EUSKARAREN ERREFERENTZIALTASUNA MUNDUAN BARRENA: HORRA EUSKARAREN INDARGUNEETAKO BAT

GARABIDEREN ADITUA IKASTALDITIK, ITALIA / ESLOVENIAKO LINGUAE MUNDI 2025ERA

Aurtengo urrian euskararen biziberritzeak munduan zeharhainbat forotan aitortua duen erreferentzialtasunaren testigu izan naiz. Bi ekitalditan parte hartu dut, biak oso ezberdinak, baina parte hartzeko motiboa bera izan da bietan, honako hauxe: euskarak hemendik kanpora “bazter guztietan” pizten duen jakinmina. Batetik, Garabidek antolaturiko Aditua 2025 ikastaldiko formakuntza teorikoaren ataleko saio batean hizlari jardun nintzen Aretxabaletan, urriaren 6an; bestetik, Italia-Eslovenian Linguae Mundi 2025 programaren baitan burutu den Hizkuntza Txikien Nazioarteko Biltzarrean  hizlari aritu nintzen euskararen biziberritze prozesuaren gainean, zehazki Cormons (Friuli, Italia) eta Dobrovo / Brda (Slovenija) hirietan, urriaren 16 eta 17an.

Badakigu euskara, bizikide dituen gaztelania eta frantsesaren ondoan, hizkuntza txikia dela, nahiz eta munduko hizkuntzen % 90ek baino hiztun gehiago izan. Badakigu, bistan denez, hizkuntza gutxitua dela. Eta, zoritxarrez, ez gara  indarguneak aipatzearen zale.

Nolanahi dela ere, baditu hainbat indargune, txikitasunak txikitasun munduko hizkuntzen artean handietakoa bihurtzen duten indarguneak. Izan ere, azken bospasei hamarkadotan euskarak egin duen bidea, biziberritze prozesu bat izan baita, munduko hizkuntza gutxituetako oso bakan batzuk egin dutenaren antzera; ilunguneak ere izan dira, jakina, baina, oro har, atzerakadari ateak itxi eta biziberritze eta hazkundeari bide eman dion prozesua izan da, bistan denez. Perspektiba historikoan ikusita, indargune guztiak ez dira, noski, maila eta neurri edo eragin berekoak; garrantzizkoena, nire ustez, herritarren eta hiztunen atxikimendua da, eta horren ondoan, historia luzean erakutsi duen biziraupenerako gaitasuna, azken hamarkadotan nabarmendu den gizartearen eta herri aginteen bulkada, belaunaldi arteko transmisioa indarberritu eta garatu izana, gizarteko ezein esparrutan erabilia izateko -eta erabilia den- hizkuntza garatua eta modernoa izatea, beste zenbaiten artean. 

Eta indarguneen artean behar da aipatu, nire ustez, munduan zehar hizkuntzen biziraupen eta biziberritze kontuetan ari diren aditu eta hizkuntzazaleen askotariko foroetan pizten duen jakinmina. Izan ere, biziberritze prozesuetarako eredu, itxaropen-erreferentzia eta inspirazio-iturri baita euskararen biziberritzea, hala mundu akademikoan, nola arduradun instituzional eta aktibista askorentzat. Testuinguru horretan kokatzen dira artikulu honetan hizpide ditudan aurtengo urriko bi ekimenok. 

Lehenbiziko geltokia: Garabideren Aditua 2025 ikastaldia

Badira urteak -hogeitik ez dira urruti ibiliko- Garabiderekin kolaboratzen dudala bere zenbait ekimenetan. Hala, aurten ere munduko hainbat hizkuntza komunitatetako aktibistei zuzendutako ADITUA programan parte hartzeko zoria izan dut. Gutxi gorabehera, munduan zeharreko hamalau hizkuntza komunitatetako hemezortzi ekintzailek hilabete eta erdi eman dute Euskal Herrian zehar Garabideren Aditu formazio programa teoriko eta praktikoaz blaitzen. 

