Euskara Gaitasuna egiaztatzeko Tituluen Baliokidetze Batzordeak onartu duen txostena aurkeztu genuen atzo Eusko Legebiltzarrean, euskarako azterketak tarteko euskara ziurtagirien sistema hobetzeko irizpideak proposatzen dituena. Gaia garrantzitsua da, zalantzarik gabe. Garrantzitsua da milaka euskal herritarren intereseko gaia delako. Garrantzitsua da, euskara gaitasunari zuzen-zuzenean lotzen zaiolako, eta aldi berean euskara gaitasunak zuzen-zuzenean eragiten duelako euskararen erabileran. Hain zuzen ere gure helburua, Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren helburua eta arlo honetako politika publikoen helburua, horixe da: euskararen erabilera sendotu eta pixkanaka baina etengabe areagotzea. Euskara ziurtagirien sistemaren beraren izateko arrazoia ere horixe da: euskararen erabilerarako lagungarri eta makulu izatea.
Komeni da aurkeztu duguna bere testuinguruan kokatzea. Gatozen, horretarako, aurrekariak azaltzera. Kontu hau ez baita derrepentean mahairatu den zerbait.
Aurrekariak
- Lehena, ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, 10 urterako perspektiban egindako Euskararen Plan Orokorra deitu genezakeena), Euskararen Aholku Batzordeak 2012an onartua, Eusko Jaurlaritzak 2012an eta 2013an onartua, eta Eusko Legebiltzarrak ere bere egina 2013an. ESEP-ek hauxe dio, hitzez hitz, helduen euskalduntzeari dagokion atalean: “Euskara gaitasuna egiaztatzeko azterketa sistemaren inguruko hausnarketa egin eta hobekuntzak praktikara eramatea (…) Azterketa sistema eta ereduak hobetzeko gogoeta bideratu eta ondorioak aplikatzea (…) Gaitasunaren egiaztatzea euskaltegien zereginen artean sartzea”. Eginkizun hauen erantzukizuna HABEri egozten dio, euskaltegiekin batera, eta garrantzi handiko ekintzatzat finkatzen du ESEPek.
- Bigarrena, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoa (2013-2016). Agendaren 2015erako Kudeaketa Planean, 2014ko abenduan onartutakoan, ekintza hauxe zehazten da hitzez hitz: “Euskara gaitasunaren egiaztagirien sistema hobetzeko gogoeta bultzatu, Jarraipen Batzorde Teknikoan oinarrituta”. Halaber, “euskara gaitasunaren egiaztagirien sistema euskararen egoera soziolinguistikoaren arabera eguneratzea eta egokitzea aztertu Jarraipen Batzorde Teknikoaren bidez, ahozkotasunean arreta berezia jarriz”. Jarraipen Batzordea esaten denean, Euskara Tituluen Baliokidetzako Jarraipen Batzordea esan nahi da, 2008ko Dekretuaren arabera sorturikoa, aurkeztu dugun txostena onartu duen Batzordea, hain zuzen ere.
- Hirugarrena, Euskara Tituluen Baliokidetze Jarraipen Batzordeak, 2015eko urriaren 2an izandako batzarrean erabaki zuen honakoa hitzez hitz: “Euskara gaitasuna egiaztatzeko azterketen orientazio, eduki eta emaitzen azterketa egitea, horretarako lantalde tekniko bat eratzeko erabakia hartu eta kanpoko adituen laguntza baliatzea”.
- Azkenik, denboran hurbilena, Eusko Legebiltzarrak, urriaren 22ko Osoko Bilkuran, aho batez, legez besteko proposamen bat onartu zuen (Talde Sozialistak aurkezturiko proposamen baten gainean Eusko Abertzaleak taldeak, EH Bilduk eta Talde Sozialistak berak egindako erdibideko zuzenketa bat), beste zenbait gauzaren artean honako hauxe esanez hitzez hitz: “Legebiltzarrak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari (…) Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak azter ditzala euskararen ezagutzarako egiaztapen ofizialeko frogen, EGA eta beste batzuen, orientabidea eta edukiak (…) esparru anitzeko pertsona adituei entzunez (…) Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak proposatuko ditu egoki deritzon hobekuntzak, bai froga horiek euskal errealitate soziolinguistikora eta bete beharreko zereginetara etengabe egokitzen direla ziurtatzeko, bai euskararen erabilpen soziala heda dadin mesedetzeko. Proposamen eta ondorio horiek guztiak Eusko Legebiltzarrari jakinaraziko zaizkio”.
