Mitxelena iparrorratz
Joan da aurtengo Euskararen Eguna. Ospakizun eta gogoeta eguna. Izan ere, badugu zer ospaturik, handia eta oparoa baita maldan behera zihoan gure hizkuntza hazkunde eta biziberritze bidean jarri eta garatzeko euskal gizarteak azken hamarkadotan egin duena, bikaina benetan. Eta badugu zertaz hausnartu, handia eta “malkartsua” baita egindako guztia sendotu eta euskararen bizi-indarra areagotzen jarraitzeko egiteke dugun bidea, non eta etengabe eta azkar aldatzen ari den gizartean. Orain arte ez dugu izan eta aurrerantzean ere ez dugu izango miraririk eta errezeta ahalguztidunik; gaur gero ere beharko ditugu, besteak beste, lege babesa, politika aktiboak eta bateratzaileak, eta beharko dugu, batez ere, herritarren atxikimendua, motibazioa, ilusioa, enpatia, adostasuna.
Hari horretatik tiraka, Euskararen Egunaren biharamunerako ezin aproposagoak iruditu zaizkit han eta hemen hainbatetan aipatu izan ditudan Koldo Mitxelenaren mende hasierako (2021) hitzok:
“Eragozpenak eragozpen, plazara ginen (enparantzara, dio besteak) Etxeparez geroz, eta plazan iraungo dugu, gerta ahala gerta, baldin asmoz eta jakitez (ausarki, eta halere neurriz) jokatzen badakigu”.






