Euskara Europako aurreratuenen artean, itzultzaile automatikoari dagokionez

Lucy Software Ibérica SL enpresako kudeatzaile Juan Alberto Alonsok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Plangintzako arduradun Araceli Díaz de Lezanak eta nik neuk, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, Eusko Jaurlaritzak duela zenbait urte on line (http://www.itzultzailea.euskadi.eus) jarri zuen itzultzaile automatikoaren inguruan dauden zenbait berritasun aurkeztu ditugu gaur Donostian.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gaur goizean antolatu duen ‘Itzulpen automatikoa euskaraz’ mintegia (http://www.euskara.euskadi.eus/r59-itzulpen/eu) baliatu du itzultzaile automatikoaren inguruan egindako lanen berri emateko. Mintegian, beste hizkuntzen artean euskara integratzen duten gainerako itzultzaile automatikoen ordezkariek parte hartu dute eta, hori dela eta, aukera izan da itzulpen automatikoaren munduan pixka bat gehiago sakontzeko.

Atzo zen Interneteko Nazioarteko Eguna. Astelehenean ‘Euskarazko IKTen Garapenerako Gomendioen Karta’ aurkeztu genuen Aholku Batzordeko IKTen batzorde bereziko zenbait kiderekin eta Maite Goñirekin; biharamunean (gaur) itzulpen automatikoaren mintegia egin dugu. Euskararen bizi-indarrak behar-beharrezkoa baitu bizi-indar digitala ere.

Aretoa lepo bete duen Mintegiaren atsedenaldian prentsaurrekoa eman dugu. Hori bai, berritasunekin hasi aurretik, Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoaren zenbait datu eskaini ditut. Datuek erakusten dutenez, herritar askok, normaltasunez erabiltzen dute ‘Euskara’ webguneko itzultzaile automatikoa. Adibide modura, azken hiru urteon arteko apirileko datuak ezagutarazi ditugu:

Archivo_000 (2)

2015ean, guztira, 10.889.174 itzulpen egin zituen itzultzaileak. Aurten, batez beste, hilabete bakoitzean ia 1.500.000 itzulpen egin dira: batez beste, 50.000 itzulpen eguneko.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoaren inguruan dauden berritasunak aurkeztu dira. Honako hauek dira:

Itzultzaile automatikoa web REST zerbitzuaren bidez erabiltzeko aukera. Hau da, parametro batzuk gehituta, Eusko Jaurlaritzaren itzultzailea webguneetan integratu daiteke, bertatik erabil ahal izateko. Zerbitzu hori erabiltzeko, interesdunek Eusko Jaurlaritzarekin jarri beharko dute harremanetan.

‘Itzulpen automatikoa euskaraz’ mintegia

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, 2014ko abenduaren 17an, ‘Euskarazko IKT’ mintegia antolatu zuen Bilbon. Mintegi hari jarraipena emate aldera, eta betiere ‘Euskararen Agenda Estrategikoa, 2013-2016, Bizikidetzarako hizkuntza bizia’ dokumentuan IKTen inguruan jasotakoari men eginez, gaur, gai monografikoa izan duen mintegia burutu da: ‘Itzulpen automatikoa euskaraz’.

Mintegiaren helburuetako bat euskara eta beste hizkuntzen artean itzulpen automatikoa eskaintzen duten sistemak hobeto ezagutzea izan da: sistema bakoitzak nola funtzionatzen duen, erabiltzen dituen teknologiak eta teknikak, itzulpen automatikoaren gaur eguneko egoera, dauden zailtasunak (bereziki euskararekiko), aurrera begirako erronkak… Gai hauetaz guztietaz luze hitz egin da gaur goizean mintegian.

Parte-hartzaileei dagokienez, aipatu beharra dago, esparru askotarikoak hurbildu direla. Bertan izan dira, nirekin batera, Juan Alberto Alonso (Lucy Software Ibérica SL enpresako kudeatzailea; berak izan du Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoa garatzearen ardura); Luis Collado (Google enpresan Books, eBooks, News &Magazines-en zuzendaria; Colladok Google Translate erremintaren berri eman du); Itziar Cortes (Elhuyar Fundazioko Hizkuntza eta Teknologia unitateko itzulpengintzarako teknologien arduraduna); Gorka Labaka (EHUko IXA taldeko ikerlaria: itzulpen automatikoaren alorrean Opentrad eta Matxin sistemekin egiten ari diren lana aurkeztu duena); Pablo de Amil (Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioko Plangintza eta Ustiapen Arloaren burua; PLATA itzulpen automatikorako plataforma aurkeztu du mintegian); eta Jorge Gimenez (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria).