Egin duguna
Horixe da egin duguna: ESEPek eta Euskararen Agenda Estrategikoak finkatutakoa, Euskara Tituluen Jarraipen Batzordeak aurreikusitakoa eta, zehazki, Eusko Legebiltzarrak 2015eko urriaren 22an erabaki eta eskatutakoa da egin duguna. Aurrekari hauen argitara, bistan da pertsona eta erakunde askok —denek— partekatutako kezka eta eginbeharra dela aipatu duguna.
Komeni da gogora ekartzea Euskara Tituluen Jarraipen Batzordearen osaketa, 2008ko (2010ean aldaturiko) Dekretuaren arabera: Hizkuntza Politikarako sailburuordea (batzordeburua), Funtzio Publikoko Sailaren, Osasun Sailaren, Herrizaingo Sailaren eta Hezkuntza Sailaren ordezkari bana (sailburuorde mailakoa), HABEren zuzendari nagusia eta IVAPen zuzendaria. Azken batean, euskara tituluak ematen dituzten organismo guztiak dira Jarraipen Batzordea osatzen dutenak, Hizkuntza Politikaren eskumena duen organoaren ardurapean.
Jarraipen Batzordeak, bere lana egiteko, Lantalde Tekniko bat eratzea erabaki zuen. Lantalde tekniko horrek bere ekarpena egin dio Jarraipen Batzordeari. Lantalde Teknikoko presidentea —Joseba Lozano— eta presidente ordea —Joseba Erkizia— izan ziren atzo nirekin batera agertu zirenak, legebiltzarkideen aurrean behar beste azalpen emateko. Gainera, kanpoko lau adituekin kontrastea egin dugu, hizkuntzen ikaskuntzaren ebaluazio eta zertifikazioan aditu diren lau pertsonarekin.
«Onartutako txostenean orientabide eta irizpideak ematen dira euskara tituluen organismo akreditatzaile guztiek, azterketa eta zertifikazio maila guztietan, aplika ditzaten»
Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak, aho batez onartu du txosten bat. Txosten horretan orientabide eta irizpideak ematen ditugu euskara tituluen organismo akreditatzaile guztiek, azterketa eta zertifikazio maila guztietan, aplika ditzaten, datorren urteko azterketetan hasita, helburu garbi batekin: euskara egiaztagirien sistema hobetzea, sistema hori gure egoera soziolinguistikora egokitzea, organismo akreditatzaileek erabiltzen dituzten ebaluazio irizpideak bateratzea, perspektiban izanik Hizkuntzen Europako Markoa bera gure egoera soziolinguistikora egokitzea. Kontuan hartzekoa da Markoaren beraren exijentzia dela tokian tokiko egoera soziolinguistikora egokitzea. Azken batean, txostenean jasotzen diren orientabide eta irizpideen helburua da, euskara gaitasuna egiaztatzeko sistema euskararen erabileraren bultzagarri eta hauspo emaile izatea. Gure helburua euskal hiztunak sortzea eta sendotzea baita, eta tituluak horretarako beste tresna bat, bitarteko bat, besterik ez baitira, zenbait egoeratarako oso garrantzitsuak gainera, baina ez bakarrak, eta zenbait kasutan ezta garrantzitsuenak ere.
Jarraipen Batzordeak, aho batez onartu duen txosten hau egiterakoan, bi oinarri nagusi hartu ditu kontuan: alde batetik, lehenago aipatu dugun urriaren 2ko bileran erabakitakoa betez eratutako Lantalde Teknikoak landu eta onartutako txostena (esan behar da Lantalde Teknikoaren txostenean jasotako proposamenak oso-osorik bere egin dituela Jarraipen Batzordeak); eta, bestetik, kanpo adituekin izandako kontrastea (kanpo adituen ekarpenak ere aintzat hartu ditu Jarraipen Batzordeak bere txostenean).
Guztira, 13 ondorio dira. Banan-banan aletuko ditut segidan, txostenak dioena jasota.
- Azterketen diseinua eta aztertzaileen fidagarritasuna. Euskararen ezaguera egiaztatzeko azterketek (EGA, HABE, Hizkuntza Eskola Ofizialak, Administrazioko hizkuntza eskakizunak –IVAP, Osakidetza, Ertzaintza eta Hezkuntza–) erabateko baliotasuna dute (alegia, neurtzen dute neurtu behar duten gaitasun maila); era berean, aztertzaileen fidagarritasuna guztiz bermaturik dago. Halaxe egiaztatu zen 2007an eta 2011n, azterketa sistema horiek denak Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera ebaluatzeko kanpoko adituen taldeak egindako txosten teknikoetan.
