ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) onartu berria du Eusko Jaurlaritzak (2012ko uztailaren 24an), astebete lehenago, uztailaren 18an hain zuzen ere, Euskararen Aholku Batzordeak onartu eta gero. Datozen urteetan euskararen hedapen sozialerako aurrerabide eta onuragarri izan daiteke ESEP, hala izango dela uste dut. 16 esparrutarako 90 helbururen bueltan finkaturik jasotzen dituen 330 ekintzak ikustea aski da, ohartzeko, lan bikaina egin duela urtebete pasatxoan Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 batzorde-atalak. Zoriontzeko moduko lana berea, ezbairik gabe. Euskararen erabilera iraunkortasunez sustatzeko gidalerro egokiak zehazten asmatu du Euskararen Aholku Batzordeak, HPSk emandako bultzadari eta ezarritako prozedurari jarraituz.
ESEPek baditu, halere, gabeziak, eta horien artean bada bat edo beste larri xamarra dena, nire iritzian bederen. Guztiak ere ekidin zitezkeen gabeziak –horregatik deritzot tamalgarriago ekidin ez izana-. Ekidin zitezkeenak diot, baldin eta Eusko Jaurlaritzak hartarako borondatea izan balu eta gabezia horien trataeran prozedura bateratzaileagoak baliatu izan balitu. Etorkizunean izango al da aukerarik ahulezia horiek ahalik eta adostasunik zabalenaz eta askotariko iritzien arteko eztabaidaren bidez gainditzeko. Izan ere, hizkuntza baten biziberritze prozesuan eta bilakaera sozialean aurrerantz jarraitzeko bideak aukeratzerakoan ez baita nahikoa –ezinbestekoa izanda ere, jakina- “non” gauden jakitea, baizik eta, gainera, behar-beharrezkoa baitzaigu zenbakiek eta estatistikek argiro azaltzen diguten “non” horretan “zergatik” gauden jakitea ere. Zifra eta adierazle guztiz beharrezkoetatik harantzago, esango nuke, “zergatik” galderari erantzutea dela gakoa, eta, horrekin batera, “zertarako eta nola”.
ESEPen gabezia edo ahuleziekin lotura zuzena duen testua da segidan datorrena. 2011ko azaroaren 4ko testua da, Euskararen Aholku Batzordearen idazkaritzaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako HPSko zuzendariari egun haietan ekarpen gisa entregatu niona. Bi aste lehenago aipatu idazkari/zuzendariak proposamen gisa helarazitako testuaren gaineko ekarpena da orduan bidali nuena eta segidan datorrena. ESEP dokumentuko 1. atalarekin erkatuz gero aisa ikus daiteke, hainbat puntutan –eta oso nabarmen diagnostikoari dagokionez-, ez zuela arrakastarik izan egindako ekarpenak. Zer egingo diogu, bada!
1 ATALA: SARRERA
ESEPen sarrerarako proposamenari buruzko ekarpena
“1. Helburu estrategikoak
Lehen (duela 13 urte onarturiko EBPNn) helburu estrategikoak hiru ziren tokian orain bost jaso dira. Ez daukat batere garbi, ordea, orain proposatzen diren helburu estrategiko berriak zenbateraino diren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusi batek eskatzen dituen moduko “helburu estrategikoak”, edo ez ote diren, agian, helburu horietarantz bidea egiteko jardunbideak eta tresna hauspo emaileak. Izan ere, ziurrenera, horien antzera edo horien neurri bertsua duten helburu estrategiko gehiago ere jarri daitezke. Uste dut helburu estrategikoen birformulazioa –halakorik behar bada- Euskararen Aholku Batzordeak aho batez onartu zuen Euskara 21eko Itun berritu baterantz dokumentuko 14 lan-ildoen haritik egin beharko litzatekeela.