Munduko hizkuntza kooperazioan txertatzen den formazio proiektua da Aditua. Ez dira asko izango gisa honetako proiektuak munduan zehar, bakarra ez bada bakarrenetarikoa izango da Garabidek urtez urte antolatu eta gauzatzen duen honakoa, betiere munduko hainbat bazterretan bertako hizkuntza gutxituen biziberritzea bultzatzen ari diren askotariko ekintzaile eta eragileren prestakuntza helburutzat hartuta. Tokian tokiko hizkuntza gutxituak, hizkuntza indigenak, biziberritzeko lanetan ari diren askotariko eragile eta organismoak langintza horretarako sendotzen laguntzea du helburu Aditua programak, euskaratik abiatuta eta euskararen biziberritze prozesuan oinarrituta. Azken hamarkadotan euskararen biziberritzean egin den ibilbidean garatu den ereduaren ezaugarriak eta arloz arlokako estrategiak ezagutzen dituzte parte hartzaileek, Euskal Herriko hainbat aditu eta arituren eskutik, gizarte zibileko organismoen eta herri erakundeetako ordezkarien eskutik zuzenean. Prestakuntza teorikoa eta praktikoa uztartzen dira.  Batez ere Latinoamerikako hainbat herrialdetakoak dira parte hartzen dutenak, tartean baita Afrikakoak ere eta Ozeaniakoren bat edo beste. 

Aurtengo saioan 1980ko hamarkadaz geroztik Euskadiko udaletan diseinatu eta garatutako hizkuntza plangintza izan genuen aztergai: euskarak azken hamarkadetan egin duen aurrerakada posible egin duten faktoreak aletu genituen,hizkuntza politika eta plangintza zergatik eta zertarako den beharrezko eta udaletako hizkuntza plangintzak euskararen bilakaera sozialean izan duen eragina aztertu genuen,euskararen kasua kontuan hartuz udalek hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan urratu dezaketen bideari erreparatu genion, udaletako hizkuntza plangintzaren lege oinarriak, edukiak, prozedurak eta faseak identifikatzen ere ahalegindu ginen… Aztergai horiek azaltzerakoan udalerri jakin bateko prozesu erreala izan genuen hizpide, Andoaingo kasua zehazki, 1980an dena egiteko zegoen momentuan hasi eta berrogei urtean egindako bidearen zertzelada nagusiak eta lortutako emaitzak ezagutuz. 

Tokian tokiko errealitateari ahalik eta estuen erantzun behar diote hizkuntza politikak eta plangintzak, bakoitzak bere bidea eraiki behar du, arrakasta izango badu. Baina Euskadin egindako bide arrakastatsua bada munduan zeharreko hainbat eta hainbat hizkuntza biziberritze prozesutarako inspirazio eredu eta iturburu. Euskaldunok eredu horren berri emateko obligazioa dugula esango nuke.

Bigarren geltokia: ITALIA / ESLOVENIAN LINGUAE MUNDI 2025, “MUGA GUZTIEN GAINETIK”

1985az geroztik Europako Kulturako Hiriburuak izendatzen dira urtez urte, hain zuzen Europaren eraikuntzan kulturari dagokion garrantzia azpimarratzeko helburuarekin. Donostia halaxe izendatua izan zen 2016an. Aurtengorako, Alemaniako Chemnitz-ekin batera, Italia eta Esloveniaren arteko mugan kokatzen den mugaz gaindiko hiri bat izendatu zuten, honakoa: Italiako Gorizia (Friuli-Venezia-Giulia erregioan kokatua) eta Esloveniako Nova Gorica. Bi hiri hauek elkarren artean harreman handia izan dute beti, hiri bakarra ere izanak dira, Munduko Lehen Gerratearen ondoren banandu ziren arte. Mugaren mugak gainditzen ari den hiria-edo litzateke Europako 2025eko kultur hiriburu hau, “muga guztien gainetik” doan hiria. Ideia horri jarraiki, izendapen honen leloa da GoBorderless (Gorizia – Nova Gorica) eta honako hiru hauek dira zutabe nagusiak: Europa, hizkuntza aniztasuna eta ekologia.

