Aurreko ostegunean, otsailaren 25ean, ‘Espainiaren hizkuntza aniztasunaren onarpenaren eta garapenaren aldeko Agiria’ aurkeztu zen Madrilen, eta hori lantzeko prozesuan hartu dut parte beste hainbat pertsonarekin batera. Sinatzaileen artean —aurkezpena egiterakoan, Estatuko erkidego gehien-gehienetako 250 bat lagun inguru— nabarmentzekoak dira idazleak, unibertsitateko irakasleak, komunikatzaileak, akademikoak, kazetariak, filologoak, soziolinguistak eta politikoak. Euskararen lurraldeetako hogeita hamar bat sinatzaileen hasierako zerrenda osoa testu honen amaieran dago. Estatuko beste leku batzuetako sinatzaileen artean, besteak beste, Carme Riera, Manuel Rivas, Henrique Monteagudo, Xesús Alonso Montero, Fran Caamaño, Ramón Maiz, Joaquim Coll, Fernando Ramallo, Ángel López, María Luisa Calero, Josefa Dorta, Miguel Casas eta Ricart Morant aipa daitezke.
Dokumentu hau pertsona talde zabal eta anitz baten lanaren ondorioa da, Madrilen (2014ko azaroa), Bartzelonan (2015eko apirila) eta Valentzian (2015eko azaroa) egindako ‘Espainiako Eleaniztasunaren aldeko Diziplinarteko Mintegia’ren hiru bilkuretan osatutakoa. Mintegi horren bileretan eta lanetan parte hartzeko zortea izan dut.
Berezko garrantzi handia du Estatu espainiarraren eleaniztasunaren garapenaren aldeko hamar ataleko Agiri hau hizkuntza komunitate batetik bere hizkuntzaren defentsan sortu beharrean Estatu mailan abiatu izanak, hizkuntzen legezko onarpenari dagokionean erkidego ezberdinetako pertsona anitzek bultzatuta, elebidunek zein elebakardunek. Horrek agerian uzten du Estatuaren eleaniztasunari dagokiona Estatu osoaren kontua dela, batik bat Estatu espainiarreko hiritargoaren ia erdia gazteleraz gain beste hizkuntza bat duen erkidegoetan bizi dela aintzat hartuta, aipatutako Agiriak bere sarreran bertan adierazten duen legez.
Agiri garrantzitsu honen aurkezpena Kazetari Europarren Elkartearen egoitzan egin zen, aipatutako Mintegiaren zuzendari diren Fernando R. Lafuente eta Carles Martí Jufresaren eskutik. Carles Martí-k esan zuenez, «ez dago muga administratiboak hizkuntza zehatz bat hitz egiten den lurraldearekin bat datozen lekurik, eta horretan Espainia ez da salbuespena». Fernando R. Lafuentek, bere aldetik, José Ortega y Gasset gogora ekarrita, «bazter utzitako egia orok bere mendekua prestatzen» duela esan zuen, «Estatu espainiarreko lurraldean mintzatzen diren hizkuntza ezberdinen ondoriozko» kultur aberastasuna bazter utzi delakoan. Fernando R. Lafuentek hizkuntzen kultur balioa nabarmendu zuen eta, ondorioz, eleaniztasunarena. Carles Martí-k beharrezkotzat jo zuen Mintegiak ‘lobby’ lanak egin ditzan, eleaniztasuna babesteko eta sustatzeko.
Martí eta R. Lafuenteren hitzaldien ostean, Estatuan legez aintzat hartutako zazpi hizkuntzetan irakurri zen Agiria. Gazteleraz Javier Aroca andaluziarrak egin zuen, Zuzenbidean eta Antropologian lizentziatuak; katalunieraz/valentzieraz, Verónica Cantó akademiko eta Acadèmia Valenciana de la Llengua-ko idazkariak; galizieraz, Marisol López filologoak; euskaraz, Juan Ignacio Pérez Iglesias EHUko irakasle eta errektore ohiak eta Felipe Juaristi idazleak; asturieraz/leoneraz, Xuan Bello idazle eta kazetariak; aragoeraz, Francho Beltrán aragoeraz eta gazteleraz diharduen idazleak; eta araneraz/okzitanieraz, Paquita Sanvicén filologoak. Gainera, Euskaditik bertaratu ginen Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatua), Joseba Erkizia (HABEren zuzendari nagusia) eta ni neu, Mintegiko kide legez.