Juan Alberto Alonso, Lucy Software Ibérica SL enpresako kudeatzailea: «Gaurko parearekin (euskara-ingelesa) Europako hizkuntza aurreratuenen mailan jartzen da euskara, itzulpen automatikoari dagokionez»

Gaur goizean azpimarratu dudanez, IKTak eta IKTen erabilera ez dira komenientziako kontuak, ez dira gaur, eta ez dira izango etorkizunean ere. IKTak eta horien erabilera ez dira aukerako kontuak. IKTekin bizi gara, IKTetan bizi gara, ez da aukera kontua: “edo hor zaude, edo galdua zara”. Eta itzulpen automatikoari dagokionez, Juan Alberto Alonsok esan duenez, «euskara Europako hizkuntza aurreratuenen mailan jartzen da gaurko parearekin (euskara-ingelesa)”.

Hiztunen askotariko premia komunikatiboetara egokitzen diren hizkuntzak dira denboraren gurpilean bizirauten dutenak. Euskararen kasua ez da salbuespen bat. Euskarak ere etengabe egokitu behar du hiztunen premietara. Eta egokitzeko bide horretan nahitaez kontuan hartu behar dira IKTak. Zeresanik ez, gazteen hizkuntza-erabilerak neurri handi batean IKTetan gauzatzen direla kontuan hartzen badugu.

Zorionez, euskarazko IKTeekiko ardura ez da atzo gauekoa gure artean. Euskarazko komunitate digital bizi eta dinamikoa dugu, IKTak euskaraz garatzen ari den komunitatea, euskarazko edukiak sortzen ari dena (hain  garrantzitsua den hori, eduki digitalak sortzea), eta bere lana espresuki aitortu eta azpimarratu nahi dut. Herri-administrazioen konpromisoa, laguntza, babesa eta jarrera aktiboa ere hor dago.  Eusko Jaurlaritzak 10-15 urteotan etengabe sustatu ditu euskarazko IKTak. Batzuen eta besteen elkarlanaren plaza da euskarazko IKTena.

Legealdi honetan ere, euskarazko IKTak kezka eta ardura izaten ari dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarentzat. Ardura horren erakusgarri da, zuzenean nahiz diru-laguntza bidez egiten dugun ahalegin ekonomikoa: 2016an, ekimen batzuen eta besteen artean, guztira, 2.500.000 euroren bueltako inbertsioa. Eta ardura horren lekuko gisa oso hurbileko kontu bat aipatu nahi dut. 2014ko amaieran Euskararen Aholku Batzordea berritu genuenean, IKT batzorde-atal berezia eratu genuen, 2015/2016 aldirako helburu nagusi batekin: ‘IKTetan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteei gomendioak egitea’. Batzorde horrek, 22 lagunek osatzen duten Batzorde horrek, Maite Goñiren zuzendaritzapean, bere lana egin du, bikain asko egin ere: Euskarazko IKTen Garapenerako Gomendioen Karta egin du, herri-aginteentzako ez ezik, IKTen arloko profesional eta sustatzaileentzako ere guztiz baliagarri diren gomendioen karta.

Badugu Ibilbide Orria, finkaturik ditugu lehentasun nagusiak. Euskararen Aholku Batzordeak joan den astean onartu du Gomendioen Karta hori. Herenegun eman genuen ezagutzera hedabideen aurrean, Bilbon, IKTetako batzorde-atal bereziko zenbait kidek, Maite Goñik eta nik neuk egindako agerraldian. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren webgunean dago eskura. Gomendio horietara iristeko, batzordeak euskarazko IKTen alorrean dauden beharrak identifikatu ditu, horien azterketa egin eta lehentasunak jarri ditu, eta lehentasun horietan sakondu du, betiere eraginkortasunaren eta egingarritasunaren arabera sailkatzeko. Azkenean, lehentasun handieneko 12 gomendio finkatu dira: horietako batek dio, “Hizkuntza teknologiak garatzen lagundu eta berariazko plana garatu”, eta horren barruan ‘Itzulpen automatikoa’ aipatzen da.

