Euskararen aurrekontu eta baliabide publikoen azterketa

Otsailaren 29an agerraldia izan nuen Eusko Legebiltzarrean, euskararen aurrekontu eta baliabide publikoen azterketa egiteko. Estatistika Plan Ofizialaren barruan aurreikusi eta onartutako azterlana da aurkeztutakoa, 2014ko aurrekontu likidatuen gainean egina. 2015eko uztailean hasi eta udazkenean bukatu zuen lan hau egiten Siadecok, eta berehala, urrian, eskatu genion Legebiltzarrari ikerketaren berri emateko agerraldia.

Estatistika honek neurtzen duena da, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek euskara sustatzeko jartzen dituzten baliabideak (dirua eta giza baliabideak) zein neurritakoak diren eta baliabide horiek azken urteetan zer-nolako bilakaera izan duten. Horixe ezagutzea da azterlan estatistiko honen helburu nagusia.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bi urtez behin egiten du azterlan hau. 2002an egin zen lehen aldiz, baina 2006an aldaketa garrantzitsu bat egin genuen: urte horretan hasi ginen, hasierako aurrekontua ez baizik eta aurrekontu likidatuak kontuan hartzen. 2015ean egindako azken honek, herri-administrazioen 2014ko aurrekontu likidatuak jasotzen ditu.

Informazio ugaria eta aberatsa jasotzen da: 2014an gure erkidegoko herri-administrazioek euskararen sustapenerako zenbat diru-baliabide jarri zituzten, aurrekontu horiek nola finantzatzen diren, hizkuntza normalizazioaren eremu bakoitzak dirutan zenbateko pisua duen, erakunde bakoitzak zein diru-laguntza lerro dituen eta, azkenik, euskararen sustapen arloan administrazio publikoak sortzen duen enplegua zenbatekoa eta nolakoa den.

Unibertsoari dagokionez, azterketa honek biltzen dituenak honakoak dira: 5.000 biztanletik gorako 68 udalerrietako datuak —hiru hiriburuak barne (EAEko herritarren %90 bizi da azterlan honen eremuan)—, hiru foru aldundietako datuak, eta Eusko Jaurlaritzaren sail guztietako datuak. Arabako kasuan, Gasteiz eta beste hiru udalerri bakarrik dira 5.000 biztanlez gorakoak (Agurain, Amurrio eta Laudio); biztanleria aldetik hala ere, lurralde osoko biztanleen %85 osatzen dute. Bizkaian eta Gipuzkoan 33 eta 34 udalerri dira (hiriburuak barne) 5.000 biztanletik gorakoak; udalerri horietan bizi den biztanleria, lurralde osokoaren %90 inguru da.

5.000 biztanletik beherako udalerrietako informazioa izatea ere interesgarria izango zela adierazi ziguten duela bi urte Legebiltzarreko agerraldia egin dugun Batzordeko bozeramaile batzuek. Kezka hori kontuan harturik, hauxe egin dugu, azterlan honetan lehen aldiz: EBPN/ESEP egin eta garatzen dituzten 5.000 biztanletik beherako udalek euskararen sustapenera zenbat diru destinatzen duten eskuratu dugu.

Aurrekontu publikoekin hasi nuen agerraldia, eta azkenerako utzi nituen giza baliabideak. Aurrekontu kontsolidatuak adierazten du, EAEko herri-administrazio guztien artean euskararen sustapenera zenbat diru destinatu den, eta hori kalkulatzen da erakunde horien arteko barne transferentziak kenduz. Hau da, aurrekontu kontsolidatuaren zenbatekoa kalkulatzen da Jaurlaritza eta aldundietatik udaletara egindako diru-ekarpenak era bikoiztuan kontabilizatu gabe.

«EAEko herri-administrazio guztien 2014ko euskara aurrekontu bateratua edo kontsolidatua 150.117.00 eurokoa izan zen»

EAEko herri-administrazio guztien 2014ko euskara aurrekontu bateratua edo kontsolidatua 150.117.000 eurokoa izan zen. Horrek esan nahi du, 2012an baino 3.870.000 euro gehiago izan zirela (2012ko aurrekontu kontsolidatua 146.250.143 euro baitzen). Azterketaren sasoiko igoera horretako % 72a —hots, 2,8 milioi euro— Eusko Jaurlaritzak egindakoa da. Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontua 95,8 milioi eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko euskara aurrekontu kontsolidatuaren %63,8, hots, ia bi heren. Hiru foru aldundiena 15,6 milioi eurokoa da (EAEko euskara aurrekontu kontsolidatuaren %10,4). Eta 5.000 biztanletik gorako udalerrietako udalena 38,7 milioi eurokoa da; horietatik 30,5 milioi, hiriburu ez diren 68 udalerriei dagokie (%20,3), eta 8,2 milioi, aldiz, 3 hiriburuei (%5,5).