“Euskararen jabekuntza” atalean analisi sakonagoa behar dute nahiz familia bidetik egiten den –eta egin behar den- euskararen transmisioak (ahaztu gabe famili eredu berriak ere baditugula jada gure artean), hala haurraren lehen urteetako (0-3 urte) transmisio bide berriek (aiton-amonak, zaintzaileak, haur eskolak…). Eta bada arlo honetan ukitu beharko genukeen hainbat kontu: esaterako, bi baino ez aipatzearren, batetik, guraso euskaldunberrien hizkuntza jokabidea familian eta, bestetik, hezkuntzari dagokionez, Euskararen Legearen 17. artikuluko betebeharraren gaineko zehaztapenak (bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko betebeharraren gainekoak, alegia). Guztiok uste dugunez, transmisioaren gorabehera honetan garrantzizkoa ez baita soilik “zenbat” gurasok eta zer baldintzatan bermatzen duten transmisioa, baizik eta, baita ere, “nolakoa” den egiten den euskararen transmisioa (honek guztionek ziur aski lotura zuzena baitu euskararen erabilera eta “kontsumoarekin”).
“Euskararen erabilera” atalean, berriz, erabileran eragiten duten faktoreei buruzko analisian garrantzizkoak diren –eta zenbait kasutan ikerturik ere badauden- zenbait faktore gehitu eta integratu beharko genituzkeela uste dut: lege babesa, herritarren hizkuntzarekiko atxikimendua eta leialtasuna, norbanakoaren hizkuntz kontzientzia, euskaldunen eta batez ere gazte euskaldunen (elebidunen) hizkuntz ezaugarrien aldaketa –euskararen hazkundearen beraren eskutik eta milaka elebidun berrirenetik gertatu dena-, gazteek hizkuntzarekiko duten kontsiderazioa eta lotura, euskararen erabilerarako aukerak izatea eta aukera horiek eremu publikoan (ez administrazioan soilik, baita ere kontsumitzaileen esparruan, kulturgintzan, hedabideetan, aisialdian…) bermatzeak duen eragina… Ildo horretatik, Euskara 21eko Itun berritu baterantz dokumentuko III.1. atalak merezi du begirada bat.
“Euskararen elikadura”: Euskara 21eko Itun berritu baterantz dokumentuko III. atalean jasotako hainbat erreferentzia kontuan hartzea mesedegarri litzatekeela uste dut.
“Euskararen erabilera eta hizkuntza eskubideak”. Gai honi buruzkoa ez nahikoa iruditzen zait, oso garbi esanda. Euskararen Legeak 29 urte beteko ditu laster, eta honelako dokumentu batean (gogoan izan dezagun Plan Nagusiaz ari garela) hizkuntza eskubideen kontuak analisi sakonagoa behar duelakoan nago. Halaber, hainbestek hainbestetan –eta ez guztiek eta beti intentzio berarekin- erabiltzen duten “progresibotasun” kontzeptu garrantzitsuak argibideak eskatzen ditu (erritmo egokian aurrerantz nola egin desoreka gero eta txikiagoa izan dadin, “adostasuna-pertsuasioa-tinkotasun demokratikoa” hirukotea nola uztartu zilegitasunez eta eraginkortasunez…). Nolanahi ere, gainera, gai honi buruz jarduterakoan ezinbestekoa da, nire iritzian bederen, hizkuntza eskubideei buruz jadanik hor dauden erreferentziak jasotzea –kontuan izan, gainera, batzuk aspalditik daudela indarrean, baina lege erreferentzia eskasiaren irudiarekin gera daiteke testua irakurrita-. Jaso beharko liratekeen erreferentzien artean horra hor bi hizkuntza ofizialak ezagutu eta erabiltzeko eskubidea Autonomia Estatutuan (1979), titulu oso bat Euskararen Legean (1982), edo Europako eremu urriko hizkuntzen Ituna (Espainiak onartua eta berretsia, hortaz, hemengo araubide juridikoaren parte bereizezina dena).
