Euskara: Zer diote herritarrek?

Badira egun batzuk “Euskara: erabilera, jarrerak, politikak” izeneko azterketa aurkeztu zuela Eusko Jaurlaritzak, egin “ahal” eta egin “behar” den hizkuntza-politikaren nondik norakoa finkatzeko informazio baliosoa ematen duena, ezbairik gabe. Azterketa honek berretsi egin ditu orain artekoetan antzemandako joera eta datu nagusiak. 2006ko Inkesta Soziolinguistikoko datuekin alderatuz gero (nahiz eta ezin diren hertsiki konparatu, besteak beste laginak eta tipologiak ez direlako berdinak), ikus dezakegu EAEko 15 urte edo gehiagoko herritarren artean, 2006tik 2010erako tartean, hobera egin dutela bai euskararen ezagutzak eta erabilerak, bai jarrerek eta hizkuntza-politikari buruzko iritziek.

 Ondorio garbi bat ateratzeko bide ematen du: euskara sustatzearen aldeko jarrerak nabarmen dira nagusi herritarren artean, eta erabat nagusia da eremu publikoan ez ezik kontsumitzaileen esparru pribatuan ere euskara erabiltzeko eskubidea egiazki bermatzearen aldeko iritzia. Hizkuntza-politika sustatzaile eta aktibo bat behar dela diote herritar gehienek, nahiz eta badiren kontra edo hotzepel azaltzen direnak ere, gutxienak izan arren ahantzi behar ez direnak.

 Euskararen onarpen zabalaren lekuko, hona zenbait datu: % 82k arazotzat jotzen du euskara galtzea, % 77k uste du nahitaezkoa dela neska-mutil guztiek euskara ikastea (ez al du horratio inork iritzi hori inposiziotzat gaitzetsiko!), eta bostetik bat baino ez dira euskara enpresentzat eta merkataritzarentzat zama bat dela uste dutenak. Halere, euskara soilik modu pasiboan onartzen dute askok.

 Euskararekiko pertzepzioari dagokionez, berriz, %85ek gizarte-bizitzarako tresna baliosotzat jotzen badu ere, bada zer hobeturik bere prestigio sozialari dagokionean.

 Euskararen erabilerak gora egiten jarraitzen duela diosku azterketa honek. Baina oraingoan ere, asko izan dira ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea ezkortasunez nabarmendu dutenak. Ezkortasunaren tematiei, ordea, zera gogorarazi behar zaie, besteak beste: 35 urtez behetiko elebidun gehienak euskaldun berriak direla –ama hizkuntza gaztelania dutenak–; gaurko elebidunen erdiak baino gehiago oraindik ere elebidunak gutxiengoa diren hiriguneetan bizi direla –beraz, euskara erabiltzeko aukera gutxien dagoen tokietan–; euskararen aldean gaztelaniak indar ikaragarria duela gizarte bizitzako arlo ugaritan –lan munduan, hedabideetan, aisialdian, merkataritzan, administrazioan, era guztietako zerbitzuetan–; eta elebidun gehienek (%61), gaur-gaurkoz, erraztasun handiagoa dutela gaztelaniaz espresatzeko euskaraz baino, euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratu dutelako –eskolari esker gehienek eta euskaltegiei esker beste askok– eta euskara erabiltzeko aukerak gaztelaniaz jarduteko baino askoz murritzagoak direlako eguneroko bizitzan. Izan ere, gaur, oraindik ere, hizkuntza-hautuari dagokionez, inork zailtasun nabariak baldin baditu, euskal hiztuna da.

 Jakina da erabilera dela hizkuntzaren bizi-indarraren termometro behinena. Horregatik arduratu behar gaitu erabilerak, horregatik dugu hori erronka nagusia, eta horregatik kezkatu behar gintuzke zenbait gertaerak. Esaterako, erabileraren gehikuntza etengabea izaten ari da eremu publikoan, baina nekez egiten du gora hizkuntzaren erabilera naturalena eta afektiboena den esparru ez formaletan: esaterako, familian eta lagunartean. Ez da hori lege-arauen arloa, egia da. Norberaren erabaki-ahalmena, inon izatekotan, eremu horietan da nagusi, baina herri-aginteek ere asko egin dezakete herritarren euskararekiko leialtasuna eta sentiberatasuna sendotzen eta areagotzen laguntzeko.

