2007-2009 urte tartean XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarrien gaineko gogoeta bultzatu zuen Eusko Jaurlaritzak orduko Euskararen Aholku Batzordearen eskutik. “Euskara 21” izenez izan zen ezagun gogoeta prozesu hura. 1982ko Euskararen Legearen kariaz mamituriko adostasun sozial eta politikoa berrindartzea eta areagotzea zuen helburu nagusi gogoeta prozesu hark, hizkuntza politika euskararen egungo egoera eta mende berriaren premia berrietara egokitzearekin batera. Gogoeta prozesu arrakastatsua izan zen, Euskararen Aholku Batzordearen barruan izandako parte hartze zabalaren ondorio. Zalantzarik gabe, ikuspuntu askotarikoen eztabaida sakonaren plaza izan zen Euskara 21. Euskararen Aholku Batzordeko kideek dozenaka txosten idatzi eta eztabaidatzeko aukera izan zuten, milaka herritarrek webgune bidez beren ekarpenak egin zituzten, eta dozenaka aurkezpen publiko, batzar eta mintegitan ehunka pertsonaren eztabaidara jarri ziren proposamenak.
Prozesuaren amaieran, gogoeta ondorengo azken txostena –diagnostikoa ez ezik, etorkizun hurbilerako erronka nagusiak eta egitekoa definitzen dituen txostena- aho batez onartu zuen Euskararen Aholku Batzordeak osoko bilkuran, 2009ko urtarrilean hain zuzen ere.
“Euskara 21 / XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak / Itun berritu baterantz” izenburua du aipatu txostenak, eta ondorengoa da bertan jasotzen den azken ondorioa:
“Neurri eta sakonera horretako itun berritu baten atarian, ezinbestez adostu beharreko helburua da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren(EBPN) berrikuspena, lanabes baliotsu hori XXI. mende hasierari begira findu eta egokitzeko”.
Euskara 21 Azken Txostena onartu eta handik bi urtera, beste zenbaiten artean, eginkizun hori jarri zion 2009an eratutako Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzorde berrituari, eta honek langintza horretan dihardu 2011ko udaberriaz geroztik.
EBPN “XXI. mende hasierari begira findu eta egokitzeko” prozesua gauzatzeko helburuarekin ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) izeneko dokumentua ari da sortzen eta lantzen Euskararen Aholku Batzordea. Prozesu horren barruan “Administrazioa” eta “Gune geografiko euskaldunenak” esparruetarako sortu eta dagokion lantaldearen esku jarri dudan proposamen-dokumentua da ondoren datorrena. Ekarpen hau 2011ko maiatzaren 15ekoa da.