Azkenik, nik ere uste dut hizkuntza politika euskal gizarte osoaren jabetzakoa eta egitekoa dela (euskal hiztun direnena, izan nahi dutenena, ez direnena, izateko asmorik ere ez dutenena, aldekoena, epelena, suharrena, kontrakoena… guztiena), eta, beraz, oso kontuan hartu behar dela euskararik ez dakitenen iritzia ere. Ez dut horretan zalantzarik, ezagutzen nautenek ondo dakitenez. Ez dut uste, ordea, ez egoki ez bidezko denik esatea “garaia da euskaraz ez dakitenei ahotsa edo belarria jartzeko”. Honetan, beste gauza askotan bezala, bada zer hobeturik eta egin beharrik, baina kezka eta ardura hau ez dira gaur-biharkoak, iraganetik datozkigu: urrutirago gabe, hor dago “Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak” (Eusko Jaurlaritza, 2008) izeneko ikerketa kualitatibo eta kuantitatibo bikainak bilaturiko ahotsa eta jarritako belarria. Eta, nolanahi ere, ez dezagun ahantzi honakoa: gure gizarte honetan hiru hamarraldiotan garatu den hizkuntza politikak askotarikoen arteko adostasun sozial eta politikoa izan du oinarri, ez soilik euskal hiztunena, ez eta ere bakarrik joera jakin batekoena. Zalantzarik gabe, indarberritu eta areagotu beharko genukeen adostasuna da hori, bai, eta horretara etorri zen Euskara 21, baina izan, izan dugu adostasunik: bistan da hezkuntza sisteman edo administrazioan egin den hizkuntza politika edo gizarte-bizitza zabaleko hainbat esparrutan garaturiko sustapen politikak ez direla hezurmamitu euskaraz ez dakitenen ahotsa isilarazita edo euskal hiztun direnen erabakiz soilik.
2. Ekintza planak izango dituen esparruak
EBPNren bigarren helburu estrategikoan (euskararen erabilerarako auzogintza eta zerbitzugintza) aurreikusitako arloetariko bat erlijioarena da. Orain proposatzen dituzuen esparruetan, ordea, ez da ageri. Ez dakit zein den arrazoia, izan ere, bistan baita kontuan hartzekoa dela erlijio-jardueren ugaritasuna eta jarduera horietako batzuen eragina herritar askoren eguneroko bizitzan. Esaterako, garrantzitsua da hizkuntzaren erabilerari erreparatzea elizkizunetan (euskarak hainbat herritan oso berea zuen gune hori gero eta gehiago ari zaio gaztelaniari lekua egiten, hots, euskara lekua galtzen eta gaztelania irabazten ari den gune bat da hori, oso oker ez banago) edo pastoraltza eta katekesi lanetan (eskola D ereduan baina katekesia A ereduan balitz, nola erraztu euskara harreman ez formaletarako hizkuntza izatea?).
3. Egungo egoeraren diagnostiko laburra eta zer hobetuak
Atal hau da, nire ustez, hobekuntza handia –handiena- behar duena, ezinbestez. Honelako Plan batek diagnostikoa behar du, bistan da hori: bat nator, beraz, horrelako atal bat sartzearekin. Baina proposatzen dena baino “diagnostiko” sendoagoa behar duelakoan nago, ezbairik gabe. Hankamotz ikusten dut, oso, atal hori. Beste hitzetan esanda, nire irudiko, guztiz ez nahikoa da euskararen egoeraren eta bilakaeraren argazki lez (hori da diagnostiko batek eman behar diguna).