- Hobekuntzaren eta berrikuntzaren bidetik. Nolanahi ere, argi dago erakunde akreditatzaileak ezin gera daitezkeela lozorroan, eta begiak ondo egindakoari bakarrik jarrita; aitzitik, aurrerapausoak eman behar dituzte eta etengabeko hobekuntzaren bidetik jarraitu, gaur egun han eta hemen erabiltzen diren euskarako proben kalitatea zabalagotzeko eta sendotzeko.
- Administrazioko langileen hizkuntza eskakizunak. Argi dago hizkuntza eskakizunen esleipenak lotuta egon behar duela ezinbestean lanpostuaren funtzio komunikatiboekin, eta hala gertatzen da kasu gehienetan; hala ere, kasu batzuetan, hezkuntza arautuak berak aitortzen duen gaitasun mailatik gorako hizkuntza eskakizunak eskatzen ari direla iruditzen zaigu. Horiek horrela izanik, ez dirudi oso zentzukoa administrari bati 3. edo 4. HE ezartzea edo basozain bati 3. HE. Ez eta 4. HE orokortzea goi mailako teknikarien artean, esparru batzuetan gertatu izan den bezala. Ustez normalizaziorako egokiak izan daitezkeen neurri horiekin behartzen ari gara jende asko ikasketa akademikoen prozesuan jaso duen hizkuntza prestakuntzaz gaindiko produkzioak egitera, eta horrek porrota ekar dezake uste baino gehiagotan.
- Trebetasunkako egiaztapena. Gaur egun, hizkuntza eskakizun bat bete nahi duenak hizkuntza eskakizun horri dagozkion trebetasun guztiak egiaztatu behar ditu (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena); nolanahi ere, trebetasun komunikatibo horiek askotan ez daude denak maila berean; are gehiago: batzuetan gerta liteke trebetasun bat edo beste beharrezkoak ez izatea lanpostu jakin batean jarduteko. Jar dezagun adibide bat. Eskola bateko jatetxean umeak zaintzen dituen begirale batek B2a behar ote du, bere osoan, lana behar bezala egin ahal izateko? Ulermenean eta mintzamenean, seguru asko, bai, umeekin hizketan aritu behar delako; baina, justifikatuta ote dago maila hori bera eskatzea idazmenean edo irakurmenean ere?
- Konpentsazio-sistema. Normalean, erakunde akreditatzaileen azterketa bat aprobatzeko, trebetasun guztiak gainditu behar dira: denak; batean huts eginez gero, emaitza ‘ez gai’ izaten da. Gure ustez, konpentsazio sistema zabaltzeko aukerak aztertu beharko lirateke, eta ateak ireki trebetasunen arteko konpentsazioei. Alde horretatik, zentzukoa dirudi trebetasun sortzaileek (mintzamena eta idazmena) konpentsatzea trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena), eta ez alderantziz. Horrek esan nahi du azterketari bati punturen bat falta bazaio irakurmena edo entzumena gainditzeko, ‘gai’ izan daitekeela baldin eta hutsune horiek konpentsatzen baditu mintzamenean edo idazmenean lortutako puntuazioarekin. Era berean, bi trebetasun sortzaileei dagokienez (mintzamena eta idazmena), aztertzekoa izan daiteke idazmena konpentsatzea mintzamenean lortutako notarekin. Gaur egun, idatzizko azterketa gainditzen ez duenak, nahiz eta puntu batengatik izan, ez du aukerarik ahozko azterketa egiteko. Ahozkotasunari eta komunikagaitasunari behar duten garrantzia eman nahi bazaie, erakunde akreditatzaileek aztertu beharko lukete posibilitate hori. Bi aukera egon daitezke konpentsazio mota honi ekiteko: Lehen aukera litzateke trebetasun guztiak neurtzea. Bide honetatik abiatuz gero, idatziak ez luke ahozkorako bidea itxiko, orain gertatzen den bezala. Bide hori guztiz egokia izan daiteke hautagai gutxiko deialdietan. Lau kalifikazioak (trebetasun bakoitzekoa) edukita, hobetsitako konpentsazio sistema erabil liteke. Era berean, proba guztien zuzenketak eginda, hainbat trebetasunen notak gorde litezke deialdi batetik bestera, azterketariari erraztasunak emateko. Milaka laguneko deialdietan, ordea, bigarren bide bat urratu liteke. Idazmena puntu batzuen faltan gainditu ez duen azterketariari aukera emango litzaioke mintzameneko azterketa egiteko, eta mintzamena eroso gainditzekotan, aukera izango luke idazmeneko hutsunea betetzeko, hau da, behar besteko neurrian konpentsatzeko, eta azterketa osoa aprobatzeko.
