EUSKARA, BIZIKIDETZARAKO LOKARRIA

Euskararen Legearen 30. urtemugarekin dator aurten Euskararen Nazioarteko Eguna. Adostasun sozial eta politiko zabalaren fruitua da euskararentzat hain onuragarri izan den, eta den, lege hori. Eta badira 35 urte euskara batuaren aita ponteko eta euskara indarberritzeko ahaleginean bide erakusle izan zen Koldo Mitxelenak (1915-1987) idatzi zuela ondorengo pasartea.

”Ezin fida daiteke (…) dekretuaren ondorio miresgarrietan, ezta ofizialkidetasun nahiz ofizialtasunezko aitormenetan ere. Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia. (…) diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu”.

Erabateko gaurkotasuna darion pasarte horretan eskura ditugu, nire iritzian, euskal gizarterako hizkuntza politika zilegi eta eraginkor baten giltzarri nagusi asko.

Guztiok ez bada gehienok gara euskarari tokia egitearen “aldeko”. Zer-nolako toki, baina? Ez baitu balio nolanahiko lekuak: gure hizkuntzak “iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia” behar duela dio Mitxelenak. Hor dago koska. Aldarri honek baditu gutxienez ere hiru hartzaile: batetik, gutariko bakoitza, bestetik euskalgintza zabala, eta, hirugarrenik, nola ez, herri-aginteak, euskararen hazkundea ekarriko duen tokia aurkitzeko hizkuntza politika garatu eta aukera-berdintasuna bidera dezaten. Tokiaren tamaina eta nolakotasuna erabakitzerakoan azaleratzen dira ikuspuntu ezberdinak “euskararen aldekoen” artean. Batzuek uste baitute euskarari ez dagokiola ia-ia tolerantzia hutsa besterik, ez behintzat askoz gehiagorik, eta, ondorioz, askatasun indibidualen aurkako inposiziotzat gaitzesten dituzte sustapen-politika berdintzaileak –eremu ezberdinetan euskararen erabilera aktiboki bultzatzea eta egiazki bermatzea helburu dutenak, alegia–. Diotenez, eskolari esker euskaldundu diren eta euskaldunduko diren belaunaldi gazteek naturaltasun osoz errotuko dute gure artean euskara, bere kasa ia-ia: ez legoke ezer asko gehiago eta besterik egin beharrik. 30 urteotako ibilbidean nabarmendu diren mugek agerian jartzen digutenaren eta soziolinguistikako arau arruntenen kontrako ikuspuntua da hori, ezinago urrun dago “hazkundea segurtatzetik”, baina badu indarra gure gizartearen parte batean.

Nolanahi ere, “zer” bezain garrantzitsua da “nola”, “hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia” ezin baita edonola, edozeren gainetik eta edozein preziotan eraiki. Nola, bada? Horretaz ere ezin argiagoak dira Mitxelenaren hitzak: “handikeriazko menturarik gabe”, hots, maximalismoetan eta gehiegikeriatan erori gabe, boluntarismoaren lilurapean amildu barik eta garenaren neurriaz –txikitasunaz- jabetuta. Leteren hitzak baliatuz esango genuke: “amets eroak baztertuz bertan, sasi zikinak behingoz erreta, bide on bat aukeratzen”. Gure gizartearen parte batean, ordea, fama txarra du pragmatikotasunak, fama txarra du adostasun zabalaren mesedean norberaren zenbait posizio leundu edo sakrifikatzeak. Badira euskarari tokia egiten jarraitzeko behar den malgutasuna euskarari traizioa egitearekin eta burua makurtzearekin identifikatzen dutenak. Askotarikoen kontsentsu sendoa da, baina, nire iritzi apalean, hizkuntza politika eraginkor baten bideragarritasunerako bermerik sendoena. Eta nago, pragmatikotasunaren balioa azpimarratzeko erantsi zuela bukaerakoa Mitxelenak, hots, “diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror”.

Gure artean badira “dekretuaren ondorio miresgarrietan” itsu-itsuan sinesten dutenak, behar-beharrezkoa den araua –beste ertzetik, paradoxikoki, inposizioa bailitzan gogaitutako araua– bide batetik eta herritarren gogoa bestetik joan ahal balira bezala. Beharrezkoak eta lagungarriak dira aginduak eta arauak, ez ordea behar bestekoak. Herritarraren eta hiztunaren atxikimendua eta gogoa dira erabakigarriak, eta gogo horren eta herritarren ahalbideen arabera egingarria dena identifikatu, adostu eta gerorako utzi gabe egitean datza arrakasta. Hizkuntza indarberritzeko langintzan ez du balio “nahi izatea da ahal izatea” printzipioak, guztia ez baita egingarri. Progresibotasuna hizkuntza politikaren eraginkortasunaren giltzarri nagusietarikoa da.