Euskararen Aholku Batzordearen “Euskara 21” batzorde-atalaren bileretan behin baino gehiagotan adierazi izan dut EBPNren berrikuspen prozesuan diagnostikoa egiteari eta diagnostikoa ikuspegi kualitatibotik egiteko prozedura eta metodologiari ematen diedan garrantzia, eta horretaz dudan ikuspuntua. Halaber, “Euskara 21” batzorde-atalaren bileran esan nuenez, bikaina da, eta lanabes aparta, euskararen egoera eta bilakaerari buruzko 101 adierazlez osatutako txostena. Berealdiko informazioa dago hor eskura, eta horrek balio handia du. Oso lagungarria da, beraz, aipatu dokumentua. Baina txosten horri ezin zaio eskatu eman dezakeena baino gehiago, ezin eskatu ez dagokionik, eta EBPNren berrikuspen moduan egindako Plan Nagusiak –edozein plan estrategikoren antzera- baloraziozko diagnostiko propio bat behar du, txosten horrek ematen duena baino areago joango dena. Txosten horren interpretazio kontrastatuak hurreratuko gintuzke diagnostikora, eta hori falta da. 101 adierazlez osaturiko txostenak ez du ikerketa berririk jasotzen (*); egiten duena da, urtez urte eta arloz arlo egindako hizkuntza ikerketetariko hainbat informazio esanguratsu modu ordenatuan eta sistematizatuan antolaturik eskaini, eta hori, esan dudanez, oso baliagarria da, baina batez ere hori da guztia. Eskuartean dugun lan honetan behar dugun diagnostikorako, ordea, hori baino gehiago behar da, edo nahiago bada hori ez den beste zerbait ere behar da, eta horren erakusle nabarmena da proposatzen zaigun testuan diagnostiko moduan jasotako 6. atala, ez nahikoa dena nire iritzi apalean.
Aipatu 101 adierazleen txostenak informazioa ematen du, baina informazioak interpretazioa behar du, eta informazioa oinarritzat harturik ondorioak atera behar dira, datuen deskribapen hutsetik harantzago datuen azpian gordetzen diren indarguneak eta ahuleziak identifikatu behar dira, eta zer den baliatu ahal den aukera eta zer den saihestu behar dugun mehatxua erabaki. Berrikusten ari garen EBPNren 13 urteetan euskarak izan duen bilakaeraren interpretazioan bat etortzen garen neurrian, bide erdia baino gehiago egina edukiko dugu etorkizunerako ekintza plan eraginkorra zehazteko prozesuan. Interpretazio hori ez du 101 adierazleen txostenak eskaintzen, ez baita bere egitekoa. Txosteneko datuen gainean irakurketa bat baino gehiago egin eta askotariko ondorioak atera daitezke, eta ondorio horien laburpena litzateke proposatzen zaigun txostenaren 6. atalean jaso beharko litzatekeena. Horrenik ez dago, horregatik uste dut dela ez nahikoa eta hobetu beharrekoa.
Adibide batzuk azpimarratzera mugatuko naiz:
6.1. ataleko “6.1.1. Familia bidezko transmisioa” azpi atalean esaten dena ote da euskara –eta hizkuntzak oro- biziberritzeko oinarrizkoa den transmisioaren diagnostikoa hogei urteko datuen serieak eskura ditugunean?. “6.1.2. Irakaskuntza” azpi atalak ere astindua behar du: esaterako, diagnostikoak -diagnostikoa izango baldin bada behinik behin- kontuan izan behar ditu haur eta gazteek euskara-gaitasuna eskuratzeko bidean irakaskuntza arautuak duen eraginkortasunari buruzko gorabehera ugariak (ezinbestekoa izatea, baina aldi berean mugatua…). Euskara zenbateraino da hizkuntza akademikoa ez ezik (hizkuntza akademiko bakarra gehienetan) ikasgelatik kanpoko harreman-hizkuntza?. “6.1.3. Helduen euskalduntze-alfabetatzea” azpi ataleko diagnostikoa ere oso hankamotz ikusten dut: ikasleen motibazioak, ikasleen ezaugarri pertsonal eta profesionalak, ikaskuntza prozesuen arrakasta-maila eta mugak, kalitatea… aspektu ugari ageri ez direnak.
