzeko (%76).
- Ahaleginak egin behar dira euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen, ez bata bestearen gainetik (%75).
- Ezinbestekoa da euskararen sustapenean diru publikoa gastatzea (%75).
- Erdaldunek, euskaraz ez ulertu arren, onartu behar dute euskaldunek beraien artean euskaraz egitea (%71).
- Zenbait lanpostutarako euskara jakitea exijitu beharko litzateke ((%71).
- Euskararekiko interesa dut (%69).
- Etorkizunean euskararen erabilerarekin ados nago ((%68).
Gaurko prentsaurrekoko bideoa sarean dago ikusgai, Irekia zerbitzuaren bidez.