Aurrekontu likidatuak adierazten duena da herri-administrazioek guztira euskararen sustapenean egiazki zenbat diru kudeatu duten, beren arteko transferentziak barne. Euskararen aurrekontu likidatuetan 2008tik 2012ra jaitsierak izan ziren, eta gero, 2012tik 2014rako bilakaera zertxobait positiboa izan da (3 milioi gehiago). Adibidez, 2010etik 2012ra EAEko administrazio publikoen euskarako aurrekontuen jaitsiera %10ekoa izan zen (jaitsierarik handienak hiriburuetan eta Jaurlaritzan gertatu ziren). 2012tik 2014ra, ordea, gora egin dute euskararen aurrekontu likidatuek ia erakunde-mota guztietan. Nagusiki hiriburu eta udaletan. Jaurlaritzarenak ere gora egin du (%2,9);  azkenik, hiru foru aldundietatik bitan izan du euskara aurrekontuak  bilakaera positiboa.

Eusko Jaurlaritzan, euskararen aurrekontu likidatuaren aurrekontu osoarekiko pisu erlatiboa gero eta baxuagoa zen 2006tik 2012ra arte egindako neurketa aldi guztietan, eta joera hori irauli egin da 2012tik 2014ra. Epe horretan, euskararen aurrekontuen bilakaera Eusko Jaurlaritzan positiboa izan da bi zentzutan: batetik, herri-erakundeen euskara aurrekontuak %2 hazi diren bitartean, Eusko Jaurlaritzarena %2,9 hazi da; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoa %1,9 jaitsi den bitartean, Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontua, esan bezala, %2,9 hazi da. Beraz, Eusko Jaurlaritzari dagokionez, 2012-2014 epealdian, aurreko urteetako joera inbertitu egin da; Jaurlaritzaren aurrekontu likidatu osoak behera egin arren, gora egin du euskararen aurrekontu likidatuak.

Foru aldundiei dagokienez: 2012tik 2014ra, Arabako Foru Aldundian euskararen aurrekontu likidatua, erakundearen aurrekontu osoa baino gehiago hazi da; Bizkaiko Foru Aldundiak aurrekontu osoa baino gehiago doitu du euskara aurrekontua; azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundian, erakundearen guztirako aurrekontuak zertxobait gora egin du eta euskarakoa ozta-ozta mantendu egin da. Nolanahi ere, gorabehera hauek denboran zehar gertaturikoaren perspektiban ikustea komeni da. Horregatik komeni da ikustea zer gertatu zen bi urte lehenago, 2012an hain zuzen ere: Arabako Foru Aldundiak (orain igo egin da), %28ko jaitsiera izan zuen; Gipuzkoakoak (orain ozta-ozta mantendu egin da) %12ko jaitsiera izan zuen, eta Bizkaikoak (orain jaitsi egin da) % 8ko igoera izan zuen.

5.000 biztanletik gorako udaletan (hiriburuak kanpo) honakoa da egoera: 2008tik 2010erako tartean izan ezik, 2006tik hona, gainerako epealdi guztietan euskararako aurrekontu likidatuen pisu erlatiboaren bilakaera positiboa izan da. Erakundeen aurrekontu osoek gora egin dutenean, euskararen aurrekontu likidatuek gehiago egin dute gora, eta, aldiz, erakundeen aurrekontuak jaitsi direnean, euskarakoak ez dira hainbeste jaitsi. 2014an, adibidez, udalen guztirako aurrekontuak 2012koak baino baxuagoak izanik, euskararen aurrekontu likidatuak altuagoak dira. Hiru hiriburuei dagokienez, esanguratsuak dira haien arteko aldeak: Gasteizkoak eta Donostiakoak bilakaera positiboa izan dute; ez, ordea, Bilbokoak.  