6.2. atala ere, hankamotz. Administrazioari (6.2.1.) dagokionez, arreta eskatzen duten arlo asko dira agertu ere agertzen ez direnak: osasun zerbitzuak, administrazio orokorra (Jaurlaritza, Aldundiak eta Udalak), Estatuaren administrazio periferikoa, Justizia. Administrazio orokorrean langileak euskalduntzeko egin den ahalegin itzelari erabileraren ikuspegitik etekin handiagoa atera ez izanari buruzkoak lekua behar du diagnostikoan: euskara lan hizkuntza izateko mugak eta eragozpenak identifikatu, herritarren hizkuntz jarrera administrazioaren aurrean, agintari politikoen hizkuntz jarrera… Horretarako lagungarri litzaizkiguke, besteak beste, 2002-2007ko Administrazioetako III Plangintzaldiari buruzko balorazio-txostena edo 2008-2012ko IV Plangintzaldiko tarteko balorazioa (uste dut jadanik amaituta izango dela).
Atal bereko gune euskaldunenei (6.2.2.) buruzko azpi atalean, berriz, diagnostikoak beste zenbait gorabeheren artean kontuan hartu beharko luke azken 10-15 urteetako ikerketek agerian utzi duten honako hau: 1. gune soziolinguistikoa (elebidunak herritarren % 20 baino gutxiago dituen gunea) gero eta txikiagoa da, eta hori oso positiboa da, euskararen hazkundearen seinale baita. Aldi berean, ordea, 4. gune soziolinguistikokoak ziren udalerrietan gero eta elebidun gutxiago bizi dira, hots, gune euskaldunenak ere (bertako biztanleen % 80tik gora elebidunak dituztenak) pisua galtzen ari dira. Aski da lau gune soziolinguistikoen maparen bilakaerari erreparatzea. Horrek bistan da euskararen erabilerarekin lotura zuzena duela (erabilera-aukerak murriztea, esparru ez formaletako harreman sareetan euskara gero eta gehiago erabiltzeko zailtasunak, eta abar).
Enpresa munduari buruzko azpi atalean ere ez al du merezi arlo sozioekonomikoko euskararen erabilerarako indarguneak eta ahuleziak identifikatzeak, euskara planetarako dirulaguntzak jaso dituzten enpresetara mugatu gabe begirada? Kontsumoaren esparrua da, gainera, arlo sozio-ekonomikoa, eta bere lekua beharko lukete diagnostikoan arlo horretako euskararen presentziak eta zenbait kontsumo arlotan euskararen erabilera bermatzeak, hala nola kontsumitzaileei euskara erabiltzeko aukera egiazki bermatzeak.
Aisia eta kirolarena dira, denok aitortzen dugunez, euskararen erabilera gero eta ohikoagoa eta naturalagoa izan dadin zaindu behar diren arloak. Defizit handia daukagun esparrua da. Esaterako, ikerketetako datuek erakusten dutenez, 18 urte arteko gazteen oporretako aisialdirako herri-aginteek eta beste zenbait erakundek (Kutxak, beste zenbaiten artean) antolatzen dituzten ekimenetan euskarazko eskaintza gutxitu egiten da adinean aurrera egin ahala: 12-18 urtekoentzako eskaintzaren %30 da euskaraz, gainontzekoa ele bietan edo ingelesez delarik, nahiz eta adin-tarte horretako ia gazte guztiak elebidunak izan. Kontu horien gaineko ondorioek, eta beste hainbatek, isla beharko lukete diagnostikoan.
6.3. atalean ere mereziko luke hobekuntza ahaleginen bat egiteak. Esaterako:
– “6.3.1. Liburugintza”: nolakoa da euskarazko liburugintza? Zer gairi buruzkoa? Zeintzuk dira irakurleen ezaugarriak? (haurrak, gazteak, helduak, euskaldun zaharrak, euskaldun berriak…) Zer irakurtzen dute? Ze proportziotan gehitu dira elebidunak eta euskarazko liburugintzaren kontsumitzaileak? Eta abar.
– “6.3.2 Kulturgintza”: euskararen eta euskaraz (ere) bizi den komunitatearen erakargarritasunak eta balio erantsiak lotura zuzena du azpi atal honekin. Hortaz bada zer osaturik.
