Euskararen paradoxak

Euskararen balio unibertsala aldarrikatzen dugu, besteak beste, Euskararen Nazioarteko Egunean. Hau da, euskara bizi eta noranahikoak baduela eskubide osoko tokirik mundu zabaleko hizkuntzen artean, besteen kide, gainerakoen pareko, guztien neurriko. Eta zuzen ari gara, jakina, aldarrikapen hori egiten dugunean, hizkuntzen arteko harmonia unibertsala baita gizakiok elkar lotu beharko gintuzkeen anaitasunaren metaforarik ederrenetarikoa.

Izan ere, batere nekerik gabe biltzen gaitu guztiok Euskararen Nazioarteko Egunak, denok sentitzen baikara, euskaldun zein erdaldun, euskal ondarearen zaintzaile eta arduradun. Badirudi, beraz, denok prest gaudela euskararen balioa munduaren aurrean onestera; are gehiago, balio sinbolikoa eta praktikoa uztartzeraino ere iritsi ohi gara, aparteko nekerik gabe. Bejondeigula. Baina ez ote gara, horrenbestez, errazegi konformatzen?

“Zertara dator, ordea, horrelako galdera bat, ospakizun giro bare honetan?”, galdetuko dit, akaso, giro barea eta kritikarik gabeko onespena nahasten dituen bakarren batek. Erantzungo diot, hala ere, galdera hori erarik xaloenean ere egin litekeelakoan: paradoxa batzuk antzeman ditzakegu euskararen aldeko aldarrikapen normalean adostasun handikoen eta eguneroko bizitzak agerian jartzen dizkigun hainbat egitateren artean.

Paradoxa da, adibidez, gaztelaniaz edo frantsesez soilik funtzionatzen dakien euskal gizartearen zatiak euskarazko kultur ekoizpenaz duen ezagutza guztiz murritza. Paradoxa da, eta euskaldunontzat benetan mingarria, eleaniztasun eraginkor bakartzat hartzea soili-soilik nazioarteko zirkuituetarako baliagarriak diren lingua franca horietako baten bidez gauzatzen dena. Paradoxa da, latza, euskara seme-alabekin mintzatzeko edota eskolako gaietarako hizkuntzatzat duten euskaldunen jokabidea. Paradoxa da, benetan larria, euskararen normalkuntzaren aldeko eginahalean herri erakundeak diru-hornitzaile soiltzat hartzen duen irizpide antidemokratikoa, alderantzizko jarrera simetrikoki antidemokratikoa ere paradoxa den bezala.

Ugari dira, beraz, euskararen normalkuntzaren inguruko paradoxak, eta iturburu eta norabide askotarikoak. Hain askotarikoak, ezin baitugu diagnosi bakar baten araberako sendabiderik bilatu.

Nolanahi ere, asko da euskal herritarrok eta herri erakundeek elkar hartuta lortu duguna, Euskararen Legea duela hogeita bost urte onartu zenetik hona. Arau horren aurretik euskaltzaleok amesten ere ozta-ozta ausartzen ginen lorpenak dira euskal gizarteak bere buruari oparitu dizkionak: irakaskuntzan gauzaturiko urrats irmoak, hedabideen alorrean euskarak irabazitako tokia, euskal kulturgintzaren homologazioa, euskara nazioarteratzeko ahaleginean osaturiko sare egunez egun sarriagoa…

Baina, lorpenak lorpen —eta, jakina, itzalak itzal, ez bainaiz ni izango halakorik ere izan denik ukatuko duena—, oinarri nagusien alorrekotzat jotzen dut nik Euskaren Legea landu, eztabaidatu eta adostu zuten haiek oinordetzan utzi digutena: jarrera ezberdinetatik abiatuta, asmatu zuten euskarak behar zuena zehazterakoan. Jarrera politiko-ideologiko guztiz ezberdinen talaietatik, gai izan ziren euskal herritar guztion hizkuntz eskubideak zehazteko eta, horrekin batera, eskubide horien zaintzaren ardura nagusia herri erakundeei emateko. Egun hartatik aurrera, ez da inorentzat zilegi euskaren aldeko kezka eta lana ondare propiotzat hartzea, edo ideologia jakin baten ikur gisa erabili nahi izatea. Era berean, euskal gizarteak alde batera utzi zuen euskarenganako axolagabekeria, euskaldunok luzaroan eta milaka aurpegiz pairatu behar izan duguna.

Baina ez da hori bakarrik Euskaren Legea onestearekin batera amaitu zena: euskal gizartearen gehiengo zabal batek betiko itxi zion bidea hizkuntzaren alorreko ezein inposiziori, adostasunaren eredua erarik garbienean finkatuz.

Adostasun haren seme-alabak gara, beraz, gaur hizkuntz normalkuntzaren alorrean lanean dihardugunok, bai herri erakundeetan, bai gizartearen egitura profesional nahiz borondatezkoetan. Eta horren arabera jokatu behar dugu geure eguneroko jardunean, are gehiago aurrean dugun erronkaren neurriaz jabetzen bagara: euskararen ezagutzaren alorrean aurreratutakoa alferrik galdu nahi ez badugu, erabilerarenean eman behar dira, premia osoz gainera, hurrengo urratsak, eta urrats hauek ezagutzaren alorrekoak bezain eraginkorrak izan behar dute. Bestela, aurreko guztiak baino paradoxa are latzagoari irekiko genioke atea: gizarte izenez euskalduna eta izanez euskararik gabea osatuko genuke.

Baina etengabean berritu beharreko adostasun horrek bi ezaugarri nagusi bildu behar ditu: demokratikoa eta eraginkorra izatea. Demokratikoa, gizartearen borondateak islatzen dituen gehiengo-gutxiengoekiko errespetuz jokatzen duelako, inposizioa eta bazterkeria betiko alboratuz. Eraginkorra, hizkuntz sentiberatasunaren aldeko apustua egiten duelako, eta hori da euskararen erabilera areagotzeko bide zuzena.

Badugu, beraz, lanabes egokia lege alorrean, eta ugari da, oraindik ere, haren ahalmenetatik atera behar ditugun onurak, euskararen normalkuntzan ere bide demokratikoen aldeko apustu garbia egiten dugunok. Gehiago esango nuke nik: euskararen erabilera zabaltzeko lanean dihardugun herritar nahiz herri erakunde guztiok behartuta gaude gure gizarteak, Euskal Legebiltzarraren bidez, bere buruari eman zion marko juridikoa erabat garatu eta mamitzera, erabateko baliagarritasuna garbi asko erakutsi duen, erakusten ari den eta erakutsiko duen tresna izateaz gain, hark zehazten duelako euskal gizartearen gehiengo zabalak nora, nola eta nolako pausuz iritsi nahi duen, euskaren erabilera normaltzeko bidean.

Guztiok gara eginahal horretan ezinbestekoak: euskaldunok nahiz erdaldunak, norbanakoak nahiz kolektiboak, gizarte-taldeak zein herri erakundeak. Eta gehiengoarekiko errespetu demokratikoan bermaturiko ahalegin guztiak dira langintza horretan onartzekoak. Azken batean, elkarbizitza osasuntsu baten aldeko lanera deitzen ari gara, euskararen erabilera normaltzearen alde deitzen dugunean.

Ukan birusak, elkarbizitza kutsatzen duen birus onuragarriak, garbi asko utzi berri digu kontua: pixka bat es mucho.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.