EAEko herri-administrazio guztien artean, 2014ko aurrekontu likidatuen arabera, euskararen sustapenerako urtean biztanle bakoitzeko 70,3 euro ipintzen dira. Horrek esan nahi du, 2012an baino 2,3 euro gehiago direla. Biztanleko kopuru hori honela osatzen da, herri-erakunde ezberdinen ekarpenaren arabera:

  • Eusko Jaurlaritzak 44,1 euro jartzen ditu biztanleko, guztizkoaren ia bi heren (2012an baino 2,1 euro gehiago).
  • Udalek, batez beste orokorrean, 27,6 euro kudeatzen dituzte biztanleko. Baina badira aldeak, lurralde bateko eta besteko udalen artean: Gipuzkoako udalerrietan biztanleko nabarmen diru gehiago eskaintzen zaio euskarari:
    • 35,3 euro biztanleko Gipuzkoa udaletan.
    • 22,7 euro Bizkaikoetan.
    • 19,6 euro Arabakoetan.
  • Hiriburuen kasuan, 5 euro eskaintzen dizkio biztanleko Bilboko Udalak euskara sustatzeari, eta 16 euro biztanleko eskaintzen dizkiote, berriz, bai Gasteizkoak eta baita Donostiakoak ere.
  • Foru aldundiak 6,0 eta 7,7 euro artean kokatzen dira: Arabakoak 6 euro biztanleko, Bizkaikoak 7,2 eta Gipuzkoakoak 7,7.

Euskararen aurrekontu likidatuetan, herri-erakundeen aurrekontu osoetan baino nabarmen pisu gehiago dute bai transferentzia arruntek, dirulaguntzek alegia), eta baita langileen gastuek ere.

  • Eusko Jaurlaritzaren kasuan, euskararen aurrekontu likidatuaren erdia baino gehiago (%52) kapital transferentzia arrunten kapitulutik egindako diru-transferentziek osatzen dute, eta langileen gastuek heren bat pasatxo, % 37,3.
  • Foru aldundietan, lehenak ere pisu handia du (% 54), eta bigarrenak Eusko Jaurlaritzan baino txikiagoa (% 24).
  • Udal eta hiriburuetan, kapital ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntetatik ordaindutako zerbitzu kontratazioek pisu handiagoa hartzen dute (% 33 eta % 44, hurrenez hurren).

Beraz,  Eusko Jaurlaritzaren kasuan (gauza bera gertatzen da Foru Aldundienean ere), euskararen sustapeneko aurrekontu likidatuaren erdia baino gehiago dirulaguntzetara destinatzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren kasuan diru kopuru horren zatirik handiena euskalgintza soziala osatzen duten askotariko elkarte eta enpresek jasotzen dute.

Euskalduntze-alfabetatzea

Helduen euskalduntze-alfabetatzearen eremura destinatzen da EAEko erakunde publikoen euskara aurrekontu likidatuaren %26,8a, 4 eurotik 1 pasatxo, alegia: guztira, ia 41 milioi euro. Horrek esan nahi du, 2012an baino milioi bat euro gehiago. Horietatik, 30,7 milioi Eusko Jaurlaritzak ipintzen ditu, 10 milioi inguru udal eta hiriburuek, eta aldundiek 56.000 euro; hau da, eremu honetan inbertitutako 4 eurotatik 3 (% 75) Eusko Jaurlaritzak jartzen ditu, HABEren bitartez.

Irakaskuntza

Irakaskuntzaren eremura destinatzen da EAEko erakunde publikoen euskara aurrekontu likidatuaren %23,7, hots, 4 eurotik ia euro bat, guztira  36,1 milioi euro. Eremu honetara bideratutako aurrekontu ia guztia Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du, Hezkuntza Sailburuordetzak, 33 milioi euro (%91,7); udal eta hiriburuek berriz gainerako 3 milioi euroak.

Herri-administrazioa

Administrazioa bera euskalduntzeko herri-administrazioek urtean zenbat diru erabiltzen duten jasotzen da eremu honetan. Baliabide gehien destinatzen den hirugarren eremua da, denera 17,8 milioi euro, euskara aurrekontu osoaren %11,7. Eremu honetara bideratutako aurrekontu guztiaren %58 Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du (10,3 milioi euro), udal eta hiriburuek %28,3 (5 milioi euro) eta foru aldundiek %13,7 (2,4 milioi euro).

IKT

IKTetan euskara sustatzeko 2,7 milioi euro destinatu dituzte herri–administrazioek. Kopuru horren % 52 Jaurlaritzak jarri du, eta %43 foru aldundiek.

Arlo sozio-ekonomikoa

Arlo sozio-ekonomikorako euskara aurrekontuek guztira 3,2 milioi euroko kopurua osatu dute. Ahalegin ekonomiko horretako zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak asumitu du, guztiaren %65, hain zuzen ere. Udalek, beren aldetik, beste %21 osatu dute.