– “6.3.3. Publizitatea”: hizkuntzaren balio ekonomikoak eta prestigioak, hizkuntzaren aitormen sozialak… isla beharko lukete diagnostikoan.
– “6.3.4. Corpus-plangintza eta euskararen kalitatea”: kalitateari buruzko ezbaia ez da kontuan hartzen; gazteen hizkera; estandarren ugaritasuna… Gaztelaniaz bezain eroso moldatzen al dira euskaraz elebidun berriak? Eta elebidun zaharrak? Euskarazko hitz-jarioa sendotu ala makaldu egin zaie euskaldun zaharrei?
– “6.3.5. Hedabideak” eta “6.3.6. IKT”: aldaketa teknologikoen eraginez ditugun aukera eta mehatxuek, egindako bidearen ondotik ageri zaizkigun indarguneek eta ahuleziek arreta eskatzen dute. Euskarazko hedabideen garapenak ez ezik, euskararen presentzia hedabideetan izateko eman diren urratsen balorazioa, irrati pribatuen eta toki telebisten kontzesioetako hizkuntza irizpideen gorabeherak, euskarazko hedabideen kontsumoa, kontsumitzaile potentzialen eta egiazkoen aldeari buruzko balorazioa, euskarri teknologikoen ugaritasunak eskura jartzen dizkigun aukerak, IKTak eta gazteen hizkuntz jokabideak … diagnostikorako kontuak direla uste dut.
Hauek guztiak adibide moduko aipamen batzuk baino ez dira. Bukatzeko esan dezadan diagnostikoak, nire iritzian, jaso beharko lukeela hizkuntza aukera berdintasunaren eta hizkuntza bizikidetza gero eta orekatuagoaren aldeko diskurtsoa gizarteratzearen premia, eta herri-aginteak langintza horretan aitzindari izatearena. Euskararen erabilera sustatzearen eta egiazki bermatzearen aldeko politikak normaltasunez eta naturaltasunez gizarteratzearen premiak isla beharko luke diagnostikoan, mezu eta jarrera defentsiboak alboratuz, eta, jakina, bi hizkuntzak eta hizkuntza bataren nahiz bestearen edo bien hiztunak errespetatuz. Hizkuntza berdinkidetasunaren aldeko pedagogia soziala egitearen aldeko aukerak ere isla beharko luke diagnostikoan, gizarteari behin eta berriro adieraziz hizkuntza ahulena erabiltzearen aldeko neurriak hartzea ez dela hizkuntza indartsuagoaren edo bere hiztunen kontra jardutea, hizkuntza berdinkidetasunaren alde egitea baizik.
Donostia, 2011ko azaroak 4
Oharra: ekarpen honetan 6. ataltzat izendatzen da diagnostikoarena, baina ESEPen behin betiko dokumentuan 7. atala da. Erkatzekotan 7.arekin erkatu behar da, beraz. (*) 101 adierazleen txostenak lau atal nagusi ditu. Datu soziodemografiko jakingarrien ondoren, hizkuntza-gaitasunari buruzko datuak eskaintzen ditu, eta ondoren hainbat esparrutako euskararen erabilerari buruzkoak. Datuotariko gehienak eta hainbat osagarri lehendik argitaraturik daude beren iturburuetan: Eustat 1996-2006, IV Inkesta Soziolinguistikoa (Eusko Jaurlaritza, HPS, 2008), IV Mapa Soziolinguistikoa (Eusko Jaurlaritza, HPS, 2009), Hezkuntza Saila, EHU-UPV, Soziolinguistikako Klusterra eta HPS (berariaz hedabideetako eta IKTeetako hizkuntza erabileraren eta kontsumoen gainean egindako ikerketak). Badira geroagokoak ere, labetik atera berriak, ezagunak ez zirenak.
Pingback: Aurrerabideak eta mugak euskararen sustapenean | Patxi Baztarrika
Pingback: ESEP: las carencias de un avance | Patxi Baztarrika