EUSKARA 21 ETA ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana)

2007-2009 urte tartean XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarrien gaineko gogoeta bultzatu zuen Eusko Jaurlaritzak orduko Euskararen Aholku Batzordearen eskutik. “Euskara 21” izenez izan zen ezagun gogoeta prozesu hura. 1982ko Euskararen Legearen kariaz mamituriko adostasun sozial eta politikoa berrindartzea eta areagotzea zuen helburu nagusi gogoeta prozesu hark, hizkuntza politika euskararen egungo egoera eta mende berriaren premia berrietara egokitzearekin batera.  Gogoeta prozesu arrakastatsua izan zen, Euskararen Aholku Batzordearen barruan izandako parte hartze zabalaren ondorio. Zalantzarik gabe, ikuspuntu askotarikoen eztabaida sakonaren plaza izan zen Euskara 21. Euskararen Aholku Batzordeko kideek dozenaka txosten idatzi eta eztabaidatzeko aukera izan zuten, milaka herritarrek webgune bidez beren ekarpenak egin zituzten, eta dozenaka aurkezpen publiko, batzar eta mintegitan ehunka pertsonaren eztabaidara jarri ziren proposamenak.

 

Prozesuaren amaieran, gogoeta ondorengo azken txostena –diagnostikoa ez ezik, etorkizun hurbilerako erronka nagusiak eta egitekoa definitzen dituen txostena- aho batez onartu zuen Euskararen Aholku Batzordeak osoko bilkuran, 2009ko urtarrilean hain zuzen ere.

 

“Euskara 21 / XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak / Itun berritu baterantz” izenburua du aipatu txostenak, eta ondorengoa da bertan jasotzen den azken ondorioa:

 

“Neurri eta sakonera horretako itun berritu baten atarian, ezinbestez adostu beharreko helburua da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren(EBPN) berrikuspena, lanabes baliotsu hori XXI. mende hasierari begira findu eta egokitzeko”.

 

Euskara 21 Azken Txostena onartu eta handik bi urtera, beste zenbaiten artean, eginkizun hori jarri zion 2009an eratutako Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzorde berrituari, eta honek langintza horretan dihardu 2011ko udaberriaz geroztik.

 

EBPN “XXI. mende hasierari begira findu eta egokitzeko” prozesua gauzatzeko helburuarekin ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) izeneko dokumentua ari da sortzen eta lantzen Euskararen Aholku Batzordea. Prozesu horren barruan  “Administrazioa” eta “Gune geografiko euskaldunenak” esparruetarako sortu eta dagokion lantaldearen esku jarri dudan proposamen-dokumentua da ondoren datorrena. Ekarpen hau 2011ko maiatzaren 15ekoa da.

 

 


Esparrua: Administrazioa

 

HELBURUAK ETA NEURRIAK:

  1. Herri-administrazioek, hots, EAEko Administrazio orokorrak, Foru Aldundiek, udalek, osasun zerbitzuek, herrizaingoak, Justizia administrazioak eta Estatuaren administrazio periferikoak, baita zuzenbide pribatuko entitate publikoek ere, horiek guztiek, bakoitzak bere jarduera-esparruan, herritarrei aitorturiko hizkuntza eskubideak zaintzeko neurriak hartuko dituzte, eta helburu horrekin, indarrean dagoen legeriari jarraiki, Hizkuntza Kudeaketako Planak (HKP) onartu eta garatuko dituzte.
  2. Euskaraz jarduteko gai diren herri-langileek beren lanean eta euskaraz jarduteko gai diren herritarrek administrazioekiko harremanetan euskararen erabilera pixkanaka areago dezaten, ezinbestekoa da bai euskara erabiltzeko aukerak sortu eta sendotzea, bai euskararen erabilera sustatzea. Hortaz, hartarako berariazko neurriak hartuko dituzte herri-administrazioek.
  3. Administrazioek herritarrekin dituzten harreman ahozkoetan eta idatzizkoetan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera bermatuko da, herritarrari bere hizkuntza aukeragatik –egiten duen aukera egiten duela- inolako deserosotasunik eragin gabe.
  4. Euskara zerbitzu hizkuntza ez ezik lan hizkuntza ere izan dadin bideak jarriko dira. Dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatua duten langileen eta, edozeinetara ere, euskara erabiltzeko gai den herri-langile ororen ohiko lan hizkuntza izango da euskara ere neurriren batean, progresiboki handiagoa izango den neurrian. Neurri hori administrazio bakoitzaren HKPean zehaztuko da, besteak beste kontuan harturik aipatu planean ezarritako helburuak eta bitartekoak, erakundearen hizkuntza egoera, zerbitzu administratiboaren izaera, herri-langileen hizkuntza gaitasuna eta jarrera, eta administrazioaren jarduera-eremuaren ezaugarri soziolinguistikoak; beti ere herritarren hizkuntza aukeraren kalterik gabe.
  5. Euskara ere ohiko lan hizkuntza izango duten herri-langileei beren lan-jardunerako lagungarri zaizkien bitartekoak jarriko zaizkie: hizkuntzaren corpusari dagozkionak (terminologia, lexiko berariazkoa, testu juridiko-administratiboak, askotariko hiztegiak, idazki eta formulario ereduak, eta abar), askotariko lanabes informatikoak, etengabeko prestakuntza profesionala euskaraz, euskaraz jarduteko gaitasuna hobetzeko askotariko ekimenak, hizkuntza zalantzak argitzeko aholkularitza eraginkorra euskarri ezberdinetan, beste zenbaiten artean.
  6. HKPean jasotakoaren kalterik gabe, lanpostuaren komunikazio-funtzioak eta lanpostuko herri-langilearen euskara-gaitasuna eta hizkuntza-jarrera izango dira euskara lan hizkuntza moduan finkatzeko kontuan hartuko diren oinarri nagusiak.  Hortaz, euskara lan hizkuntza gero eta ohikoagoa izateko prozesuari zuzenean atxikitako herri-langileen aldeko jarrera, motibazioa eta onarpena sustatuko dira, eta beren adostasunaren indarra ahalbidetuko da. Herri-langileen atxikimendua izango da, beraz, HKPren gako nagusietarikoa euskara lan hizkuntza gisa arautzeari dagokionez.
  7. Herri-administrazio bakoitzak bere esparrurako Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak (HOEI) finkatuko ditu, kontuan harturik, indarrean dagoen legeria eta herritarren hizkuntza eskubideak ez ezik, administrazio bakoitzaren hizkuntza helburuak, herri-langileen hizkuntza ezaugarriak eta administrazioaren jarduera-eremuko errealitate soziolinguistikoa. Aipatu HOEIak, beste zenbaiten artean, ondorengo arloetan aplikatzekoak izango dira: herritarrekiko ahozko eta idatzizko komunikazioa, administrazio bakoitzeko lan-arlo ezberdinen eta herri-langileen arteko ahozko nahiz idatzizko komunikazioa,  administrazioen arteko idatzizko komunikazioa, komunikazio telematikoak, ekitaldi publikoetako hizkuntza erabilera, itzulpengintza, korredakzioa,  erregistroa, tresna eta aplikazio informatikoak, internet eta intranet, argitalpenak, iragarpenak eta publizitatea, hizkuntza paisaia, herri-langileen etengabeko prestakuntza profesionala eta euskara-gaitasunaren hobekuntza, euskarazko komunikazio idatziaren kalitatea eta komunikagarritasuna, eta kontratazio administratiboetako hizkuntza betebeharrak.
  8. Administrazioaren eskumeneko hizkuntza paisaia osoan bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da, baita administrazioaren irudi korporatiboan ere.
  9. Herri-langileen euskara-gaitasuna etengabe hobetzeko askotariko neurriak hartuko dira.
  10. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzearen kalterik gabe, itzulpenaren bidezko euskararen presentziaren aurretik euskarazko sorkuntzari emango zaio lehentasuna.
  11. Kontratazio administratiboetako esleipen-prozesuak arautzen dituzten Baldintza Agirietan jasoko dira hizkuntza betebeharrak.
  12. Askotariko elkarte eta enpresei dirulaguntzak ematerakoan edo jarduera publikoetarako baimenak ematerakoan edo udal instalazioen erabileraren lagapena egiterakoan hizkuntza irizpideak ere finkatuko dira.
  13. Lanpostuei hizkuntza eskakizunak ezartzerakoan nagusiki bi faktore hartuko dira kontuan: alde batetik, lanpostuaren beharrizan komunikatibo nagusiak, ikuspegi gramatikalaren gainetik, eta bestetik, administrazio bakoitzaren zerbitzu-emaile nahiz zerbitzu-hartzaile diren euskal hiztunen hizkuntza ezaugarriak. Hortaz, administrazio zerbitzu bakoitzaren izaerak ere baldintzatuko ditu hizkuntza eskakizunak.