Aisia eta kirola

Kirol eta aisia eremuan euskararen erabilera sustatzeko ekimenetarako, guztira, 6,2 milioi euro erabili dituzte administrazio publikoek 2014. urtean, hau da, euskara aurrekontuaren %4,1. Ia guztiak (%98,8) udal eta hiriburuen euskara aurrekontuetan kontabilizatu dira; hala ere, esan behar da Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek zeharka egin dutela beren ekarpen ekonomikoa eremu honetan, kontuan izan behar baita Jaurlaritza eta aldundietatik udalek jasotako diru-laguntzen zati bat, eremu honetako plangintzen gastuak finantzatzeko erabiltzen dela.

‘Euskararen elikadura’ deitzen den arloan, zehatz esanda aurreikusten diren eremuak dira, hedabideak, euskararen corpusa, kulturgintza, liburugintza eta publizitatea.

Hedabideak

Euskarazko hedabideak diruz laguntzeko, 2014. urtean 9,0 milioi euro erabili dituzte euskal administrazio publikoek; horietatik 5,1 milioi (%57) Jaurlaritzak ipini ditu, udal eta hiriburuek 2,5 milioi (%28), eta foru aldundiek 1,3 milioi (%15).

Aurreko eremu espezifiko edota sektorialetan kokatu ezin izan diren egitasmo, diru-laguntza eta hitzarmenen zenbatekoa, 9,7 milioikoa da guztira, aurrekontu likidatuaren %6,4. Nabarmenena udalek udalerrietan EBPN-ESEP sustatzera destinatutakoa da, foru aldundiek 2,1 milioi inguru eta Jaurlaritzak 1,4 milioi eskas jarri dituztena.

Kontuan hartuz bai Jaurlaritzak, eta baita ere Foru Aldundiek, beren aurrekontu likidatuaren erdia baino gehiago dirulaguntzetara destinatzen dutela, espezifikoki dirulaguntzei erreparatu nien jarraian. Gainera, lankidetza publiko-pribatua hiru hamarkada hauetako euskara biziberritzeko prozesuaren gako nagusietarikoa izan da, eta da. Dirulaguntza politiken bidez Jaurlaritzak eta gainerako herri-aginteek lehentasunak gauzatu ahal dituzte, eta euskalgintza soziala osatzen duten organismoek behar-beharrezkoak dituzte dirulaguntza publikoak beren jarduna aurrera eramateko.

Euskal administrazio publikoek 2014an dirulaguntzetan banatu zutena 74 milioi euro da. Diru-laguntzen bi heren, %67, Eusko Jaurlaritzak jartzen du (49,7 milioi), %13 foru aldundiek (9,5 milioi), %18 udalek (13 milioi) eta gainerako %3 hiriburuek (ia 2 milioi).

Eusko Jaurlaritzak, esan bezala, aipatutako urtean guztira 49,7 milioiko aurrekontua kudeatu du diru-laguntzetarako: biztanleko 22,9 euro. Foru aldundiek dirulaguntzetarako banatutakoa: 5,5 euro biztanleko Gipuzkoako Foru Aldundiak, 4,4 Bizkaikoak eta 2,6 Arabakoak. Udalek (hiriburuak kanpo) dirulaguntzetarako banatutakoa: Arabako udalen diru-laguntzetarako aurrekontua, 3,5 euro biztanleko da, Bizkaikoena 9,5, eta Gipuzkoakoena 13,8. Hiriburuek dirulaguntzetarako banatutakoa: Donostiakoak 3,8 euro biztanleko; Gasteizkoak, 2,7 euro, eta Bilbokoak 1,8 euro.

Eusko Jaurlaritzak, esan bezala, guztira 49,7 milioiko aurrekontua kudeatu du diru-laguntzetarako (biztanleko 22,9 euro), honela banatuak, eremu ezberdinen arabera eta kopuruen neurriaz sailkatuta:

  • Helduen euskalduntzea: 30,4 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %61).
  • Irakaskuntza-sistemaren euskalduntzea: 6 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %12).
  • Euskarazko hedabideetarako: 5,1 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %10).
  • Alor sozio-ekonomikorako: 1,9 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %3,9).
  • Toki-entitateetan EBPN-ESEP garatzeko: 1,4 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %2,7).
  • Euskalgintza alorreko bestelako diru-laguntzetarako: 1,4 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %2,7).
  • Euskararen corpusa eta kalitatea lantzeko: 1,4 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %2,8).
  • IKTetarako: 800.000 euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %1,5).
  • Kulturgintzarako: 664.000 euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %1,3).
  • Liburugintza, literatura eta irakurzaletasuna indartzeko: 587.000 euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %1,2).
  • Administrazioko ordezkapen gastuetarako: 302.000 euro (Eusko Jaurlaritzaren euskara aurrekontuaren %0,6).

