Euskara eta informazio anitza, etorkizun koloretsuagorako zubi

“Elebitasunak malguagoa egin du gure gizartea” dio Dyane Adamsek, Kanadako Hizkuntza Ofizialetarako komisarioak, eta ez litzateke inor harrituko baieztapen biribil horri honako hau erantsiko bagenio: hedabideen aniztasunak gizarte koloretsuagoa dakar.

Euskararen Nazioarteko Egunak ekarri zidan gogora lehenbiziko esaldia, eta ALDAKETA 16 astekariaren urteurrenak, berriz, bigarrena. Bietan da, ordea, izpiritu bera: ederki laburbiltzen dute bi-biek Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoak aspaldi honetan mamitzen ari diren hizkuntza eta zabalkunde politika. Bestela esanda: bi baieztapen horietan dago hizkuntza eta zabalkunde politika aurrerakoi eta eraginkor baten gakoa, etorkizunerako giltza izan nahi duena, eta ez iraganeko urmaelean tinkoturiko aingura.

Kolore anitzetako gizarte malguak, ordea, aldez aurretiko baldintza du ezinbestekoa: elkarbizitzarako gaitasun eta borondate irmoa, herritar bakoitzarengandik hasita instituzioen mailarik goreneraino. Horra modernotasunaren ezaugarririk behinenetariko bat.

Aniztasunaren eta ezagutzaren aroan bizi gara, eta askatasunaren sinonimo eta oinarri diren bi kontzeptu horien eskutik, elkarrenganako errespetu eta komunikazioa datoz, eta elkarrenganako errespetu eta komunikazioaren eskutik, elkarbizitza. Kate honi etengabe erreparatuta heldu beharko diote bai euskarak bai eta informazioak ere beren aurrerabideari. Hobe esanda: askatasuna, errespetua, komunikazioa eta elkarbizitza elkar estuki lotzen dituen sokari irmo helduta ibili beharko dugu, euskaltzaleok eta euskal herritar guztiok, euskara eta informazioa gurean erabat normaltzeko bidea. Edo —bat eta bera baitira— elebitasun eta informazio orekatu eta eraginkor baterako bidea.

Euskal gizartea hasita dago, gau luzeegi baten ondoren, etorkizun koloretsuago baten itxaropenean oinak tinkotzen. Ikasten ari gara, pixkanaka, ezinbestekoa dugula adostasuna eta nahitaezkoa elkartasuna. Adostasunez eta elkartasunez diseinatu beharko ditugu, beraz, etorkizunerako politikak, hizkuntz normalkuntzaren alorrekoa eta informazio anitzaren esparrukoa barne.

Baina aitortu behar dut, aurrekoa bezain ozen eta garbi, adostasunerako asmoa sendoa izanagatik ere ezin dugula demokraziaren oinarri-oinarrian dagoen gehiengo-gutxiengo jokoa balizko kontsentsuen uretan ito. Ez baita onargarria mutur bateko zein besteko joeren hipoteka, zeinahi direlarik ere haien diskurtsoen atzean ezkutatzen diren identitate edo unibertsaltasun aizunen aldarriak.

Zinez bestelakoa da gure kaleetan zehar dabilen Ukan birus osasungarriaren mezua: elkarbizitza, bakea bezala, aldi eta era berean da bide eta helburu onargarri bakarra, elebitasunaren eta informazio anitzaren bidetik modernitate justu baterantz abiatu nahi duen gizartearentzat.

Ugari dira, gurean, ideia hori ulertu eta mamitu dutenak: asko euskaldundu dira, eta beste asko euskaldun izateko bidean jarri dituzte seme-alabak, eta, horrenbestez, euskararen ezagutzaren desafioa irabazten ari gara; asko gara, era berean, albisteak iturri bat baino gehiagotatik jasotzen eta baloratzen ditugunok, eta, horrenbestez, irizpide askearen gudua irabazten ari gara.

Azken batean, elkarbizitzarako gaitasunak gizaki hobeak egiten bagaitu, eleaniztasunak eta informazioaren aniztasunak herritar hobeak egiten gaituzte. Izan ere, Ghoete handiak zioen hari: “norberaren hizkuntza baino ezagutzen ez duenak, ez du norberarena ezagutzen”, guk beste hau erants diezaiokegu: norberaren pentsamendua transmititzen duen informazioa baizik ezagutzen ez duenak, ez du norberaren pentsamendua ezagutzen.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.