 Esangura handikoak dira hizkuntza-politikari buruz herritarrek ematen dituzten iritziak. Gaurkotasun erabatekoa duten hainbat gai polemikoren gaineko iritziak daude tartean, nire ustez Jaurlaritzak kontuan hartu beharko lituzkeenak, herritarrek onartuko luketena baino politika motelagoa egin ez dezan. Adibide batzuk: “EAEn lan egiten duten funtzionario guztiek euskara ikasi beharko lukete” (hala dio %69k), eta “jendaurrean lan egiten dutenek euskaraz hitz egitea ezinbestekoa da” (%72ren iritzia). Ildo beretik, %67k dio: “arriskuan dagoen hizkuntza bat bizirik atera nahi bada aldeko neurri politikoak hartu behar dira, nahiz eta ez izan guztien gogoko”. Eta, azkenik, Jaurlaritzak urtebeterako hozkailuan sartu zuen kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretuarekin zerikusia duen kontua: %81ek uste du kontsumitzaile eta erabiltzaileek beti eskubidea dutela euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko saltoki, enpresa eta administrazioaren aldetik. Hutsegite galanta litzateke %81en iritzi hori inork “inposizio eta bereizkeriatzat” hartzea eta, beraz, tematuki eustea kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak betearazteaz hitz egiterakoan Jaurlaritzako arduradunengandik entzuten dugun “inposizioaren” mezuari.

 Bistan da hizkuntza-politika sustatzaile baten alde egoten jarraitzen dutela herritar gehienek. Ez dut zalantzarik inposizioak eta bereizkeriak ez dutela lekurik eduki behar inongo esparru sozialetan, ezta hizkuntza-politikan ere. Baina komenigarria ez ezik ezinbestekoa da, nire ustez, inork –baina batez ere hizkuntza-politikaren ardura nagusia duten herri-aginteek– inposizioarekin ez nahastea eta inposizioarekin ez identifikatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak (guztiak, kontsumitzaileenak barne) betetzeko eta betearazteko neurriak.

 Europako Kontseiluak berak argi eta garbi aldarrikatu du ideia hori bera: hizkuntza-berdintasunik eza gainditzeko nahitaezkoa den “diskriminazio positiboa” ez da hizkuntza hedatuenetako hiztunen aurkako ez inposizio, ez bereizkeria.

 Beraz, herri-aginteen obligazioa da hizkuntza-politika zilegi eta eraginkorra bultzatzea, hizkuntza-bizikidetza eta elkarbizitza sozial armoniatsua eraikitzeko helburuarekin eta herritarren aukera-berdintasuna (hizkuntza-aukera barne) egiazki bermatzeko xedearekin.

 Honenbestez, herritarren artean nagusi den iritzi, ikusmolde eta jarrera horren atzetik inoiz ez, baizik eta, beti, buruan behar luke Eusko Jaurlaritzak, eleaniztasunaren eta bizikidetzaren aldeko pedagogia sozial sendo bat eginez eta albora utziz errealitatearekin inondik ere bat ez datorren balizko inposizioaren mezua. Eskubideen ondoan –hain zuzen ere hauek errespetatuak izan daitezen– demokratikoki ezartzen diren betebeharrak ez dira inposizio, herritarrei aitorturiko eskubideen berme baizik.

 Euskararik ez dakiten herritarrak euskararantz hurbiltzea, eta euskaraz jada badakitenetan gero eta gehiago ohiko euskal hiztun bihurtzea (asko baitira dagoeneko): horra euskara biziberritzeko erronka nagusia. Horrek ororen gainetik herritarren atxikimendua eskatzen du, baina atxikimendua ez da erosten, ez legez ezartzen, ez berez eskuratzen: piztu eta elikatu egin behar da. Askoren egitekoa da hori, baina horretan aitzindari eta bide-erakusle izatea herri-aginteei dagokie. Bereziki Eusko Jaurlaritzari.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.