Betiere kontuan izan behar da, diru-kopuru horiek dirulaguntzen kopuruak direla, baina eremu horietan egiten den ahalegin ekonomikoa ez da dirulaguntzetara mugatzen. Adibide garbia da IKTeena: enpresa pribatuentzako dirulaguntza deialdian 800.000 euro jarri dira, baina arlo horretara baliabide ekonomiko gehiago destinatu dira zenbait ekintzatarako, adibidez: itzultzaile automatikoa, hiztegi terminologikoak, euskalterm, wikipediarako euskarazko edukiak sortzea, eta abar.

Orain arte, aurrekontu likidatuen gainean aritu gara. Azterlan honek, ordea, euskal administrazio publikoek 2014an euskararen sustapenean sortutako zuzeneko lanpostu kopuruaren berri ere ematen du.

EAEko herri-administrazioen euskara zerbitzu eta euskara arloetako zuzeneko enplegua 727 lagunek osatzen dute (urte eta lanaldi osorako enplegua). 2012tik 2014ra, zertxobait gehitu egin da: 716tik 727 lagunetara. Erakundeari jarraiki, 5.000 biztanlez gorako udalerrietako udaletako langileak 176 dira, hiriburuetakoak 44, hiru aldundietakoak 54 eta gainerako 454ak Jaurlaritzakoak dira; kopuru horretatik erdia baino gehiago Hezkuntza Sailburuordetzako pertsonala da (besteak beste, Ulibarri, barnetegi eta berritzeguneetako hizkuntza normalizazioko teknikari eta monitoreak, edo IRALEko irakasleak). Gainerakoak, HPSko langileak, Sailetako normalizatzaileak eta itzultzaileak dira. Udaletan, euskara teknikariak dira gehienak, eta Foru Aldundietan itzultzaileena da proportziorik altuena.  

  • EAEn, 183 dira 5.000 biztanle baino gutxiago duten udalerriak.
  • Horietatik, 127 udal dira EBPN/ESEP plana dutenak.
  • 127 horietan, EAEko biztanleriaren %8,2 bizi da.
  • 127 udalerri horien euskara sustatzeko aurrekontua (2013ko aurrekontu likidatuaren arabera): 5.948.429 euro.

Legebiltzarrean aurkeztu genuen azterlanaren datu nagusiak laburbilduz, honako hauek azpimarratu nituen:

  1. EAEko herri-administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta 5.000 biztanletik gorako udal guztiek, EAEko biztanleen ia %90 biltzen duten udalerriek. alegia) 150.117.606 euroko aurrekontu kontsolidatua erabili dute euskara sustatzeko.
  2. Kopuru horren %63,8 Eusko Jaurlaritzak jarri du (96 milioi), %20,3 udalek (hiriburuak kanpo), 10,4 hiru foru aldundiek eta %5,5 hiru hiriburuek.
  3. Biztanleko, Eusko Jaurlaritzak 44,1 euro jarri ditu, udalek (hiriburuak kanpo) 26,7 euro, hiriburuek 11,3 euro eta foru aldundiek 7,7.
  4. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan, euskara aurrekontuen bilakaera positiboa izan da 2012-2014 tartean (%2,9 hazi da).
  5. Diru-baliabide gehienak, diru-laguntzetara destinatzen dira. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, zehazki, diru-laguntzetara destinatzen dute bere euskara aurrekontuen %52 eta %54, hurrenez hurren, eta batez ere euskalgintza soziala osatzen duten elkarte eta enpresen ekimenen finantzaketan laguntzera, bai diru-laguntza bidez, baita lankidetza-hitzarmen bidez ere.
  6. 727 lagun dira euskal administrazio publikoetan euskara sustatzeko sortutako zuzeneko lanpostuetan ari direnak.
  7. 5.000 biztanletik beherako udalerrietatik, EBPN-ESEP garatzen dutenek 5.948.429 euro destinatzen dute euskara sustatzera.