Agiria zazpi hizkuntzatan irakurtzea hizkuntza aniztasuna nabarmentzeko modua izan zen. Iragan 2015eko abenduaren 3an, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan Euskadiko lehendakariaren ekimenezko Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionalean, Aragoa, Asturias, Katalunia, Galizia, Balear Uharteak eta Nafarroako hizkuntza politiketako arduradunak euren erkidegoetako hizkuntzetan aritu ziren, hain justu Estatuko hizkuntza aniztasuna begi-bistako (entzungarri) egiteko.
Madrilen egindako Agiriaren aurkezpen ekitaldira itzulita, horren irakurketa eleanitzaren ostean kazetariek galderak egiteko aukera izan zuten, eta partehartzaileek horiei erantzutekoa, Estatuko hizkuntzen gaiaren inguruko gure ikuspuntu ezberdinen ekarpena egin eta Agirian bertan jorratzen ditugun interpretazio ezberdinez jardutekoa. Nire aldetik, eleaniztasunak berezkoa duen kultur aberastasunaz gaindi, Estatuan hizkuntzen gaiak duen maila politikoa azpimarratu nahi izan nuen, eta baita gazteleraren estatusak eta erabilpenek ‘beste’ hizkuntzekin duten harremana ere. Maila politiko hori nabarmena da, elkarbizitzari eta ezberdintasunarekiko begiruneari eragiten dion auzia delako. Horrela, 1978ko Konstituzioa eta ondorengo Autonomia Estatutuak gazteleraz aparteko Estatuko hizkuntzei dagokienez mugarri izan zirela gogorarazi nuen, nahiz eta «37 urteko ibilbide instituzionalaren ondoren, Estatuaren erakunde exekutiboek, legegileek eta judizialek ez duten eleaniztasuna propio egiten». Beraz, nire iritziz, oraindik gainditu gabeko ikasgaia da Estatuak modu eraginkorrean bere izaera eleaniztuna onartu eta hortik ondorio guztiekin jotzea. Zera gogoratu nahi izan nuen, «beste hizkuntzen berrindartzea dagokien erkidego autonomoetako botere publikoen eta eragile sozialen —eta, noski, herritarren— ahalegin iraunkorrari esker gauzatu» dela, «Estatuaren partehartzerik gabe eta, zenbaitzutan, bere oztopoak gainditu behar izanda». Hizkuntzen kontua autonomiei bakarrik dagokiela dirudike, Estatuari ez dagokiola, eta, hala ere, gaztelera erkidego autonomoen balizko gehiegikerietatik babestea ‘Estatu arazo’ dela. Jokamolde estatal hauen adibide gisa Auzitegi Konstituzionalaren web orria aipatu nuen, zeinetan intereseko dokumentazio zabala aurki daitekeen frantsesez eta ingelesez, albisteetatik hasi eta ebazpen sorta batera arte, gaztelera ez diren Estatuko beste hizkuntzetan ezer ez dagoen bitartean.
«Estatuak Espainiako eleaniztasuna aintzat hartzen duela dio, baina elebakarra bailitzan aritzen da»
Bertan esan nuenez, «Estatuak Espainiako eleaniztasuna aintzat hartzen duela dio, baina Estatua elebakarra bailitzan aritzen da». Errealitate etsigarri honen aurrean, Agiriak Estatu espainiarraren berezko eleaniztasuna nabarmentzen du, erretorikatik haratago hori benetan bere gain hartuta; eta Estatuko hizkuntza ezberdinen arteko bizikidetzaren alde egiten du, ez aldi berean egote hutsaren alde. Baina bizikidetza egon dadin ezinbestekoa da gure burua den bezala onartzea. Nire iritziz, hizkuntzen bizikidetzaren aldeko benetako apustua da Agiriaren zutabe nagusia, eta oso balorazio positiboa egiten dut horretaz. Nire irudiko, «gaztelera ez diren ‘beste hizkuntza’ ezberdinen adin nagusitasunaren benetako aitorpena egitea ekarpena litzateke, hizkuntza horiek erabilera normalizatuko hizkuntza bizi diren heinean, bizikidetza harmoniotsua izan dezaten; bizikidetzak garen bezala elkar onartzea eskatzen duelako, eta garena ezagutzea».