  14. Hizkuntza eskakizunen derrigortasuna lanean egiten den edo egin asmo den euskararen erabilerari lotu behar zaio, hots, erabilera errealari eta potentzialari, unean unekoari eta pixkanaka lortu asmo denari, biei lotuko zaie aipatu derrigortasuna. Hortaz, HKPean jasotako helburuak, irizpideak eta epeak, eta lanpostu bakoitzerako egiten diren euskararen erabilera aurreikuspenak erabakigarriak izango dira hizkuntza eskakizunen derrigortasuna “zein” lanpostutan ezarri zehazterakoan, herritarrei administrazioarekiko harremanetarako aitorturiko hizkuntza eskubideak bermatzearen kalterik gabe.
  15. Hizkuntza eskakizunen derrigortasuna “zenbat” lanpostutan ezarri zehazterakoan administrazioaren jarduera-eremuaren egoera soziolinguistikoa izango da ardatz nagusia. Kontuan hartuko dira, halaber, administrazioen HKPetan aurreikusitako helburuak eta dagokion administrazioaren hizkuntza errealitatea. Hortaz, indarrean dagoen legeriari jarraiki eta Auzitegi Konstituzionalak Euskararen Legearen gainean emandako 82/1986 epaian adierazitakoaren ildotik, lanpostu batzuetan derrigorrezkoa izango da euskara gaitasuna egiaztatzea, eta beste guztietan merezimendu gisa hartuko da kontuan. Printzipio hori administrazio guztietan aplikatuko da, EAEkoan bezala Estatuaren administrazio periferikoan, Justizia administrazioa barne. Banaketa hori arrazoibidez eta proportzionaltasunez egingo da.
  16. 86/1997 Dekretuaren aplikazioan malgutasunez jokatuko da, Dekretua, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta euskararen erabilera sustatzeko eta arautzeko tresna den neurrian, tokian tokiko egoerei erantzuteko moduan, eta ez muga gisa, aplikatu behar baita.
  17. 86/1997 Dekretuaren helburuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoen HKPen oinarri izango dira, eta kontratazio administratiboetako hizkuntza betebeharren orientabide.
  18. Haurren eta gazteen aisialdirako euskarazko ekintzen eskaintza gero eta handiagoa eta iraunkorra izan dadin neurriak hartuko dituzte  herri-administrazioek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta udalek, bakoitzak bere esparruan eta jarduera eremuetan (eskoletako hizkuntza normalizazio proiektuetan, gazteria eta kultura arloetan, eta abar) eta elkarlanean.
  19. Euskararen famili transmisioa bermatzeko eta sendotzeko ekintza lagungarriak garatuko dira.
  20. Etorkinak euskarara ere hurbiltzeko neurriak hartuko dituzte herri-administrazioek.
  21. Herri-aginteei dagokie hizkuntza eskubideak bermatzea, lege-arauak bete eta betearaztea baita beren eginbehar nagusietarikoa. Hortaz, hizkuntza eskubideen urraketak identifikatu eta konponbidean jartzerakoan aitzindari eta bide erakusle izango dira herri-administrazioak. Helburu horrekin Elebide  (Hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzu publikoa) garatuko dute herri-administrazio guztiek.
  22. Gero eta gehiago diren eta gero eta gehiago izango diren euskararen erabiltzaile potentzialak eremu publikoan euskararen  egiazko erabiltzaile izatera iristearen aldeko jarrera aktiboa izango dute administrazioek, eta beren egitekoa izango da herritarrei euskara erabiltzeko aukerak ematea eta hartarako gonbitea egitea. Horrela, bada, administrazio bakoitzak komunikazio plan berariazkoak garatuko ditu euskara erabiltzeko gai diren herritarrek euskararen hautua egin dezaten sustatuz.
  23. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobeagotzeko helburuarekin,  indar berezia egingo da osasun-zerbitzuen emaileen euskara-gaitasuna gehitzeko. Helburu nagusia zerbitzu hartzaileekiko ahozko komunikazioan euskararen erabilera pixkanaka baina gero eta neurri handiagoan bermatzea izango da, lehentasun batzuei jarraiki: arreta berezia jarriko da pediatria zerbitzuetan, familia medikuen lanpostuetan, lehen atentzioko zentroetan, adinekoen eta menekotasun ezberdinetako pertsonen atentzio-zerbitzuetan, eta zerbitzu-hartzaileekin zuzeneko harreman jarraitua duten lanpostuetan (erizainak, eta abar).
  24. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobeagotzeko helburuarekin,  indar berezia egingo da herritarren segurtasuna bermatzea helburu duten polizia zerbitzuetan, eta arreta berezia jarriko da herritarrekin zuzeneko harremana duten lanpostuetan ahozko komunikazioa euskaraz ere izan dadin.
  25. Estatuaren administrazio periferikoari dagokio ahalegin berezia egitea bere giza baliabideen egitura eta zerbitzu-antolaketa EAEko hizkuntza errealitatera egokitzeko.
  26. Justizia Administrazioari dagokio epaitegi-prozedurak euskaraz ere egin ahal izateko neurriak hartzea, eta herritarrei aitorturiko hizkuntza eskubideak eremu horretan ere berma daitezen egin beharreko lege-aldaketak egin behar dira.
  27. Administrazioetan ardura politikoa duten ordezkariek aktiboki bultzatuko dute herritarren hizkuntza eskubideak bermatzera eta administrazioetan euskara lan hizkuntza gisa zabaldu eta sendotzera zuzendutako jarduna.
  28. Euskararen beste lurraldeetako herri-administrazioekin jakintza trukea eta elkarlana garatuko dira.
  29. HKPak nahiz HOEIak administrazioetako askotariko agenteen -ardura politikoa dutenen nahiz langileen- atxikimendu, onarpen eta adostasunaren fruitu izango dira. Halaber, finkatzen diren hizkuntza helburuak jarritako epeetan egingarriak izango dira, ukiturikoen euskara-gaitasuna eta administrazioaren beraren eta ingurunearen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuz. Lehentasunezko arreta jarriko da, nolanahi ere, euskaraz jarduteko gai diren herri-langileen hizkuntza erabileretan.