Eta amaitzeko, pare bat ideia azpimarratu nituen azterlan honek eragindako gogoeta gisa:

1.- Gardentasunaren erakusgarri da bi urtetik bi urtera diru eta giza baliabideen azterlana egitea. Herritarrek jakin behar dutelako zein neurritako ahalegin ekonomikoa egiten ari den gure gizartea, bere herri-erakundeen eskutik, euskararen erabilera normalizatzeko bide luzean. Eta garrantzizkoa delako baliabideen jarraipena egitea, berauen bilakaeraren berri izateko eta neurri zuzentzaileak hartu behar badira hartzeko. Izan ere, edozein hizkuntza biziberritzeko prozesutan behar beharrezkoak dira herritarren atxikimendua, lege estatus egokia eta hizkuntza politika aktiboa behar beste baliabidez hornitua. Horregatik da garrantzizkoa baliabideen jarraipena egitea.

2.- Baliabide hauen balorazioa egiterakoan, ohikoa da ikuspuntu ezberdinak izatea. Zenbaitentzat euskararen sustapenerako ahalegin ekonomikoa handiegia izango da; beste batzuentzat, aldiz, gutxiegi izango da hori bera.

Uste dut merezi duela gogora ekartzea, EGOD egitasmoaren barruan egindako ikerlanaren barruan, euskararen diskurtso ezberdinak karakterizatzen dituzten 33 enuntziatuetatik 17k lortu dutela gizarte osoaren gutxienez bi herenen onarpena. Eta onarpen hori lortzen duen enuntziatu batek hauxe dio: “Ezinbestekoa da euskararen sustapenean diru publikoa gastatzea”. Baieztapen horrekin herritarren %75 dago ados.

Izan ere, gizartearen beraren gizarte-proiektua da euskara biziberritu eta normalizatzerantz pausoak ematea. Gure gizarteak, duela 35 urte, arian-arian gizarte elebiduna eraikitzeko aukera egin zuen, hori da gure gizartearen gehiengo zabal baten gogoa. Eta kontuan izan behar dugu euskara biziberritzeko bidean sustapen politikak egiteko, politika berdintzaileak egiteko, eraginkortasunez jarduteko, beharrezkoa dela baliabideak izatea.

Baliabideak beti izaten dira mugatuak, beti. Duela pare bat urte, hain zuzen ere 2012ko azterlanaren aurkezpena egin genuenean, Legebiltzarrean esan nuen, gutxi gorabehera, baliabideekin gertatzen dela maitasunarekin gertatzen den antzeko zerbait: beti gehiago nahi izaten dugula, beti gehiago behar izaten dugula. Baina jakin behar dugu, duguna baloratzen eta estimatzen. Gure gizartea harro egon daiteke bere herri-erakundeen eskutik euskara normalizatzeko egiten ari den ahalegin ekonomikoaren tamainarekin. Baina ezin dugu atzera egin, ezin gara atzean geratu. Aurrerapauso handiak eman baditugu ere, oraindik asko dago egiteko. Eta, gure ustez, ahalegin honi eutsi egin behar zaio.

3.- Erronka bikoitza daukagu: batetik, ezin dugu atzera egin, behar beste baliabiderik gabe ezin baita aurrera egin eraginkortasunez. Atzera egin gabe, beraz, abiapuntu moduan, kontsolidatu behar dugu orain artekoa, eta, normala denez, hobetu ahal bada hobetu. Hori da gure posizioa eta gure egitasmoa. Baina bestetik, gure erronka da baliabideak erabiltzea ondo, eraginkortasunez, efizientzia handiz, ahalik eta etekinik handiena ateraz. Ditugun diru-baliabide pisuzkoen kudeaketan eraginkorrak izateko obligazioa daukagu, obligazioa baita diru publikoa efizientziaz kudeatzea. Eta obligazioa ez ezik, premia/beharra daukagu eraginkorrak izateko, baldin eta euskararen erabilera sendotu eta areagotuko badugu. Gauzak euskaraz egite hutsa edo euskarari nolabaiteko tokia egite hutsa ez, baizik eta euskararen erabilera benetan areagotzeko egiazki baliokoa dena da diru-baliabide hauekin babestu eta sustatu behar duguna. Hiztunen mintza-jarduna eta hiztunen euskarazko jarduna sendotzeko eta hiztun berriak sortzeko ekimenak garatzea da baliabideen izateko arrazoi bakarra. Gure ustez, kontua da baliabideen kudeaketan ‘erabileraren helburua’ izatea ardatz praktikoa, eta herri erakunde guztien arteko koordinazioa eta elkarlana sendotzea, batzuk eta besteok erabiltzen  ditugun baliabideei etekin handiagoa ateratzeko.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.