Hizkuntza aniztasunaren zutabea garatzeko, Linguae Mundi Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Jaialdia izan da lau egunez, urriaren 16tik 19ra bitartean. Askotariko kultur jarduerez osaturiko programa zabala burutu dute, besteak beste, zinema, musika, kantaldi, antzerki, mintegi, erakusketa eta hitzaldiugariz osatua. Horren guztiorren barruan, Nazioarteko Hizkuntza Gutxituen Konferentzia bat izan da, eta bertan herrialde ugaritako hizkuntza biziberritze prozesuen gaineko mintzaldiak eta tailerrak izan dira, beste zenbaiten arteaneuskararen biziberritze eta bilakaera sozialari buruzkoa. Euskararen biziberritzeak leku propioa izan du, beraz, hitzaldi nahiz tailer bidez Lingua Mundi 2025ean.

Gorizia Friulin kokatzen den hiria da, eta urteak daramatzate friuleraren erabilera sustatzeko lanean erregio horretan. ARLEF agentzia publikoa da friuleraren erabilera areagotzekohizkuntza politika diseinatu eta garatzeaz arduratzen den organismoa. ARLEF-ek zuzenean partehartu du Konferentziaren antolaketan, Cormonseko Udalarekin eta Brda-ko herri erakundeekin batera. 

Bi mintzaldi egitea tokatu zait. Bata, Linguae Mundi Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, eta bestea Konferentzian, urriaren 16 eta 17an, hurrenez hurren. Lehenbiziko saioanhizkuntza aniztasunak eta hizkuntza aukera berdintasunak elkarbizitza harmoniatsurako duten balioa izan dut hizpide, tokian tokiko hizkuntzen erabilera sustatzearen garrantzia azpimarratuz. Halaber, kontuan hartuz Europako kulturaren hiriburuaren testuinguruan ari ginela, gogoeta labur bat egin nahi izan dut Europaren eraikuntzan hizkuntza aniztasunak izan beharko lukeen lekuaz, azalduz, nire iritzian, Europaren eraikuntza sendoa izango bada, eraikuntza hori ez dela bere 24 Estatu hizkuntza ofizialetara mugatu behar, baizik eta bertako hirurogeita piko hizkuntzei eman behar zaiela adin nagusiduntratamendua eta aitormena, eta, beraz, erabiliak izateko behar besteko arnasa. Europak bere eraikuntzarako aukeratutakoleloak dio “aniztasunean bat eginik”. Lelo horrek, ordea,oraindik ere helburu izaten darrai, guztiz burutzeko bide luzea geratzen baitzaio egiteko. Izan ere, Europak hain berezkoa duen hizkuntza aniztasunaren babesa eta sustapena herren geratzen baita 24 hizkuntza ofizialetara murrizten denean, gaur egun oraindik ere gertatzen den bezala.

Bestalde, jakina da gizadiaren historian hizkuntza asko desagertu direla, eta inozotasunean eroriko ez bagara ezin ahantzi galeraren mehatxua eta arriskua bizirik daudela munduko hainbat tokitan. Baina “egia” horrekin batera, baikortasunerako bide ematen duen “egiazko” ideia positibo bat azpimarratzen saiatu nintzen, honakoa: hamarkada hauetan hainbat gizartetan garatu diren zenbait prozesuk erakusten dutenez -horietako bat euskararena da, noski-, posible dela hizkuntza gutxituak biziberritzea eta gizartean haztea eta hedatzea. Helburu hori ez dela, alegia, aldez aurretik naturalki-edo porrotera kondenaturiko bete ezin den ameskeria eder bat edo horrelako zerbait, egingarria den eta bizikidetza sendotzeko merezi duen helburua baizik, baldin eta hori bada herritarren gogoak eta atxikimenduak elikatzen duen helburua, baldin eta bere aldeko baditu lege babesa eta hizkuntza politika aktiboak, eta baldin eta adostasun sozial eta politiko zabala biltzen duen helburua bada. Gogoeta horien bueltan aritu ginen lehen saioan.