 

 

Esparrua: Gune geografiko euskaldunenak

 

HELBURUAK ETA NEURRIAK:

  1. Askotarikoa da –eta hala izango da plangintza honen garaian- EAEko errealitate soziolinguistikoa, bai lurraldez lurralde, baita lurralde bakoitzaren barruan ere, eta erruz apalagoa da euskararen bizi-indarra gaztelaniarena baino. Testuinguru horretan, bi hizkuntza ofizialen arteko berdinkidetasun handiago bat helburutzat hartuta, komenigarria da euskara gero eta herritar gehiagoren lehen hizkuntza izatea. Ondorioz, herritarren gehiengo nabarmena elebidun izanik euskaldunenak diren gune geografikoetan euskara lehen hizkuntza funtzionala izan dadin neurriak hartuko dituzte herri-administrazioek, aipatu guneak euskararentzat bera nagusi den erabilera eta transmisio guneak izango direlarik.
  2. Herri-administrazioek neurriak hartuko dituzte beraiek herritarrekin dituzten harremanetako hizkuntza eta administrazioak gune horietan erabiltzen duen lan hizkuntza euskara izatearen aldeko aukera herritarrek egin dezaten, herritarren hizkuntza aukera –euskararena bezala gaztelaniarena- batere deserosotasunik gabe errespetatzearen eta bermatzearen kalterik gabe.
  3. Euskara ohiko lan hizkuntza izan dadin herri-administrazioetako langileek behar besteko euskara-gaitasuna izan dezaten neurri eraginkorrak hartuko dituzte herri-administrazioek, batez ere langileen euskarazko trebakuntza profesionalari dagokionez.

(aurreko atalean –“Administrazioaren esparrua”ri dagokionean, alegia- esandako hainbat neurri egokitu eta ekarri beharko lirateke honetara. Ez noa haiek guztiak errepikatzera).

  1. Hizkuntza paisaia –ez bakarrik eskumen publikokoa, baizik eta baita ere merkataritza eta enpresa arlokoa-  oro har euskaraz izateko neurriak hartuko dira.
  2. Euskararen famili transmisioa bermatzeko eta sendotzeko ekintza lagungarriak garatuko dira.

 

  1. Etorkinak euskarara hurbiltzeko egitasmo eraginkorrak garatuko dira.
  2. Enpresa munduan, bereziki langileen arteko harremanetan eta enpresaren barne funtzionamenduan hizkuntza nagusia euskara izateko ekimenak garatuko dira.
  3. Aisialdiko ekintzetan, kultur jardueretan eta erlijio jardueretan ohiko eskaintza euskarazkoa izatea bermatuko da.
  4. Arreta berezia jarriko da haur eta gazteentzako eskolaz kanpo jarduerak euskaraz izan daitezen, jarduera-eskaintza egiazki zabala izan dadin eta eskaintza horren garapenean hezkuntza komunitate osoak (hezleak, gurasoak, ikasleak) eta herri-administrazioek parte har dezaten.
  5. Proiekzio publikoa duten zerbitzuak kontratatzerakoan edo askotariko elkarte eta enpresei dirulaguntzak ematerakoan edo jarduera publikoetarako baimenak ematerakoan edo administrazioaren instalazioen erabileraren lagapena egiterakoan euskararen erabilera bermatuko da.
  6. Euskara herritarren lehen hizkuntza eta hizkuntza natural gisa sendotzeko lagungarri diren askotariko ekimenak garatuko dira, batez ere haurrei eta gazteei dagokienean, baina baita ere helduei dagokienez (ahozkotasuna eta euskarazko adierazkortasuna lantzea, helduentzako edozein arlotako etengabeko prestakuntza euskaraz, eta abar).

 

 

Donostia, 2011ko maiatzaren 15ean

Patxi Baztarrika

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Una respuesta en “EUSKARA 21 ETA ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana)

  1. Pingback: EUSKARA 21 ETA ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) | Patxi Baztarrika

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.