 “Hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia” (laissez faire-laissez passer baztertuz, alegia) “maximalismorik gabe” (dogmakeriak alboratuz, alegia) aurkitzea proposatu ondoren, “ghettoaren infernutik” ihesi “hizkuntza integrazioa” behar dugula izan helburu esan zigun Mitxelenak. Idatzia zuen lehenagotik honakoa: “Gure artean eta guk gauzak ongi ezagutzen ditugun garaian, ez da sekula euskara hemengoen adierazpide edo mintzabide osoa izan. Beste hizkuntzaren bat izan du beti aldamenean”. Badira bestelako proposamenak gure artean. Adibidez, elebakartasun soziala iparrorratz hartuta-edo, euskara Euskal Herriko hizkuntza ofizial “bakarra”ren aldarri zaharkitua irakurri dugu alderdi “sortu” berriaren ponentzian. Nire iritzian, euskara egoera guztietarako hizkuntza beregain bakartzat planteatzea, hots, eremu publikoko hizkuntza komun bakartzat irudikatzea, ez da erreala –gaurko belaunaldiek ez baitute halakorik sekula ezagutuko, gure erdarek iraungo dutela kontu segurua baita–, eta gainera inondik ere ez da hori Euskal Herriko herritar gehienen gogoa. Ez da, beraz, desiragarria. Euskararen aldeko jarduna ez da hizkuntza askatasunaren aurkakoa, aldekoa baizik. Kontua ez baita euskara “ala” erdara, euskara “eta” erdara baizik, nahieran. Bestelako edozer euskararentzako itogarri eta bizikidetzarako lehergarri izango litzateke.

Integrazioa da elkarbizitzaren giltzarria, eta hor aurkitu behar dugu helburua: hots, gureak ditugun bi hizkuntzen arteko bizikidetza ahalik eta berdinkideena, koexistentzia hutsetik haratago. Kohesio sozialerako lokarri izatean leukake euskarak “iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia.”

Lehenik Correo eta DV-n argitaratua: 2012-12-03an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta.

 

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a EUSKARA, BIZIKIDETZARAKO LOKARRIA

  1. Urtzi Odriozola dijo:

    Kaixo Patxi,

    Ez nago batere ados artikuluan aipatzen dituzun zenbait gauzekin eta twitterren erantzun badizut ere (txioak haizeak daramatzanez) hemen aipatuko ditut berriz. Ez da egia zenbait euskalzaleon partetik behintzat «euskara ala erdara» hautu hori egin denik, ezta gutxiago ere! Ez eta diozun «sortu» berri den alderdiak bere ponentzietan euskara bakarrik ezarri nahi izate horren kontua ere (berriz ere «inposizio» hitz madarikatuaren mamuak usaintzen ditut). Euskara hizkuntza ofizial izatearen kontuak ez du eta esan nahi gainontzekoak desagertarazi nahi direnik. Bermeak non jartzen den ari gara hizketan. Zergatik ez da gaur egungo alderantzizko egoera bat irudikatzen? Euskara ofizial eta erderak koofizial?

    Euska Herri euskalduna aldarrikatzen denean, gauza jakina da ez dela osotasunean eta erabatekoan EH elebakar bat aldarrikatzen (nahita ere ezinezkoa litzateke gainera). HEGEMONIA kontua da. Aldarrian, ikastoletan bezala «lengua vehicular» deritzona EH osoan euskara izan dadila nahi da. Norbanakoen hizkuntz ohituretan euskarak izan dezala lekurik gehiena alegia, beste hizkuntzak baztertu gabe. Izan ere, biztanle elebidun garen aldetik denok dakigu hizkuntza bat baino gehiago menperatzeak dakartzan onurak zeintzuk diren. Kontua beraz eta helburu zehatza hori da, euskara EH osoan HEGEMONIKOA izatea eta bai, erderei gailentzea. Gainontzean jai daukagu, hegemoniarik ezean diglosian gaudelako. Ez dago besterik, elebitasun parekatua utopia hutsa baita. Euskarak dituen hutsuneak gaztelerak hartzen ditu eta alderantziz (eta laister gainera ingelesa ere badator). Hor ez dago besterik.

    Benetako politika egin nahi badugu, lehentasun erabatekoa behar luke euskarak eta irakaskuntzako inmertsio politikez gain, hiztunen hainbat eskubide bermatuko lituzkeen lege bat bai edo bai beharrezkoa da. Ezin dugulako hiztunen borondatean soilik utzi hizkuntzaren etorkizuna, aro hori alde batera uzteko garaia da. Garaia da, euskal kontsumitzaileari behar duen harreta emateko, beharrezkoa da bai ertzaintza, mediku eta bestelako administrazioetan euskarak BERMATUA (ez sustatua bakarrik) izatea. Eta ez jaunok, hori ez da INPOSIZIO ditxosozkoa. Hori diglosia egoera gainditu eta guztion elkarbizitza on bat eraikitzeko hartu beharreko behar beharrezko neurria da.

    Jakinekoa da hemen euskara jartzeko erdaratik kendu behar dela. Ez dago besterik, argi eta garbi. Eta hori da hemen izan beharko genukeen «oreka». Gaztelaniak eta frantsesak ez dute eta galbiderako harriskurik, ez behintzat oraindik. Gure hizkuntzak beharrezko prestigio eta errekonozimendua behar ditu; bere lekua behar du.

    Gogoratu gazteleraren bermea legez dagoela onartua, ez ordea euskararena. Egia da hor bakarrik ez dagoela salbazioa, baina bultzada ikaragarria zihurtatuko lukeenaren duda izpirik ez dut.

    • Anton dijo:

      Mitxelenak kezkaz aurreikusitako ghettoaren arrastorik ez dago, utikan purgatorioa. Hemen zeru espainierazkoa eta fikzio euskarazkoa besterik ez dira geratzen. Euskaldunek «integrazioaren» alde egin dugu bborondatez nahiz gogoz kontra, beharturik. Erdaldunek ez dute «integrazio» beharrik, nagusi direlarik. Horra Wert, gauzak argi uzteko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.