Bigarren mintzaldia azken laupabost hamarkadotako euskararen biziberritze eta bilakaera sozialaren kasua aurkezteko izan zen. Etengabe gainbehera zihoan hizkuntza gutxitu baten biziberritze handiaren kasua da euskararena. 1960 ingurutik, eta bereziki 1980ko hamarkadatik aurrera gaur arte hazkunde jarraitu bat izan duen kasua da gure hizkuntzarena. Edozein prozesu sozialetan ohi denez, argi-ilunak dituen prozesua da, baina argiuneak nagusitu dira nabarmen. Prozesu hori ulertzeko zertzelada nagusiak-edo azaltzen saiatu nintzen gogotsu, komenigarria baitugu gure leihoak mundu zabalera irekita izatea eta beste hizkuntza eta kulturekin elkar hartuta bizitzea. Atentzioa ematen du, oso atentzio pozgarria noski, ikustea zer-nolako jakinmina eta interesa pizten duen euskararen kasuak nazioarteko foroetan;oraingoan bistakoa izan da hori 2025eko Europako Kultura Hiriburuan izandako hizkuntza gutxituen nazioarteko konferentzian. 

Hainbat tokitako hizkuntza biziberritze prozesuei buruzko mintzaldiez gozatzeko aukera izan genuen. Ladinoari buruzko mintzaldia egin zuen FUEN-eko presidenteorde Daniel Alfreider jaunak; friuleraren prozesuaz jardun zuen Arlef-en zuzendari William Cisilino jaunak; esloveniar minoria linguistikoak Italiako ordenamendu juridikoan duen babesaz mintzatu zen Marco Jarc abokatua; Austriako Burgenlandeko kroaten egoera izan zuen hizpide Burgenlandeko Kultur Elkarte kroaziarraren presidente Josef Buranits-ek; italieraren sustapena eta elebitasuna Istrian azaldu zuen Istrianaerregioko presidenteorde Jessica Acquavita andreak. 

Aipatutako hitzaldi horien osagarri izan ziren sei hizkuntza biziberritze prozesutako beste horrenbeste praktika eredugarriren gaineko aurkezpenak, tartean euskararen biziberritze prozesuko praktika bati buruzkoa: Euskararen Nazioarteko Egunaren gaineko azalpen bizia, grafikaz lagundua, egin zuen Lorea Bilbao eusko legebiltzarkideak. Abenduaren 3an ospatu ohi den Euskararen Egunaren antolaketaz zuzenean arduratu izan da urte askotan zehar Bilbao andrea, Eusko Jaurlaritzako arduradun lez lehenbizi eta Bizkaiko Foru Aldunditik geroago, eta eskarmentu horretaz baliatu zen bere azalpena egiterakoan. “Aldaketarako egun bat” izenburupean egin zuen aurkezpena. Honakoak izan ziren gainontzeko aurkezpenak: Esloveniar eskolaren praktikak Italiako Friuli lurraldean esperientziaz aritu zen Irene Ferlatirakaslea; friuleraren erabilerarako kirol arloko esperientziaz mintzatu zen kirol antolamenduaren ordezkaria; Italiako lehen eskola eleanitzeko esperientziaren berri eman zuen Alfredo Sandrinik; Austriako Bugerland-eko haurreskoletakoesperientzia batzuen gainean mintzatu zen Josef Buranitis; Maurizio Tremul Eslovenia eta Kroaziako Komunitate Nazional Italiarraren praktikei buruz aritu zen. 

Italia/Esloveniako Gorizia-Nova Goricako Go2025 Kultura Hiriburuaren leloari jarraituz, esan dezagun ederra bezain beharrezkoa dela “muga guztien gainetik” hizkuntza guztiek elkarri begiratu eta arnasa ematea. 

https://linguaemundi.org/sl

https://www.instagram.com/reel/DQHu46EDT6c/?igsh=c29uNjVnbWd4ODJk

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.