Beste hainbat lekutan esana dut, eta Agiriaren aurkezpenean errepikatu nuen, nire ustez «Konstituzioa eleaniztasunaren dezente aldekoagoa dela Estatuko erakundeek baliatutako hizkuntza politika baino». Indarrean dagoen Konstituzioa ez da, berez, oztopo gaindiezina Estatuko erakundeek eleaniztasunarekin bat egin dezaten. 3.3 artikuluak garatu gabe jarraitzen du Konstituzioak 37 urte dituen honetan. Aipatutako erakundeek, praktikan, ‘beste hizkuntzen’ sustapenerako eta benetako babeserako politika eraginkorrik ez izatea da sakoneko arazoa. Estatuarenak diren hedabideen adibidea balia daiteke honakoan, euren programazioan ez baitute aintzat hartzen eleaniztasuna, ez Konstituzioak eragozten dielako, baizik eta berau bete-betean urratzen dutelako. Gogoratzekoa da, bere 20.3 artikuluak Estatuarenak diren hedabideei ‘Espainiako hizkuntzen aniztasuna errespetatzeko’ derrigortasuna ezartzen diela. Artikulu hori ez da betetzen Euskadiri, eta ez bakarrik Euskadiri, dagokionean. RTVEn euskara guztiz arrotza da.
Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunak betetze-maila handia du Espainian, baina botere autonomikoei esker gertatzen da hori. Gutunaren betetze-maila aztertzeko bata bestearen atzeko txostenek Estatuari zuzendutako hainbat kritika eta iradokizun/proposamen biltzen dituzte. Defizita begibistakoa da. Estatuko erakundeentzat Europako Gutuna abiapuntu ona litzatekeela uste dut, ez betetzetik betetzera igarota. Gai honetan Estatuaren betebeharra bikoitza dela esango nuke, behintzat Euskaditik ikusita: alde batetik, Estatuaren administrazio periferikoak ofizialtasun bikoitzaren erregimena bete behar du —Konstituzioak agintzen dio—, Euskadin dauden zerbitzu administratibo guztietan legezko estatusaren ondorengo berdintasuna bermatuz. Eta, beste alde batetik, beharrezkoa litzateke Estatuaren erakundeek Espainia elebakarra bailitzan jokatzeari uztea eta Estatuaren berezko eleaniztasuna eurenganatzea.
Estatuko erakundeetatik hasi eta horiek eleaniztasunarekin bat egin dezaten, Espainiari berezkoa zaion eleaniztasunaren aitortza eta defentsa, erretorikoa beharrean, erreala eta efektiboa izan dadin nola lortu aipatzen denean, bi bide planteatzen dira, Agiriak ere egiten duen moduan: bideetako bat Konstituzioaren erreformarena da, Estatuaren hizkuntza bakarra gaztelera, eta gaztelera soilik, dela dioen lekuan, gaztelaniaz gain, beste batzuk ere Estatuaren hizkuntza ofizialak direla ezar dezan. Beste bidea Konstituzioaren potentzialtasunak garatzearena da. Bide ezberdinak dira, baina ez elkarren aurkakoak edo bateraezinak. Segurua da bide biek hainbat zailtasun gainditu beharko dituztela. Eta bietarako beharko dira adostasun maila handiak.
Agiriak, bere 7. puntuan, eduki oso zehatz eta sakoneko puntuan, Hizkuntzen Lege bat lantzea proposatzen du. Oso urrats garrantzitsu eta positiboa litzateke, zalantzarik gabe. Eleaniztasuna jarrera pluralista batetik —hau da, ez homogeneizatzailea ez jerarkizatzailea— begiratzea ekarriko luke. Nire irudiko, ez da onargarria erakunde zentralen jarduna herrialde elebakar bati dagokiona izatea. Estatuaren botere publiko zentralengandik espero daitekeen gauza onargarri bakarra Espainiaren hizkuntza aniztasuna onartu eta horren sustapena zeregin propiotzat hartzea da. Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak Espainiako Gobernuari Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Gutunaren Espainia mailako ebaluaziorako laugarren txostenean esandakoa betez, desiragarria eta beharrezkoa litzateke hezkuntza sistemek eta Estatuaren agintepeko hedabideek Estatuaren eleaniztasuna ikusaraz dezaten eta hizkuntza ezberdinak eta horien kultur ondarea Estatuko hiritar guztiei hurbil diezazkien.
Aurrekoari lotutako dokumentuak:
Espainiaren hizkuntza aniztasunaren onarpenaren eta garapenaren aldeko Agiria