- Proben egokitzapena. Zenbait azterketak “bezero” natural batzuk izaten dituzte: Osakidetzako azterketek, osasun arloko funtzionarioak; Ertzaintzakoek, ertzainak; IVAPekoek, funtzionarioak; EGAra batik bat gazte jende aurkezten da… Hori horrela bada, erakunde akreditatzaileek ahaleginak egiten jarraitu beharko lukete, beren azterketak azterketari horien ezaugarrien arabera egokitzen direla ziurtatzeko. Horrenbestez, hizkuntza eskakizunetako probetan Administraziotik hurbileko gaiak eta ariketak hautatu beharko lirateke; modu horretara, administrazioetako teknikari eta administratiboek, sendagile eta erizainek, ertzainek… egunero-egunero sortzen zaizkien gaiak jorratzeko abagunea izango dute, proben edukiak eta xede-populazioen komunikazio-beharrak estuago lotuz. Ildo beretik, EGAn gazteentzat jakingarri diren gaiak proposatu behar zaizkie azterketariei (horretan egiten den ahalegina sendotuz), idazlanak edo mintza-saioak antolatzeko orduan.
- Ebaluazio jarraitua. Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren euskarako azterketa sistemetatik bik dute lotura zuzena ikasketa prozesuarekin: HABErenak eta Hizkuntza Eskola Ofizialenak. Bi azterketa hauetara euskara-ikasleak aurkeztu ohi dira, kurtsoan zehar lortutako hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko. Kurtsoen bidez garatzen diren ikasketa prozesu hauetan, oso interesgarria iruditzen zaigu ebaluazio jarraituaren kontzeptua aintzat hartzea. Azken batean, kurtsoan barrena egindako lanak, erakutsitako jarrerak, egunez egun egindako hizkuntza ekoizpenak… ikas-prozesua ebaluatzeko eta hobetzeko ez ezik, egiaztapenerako ere isla behar lukete izan, neurri batean edo bestean. Betiere zaindu beharko da egiaztatzen den gaitasun-maila bat datorrela Europako Markoaren eskalekin. Ebaluazio jarraitua egiaztatze-sisteman modu progresiboan txertatzeko ez dago legezko eragozpenik, ez Hizkuntza Eskola Ofizialen araubidean, ez eta HABEren araubidean, HABE sortzeko Legearen 13. eta 16. artikuluetan ahalmen akademiko osoa izango dutela xedatzen baita euskaltegi publikoei eta pribatu homologatuei dagokienez.
- Komunikagarritasuna, zuzentasunaren gainetik. Hainbat parametro hartzen dira kontuan, Idazmena eta mintzamena ebaluatzeko; bada, zuzentasun gramatikalak daukan garrantzia ukatu gabe, uste dugu komunikagaitasunari eman behar zaiola lehentasun osoa. Azken batean, komunikatzeko gaitasuna duten azterketariak nahi ditugu, akats batzuk gorabehera. Hori dela-eta, komunikagarritasunaren eta zuzentasunaren pisu erlatiboak birneurriratu beharko lirateke, lehenengoari pisu handiagoa emateko, bigarrenaren aldean.
- Ebaluazioa era positiboan. Idazlanak eta ahozko jardunak zuzentzen direnean, aztertzaileak balantza batean jartzen ditu akatsak eta ondo egindako atazak. Gure ustez, idazmenaren eta mintzamenaren ebaluazioa era are positiboagoan egin beharko lukete aztertzaileek, azterketariek egiten dituzten gauza onak azpimarratuz eta behar bezalako balioa emanez.
- Maila bakoitzaren funtzioei erreparatuz. Maila bakoitzean, funtzio batzuk menderatzeko gaitasuna erakutsi behar du azterketariak. Behe-beheko mailetan, gauzak deskribatzen jakin behar du; baina, zailtasunean gora egin ahala, gauzak kontatzen asmatu behar du, edo argumentatzen… Gure iritziz, aztertzaileek, notak jartzeko orduan, maila bakoitzari dagozkion atazei erreparatu beharko liekete nagusiki, maila horretatik gora egiten diren akatsei gehiegi erreparatu gabe. Azterketari bat, argazki bat deskribatzeko agindu zaiola, argumentatzen hasten bada, edo konparazioak egiten… eta huts egiten badu, produkzio akastun hori ez litzateke erabakigarria izan beharko azken emaitzetan, izan ere, neurtu nahi dugun gaitasuna deskribapena da, eta horri erreparatu beharko genioke.