Hizkuntzen arteko komunikazioa errazteko, gaur egun, itzulpen automatikoa ezinbesteko laguntza-tresna da. Normalean, hizkuntza bateko hitzak ulertzeko arazoak ditugunean, hiztegiak (paperezkoak, elektronikoak nahiz plugin modukoak), datu-baseak eta corpusak erabili izan ditugu, baina, gero eta gehiago, itzulpen automatikoa eskaintzen duten sistemetara jotzen dugu, sistema horiek gero eta lagungarriagoak direlako eta, hitzak ez ezik, esaldiak ere ulertu nahi ditugulako.

Hori horrela delarik, Mintegian, gaur, euskara integratzen duten itzultzaile automatikoen berri eman nahi izan dugu. Oso pozgarria da ikustea euskara lantzen ari diren hainbat sistema dagoela. Sistema horietan lan egiten ari diren profesionalak entzuteak itzulpen automatikoaren munduan pixka bat gehiago sakontzeko aukera emango digu. Denok dakigu itzulpen automatikoa makinek egiten dutela, gizakiak emandako aginduei jarraituz. Makina horren helburua ez da giza adimena ordeztea. Alferrik eskatuko dio inork gaur egungo ezein itzultzaile automatikori, itzultzaile humano profesional baten neurriko/moduko emaitzarik, edozein direlarik ere itzultzaile horren hizkuntzak. Ez da hori bere eginkizuna. Baina, egunetik egunera, ikusten ari gara makina horiek izugarri laguntzen digutela, izugarri; alegia, horiek gabe, zaila gertatuko litzaigukeela hainbat lani aurre egitea. Izan ere, horiek gabe, askoz ere denbora gehiago beharko genuke hizkuntza batekin baino gehiagorekin lan egiteko. Hori bai, erabiltzen jakin behar dugu. Hori ezinbestekoa da, benetan probetxua atera nahi badiegu.

Gaurko mintegira, esan bezala, euskara langai duten sistemen ordezkariak gonbidatu ditugu. Guztion esperientzia ezagutu nahi dugu. Euskara eta beste hizkuntzen artean itzulpen automatikoa eskaintzen duten sistemak hobeto ezagutu nahi ditugu: sistema bakoitzak nola funtzionatzen duen, erabiltzen dituen teknologiak eta teknikak, itzulpen automatikoaren gaur eguneko egoera, dauden zailtasunak (bereziki euskararekiko), aurrera begirako erronkak, zer espero dezakegun epe ertainera eta epe luzera arlo horretan, nola eta zertarako erabili daitekeen gaur egun itzulpen automatikoa…

Gure gaurko gizartearen ezaugarrietako bat hizkuntza-eleaniztasuna da;  gehienok, lanbide-kontuak direla, hizkuntzak ikastea dela, edo bizitza pribatuko kontuak direla (esaterako bidaiak, harremanak, Interneteko erosketak eta abar), gureaz gain, hizkuntza gehiago erabili behar izaten dugu. Itzultzaile automatikoa bada gero eta jende gehiagok, ordenagailuan, tabletetan edo telefono mugikorretan eskura duen tresna. Horri esker, komunikazioa izugarri errazten da, hizkuntza ez baita oztopo izan behar gure mundu globalizatuan.

Beste horrenbeste gertatzen da gure administrazio elebidunetan. Gure eguneroko lanean bi hizkuntza erabili behar izaten ditugu. Itzulpen automatikoak lan horretan lagunduko digu etorkizunean. Horrek euskara bezalako hizkuntzentzat abantailak ekarriko ditu erabileraren normaltasunari dagokionez. Izan ere, erabilera erraztu eta areagotuko du.