- Hitz kopurua idazlanetan. Euskara hizkuntza aglutinantea da. Horrek esan nahi du preposizioak, artikuluak… erabili ordez (gaztelaniak egiten duen bezala), deklinazioaz baliatu ohi dela perpausaren osagaiak elkarri uztartzeko: “en los árboles de los montes” (6 hitz), “mendietako zuhaitzetan” (2 hitz). Aditzarekin antzera gertatzen da: askoz ere trinkoagoa denez, askotan ez du izenordainen eta horrelakoen laguntzarik aditzera eman nahi duena aditzera emateko. Horren guztiaren ondorioz, esan daiteke, oro har, hitz gehiago behar izaten direla erdaraz euskaraz baino, mezu bera adierazteko. Horrenbestez, euskararen ezaugarri hori kontuan hartu beharko litzateke, idazlanetako hitz kopurua zehazteko garaian. Ezin dugu kopiatu gaztelaniaz eskatzen den hitz kopurua; aitzitik, euskarazko idazlanetan hitz gutxiago eskatu beharko lirateke, beste hizkuntzekiko oreka hobeto gordetze aldera.
- Lantalde tekniko iraunkorra. Euskara Egiaztagirien Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak lantalde tekniko iraunkor bat izendatuko du, hari asistentzia teknikoa emateko, eta, era berean, kanpoko adituen irizpenak eskatu ahal izango ditu. Lantalde horretan parte hartuko dute erakunde akreditatzaile guztietako teknikari gaituek, eta bere funtzioak aholkularitza mailakoak izango dira. Lantalde horrek sakondu lezake kontu teknikoetan, eta oinarriak jarri erakundeen arteko benetako lankidetza ziurtatzeko, hori guztiori, proben kalitatea etengabeko hobekuntzaren bitartez areagotzeko.
- Epeak. Erakunde akreditatzaile guztiek hurrengo deialdietan jasoko dituzte txosten honetako gomendioak, datorren urteko azterketetan horiek aplikatzen hasten direla bermatzeko. Hori horrela izanik, Lantalde teknikoa gehienez ere hilabeteko epean osatu, eta abian jarriko da, proposamen zehatzak egiteko; halaber, egoki ikusten diren kanpoko adituei ere iritzia eskatu ahal izango zaie kontu horien guztien gainean.
Amaitzeko
Pare bat kontu azpimarratu nahi nituzke, amaitzeko.
Bat. Jarraipen Batzordearen ondorio eta proposamenen dokumentu honen balioen artean azpimarratu nahi dut, txosten hau euskara tituluen organo akreditatzaile guztiek onartua dela, euskara tituluen organo akreditatzaile guztiak baitira Jarraipen Batzordea osatzen dutenak, eta guztien aho batasunez onartua izan dela, gainera. Horrexegatik esan liteke, irizpide hauen arrakastarako bidearen erdia eginda dagoela. Euskara tituluen organo akreditatzaile guztiak bat datoz gaur egun bakoitzak bereak dituen eta bakoitzak bere aldetik aplikatzen dituen hainbat elementu bateratzearekin (adibidez, azterketa ereduak, puntuazio sistema, zuzenketa irizpideak, konpentsazio sistemak, hizkuntza trebetasun bakoitzaren pisua ebaluazioa egiterakoan, eta abar); eta bat datoz bateratze horretan besteak beste gure egoera soziolinguistikoa edo komunikagaitasunaren nagusitasuna aintzat hartzearekin.
Bi. Euskararen gaitasunaren egiaztatzegintzan, mugarri garrantzitsua izan zen 2008ko Konbalidazioen Dekretua. Mugarri izan zen balio izan zuelako euskara gaitasunaren zertifikazio sistema Hizkuntzen Europako Markora egokitzeko eta euskara tituluen sistema ordenatu eta razionalizatzeko. 22 euskara titulu genituen, bata bestearekin baliokidetu gabe. Sekulako dispertsioa zen hura. 22 tituluak Hizkuntzen Europako Markoaren 4 mailatan bilduta geratu ziren orduan, dekretu hari esker.
Oraingo hau, euskarako ziurtagirien sistema hobetzeko eta euskara azterketak ebaluatzeko irizpideak finkatzen dituen dokumentu hau, beste mugarri bat da, aurreko hura bezain beharrezkoa etorkizunera begira. Esan bezala, 2008ko Konbalidazio Dekretuarekin Hizkuntzen Europako Markora egokitu genuen euskararen zertifikazio sistema. Oraingo honekin, Hizkuntzen Europako Markoa bera egokitzen dugu, zertifikazioari dagokionez, gure egoera soziolinguistikora. Ikuspegi hori da baliatu duguna gure sistemaren ebaluazio irizpideak hobetzeko, euskararen erabileraren mesedetan.