Esan bezala, itzulpen automatikoa ez dator giza-itzulpena ordezkatzera. Ez da hori bere helburua. Gainera, kalitatea gogoan hartuz, kontuan izan behar da, gure itzultzaile automatikoaren kasuan bederen, testu orokorrak, formalak eta ondo idatziak itzultzen dituela. Hala ere, erabiltzaileak gauza izan behar du makinak egindako itzulpena zuzentzeko eta hobetzeko, baina, zalantzarik gabe, erabiltzaileak denbora aurreztuko du eta ahalegin gutxiago egin beharko du hizkuntza batean dagoena beste hizkuntza batera pasatzeko. Jakina, sistema horiek hobetzen jarraitu behar dugu, teknologiek eskaintzen dituzten aukerak erabiliz: sistema hibridoak uztartzen, itzulpen-memoriak integratzen, eta abar. Etengabeko lana izango da.

Uste dugu itzulpen automatikoarena arlo estrategikoa dela euskararentzat. Izan ere, euskara, zenbat eta  garapen teknologiko handiagoa izan, indartsuagoa izango da. Bizi-indar handiagoa izango du. Badakigu gazteek teknologiak erabiltzen dituztela, beraz,  hobe euskaraz ere erabiltzen badituzte. Horregatik, inportantea iruditu zitzaigun itzultzaile automatikoa gailu mugikorretatik ere erabiltzeko aukera eskaintzea. Hori horrela, aspalditik daude eskuragarri Android eta iOS sistema eragileetarako aplikazioak. Horietan, ahotsa erabiltzeko aukera dagoenez, azkarrago lortu daiteke itzulpena akats ortografikorik gabe egiteko arriskua saihestuz.

Eta aurrerantzean zer? Galdera horri erantzuteko, oso inportantea izango da gure gaurko adituek esan digutena. Baina, jakin badakigu,  itzulpen automatikoko tresnak trebatzen eta hobetzen jarraitu behar dugula. Gure kasuan, etengabe ari gara hobetzen eta zuzentzen erabilgarri ditugun hizkuntza-pareak, betiere kalitaterik onena bilatzen. Esaldi laburretan oso kalitate ona lortu da: itzultzaile ona daukagu, pozik gaude, badakigu laguntza funtzioa betetzen duela, gero eta erabiltzaile gehiago dituela, baina badakigu urrutiko komunztadura dutenen hizkuntzen kasuan, testu luzeetan zailagoa dela.

Euskararen erabilera areagotzea da gure helburua. Horrexegatik gure ekimen guztiek, baita itzultzaile automatikoak ere, erabileraren galbahea pasatu behar dute eta erabiltzaileen onarpen aktiboa/onarpen praktikoa lortu behar dute. Erabilia izatea da gako nagusia. Eta esan behar dut, pozik esan ere, oso erabilia dela, gero eta gehiago erabilia, gero eta kalitate hobea ere baduen gure itzultzaile automatikoa.

Momentu honetan, frantsesa-euskara garatzen ari gara. Espero dugu datorren urtean amaitzea. Gainera, Administrazioko benetako testuekin trebatu behar dugu sistema, epe labur-ertain batera, Administrazioko langileek tresna hori lanerako normal-normal erabili dezaten. Eta Itzulpen Memorien Banku Publikoarekin (aurki martxan izango dena) uztartu, itzulpen automatikoaren sisteman itzulpen-memoriek pisu handiagoa izan dezaten.

Archivo_000

Juan Alberto Alonso (Lucy Software Ibérica SL enpresako kudeatzailea), ni neu eta Araceli Díaz de Lezana (Eusko Jaurlaritza).

2016-05-18-PHOTO-00000803

Pablo de Amil, Araceli Díaz de Lezana (Eusko Jaurlaritza), Itziar Cortes Etxabe (Elhuyar) eta Gorka Labaka (EHUko Ixa taldea).

Archivo_000 (3)

Juan Alberto Alonso (Lucy Software Ibérica enpresako kudeatzailea), Araceli Diaz de Lezana (Eusko Jaurlaritza) eta Luis Collado (Google-eko Books, eBooks eta New&Magazines-eko zuzendaria).

2016-05-18-PHOTO-00000801

Mintegiak sortutako interesaren erakusgarri, aretoa lepo bete da gaur goizean Donostian.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.